OIHAL ZURIAK
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Baporezko ontziak ikusten zituen

Eugène Delacroixek Mantxako kanalean,

nola hasi ziren motel eta sistematikoki

oihal zuri puztuko fragatak bazterrean uzten,

eta penaz idazten zuen horregatik bere egunerokoan:

degradazioaren menpe dago inguratzen gaituen guztia,

betirako doa desagertzen munduaren edertasuna;

etenik gabe agertzen dira asmakizun

berriak, erabilgarri izango direnak agian,

baina infinituki hutsalak ere badirenak

(trenbideak, esaterako,

borreroaren besoa bezain astun diren lokomotorrekin).

Zaldi ederrak eta lehoi mehatxagarriak margotzen zituen berak,

muskulu tinkoekin ilaje laburraren pean,

eta zipaioen uniformeak, odolak edota

oihal exotikoek ematen duten gorritasun biziarekin,

eta argia haien sablearen ahoan dantzan

-eta gero makinak baino ez,

makina grisak eta olio orbanak

hondarretan, zerrautsetan (eta odola ere bai).

Errealitate berri asko dago

eta kikilduta dabil miragarri zen guztia,

zail egiten da topatzea, gogoratzea,

iraunaraztea, eta hala eta guztiz ere hodeiek

jarraitzen dute altu, zuri, puztuta,

multzo handios eta harroetan, airean pasatzen

Frantziaren eta Alemaniaren eta Poloniaren gainetik,

eta gu guztion gainetik eta ezkutatzen dituzte

txori migratzaile fidelak, kurriloak eta elur-txoriak,

eta haietan bizi dira ere enarak, urretxoriak, begiztak,

eta berdin hiltzen gaituzten edo salbatzen gaituzten

burdinazko aireontziak ere.

Jarraitzen dute gure gainean hegan

heriotzak eta salbazioak.

 

OIHAL ZURIAK
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021