Piztiak
MALMUTZ
Animalia handia gero, Malmutz hura, txolarrea! Hain iaioa, elizbarruti osoan, aita Gonçalo bakarra. Haren garaikoak, denak ziren joanak. Zorriek, hotzak eta lakioek ez zuten inor salbuesten. Hura izan ezik, Malmutz. Baina, nola hartuko zuen bada tximistak, halako zuhurtziaz, halako zorroztasunaz!... Eta txikitatik. Gizon egina, kankailua, nork utzarazi hari habia?! Aste oso bat familiarekin borrokan. Lepoa luzatu eta begira egoten zen, begira, eta —erakar ezazu han behetik!... Ama gajoak adoretu egiten zuen. Konbentzitze aldera, keinuka hasi zitzaion inguruan. Eta anaien kemenaz hitz egiten zuen, haiek bai heroiak! Bejondeiela! Hari bost axola kontuok. Inork ezin zion bermatu hegoek eutsiko ziotela. Eta, egia esan, hura ez zen, ez, txantxetako kontua. Bai altuera! Ikusmena ere iluntzen zitzaion... Aitak, haserre, mokokadak zituen argudio bakarrak, hari ziztaka, idiak ziztatzen diren bezala. Bai zera! Asko irabaziko zuen bada horrekin. Hura ez zen irtengo, ez eta agindu judizialez ere. Eta, begirada keinukariaz, hantxe geratzen zen epelean egun osoan, lo zorroan. Koitadua, hura lardaskatu nahi zuena!... Guztiarekin ere, halako egun batean erabakia hartu zuen. Pertsona ez da bizitza osoan aita-amen mende egotekoa. Baina, jakingo bazenute... Paraxuta behar izan zuen kasik. Geroko batean, barre egingo zuen eszena hura gogoratzean. Eta atsegin handia hartzen zuen sentituriko emozioak deskribatzen. Hotzikarak, bihotz-taupadak, zorabioak, buztantxoa pil-pil. Eta gauzak lauso, desenfokaturik ikusten zituen. Atsekabeturik oso! Ama bedeinkatuak lagundu zuen, Jainkoak gorde dezala. — Zabaldu hegoak, ume, ez izan beldurrik! Eutsi! Gogoz! Hala behar zuen. Begiak itxi, besoak luzatu, eta gorputza bota zuen, bortizki... Mila meta deabru, bihotza oinetatik aterako zitzaiola ematen zuen. Itxura, alabaina, ikusi egin behar. Hegoei eragin zien, larriturik. —Ama! Baina azkenean ez zen erortzen, ez airerik faltatzen, ez ezertxo ere. Luma baten antzera jaisten ari zen, motelgailuei esker. Hura zen hura! Bularrean, halako freskotasun fina, gustagarria... Dudarik ez dago: benetan atsegina zen hegan egitea! Eta zein polita mundua, han behean! Dena irribarretsu, argi eta abegikor... Amak orduan, beti ere adi eta lanbidean maistra, artazi bat gomendatu zion, lurreratu aurretik. Lau bultzada sendo eman, indarrez, eta gero, kulunkaz baliatu, gorputza hosto hila bailitzan utziz, brisararen esku... Horrela egin zuen. Anaia tripontziak konturatu ere ez ziren egin, piztien pareko artaburu halakoak! Amak “bai horixe” esan zion bere irribarre haietako batekin... Eta pausatu egin zen. Oso astiro, eztiki, zekale meta baten inguruan lehiatzen zen jendilaje haren guztiaren erdian pausatu zen. Lurra! Lehen aldiz zapaltzen zuen! Habiako belusa baino latzagoa zen hura, baina bai bero eta segurua ere. Urrats batzuk egin zituen noraezean, atzamarretako kilikilietatik saudadez oroitzen zuen plazera ateraz. Gero jan egin zuen. Gosez eta salokeriaz jan zituen eguzkiak buru beteetatik aletzen zituen bihi gogorrak. Noraezeko, arrapaladako mokokada batean, harri bat irentsi zuela konturatu zen. Ez zion inolako minik eman. Kontrakoa. Garai ederrak haiek! Inozentea zen oso, garbia, adimenetik hasita urdaileraino. Orain balitz, indigestio segurua! Erabat abaildua! Horregatik egiten zuen halako dieta zorrotza... Horrela mintzo zen eta barre egiten zuen, maltzur halakoak. Liluraturik entzuten zion gazte jendearen ahalkerik ere ez zuen. —Lotsa dugu bizio guztien ama —esan ohi zuen. Berdin zion Maria do Carmo zaharrak artatxiki-soroan txorimaloa jarri ala ez. Malmutzek, arroz lapiko batean betetzeko gonbitik egiten ez ziotenez, saltoka beteko zuen tripa. Gero, postetako harian jarriko zen, egonean, zigarroa erretzen balego bezala. Plazer-zapuztaile, maistraren semea zetorren txistuka... Hara baina, hori inolaz ere ez. Xederarekin jolasean, eraman egin behar. Tira! Motorra martxan jarri, eta aire! Aitaren batean, Ribeiro de Antan zegoen. Han behintzat, ez zuen inork nekaraziko. Eguzkiz eta bihiz asebete zitekeen bakean. —Zer gehiago nahi du, bada, gizonak?! —Hik badakik laguna... —Tira... Dena duk beharrezkoa... Naturaren beharrak dituk... Neurrian hartuz gero... Eta faltsukeria handiz, zorriak kentzen segitzen zuen. Gero bainura sartuko zen. —Harea gozoa du hemen bidezainak, bai jauna! Micas jauna bat zetorren. Eta abemarietako kanpaiek bakarrik erakarriko zuten Etxe Handiaren teilatuko hegalera. Lozorroak hartuko zuen orduan. Eta lo zabalean, bera bezalako justuek ohi dutenez, emango zuen gaua. Goizaldean esnatuko zen, Tenorio oilarraren deiari erantzunez goiza urratzen zenean. Hori, sasoi beroetan. Hotza zegoenean ordea, kontxo!, taktikaren bat erabili behar, izozturik hilko ez bazen. Campeako gau haiek, urtarrilean, harriek bakarrik jasan zitzaketen. Eta tximiniara hurbiltzen zen. Sutegiaren bafadarekin, gauzak, beti ere, desberdinak ziren. Bere burua defenditzen bazekien, jakin! Zerbaitetarako balio behar zion eskarmentuak. Gauzak itsusi zetozela ikusirik, egunez ere jarriko zuen gorputza babesean. Nahikoa zen haizeak mendialdetik jotzea. Jatekoa utzi eta sukaldeko babestokira! Beharko. Edozer, pneumonia bat baino lehenago! Taldeak bazuen, bai, etsai handi bat: negua. Abendua hasi orduko aienak baino ez ziren entzuten. —Urte hau ere badoa, Malmutz xaharra! Cacilda, seme-alaba berankorrekin, eta horiek hazteko zailtasun handiak. —Ezbehar larria, izan ere. Baina zuek ez zarete konturatzen! Halako kume batzuk, arratoiak dirudite! —Hala nahi baitu patuak... —Tontakeriak, emakume! Patua geuk egiten dugu... Ezkongabe porrokatua, biloak harrotzeko moduko kronika zuen gona kontuetan. Denak balio zion. Gazteak, zaharrak, ezkonduak nahiz ezkongabeak. Baina kumeak agertzen zirenean, besteak ziren beti haurren aitak. —Denek neure modura egingo balute... —Tira, tira, berorren modura!... Isilduko naiz. Mintza gaitezen beste zerbaitetaz, hobe dugu eta... Kontua da ez dakidala nola kendu behar diedan gosea... —deitoratzen zuen zorigaiztokoak. —Imajinatzen dut bai, zelako kezka izango den... Eta azaluts hura ia negarrez hasten zen. Hark nahi izanez gero, izpi batean konponduko zukeen gajoak izutzen zuen krisia. Bai zera! Erakutsiko zion, bada, lotsagabe hark nola joan oilategira hondarrak jatera!... Lehendabizi tripa ondo bete eta gero, hortz artekoa garbitzen zuela, bat egiten zuen pobreziarekin. —Bi mila galtzagorri... Txarto antolaturik dago mundu hau... Monumentu bat! Hura bezalakoa, aita Gonçalo baino ez. Miseria handiagotu ahala, hura lodiago. —Horrek bai papar ederra! Txingarretan erreta, gatz apur batekin... Baina Malmutz bazihoan abiadan. Ez zuen inoren hortzik apurtu nahi. Haragi zaildua, gogortxoa... Eta eransten zuen: —Hara bada, arreta galtzen badu batek, konturatu orduko erre-erre eginda dago. Hauek sasoiak! Barregarriena zen aspaldiko urte luzeetan esaten zituela horrelakoak, saiheskien artean arkumetxoek baino koipe gehiago zuelarik. Hainbesterako ezen, Papar Mehek, agureaz eta haren mainez nazkaturik, halako batean ezin izan baitzuen gehiago eta, lotsagabea eta dena izan zen. —Noizko dugu bada hileta, Malmutz xaharra? Baina agure maltzurrak, iraina beretzat hartu ordez, serio-serio erantzun zion, kontzientzia-azterketa egingo balu bezala: —Begira, mutiko, egia osoa esatea nahi baduzu, Tras-os-Montesen artoa agortuko denean.
Piztiak |