PIANO ESKOLAK
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

[Zortzi urte ditut]

 

Musika eskolak bizilagunenean, J. jaun andreekin.

Lehenengoz sartu naiz haien etxean,

ezberdin usaintzen du (gureak ez du usaintzen,

edo hori uste dut). Alfonbrak leku guztietan,

pertsiar alfonbra sendoak. Badakit armeniarrak direla,

baina ez dakit horrek zer esan nahi duen. Armeniarrek alfonbrak dituzte,

 

airean dabil oraindik Lvov-etik etorritako

hautsa, Erdi Aroko hautsa.

Guk ez dugu alfonbra edo Erdi Arorik.

Ez dakit nor garen; errariak agian.

Batzuetan uste dut ez garela existitzen. Besteak bakarrik.

Akustika bikaina du gure bizilagunen etxeak.

 

Isila da etxea. Piano bat dago gelan,

piztia nagi bat bailitzan, etxekotuta, eta hartan

bizi da, justu haren bihotzean, musikaren bola beltza.

Lehen edo bigarren eskola bukatu berritan

esan zidan J. andereak hobe nuela hizkuntzak ikastea,

ez neukalako musikarako dohainik.

 

Ez daukat musikarako dohainik.

Hobe nuke horren ordez hizkuntzak ikastea.

Musika beti egongo da beste lekuren batean,

helduezin, beti beste inoren etxean.

Bola beltza beti egongo da beste inon ezkutatuta,

baina akaso izango dira topaketa berriak, errebelazioak.

 

Burumakur itzuli nintzen etxera,

triste antza, erdi pozik, etxera

Pertsia usainik ez zuenera, margolari zaletuen koadroekin,

akuarelekin, eta pentsatu nuen, etsipenez eta plazerez,

ez nuela hizkuntza baizik, hitzak bakarrik, irudiak,

mundua bakarrik.

 

PIANO ESKOLAK
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021