Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997

 

MIURA

 

      Ahalegina egin zuen. Suminduraren garrak kiskaltzen zuen arren, kirioei eusten eta egoera ahalik eta patxadatsuen neurtzen saiatu zen.

      Hara bada, hertsirik zegoen, pauso bat eman ezinik, txanda noiz helduko zain! Izaki libre eta naturala, Tajoko ibarreko paduretan jaio eta hazitako zezena, txori baten antzera kaiolatua, jendetza dibertitzera kondenaturik!

      Une batez, bero-uhin eutsiezin batek estali zion ulermena. Gorputzak, amorruz puztua, hesitokiko paretak bultzatu zituen, Sansonen etsipenaz.

      Ezer ere ez. Sendoak ziren hormak, egon litekeen indar eta gaitzitura justu oro jasateko adinakoak. Gizonak, horrela bakarrik: edo zaldi arinen gainean eta burdin hari arantzadunekin babesturik, edo zimentu armatuzko hesiak jarrita haien eta gainerakoen arrazoiaren artean...

      Txaloak eta musika han kanpoan. Pinttar gustua ematen ari zitzaien jaun-andereei...

      Oldar zimiko batek laztu zion ilea. Handik oso gutxira, bera. Bera, Miura, zelaietako erregea!

      Jendetza isildu zen. Joaldunen soinu lodi eta baketsua entzuten hasi zen, lasaigarri, nostalgikoa.

      Lautada!... Zelai mugagabea, eguzkiz eta gariz horitua... Ilargipeko gauen aterpe neurrigabea, aho mutuak, garbiak, denbora hausnartzen... Bero galda kiskalgarri, egarritsu, etsigarria, txitxarren kirrinkak gorriztatua.

      Berriz ere isiltasuna. Hurrena, aldamenean, lehen zuloan garaiturik eta umiliaturik sartzen denaren pauso aldaberak...

      Sudur-zuloak freskatu zituen mihi hezeaz eta galdutako paradisura itzultzen saiatu zen.

      Lautada...

      Turuta soinu fin bat.

      Ikaratu egin zen. Orain izango zen? Heldua izango zen, azkenik, haren txanda?

      Ez zen heldua. Ezkerreko atea zabaldu zen, eta hurrena etorri zen marru tristea Zakarrena izan zen.

      Nahi gabe, berriz ere hazi zen ahal bezainbat kartzelako horma estuen kontra. Baina haserreak eta giharrek harri hotzarekin egin zuten topo.

      Lautada... Terra-Velhako aska, freskoa, begiak islatzen dituen ur garbiaz...

      Txistuak.

      Zakarrek ez zuen papera ondo betetzen...

      Joaldi arrotz, triste batek plaza isilarazi eta zezentokia nahaspilatu zituen.

      Lagunaren itzala, arina eta lanbrotsua, begiratu lausoaren aurretik pasa zitzaion. Bihotza hunkitu zitzaion. Zer izango zen?

      Txaloak, musika, oihuak.

      Une luze bat horrela, mundu osoa dardarka kartzelatik harantza. Handik pixka batera, berriz ere isiltasuna, eta berriz ere turutaren nota goibelak.

      Oso-osorik hil kanpaietako soinuari emana, ezagutzen ez zuen gar batek kiskaldurik, alferrik saiatzen zen Miura nahasturiko senaren baitan lagunaren patua antzematen.

      Kolpetik, burdin sare bat zabaldu zitzaion bizkar gainean, eta burdinkada fin, sakon bat sartu zitzaion haragi bizian. Hortzak estutu eta kakotu egin zen, oldar batez.

      Zoritxarrez, ezin zuen ezer egin. Gizon jaunak ondo baino hobeto zekien noiz eta zelan aritu. Baina zergatik ziztatzen zuen hala?

      Ateko hiru kolpe lehorrek, zabaltzen den langaren zurrumurruak, luzatu zen zirrikituak, erasoaren arrazoi ezkutuaren azalpena eman zioten ustekabean: heldua zen haren txanda.

      Ziztada berria bizkarrean.

      —Miura! Adardun!

      Gihar hutsa zen jauzi batez, ia hegaka, harea gainean zen.

      Gertu!

      Suminduraz eta larritasunez, adar berdeen antzo dardarka, ingurura begiratu zuen. Itxitura biribil bat eta, bestaldean, jendea, jendea amaierarik gabe.

      Zoruko harea aztarrikatu zuen. Bekorotz biguneko beroak korritu zion hankarteko zirrikitua. Txis egin zuen, nahi gabe.

      Jendetzaren oihuak.

      Zein paper jokatu behar zuen? Zer eskatzen zioten haren gorrotoari?

      Dudakor, morroi argal, urreztatu bat sartu zen biribilera.

      Anker begiratu zion. Zein indar zekarren, bada, aurpegi ihartuan, esku horituetan, horrela langa iragaten ausartzeko?

      Irudi meharrak aurrera egin zuen.

      Harriturik, oin biko ahuldade hari so zegoen Miura. Begirik kliskatu gabe begiratzen zion, harro eta irrikaz.

      Bizitza jokoan duenaren itxuraz, lentejuelazko manikiak aurrera egiten zuen beti. Eta Miurak jada erasoaldirako distantzian zuela eta, oraindik ulertu gabe, halako heroitasunari begira zegoenean, besteak, hantustez, lurra jo zuen eskuineko oinaz eta oihukatu:

      —Ei, idia! Ei, xexena!

      Jendetza txaloka ari zen.

      —Ei, idia! Ei, xexena!

      Gertatu behar zuen. Halako grinaz desiratzen bazuten haren suminaren fruitua, hantxe zuten, bada.

      Hark begiztaturiko gizonak ordea, leialtasun osoz artez eraso zuena, tupustean, langar gorri baten zurrunbiloaren itxura hartu zuen, non hautsi baitzen, etsiturik, adar zorrotzen oldarra.

      Iseka hark itsuturik, aurrera egin zuen berriro. Eta iraindutako indar uholdea izan zen mugimenduan jarri zena.

      Zoritxarrez baina, une berean agertzen eta desagertzen zen mamua, berriz ere kukutu zen orban zorabiatzailearen atzean. Adar aihertsu, larrituek, kolorearekin egin zuten topo.

      Txalo gehiago dantzariari.

      Geratu egin zen. Horrela, ezerk ezingo zuen salbatu. Han egoteko umiliazio gorenari, itzaletan huts egiteko laidoa gehitzen zitzaion. Ez. Argi ikusi behar zuen. Gutxienik jopuntua erdiets zezala amorruak.

      Urrezko mamua han zegoen beti. Txikia, jostailu kaltegabe bati bezala so egiten zion, olgeta itxuraz.

      Isiltasuna.

      Itxaron egin zuen. Erronka egingo zion gizonak atzera ere, gauza segurua zen.

      Halaxe izan zen. Fidakor, bere buruaren jabe, hurbiltzen ikusi zuen, hurbiltzen, harik eta adarren esparrutik atera ezinik geratu zitzaion arte.

      Orain!

      Berriz ere, alabaina, langar gorria azaldu zen. Eta berriro xahutu zuen Miurak bertan bere minaren leherketa.

      Txaloak, oihuak.

      Etsiturik, berriro ekin zion lurra aztarrikatzeari, oraingoan hankekin eta adarrekin. Gizona!

      Baina etsaiak ez zuen amore ematen. Harrokeria goraipatzeko agian, aukera gehiago emateko itxura egiten zuen. Hantxe zetorren, tenteturik, koloretako bi makilatxo destatuz, eta arestian bezala oihuka:

      —Ei, idia! Ei, xexena!

      Denborarik eman gabe, ahal izan zuen arima osoaz oldartu zitzaion, denerako prest. Oihal magikoa ez bazekarren, ikusiko genuen!

      Ez zekarren. Eta horregatik, elkar topo egin zutenean, besteak eskuan tente zekartzan bi ziriak lepogainean sakon, mingarri, barneratu zizkionerako, sartua zion eskuin adarra tripa bigunaren barruraino.

      Oihuak eta txinparta gorri minak nonahi.

      Begietan sortu zitzaion lainoa gainditurik, eserlekuetatik pasatu zuen begiratu arina. Orduan?!

      Inolako erantzunik jaso ez zuenez, bere martirioaren ohartze bakartian amildu zen. Hilzorian zegoena besoetan zeramatela, hantxe agertu zen hareetara beste urrezko azaluts bat.

      Itxaron egin zuen. Sorgindutako zapirik gabe bazetorren, itsutu eta burua nahasten zion deabruzko zarpailik gabe, hil egingo zuen.

      Baina bestea babesturik zegoen.

      Hala ere, aurrera egin zuen. Aurrera egin eta jo, beti bezala, kotoian.

      Berriro ekin zion.

      Toreatzailearen gorputz lerdenak, alabaina, ihes egiten zion infernuko trikimailuez.

      Ikusleen protestak.

      Aurrera egin zuen berriro. Ordurako minduak zeuzkan begiak eta burua bueltaka zebilkion.

      Lotsarazia, odola zainetan irakiten zuela, harean aztarrikatu zuen berriro, txis eta marruma egin zuen, mugarik gabeko sufrimenduaz. Miura, ezdeus baten eskuetako jostailu hutsa!

      Oldar batez, etsaiari denborarik eman gabe, gainera erori zitzaion. Baina alferrik! Adarzabal baten antzera egin zuen jauzi zital hark babestokira.

      Etsiturik, ohol gogorrean sastakatu zituen adarrak, bestaldean kakotzen ari zen iheslariaren triparen norabidean. Odola eta izerdia zerizkion bizkarretik behera.

      Dei egiten zion ahots bat entzun zuen. Nor ote? Jiratu egin zen. Beste pailazo bat zen ordea, hodeia ere bazekarrena, oraingoan txikia eta triangeluarra.

      Badarik ere, ia abespeluan eta aurrera egitea alferrekoa zela jakinik, aurrera egin zuen.

      Beti bezala, irudikeria tronpagarrian jo zuen.

      Oldarra berritu zuen. Gogo beterik, berriz ere.

      Geratu zen. Ez al zuen bukatu behar martirio hark? Konponbiderik ez ote zegoen hildura hartarako?

      Azken saioa eginez, lautan aurreratu zen. Ezer ere ez. Aktorearentzako txaloak doi-doian.

      Noiz? Noiz bukatu behar zuen oinaze hark?

      Bat-batean, puntzet baten dirdira hotza luzatu zion arerioak begi lausotuen aurrean.

      Zer?! Han hil behar al zuen, irainaren tokian bertan?! Halako opariak egiten al zituzten gizonek?!

      Xafla osorik eskaintzen zitzaion, isil.

      Astiro, bere buruaren erabateko kontrolaz, zuzen begiratu zion Miurak. Gero, oraindik borrokakoa eman arren mendekotzakoa zen oldar batez, garaituriko lepoa eskaini zion ertz hark agintzen zion asaskaldiari.

 

Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997