MARX ZAHARRA
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Ezin da kontzentratu.

Londres hezea da,

eztulka dabil norbait gela bakoitzean.

Sekula ez zaio negua gustatu.

Eskuizkribu zaharrak berridazten ditu

behin eta berriz, pasiorik gabe.

Horizta da papera

eta tuberkulosia bezain hauskorra.

 

Zergatik jotzen du bizitzak

hain setati suntsipenerantz?

Ametsean, ordea, udaberria itzultzen da,

hizkuntza ezagun bakar batean ere

mintzo ez den elurrarekin.

Eta non koka daiteke

maitasuna bere sisteman?

Lore urdinak dauden lekuan.

 

Gorroto ditu anarkistak,

aspergarri zaizkio idealistak.

Txostenak jasotzen ditu Errusiatik,

xeheegiak, tamalez.

Frantziarrak aberasten ari dira.

Polonian isila eta arrunta da.

Amerikak ez dio hazteari uzten.

Odola dago leku guztietan,

akaso hormako papera aldatuko du.

Susmoa piztu zaio

gizateria gixajoak

lur zaharrean

aurrera jarraituko duela

herriko zoroaren pare

ukabilaz mehatxuka

jainko ikusezin bati.

 

MARX ZAHARRA
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021