Piztiak
JESUS
Salda hartzen ari ziren denak, barnebilduta eta isilik, umeak esan zuenean: —Habia bat dakit! Amak harengana altxatu zituen begi beltzak, galdeginez. Aitak, ohiko liluramenduan galdurik, entzun ere ez zuen egin. Baina mutikoak, dela Amari erantzuteko, dela Aita esnatzeko, errepikatu egin zuen: —Habia bat dakit! Agureak, azkenerako, betazal pisutsuak jaso zituen eta adi geratu zen, hura ere. Haurrak, orduan, pittin bat aztoraturik, kontatu egin zuen. Kontatu zuen arratsaldean, ardiarekin etxera itzultzen zen tenorean, kardantxilo bat ikusi zuela zedro handi batetik ateratzen. Eta beha eta beha, begiak bota beharrean, hosto sarrietara so, eskukada beltza kausitu zuela han goian, kuku-sagar batean. Amak semearen hitzak edaten zituen, arimako argiaz osotara musukatuz. Aita saldara itzuli zen. Baina umeak aurrera segitu zuen. Eta esan zuen, orduan, ardia isats batera lotu eta zuhaitzean gora egin zuela. Berriro altxa zituen Aitak betazal pisutsuak eta Ama bezalaxe geratu zen, artega, arnasari eutsiz, aditzen. Eta mutikoak gora egiten zuen. Itzela zen zedroa, oso zabala eta oso garaia. Eta gorputz txikia, hari itsatsita, astiro zihoan gora, erdia aldiko. Besoak tinkatzen zituen lehendabizi, eta orduan bakarrik egiten zuten aurrera hankek, ahal zuten tokiraino. Han, geratu egiten ziren, azal latzean finkaturik. Igoerak denbora hartu zuen. Izan ere, hirutan deskantsatu behar izan zuen, adar-mutur gogorretan. Azkenean, pultsuan egin behar izan zuen falta zuena, kukulako adarrak kimu hutsak baitziren. Izututa, ez Aitak ez Amak zuten txintik esaten. Ikaraturik, mutu, utzi egiten zioten umeari goraino, tontorreraino heltzen, begi inozoak arrautza pintadunean jar zitzan. Arrautza bakarra zuen habiak. Une horretan, gurasoen bihotza gerarazi zuen umeak. Zein alturatan zegoen erabat ahazturik, han, zerutik gertu bizitzea lurrean bizitzea bailitzan jardun zuen, zerbaiti eusten dioten beso zuhurren beharrik gabe. Eta, une batez, biek ikusi zuten umea amiltzen, goitik, zedroaren kukulatik behera erortzen, Nazareko lur gogor eta hiltzailearen gainera. Baina haurra, nahi gabe agertu arren guztiz ahaztua zuela zein amildegiren gainean zegoen, ez zen erori. Beste zerbait gertatu zen. Arrautza hartu ondoren, pozarren, musu eman zion. Eta, haren ahoaren bero hutsez, azala erditik lehertu eta kardantxilo lumagabetxo bat jaio zen han barrutik. Eta mutikoak, ohiko inozentziaz kontatzen zuen mirari hura, auzokide bati irakurtzen entzun zion Egiptoko Joseren historia errepikatzen zuenetan bezalaxe. Azkenik, txoritxoa oheko lumatxan maitekiro utzi eta jaitsi egin zen. Eta orain, doi-doi lotsaturik baina pozez gainezka, habia bat zekien. Afariak isiltasun pisuan bukatu zuen. Gerora bakarrik, sutako mahasti adakien argi beroaren inguruan, esan zizkioten gurasoek elkarri hitz konprenigaitzak, umeak ulertu ez zituenak. Baina zertarako ulertu halako hitzik? Txoritxo xume lumagabearen irudia gorde nahi zuen hark bere baitan. Hori eta, aldi berean, liluraz gainezka, Amaren atzamarrei begiratu, elurrez zurituak haria iruten. Eta hainbeste bete zen kardantxiloaren irudiaz, hainbeste begiratu zien goruari, ardatzari, hatz trebe eta zoragarri haiei ezen, handik gutxira, burua erortzen utzi baitzuen, logaleak tontoturik, Amaren sabel birjinan.
Piztiak |