Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997

 

VICENTE

 

      Arratsalde hartan, zerua gogorren eta beldurgarrien agertzen zen orduan, hego beltzak zabaldu eta alde egin zuen Vicentek. Berrogei egun paseak ziren, jadanik, aukeratutakoen taldera bildurik Ontzian sartu zenetik. Baina, lehen momentutik ikusi zuten denek haren izpirituan ez zegoela bakerik. Isilik eta muker, handik hona ibiltzen zen artega bizian, Jainkoak bizitza gorde zueneko ontzi handi hura izadiarentzako iraina balitz bezala. Anabasa haren erdian —otsoak eta arkumeak patu berberak anaiturik—, Vicenteren irudi beltz eta iharrak baino ez zion eusten Jainkoaren jardunbidearekiko ezadostasunari. Sumindura isilez, galdetu egiten zuen: —zer zela eta animaliak Babelgo dorrearen kontu nahasi haren erdian? Zer lotura zuten animaliek Sortzaileak zigortu nahi zituen gizakien haragikeriekin? Bidezko nahiz bidegabe, uholde hura erabaki zuten xede gorenek gaitzespen sentimendu sakon eta eutsiezinarekin egiten zuten topo. Eta, nagusikeria gupidagabeagoa zen neurrian handiagotzen zen Vicenteren asaldura.

      Berrogei egunez, alabaina, hantxe lotuta eduki zuen haragi ahulak. Berak ere ezingo luke esan nolatan jaitsi zen Libanotik ontziratze-kairaino eta nolatan hartu zuen gero, Ontzian, hain denbora luzez, eguneroko anoa Noeren esku zurietatik. Baina bere burua garaitu ahal izan zuen. Azkenik, biziraupen-sena gainditu eta hegoak itsasoaren zabaltasun izugarriaren aurrean irekitzea lortu zuen.

      Begirune isil neurtuaz segitu zuten handiek nahiz txikiek alde egite banakako hura. Harridura eta liluraz ikusi zuten Vicente, ausart, bularra zabal, ihesa oztopatzeko Jainkoak jarri zion suzko lehen hesia zeharkatzen; gero, urrunean, espazioaren azken mugetan murgiltzen. Baina inork ez zuen txintik esan. Haren keinua askatze unibertsalaren ikur gertatu zen une hartan. Izakiak hautatuen eta kondenatuen sailetan bereizten zituen nahikeriaren kontrako kontzientzia, gaitzespen aktiboan.

      Baina liberazio gustu hura oraindik denen baitan zegoela, hara non, han goitik, trumoia bezain zabal, tximista bezain zorrotz, izugarri, Jainkoaren ahotsa:

      —Noe, non da Vicente nire zerbitzaria?

      Zur eta lur gelditu ziren bai hankabiko nola lauoinekoak. Ilusioek astinduriko ontzi-gainera, isiltasunezko hil-oihal halakoa erori zen, pisu.

      Jainkoak, berriz ere, kontzientziak eta sena gerarazi zituen, ekai biziaren hondar oro landare-pasibotasun hutsera murriztuz.

      Noe, haatik, gizona zen. Eta, gizonen modura, defentsarako armak prestatu zituen.

      —Hor nonbait ibiliko da... Vicente! Vicente! Non da, baina, Vicente?!...

      Ezer ere ez.

      —Vicente!... Ez al du inork ikusi? Bila dezagun!

      Erantzunik ez. Mutu ematen zuen izadi osoak.

      —Vicente! Vicente! Non sartu da hori, gero?

      Harik eta batek, jite haren txikitasun ziztrinaz errukiturik, bukaera jarri zion arte komediari.

      —Vicentek alde egin du...

      —Alde? Alde, nola?

      —Alde egin du... Hegan egin du...

      Izerdi hotzezko anpulu lodiek blaitu zituzten gizagaixoaren lokiak. Bat-batean, hankak dardarez hasi eta lurrera erori zen, zerraldo.

      Zeruko argi arrean lipar bateko eklipsea gertatu zen. Oldarrak gidatzen zituenaren esku ikusezinetatik, izpi batean, zalantza zirrara bat pasatu izan balitz bezala.

      Baina agintari zerutarrak ezin horrela segitu, dudakor, lehendabiziko matxinadaren mende. Une batez doi-doian luzatu zen harridura unea. Zeren, berehala, Jainkoaren ahotsaren durunda zabaldu baitzen berriro zeru mugagabean, laztasun burrunbariaz.

      —Noe, non da Vicente nire zerbitzaria?

      Zorabio koldarretik esnatua, dardarez eta nahasirik, bere burua zuritzen saiatu zen Noe.

      —Jauna, Vicente zure zerbitzariak ihes egin du. Nik ez dut neure gainean hura iraintzearen edo zegokion anoa ukatzearen pisurik. Hemen inork ez dio tratu txarrik eman. Haren intsumisioak berak eraman du... Baina barka ezazu, eta barka nazazu neu ere... Eta salba ezazu, zeuk agindu bezala, hura besterik ez bainuen gorde...

      —Noe!... Noe...!

      Eta Jainkoaren esanak, ikaragarriak, ortziko basamortu mugagabean hots egin zuen berriz ere. Gero, isilune are izugarriagoa etorri zen. Eta, itxuraz dena barnebiltzen zuen hutsaren erdian, ordurako seiehun urte beteak zituen Patriarkaren haur-negar etsia aditzen zen.

      Bitartean Ontzia, leunki, beste norabide bat ari zen hartzen. Eta ezkutuko pilotu batek gidatuko bailuen, indar misteriotsuak mugitua nola, presaturik eta tinko aurrera eginez —ordu arte zalantzakor eta geldo ibilia zena olatuen mende—, berrogei egun lehenago Armeniako mendiak zeuden tokirantz bideratu zen.

      Larritasun eta galde bera zegoen denen buruan. Zein mendeku erabiliko ote zuen oraingoan Jainkoak? Zein izango matxinada haren bukaera?

      Ordu luzez ibili zen horrela Ontzia, zalantzaz eta izuaz kargaturik. Belea itsasontzira itzularaziko ote zuen Jainkoak? Sakrifikatuko ote zuen, besterik gabe, besteentzako eredu? Zer egingo zuen? Gaindituak ote zituen Vicentek zirimolaren indarra, gauaren iluntasuna eta bukaerarik gabeko euritea? Eta, dena garaitu bazuen, nora ote zen iritsi? Unibertsoko zein tokitan zegoen oraindik esperantza izpi bat?

      Inork ez zien erantzunik ematen galderoi. Urruntasunean finkatuak zeuden begiak, bihotzak uzkurturik, ezintasunezko errebolta-sentimenduz, eta denborak aurrera egiten zuen.

      Tupustean, ikusmen zoliagoko basa-katu batek lurra ikusi zuen. Hitzak, beldurrez oihukatua miraria edo blasfemia ematen baitzuen, puntatik puntara korritu zuen Ontzia, lurrinak nola. Eta piztieria ilusiogabetu eta lotsarazi hura guztia gora igo zen, ontzi-gainera, unibertso ziztrin honetan oraindik lur tinkoa bazegoelako bozkario gustagarri eta pizgarriaz.

      Lurra! Ez lautadarik, ez ibarrik, ez basamorturik. Ez eta mendi baten gotortasun lasaigarririk. Mendixka baten gailurra doi-doian, uhinetatik ateratzen. Nahikoa zen, alabaina. Ikusten zuten guztientzat, harkaitz txikiak munduaren handia laburbiltzen zuen. Haien, ordu arte mamu kulunkari huts itxuraldatutakoen, errealitatea bera gorpuzten zuen. Lurra! Sendotasun uharte txiki bat amildegi mugikor baten erdian; eta beste ezerk ez zuen ez garrantzirik ez zentzurik.

      Lurra! Izenaren goxotasunak, ondikoz, mingostasuna ere bazuen bere baitan. Lurra... Bai, bazegoen oraindik amaren sabel beroa. Eta semea? Eta Vicente, sabel hartako fruitua?

      Vicente, haatik, bizirik zegoen. Ontzia hurbiltzen zen neurrian, argituz joan zen urrunean haren presentzia lausoa ortzimugan, aldi berean gorputz baten muga zorrotza eta borondate baten soslaia zen lerro zuzen hartan koskatua.

      Ailegatu zen! Garaipena lortu zuen! Eta mendekaturiko irainaren bakea sentitu zuten denek ariman.

      Urek, hala ere, gora egiten zuten beti, eta tontor txikia, segundoz segundo, urritzen ari zen.

      Lurra! Baina, hain zati murritza, ezen sinesberek ere larritasunez begiratzen baitzioten, zirimolatik babestu nahian edo. Bai lurra bai Vicente babesteko, horren patua erabat loturik baitzegoen lurraren asturuarekin.

      Oi baina, “apurturik zeuden amildegi handiaren iturriak eta zabalik zeruko ur-jauziak”! Eta, gizaki nahiz animaliak, etsitzen hasi ziren, izate aktiboaren azken gotorlekuaren ezinbesteko murgiltze haren aurrean. Ez, inork ezin zion kontra egin Jainkoaren kemenari. Ezinezkoa zen haren tirania zorrotzak gidatzen zituen elementuen oldarrari aurre egitea.

      Federik gabeko jendetzak, akiturik, gailur murriztuari eta gainean pausatutako beleari so egiten zien. Ezari-ezarian, tontorra urpean desagertu zen. Apenas gailurra gelditzen zen, zeinaren gainean, beltz, nare, erdi-erdian landatutako sustraia zenaren ordezkari bakar, izukaitz, Vicente baitzegoen. Ikusle inpertsonala bailitzan, marearekin gora zetorren Ontziari begiratzen zion. Askatasunaren hautua egin zuen eta, une hartatik, aukeraren ondorio guztiak onartu zituen. Ontziari begiratzen zion, bai, baina gaitzetsitako doilorketari zuzen aurre egiteko.

      Noek eta ontziko animaliek mututurik begiesten zuten Vicente eta Jainkoaren arteko duelua. Eta denek, nork bere izpiritu argi nahiz lainotsuan, dilema hau doi-doian: edo Vicenteri eusten zion oinarria salbatzen zen eta Jainkoak une sortzailearen —izakiaren erabateko autonomiarena egilearekiko— handitasuna gordetzen zuen edo, oinarria murgildurik, hil egingo zen Vicente, eta horren hondoraketak ordu goren hura ezeztatuko zuen. Bizitzaren esanahia loturik zegoen, askaezineko moduan, oldartze ekintzarekin. Ontziaren barruan beste inor ez baitzen bizirik sentitzen. Odola, arnasa, bizi-izerdia, bele beltz hura zen, burutik oinetaraino bustirik, lasai eta tematsu, biziraupen naturalaren azken aukeran pausaturik, ahalguztitasunari erronka egiten ziona.

      Hirutan miazkatu zituen uhin garai batek belearen atzaparrak, amaierarako erasoaldian, baina hirutan egin zuen atzera. Uhin bakoitzarekin, izu-zimikoa izan zuen Ontziaren bihotz ahulak, Vicenteren bihotz kementsuaren mendeko. Heriotza heriotzaren beldur.

      Baina nabarmena izan zen laster, Jainkoak amore emango zuela. Ezin zuela ezer libre izateko borondate izukaitz haren kontra.

      Bere lana salbatzeko, itxi egingo zituela, malenkoniatsu, zeruko ataskak.

 

Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997