Piztiak
BELXKO
Lenteiroko aintziraren barruan, igelak daude. Horietako ehunka bizi dira berroz eta ihiz estalitako ur haietan. Baina inguruan, menbrillo, sasi eta erramuzko hesitokian, Belxko bizi da, zozoa. Horren berri dago, abuztuko arratsalde batean, Clarak aurreko pinu batean pausaturiko kukuari zera galdetu zionetik: —Cuco do Minho, cuco da Beira: quantos anos me dás de solteira? Oso-osorik jateko modukoa zen neskatxa. Eta kuku maltzurrak, goitik begiratu, ikusi, eta erantzun egin zuen: —Kuku... Kuku... Kuku... Hiru urte! Txundituta gelditu zen neska. Rodrigok handik egun batzuetara bukatuko zuen soldaduska, eta elizara segituan eramateko promesa egina zion. Zer esan nahi zuen, bada, halako atzerapenak? Nahigabeturik, aldamenean artajorran ari zen Isaura lupemearengana jo zuen, harria baino gorragoa, eta oihu egin zion belarrira, etsiturik: —Ikusten?! Zer esaten nizun nik, bada? Isaurak ez zuen sinetsi nahi. —Txarto entzungo zenuen!... —Zera entzungo nuen txarto! Ondo zenbatu ditut. Eta orduantxe bota zuen Belxkok lehen barre-algara. Ederra benetan! Semikortxea lotsagabeen zurrunbiloa, baten batek oihal latz, zakar eta luzea urratuko bailuen, Clararen etsipenak tupustean malenkoniaz beteriko arratsalde naroan. Hori besterik ez. Baina nahikoa etsipenaren seinalea mudatzeko. Barre haren indar garbiak bizitzari gogorarazten zizkion haren eskubideak. Natura, bat-batean, suspertu egin zen. Brisara oso leun eta hozkirri batek zeharkatu zuen espazioa. Landareen mundukoa zen guztia kizkurtu zen leunki. Lurra bera, eguneko beroaren lozorrotik esnatu zen. Eta handik segundo batzuetara, Lenteiron inoiz entzun den sinfoniarik handiena hasi zen. Musika hark deiturik, igelak uraren azalera igo ziren eta, linbotik jaikitzen ziren ahots herabe, ezkutu eta anonimoei, indar ozena ematen hasi ziren. Igelei, segituan, martinarrak, txitxarrak, kilkerrak eta berba zuten behe jendaki guztiak bildu zitzaizkien, presaturik. Horiei, txoriteria. Harik eta mamarru sentikor eta solidariorik gelditu ez zen arte Tantum Ergo pagano hartara bildu gabe. Abesbatza mugagabe, kosmiko eta anaikorra, mundua konfiantzaz betetzen zuena. Clarak, harmonia uhinak erakarririk, epaia errekurritu zuen: —Cuco do Minho, cuco da Beira: quantos anos me dás de solteira? Egin bazenuen, egin zenuen! Pitoniso gaiztoak, pixka bat lehenago ankerra izan bazen, oraingoan gaina hartu zuen. —Kuku... Kuku... Kuku... Kuku... Letania ematen zuen! Kontaketa ez zen eteten. Hala nahita edo mundua, une hartan, abesbatza irekia zelako, gaizkileak ezkongabeko urte gehiago ematen zizkion neskari zeruak dituen izarrak baino. Neskatila, atsekabeturik, padurako belar txarretara itzuli zen. Eta orduak pasatzen utzi zituen, bidezkoa zen isiltasunean. Haren aldamenean, lotsaturik, epe laburreko ezkontza bermatu zion Isaura hitz eta pitz ari zen, bestearen izpirituko etsipenaren behazuna gozatzen lortu gabe. Eta gaua hurbildu zenean giza tristura hura belztasunez zigilatzeko prest, Belxkok hesitura sarritik hesola baten gainera jauzi egin behar izan zuen berriz ere, neskaren eskubideekin solidario, eta zeru geldo beroan bigarren barre-algara oihartzundu. Hain izan zen freskoa, osasuntsua, esperantzagarria diskordantzia hura, neskak kemena bereganatu baitzuen. Bere baitan finkatu zituen begiak, margarita ongarrituetako indar sortzailean, bere buruari zerion osasuntasun jitean, eta irribarre egin zuen. Gero, fidakor, zozoaren alaitasunari bildu zion berea. Eta kristalezko barrea bota zuen orduan hark ere; artasoroko berdetasunetik abiatu zen, Belxkoren luma distiratsuetatik pasatu eta kukuaren belarri desafinatuan zigor baten modura jo zuen. Une batez, barre hartatik zintzilik gelditu zen natura. Bizitzari omenaldia egiten zion bizitzak. Gero, denak segitu zuen kantatzen. —Kuku kirtena, Isaura xaharra! Zozoak ere egiten dio barre!... —Denari egiten diote barre, deabru horiek... Baina ilunabarra zerua hautseztatzen ari zen, eta Belxko begiak ixten ari zen eztiki, ohe gogorrean etzanda. Amak erakutsitako bizimodu arrunt, zintzo, espartanoak, debekaturik zion gau-jaietako luxua. Goizean, eguzkia oraindik Galegos aldetik zegoela, hark zutik behar zuen ibarreko mamarruteria jateko prest, bai eta barre egiteko, Vilar de Celaseko tuntunen bat atzera ere kuku gezurtiaz fio baldin bazen.
Piztiak |