Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997

 

MAGO

 

      Sakon hartu zuen arnasa Magok. Sudurra zabaldu eta bularra airez edo ilargitasunez bete zuen, ezin zehatz jakin, brisara eta argitasun nahasdura baitzen gaua. Horratik ere, freskotasunezkoa nahiz argizkoa izanda trago batez edan zuen uhina, halako moduz bete zuen non bizitza berri baten dardarak hartu baitzion gorputz osoa. Nagiak atera zituen orduan, lau hankatan tinkaturik, bizkarra kakotu, eta horrela geratu zen une batez, gihar, tendoi eta kirio huts, hezurrak burutik burura kirrinka. Ezin horrela segitu! Gela hartako bero sapak akabatu egiten zuen. Moteldurik uzten zuen, nakar, etzaleku zuen artilezko tapakia bezain laxo eta aiherga. Bai behera hel daitekeela pertsona! Hara baina, lotsabide hark bukatu behar zuen! Ez zezala pentsa Maria da Gloria Sancia andreak prest zegoenik haren mutxurdin altzo bigunean betiko galtzeko. Hori baino ez zen falta! Hantxe zuen, gainera, lehen froga: andrea bakarrik ohe gurian zurrunga, Magok birikak oxigenoz eta askatasunez betetzen zituen bitartean. Egia da loak har zezan itxaron zuela lehendabizi, eta orduan bakarrik irristatu zela, emaro, haren besoetatik tapizera eta tapizetik kalera, sukaldeko atetilatik. Gizabide kontua doi-doian. Zeren, azken finean, abantailarik ez baitu ekartzen gauzak zakar egin eta norberaren on beharrez ari denari min emateak... Ze demonio, Maria Sancia andrea zen hura, izan ere, leporako urrezko haria eta dena erosi ziona! Eta, ondo begiratuta, horregatik eta antzeko gauzengatik zen heldua egoera gozo hartara...

      —Entzun diat sardinarik ere ez duala jaten?!

      —Bai zera! Eta egunero...

      —Eta ez duala ia ehizan egiten?!

      —Gaur goizean bertan...

      Tripotxen ziriak. Argi dago andre Sanciaren losinek deformatua ziotela gustua... Ahora ematen zizkion gozokiak, limur zezan uzten zuen! Eta bazegoen non aukeratu, soberan egon ere... Arratoiei zegokienez, zertan galdu behar zuen denbora, hiru orduz zulo baten aurrean ahuspez, begietako ninia ere mugitu gabe, han barruan zurrunga zegoen gizagaixo halako baten zain? Utzi horiek bakean! Gauzak diren bezalakoak dira. Nolanahi ere, legatz gordina jaten zuen oraindik, bai eta eskua zintzoki bota tximeleta zuriren bat edo besteri, olgeta hutsez, udaberrian jarraitzen zitzaien enara gazteak ez aipatzearren. Zer arraio! Hori baino gehiago, gehiegikeria litzateke.

      —Eta ez haizela etxetik ateratzen, beti gonetara itsatsita... Egia esateko, gutxitan irteten zen. Garai berriak, aztura berriak. Bapo jan eta kuxinetan geratzen zen... Liseriketa zailak, logura etortzen zitzaion... Horri aurre egiten saiatzen zen, behin edo beste. Baina atso petralak burua galtzen zuen hanka atariko harlaxan jartzen ikusi orduko! Txilina ematen zuen:

      —Mago! Mago! Enea, enetxo!

      Izarartera itzultzen zen. Muzin, jakina. Baina zer bestela! Jatekoa zen... Ahotik jatekoa! Beharko, bada, bidean atzera egin eta, azazkalak zuhurki bildurik, laztan goxoekin segitu andrearen lepoan...

      —Eta Txinpart utzi duala!...

      —Neuk?!...

      —Basurrekin edo omen zebilek... Hori duk behintzat esaten dena. Baita bost kumetxo izan dituela harekin...

      —Neureak! Ondo neureak! Neure odolekoak!

      Gezur hutsa. Orban ziztrina taldeko osperako... Adardun koldarraren berriketa... Kumeak Basurrenak ziren oso-osorik. Itxurak berak erakusten zuen. Denek zuten aitaren begi makartsu bera... Zarpail bat, izan ere, aitortu ez arren. Andre Sanciaren losinek zuten galdua. Baina gauzak aldatu egingo ziren! Nazkaturik zegoen laidoez. Arestian oraindik... Emaztearengana jo zuen, agintea ezartzeko asmoz.

      —Aizu: esan didate edozeinekin zabiltzala hor zehar?!

      —Hainbat hobe niretzat!

      —Hainbat hobe zuretzat?!

      —Sekula ez diet begiramenik izan marikoiei!...

      Akabatzeko modukoa! Baina, egia esan, arrazoia zuen Txinpartek. Oso lantzean behin baino ez zen haren bila joaten, eta emeek laguntza nahi izaten dute...

      Horrez gainera lodikotea, goibela. Une horietako arnasotsak ere ahaztuak zituen... Lotsagarria!

      —Azaldu hadi gauean Tinocotik... Bilera zagok... Gero arte...

      —Agur, Tripotx.

      Etxaldean gertatu zen, arratsaldean, andre Sancia biaoa egiten zegoela. Paretara igota, auzoen sukaldean inguruka zebilen aspaldiko laguna, txitxarroak erretzen ari baitziren. Halako txiripaz, une horretantxe heldu zen leihora, ikusi eta keinua egin zion. Eta besteak, fede onez ala txarrez, mingaina askatu zuen. Baina on egiten duen txarrik ere bada. Elkarrizketaren ondoren gogoeta sakona egin zuen kontuaz, eta hantxe zegoen orain, patuak sartua zueneko bizimodu galdu hartatik berpizteko presto.

      Hantxe zegoen, bai, Tinocotik, auzoko katuen klubetik bi pausotara. Ondo kokatua, bi etxaldetarako irteera zuela, taldeko alderrairik handienak, Hilariok, eratu zuen. Teilatu luzanga zen, ia laua, zabala, altua, baina larrialdietan edonola uzteko modukoa. Benetako aurkikuntza. Etxea biltokirako erabiltzen zenez, berehalakoan antzeman zizkion Hilariok abantailak tokiari. Eta, biharamunetik aurrera, hantxe izan ziren musuak, haginkadak, atzaparkadak eta grinaren uluak.

      Haiek bai garai onak! Artean, Anddere limurtu nahian zebilen, burua galarazten zuen katemetxo etxe-zalea.

      —Ordu onean!

      —Miiau...

      —Ongi etorri, ene printzesa!

      —Miiau...

      Lausengua burutik behatzetaraino. Itxura hutsa! Gero Mairu-Beltzekin pailardatu zen, emagaldu zahar, zaildu eta gogortua. Gaua zulatzeko moduko garrasiak harenak!

      —Isildu zaitez behingoagatik, emakumea!...

      Bai zera, hura isildu! Bukaerarako, aspertu egin zen. Azkenik, Perricha atso berritsua etorri zen... Haiek lanak. Jelosia, ahuldadea, buruko minak, hara deabrua!

      —Hire burua hiltzen ari haiz, seme, hondatzen ari haiz...

      Amaren hitz zentzudunak.

      —Muda ezak bizimodua, motel! Malapartatu horrek hilobira eramango hau.

      Bai baina! Indar handia du bizioak...

      Harik eta ama zahartzaroz eta atsekabez hil, Perricha inguruetatik desagertu, eta Mago, txiripaz, andre Sanciaren etxera agertu zen arte.

      —Gaixorik dago animaliatxoa. Gose izango da, apika...

      Eta andrearen samurtasunak ez zuen gehiago utzi. Hasieran, aurre egiten saiatzen zen; baina, azkenerako, gorputza, gorputz doilorra, patxadara ohitu zen. Atso tuntunak maitasuna elkarrekikoa zela uste zuen. Hala hobe! Katuekin ez dago benetako adiskidantzarik. Sugarrekin jolasean dabilena erre egiten da, hori da dena. Denborak aurrera egin ahala guritasunak hartu zuen... Konturatu zenerako, galduta zegoen. Batzuetan dena pikutara bidaltzeko gogoa izaten zuen. Zoritxarrez, zaila zen bizimodua. Hondakin galdara bat irauli eta ezkata bat bera ere ez zegoen aprobetxatzeko. Beharko, bada, amore eman... Garesti ordaindu behar, alabaina, aterpea. Ondo pentsatuta, hobe mutxurdin petral hura inoiz agertu ez balitzaio. Hobe sosik gabe eta goseak akabatuta ibili, eta orain, aurpegiratzen zizkioten ziriei hitzez hitz erantzun ahal izatea.

      —Begiraiok Magori!... Begira milioidunari!...

      Doilorra gero, tentel hura. Bertan funditzeko modukoa zen. Zoritxarrez baina, ezin marrazkatzen zuen haserre otzan hartatik harantzago joan. Ez indarrik, ez adorerik gehiagorako. Eta gainera, hala suertatu behar, kluba jendez gainezka! Apropos egina zirudien. Fundi zitezela andre Sancia eta haren kuxinak laudatzen zituena! Lumatxa haien erruz baitzegoen aurpegira ttu egingo ziotela!

      —Hara bada, auzo pobreetatik bisitan?! Babesgabeentzako erruki-ekintzetan, ezta?!...

      Baita Basur maltzurra ere! Begira bestea! Zirtolari halakoa! Emaztea lapurtu eta prozesio baten tamainako adar parea ezartzea nahikoa ez, eta jende guztiaren aurrean zirikatu behar. Hara bada, oker zegoen oso, ordain egokia hartuko ez zuela uste bazuen!

      —Gizabidez joka beza jaunak...

      —Entzun al duzue morroia... Lagunei berorika!

      —Lagunak?! Nik ez dut zure jiteko lagunik!

      —Buruan pisu egiten diote, koitadua!

      Oldartu egin zen. Burutik behatzetaraino itsuturik, amildu egin zen. Ondikoz, bestelakoak ziren Basurren baliabideak. Amorrua zuen, hortzak zituen, azazkalak eta adorea bazituen. Zer zezakeen morroi gizajo, lodi eta distiratsu baten aiherkundeak halako armen kontra? Kolpe guztietako danborra izan. Ez zuen ez eta lehendabizikoan ere asmatu! Bizkorra eta gihartsua, kobra-suge baten malgutasunarekin, ihes egin zion etsaiak haren kolerari, bai eta erantzun ere, benetan, huts egindako kolpeari. Ondorengoa itzelezkoa izan zen! Azpikeriazko erasoaldi sortaren atzetik, gizon bat akabatzeko moduko dozena erdi labankada. Ikusi egin behar! Borroka amaitzean, gehiago ezin zuela bere burua galtzaile aitortu zuenean, hainbestekoak ziren haren odola eta aienak ezen polizia bat ere, han behean, kale estuan, hunkitu baitzen. Klubak ordea, bozkarioz zoratzen ematen zuen. Txinpart lurrean bueltaka zebilen, pozaren pozez.

      Teilatuetatik barrena alde egin zuen, noraezean. Ilargiak, gero eta zuriagoa han goian, erdeinuz begiratzen zion. Hiriak, lokarturik, bukaerarik gabeko hilerria ematen zuen. Elizaren bateko kanpandorretik adur txarreko soinua ateratzen zen.

      Azken duintasun hondarra jokatu zuen kinka hartan. Eta galdu egin zuen. Handik aitzina, itxaropenik gabeko lotsabidea izango zen. Bera, Anddereren gorputz fin manukorra esku indartsu urdurien artean izan zuena, bera, Mairu-Beltzek aukeratutakoa, Hilarioren gau-parrandetako laguna, bera, Mago, txapinen eta tapizen mundura baztertua behin betiko. Debekaturik, handik aurrerako bizitzan, orain sudur-zuloak zeharkatu eta bibotean txistu egiten zionaren antzeko freskotasun hezezko bafadan pentsatu ere egitea... Sekula guztiko kondenaturik andre Sanciaren egongela madarikatuko hats hartara! Patuaren beltza! Eta dena atso petral haren erruz... Hargatik ez balitz, hantxe abaildurik eta ezkerreko eskutik maingu egon ordez, Tinocon legoke besteak bezala orroka, Basur boladu bat bezala hautsi ondoren... Horrela bada, arrastaka aurreratzen zen, nekez, etsipenaren bidean, hiltzear egonik bizitzari agur egiten dionaren antzera... Hura patu zoritxarrekoa! Iraindua, garaitua, gorputzean eta ariman zauritua... Eta dena elezuri haren eromenaren ondorioz!...

      Goiza argitzen ari zen. Urruneko kanpai batek seiak jo zituen. Lehendabiziko leihoak ireki ziren. Orban gorrixka handiek eguzkiaren berehalako etorrera iragartzen zuten.

      Gelditu egin zen. Hanka zauritua miazkatu eta hotzikara batek astindu zuen. Makalaldi sakona ari zitzaion nagusitzen. Andre Sancia madarikatua!... Halako atso hura inoiz ezagutu izan ez balu...

      Hara non, ikusmena lausotzen ari zitzaion!... Ikusi nahi al duzue nola galtzen duen konortea?!

      Tximinia baten kontra etzan zen, eta denboralditxo bat eman zuen bere buruaz ohartu gabe, arnasa nekez hartzen. Harik eta indar uhin batek berriro munduratu zuen arte. Begiak zabaldu zituen. Hobeto zegoen, zorionez! Ondo ikusten zuen berriz ere. Aurrera segi zezakeen.

      A zelako nekeak sortzen zizkion atso deabruak! Eta Jainkoari esker, bizirik atera zen borrokatik... Astinaldi galanta!... Justuan ez zen bertan gelditu... Kemen handia zuen oraindik!

      Etxeko lorategitik metro gutxitara, atzera ere indarrak galtzear zegoela susmatu zuen. Eta orduantxe ohartu zen: odol arrastoa uzten zuen pasatzen zen tokitik...

      Nahigabeei gaina hartu eta orekari eustea lortu zuen, haren hondamenaren paradisua mugatzen zuen murru txikira heldu arte. Jauzi egin? Ez egin? Hura doilorkeria, andre Sanciaren losinetara itzuli! Hura gogaindura! Hura arrunkeria!

      Baina, zer zela eta orain halako arrangura eta damuak? Bai, zer zela eta? Ondo baino hobeto baitzekien sekula ez zuela seriotan pentsatu kontu hura beste modu batera konpontzerik! Egia aitortu, gutxienik! Gainera, zein saio zehatz egin zuen askatzeko? Bat bera ere ez. Hamabi ordu ere ez ziren Tripotxen ahotsa entzun zuenetik, kontzientziaren oihartzuna bailitzan... Eta, azkenean, han zen berriz ere! Eta bere gogoz etorria... Inork ez zuen behartu... Damuak jota jadanik? Tira, tira! Beste edozeinek begiratu ere ez zion egingo, berriro, etxe hari. Eta itzuli egin zen! Bai eta zitalki bueltatu ere... Eta zeren bila? Erosokeria zikiratzailearen bake ustelduaren bila... Hura doilorkeria! Hura goragalea!

      Eta, nahi gabe, bere buruaren hondaketa onartu ezinik, sukaldeko atexkatik sartu zen Mago eta andre Sanciaren beso gurietan etzan. Erre egiten zuen. Eguzki horia, gotorra, bete-betean erortzen zen Serra Negrako biluztasun latzaren gainera. Txilarrak, iharturik, bihurritu egiten ziren bide ertzetan. Zoruko legar gogortuari lamara zeriola zirudien.

      Madalenak nekez egiten zuen aurrera, granitoan zabaldutako bide pikoan gora arrastaka, mendeetan zehar zapata zarpailek eta ferrek gastaturiko harrietan estropezuka. Tartean behin gelditu eta, harkaitzen hesian irekitako atakatik, ibarrari so egiten zion, han behean, oso urrun, han non gorputzak gaztainondo baten gerizpean gelditzeko eskatu zion. Gorputza. Borondateak arin zeharkarazi baitzuen ibarraren freskotasun tentagarria eta aldapan gora adoretsu abiarazi. Ordua heltzen zitzaionerako Ordonhora garaiz iristea zen kontua. Eta horretarako senari kontra egin eta aurrera segitu beharra zegoen, kosta ahala kosta.

      Azken aldapa nekez gaindituta, izuturik egin zion aurre Madalenak mendi gorri eta mukerraren neurrigabetasunari. Izutzeko moduko harkaitzak! Harri eskergak, biribilak, gotorrak, oreka ia sinestezinean trabatuak, edo bestela sakabanatuak, isolatuak, geldi eta isilak goi-lautadan zehar.

      Goizabarrean sentitu zituen lehen minak, lausoak, urrunak, ia gustagarriak. Eta, lehen gaztigu horretan, abiatzea erabaki zuen. Orain jada, apur bat gehiago, eta burutu egingo zuen eginbeharra. Jakin, ordu arte, berak eta Jainkoak bakarrik. Egin zion doilorrak ere ez zuen susmatzen. Harroa zen Madalena, betidanik. Estropezu egin zuen, egia da, baina berehala lortu zuen orban hura —emazteki bat zikin dezakeen orbanik handiena— munduaren begietatik ezkutatzea. Eta egin zionak ere ez zuen susmorik txikiena gertatzen zenaz. Laidoa gertatu eta egun batzuetara, bildots begitxoekin hurbildu zitzaionean balentria errepikatu nahian, bidali egin zuen, gaia inondik inora aipatu gabe.

      —Alferrik tematzen zara: hemen gelditu edo betiko joan. Baterako prest ez bazaude, besterako ere ez... Zeuk erabaki. Ez dut txakurrik nahi nire arrastoan!

      Ezaxolarena egin zuen. Ezkontzeko kontu hura ez zegokion hari. Ama zeukan, soldaduskarena zeukan, kateaturik zuen bizitza.

      —Orduan bada...

      Eta bizkarra erakutsi zion. Harentzako simaurtegia baino ez izan, urdanga baten modura erabil zezan utzi, hori ez. Egia da osotara gozatu zuela zoritxarreko arratsalde hartan... Lasai. Jan bazuen, behin jan zuen. Besteak, haserre, marmar egin zuen. Hitz erdika aritu zen ardandegian, berbak irentsiz. Ez zion askorako balio. Halako moduz moztu zuen Madalenak gaitza errotik, inork ez baitzituen lizunkeriak sinistu. Kalipu horri esker, bukatzear zeuden haren kezkak, jende guztiaren ustetan. Nahikoa zuen orain adoreari eta hanketako indarrari eustea. Ez. Ez Roaldek ez ergel hark ez zioten barrerik egingo. Hoben handia zuen egina, egia zen. Edozein erortzen da lehendabizikoan... Baina handik aurrera bere burua garbi gordetzea erabaki zuen, eta zegokiona ordaindu zuen. Bederatzi bederatziurrenen pareko bederatzi hilabete! Hiltzea nahiago, jendearen ahotan ibiltzea baino. Denborak aurrera egin ahala, gorriak eta beltzak ikusi zituen amarruarekin segitzeko. Azken egunak, izan ere, urteak iruditu zitzaizkion. Zorionez, horiek ere gainditu zituen, bere burua agerian utzi gabe. Etxean gorde zen, gaixorik zegoelako aitzakiarekin, eta alde egiteko unea heldu arte itxaron zuen. Eta eguzkia ateratzean, orain larrua erretzen zion eguzki berbera, bideari lotu zitzaion. Arimarik ere ez zegoen herritik irtetean. Roalde osoa Tenariako padura eta baratzetan ari zen. Abuztu emankorra zen. Eta nor bere ondasunetan ahalegintzen zen, artasoroak, ortuak eta patata soroak ureztatzen. Ura Roalden, Jainkoari esker, ubidea ireki eta kitto...

      Ura...! Ur pitxertxo bat balu sikiera, une hartan! Nahikoa zitzaion ahoa bustitzea... Sentitu ere kasik ez zuen egiten, hain baitzuen siku... Zulo latz bat baino ez zen, zeinetik airea sugarretan pasatzen baitzen. Gogoa ematen zion haritz mukurren bat haginkatzeko, ea hezatzen zuen.

      Goi-lautadaren erdira heldurik, izua sortzen zuten harkaitzek. Sakabanatuak, eskergak, penaturiko arimak ziruditen. Isats ahul, beltz, beroak kiskaldurikoak, tristura narrastariaz estaltzen zuen eremua. Oinen azpitik, barre ironikoa egiten zuten harri koskorrek.

      Egarriz lehertzeko zorian zegoen. Nekearen oinazeari eta gutxien espero zuenean erasan egiten zioten min gaitzei, suzko labe bilakatzen zuen egarri sakon handia biltzen zitzaien. Baina aitona itzainak ere esaten zuen:

      —Serra Negran, freskatu nahi duenak izerdia edan beharko...

      Aitona, alabaina, gizonezkoa zen, eta mando bat zamalkatzen zuela ibiltzen zuen mundua, zakutoan ardo-zahatoa hartuta. Eta Madalena ordea, eme gajo bat baino ez zen, basamortu madarikatu hartan minak akabatua zebilena, ezertarako indarrik gabe, seme malapartatua tripan joka zuela. Eta dena, Armindoren hitz goxoen erruz, ezbeharrera eraman zuten hitz otzan eta loratu haien erruz! Oi gaztain jana, S. Martinhoko gaztain jana! Larrutik ari zen ordaintzen Tapadako bordan onartu zituen lau gaztain erreak. Doilor hark ezti-ura ere bazuen eskura! Eta neskak, tuntun halakoak, jan egin zuen, edan, eta, azkenean, lastoan iraulka bukatu zuen, oihuka. Baina ez zion ezertarako balio izan. Batera edo bestera, han zuen beti, gorputzaren gainean, ergel haren gorputza atezuan, bero, artega. Eta amore eman zuen. Ahuldade-une bat, edo etsipen handi hari eskainitako errukiarena, eta esnatzerakoan galdua zuen hoberena. Bizkor, gero. Egina zegoen, egina zegoen. Jaiki, gona astindu, eta ez zuen hitzik atera. Ezer gertatu ez balitz bezala aritu zen. Baina aurrerantzean aukerak saihestu zituen, beti zain egon arren. Testamentu bat bezain isilik, morroia seriotan hitz egitera joan ziezaion itxaron zuen. Maitasun hitz goxoekin bazen, ez! Joatea zuen beste ate batera joka. Ezkon-deiak elizan eta ezkontza urtarrilean nahi zituen. Esan gabe, jakina, zegoen egoeran zegoela...

      Baina txakurrak haragia baino ez gogoan. Itzuli zenean, grina piztua baino ez zekarren. Eta bidea erakutsi zion.

      —Horretarako, ospa hemendik...

      Sabela artilezko azpigonaren barruan lotzen saiatu zen, eta hala egin zuen aurrera.

      Gauean, ohean, numeroak kontatu ordez malkoak zenbatzen zituen... Bakarrik bizi zenez, zorionez, inork ez zituen bere penak ikusten. Eta hilabeteek aurrera egiten zuten. Harik eta egun hartako goizaldean... Baina Roaldek ez zuen aukerarik izango haren oihuak entzuteko. Ez Roaldek ez Armindo jaun nazkagarriak. Ez zien aukera hori emango. Eta han zihoan arrastaka, erdi hilik, eremu madarikatuetan barrena, sekretuak Jainkoaren eta bion artean segi zezan. Ludovina, Ordonhoko laguna sartuko zuen orduan sekretuan, halako egoera larrian ezingo baitzuen berak bakarrik guztiaz arduratu. Haren etxean izango zuen umea. Eta gero... Gero... Ai, baina egarriak erditik banatzen zuen denbora! Batetik etorkizuna, lausoa, urruna, irreala; bestetik oraina, presazkoa, baikorra. Ura! Eskura baleuka Tenariako iturria, padurak bete eta hala ere berdin segitzen zuena, ura borborka ahoko egarria hiltzeko, bularrekoa, tripakoa, gorputz osokoa, orduan erraza litzateke dena...

      Baina ura, bat-batean behealdeak busti zizkiona baino ez, izterretatik behera zihoakiona, bero, lirdingatsu, pisutsua...

      Ikaratu zen. Aurrera egin ahal izango zuen? Arrastaka segitzerik izango al zuen, sukarrak jota, akitua, zauritua, mendian barrena? Eta alderik alde astintzen zuten min gero eta segidagoko haiek, hasieran arinak, ia likitsak, eta gero labankadak baino gaiztoagoak? Ez, ezin zuen aurrera segitu. Lurrera botatzea besterik ez zuen eta, S. Martinho egunean bezalaxe, lur gori, beltz, buztinezko, eta mukur kiskalduz jositakoaren gainean iraulka ibili, ertzetako gogortasuna bigunduko zuen lastorik gabe eta Armindo lotsagabeak hitz goxoak belarrira esan gabe...

      Alde guztietatik ziztatua, uzkurtzen hasi zen gorputza, oinazez. Eta handik gutxira kakotu egin zen, tinkaturik, orpoetan eta alboetan tenteturik, etsipenez lehertzeko zorian. Haren barruan, haren bitartez, bidea ireki nahi zuen beste gorputz arrotz batek. Eta zabaldu eta luzatu arren, etsaiak ez zuen nahikoa, espazio handiagoa eskatzen zuen, ateak zabal-zabalik galdatzen zituen. Arestiko etenen errukirik gabe, txakurremeak hozka balitu bezala ziren minak. Garaitzen zuen min-ziztada bakoitzetik ziztada berriak sortzen ziren, kimuak gaztainondoan gora bezala. Gurutzean iltzaturiko animaliaren garrasi hutsa zen, oso-osorik.

      Ikaragarrizko estutasun hari gor eginez, mendia biaoa egiten ari zen, soraio. Geldirik zegoen edo lurraren azal gogortua ukitu gabe pasatzen zen denborari kasurik egiteke, gizatiarra ez zen berekoikerian barnebildurik zegoen. Eta Madalenak, azkenik, eternitate itsu eta amorratu baten ondoren, tortura-makinatik ateratzea lortu zuenean, ez zen ezer aldatu. Harkaitzek ametsetan zeuden beti.

      Izerditan blai zegoen. Lokietatik oinazpiraino labaintzen zitzaizkion tantak. Eguzkia ez zegoen jada bete-betean. Erortzen ari zen, hilzorian, Marao aldeko bazterretara. Azken mina segundo bat, orduak, edo aste batzuk lehenago ote zen hila? Ez zekien. Bazekien mina betiko itzalia zela, utzia zuela, alde egiten duen erleak erlauntza uzten duen moduan.

      Soinu bat bera ere ez; ez eta brisara baten presentzia, inguratzen zuen bakardadea hausteko. Sargori betea doi-doian, sute bukaerako zeruan.

      Begi lausoak guztiz zabaldu zituen. Hanken artean, odol putzu batean, semea zetzan, hilik. Bizitzarik gabeko haragi gorri eta zikina. Haren eta Jainkoaren sekretua!...

      Akiturik, etzanda segitu zuen, atsedenaldia gozatuz. Zabal-zabalik zeuden langak ixten ari ziren pixkanaka... Azkenean, gelditasunaz beraz nekatu zen. Orduan, jaiki egin zen. Eta horrela segitu zuen hainbat segundoz isiltasuna entzuten, botatako oihu desesperatuen erantzuna han urrunetik noiz etorriko zain balego bezala. Ezer ere ez! Mututurik zegoen izadia.

      Iratze berdeez garbitu zen. Gero, semea lotan zegoen putzura utzi zuen erortzen zapi zikin hura. Oina, hark nahi gabe, lurra aztarrikatzen eta mugitzen ari zen... Handik gutxira, lurperaturik gelditzen ari zen sekretua... Oina orain, aldameneko lauza bat mugitzen saiatzen ari zen. Astuna zen oso. Eskuek lagundu zioten... Eguzkia, gero eta beherago, bere argitasunaren azken abisuak igortzen ari zen. Eta Madalenaren begiek argi ikusi zuten. Itzultzeko ordua zen. Herrira bueltatu eta bukaerarik gabeko egarri hura Tenariako iturri freskoan hiltzeko ordua zen.

 

Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997