URTARRILAK 27
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Egun hotza. Eguzkia hotz batekin. Hats zuri bat.

Baina ostiral horretan ez genekien ziur

zer zen ospatu beharrekoa eta zer deitoratzekoa,

aldi berean gogoratzen baitziren

Holokaustoko Biktimen Memoriaren Eguna

eta Mozarten urteurren solemnea.

Gure memoriak ez zekien zer egin.

Galduta zebilen gure irudimena.

Kandela negarrez ari zen leiho-ertzean

(kandelak pizteko eskatu ziguten),

baina Mozart gaztearen musika lasaia

heltzen zen bozgorailuetatik, rokokoa,

zilarreztatutako ile-ordeen sasoia, eta ez

Auschwitzen ezagututako ile zuritua,

soineko handien aroa, eta ez biluztasunarena,

itxaropenarena, eta ez etsipenarena.

Gure memoriak ez zekien zer egin,

dudazko ustetan galtzen zen irudimena.

 

URTARRILAK 27
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021