Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997

 

TENORIO

 

      Hauxe da Tenorio oilarraren benetako historia.

      Maria Puga andreak Txuribeltxen hego loken azpian maitasunez utzitako umealdi batetik jaio zen, urtarrilaren hamabian, arratsaldeko hiruretan, eta oskoletik ateratzen ikusi zuenean honela esan zuen atsoak:

      —Oilaskoa da.

      Eta hala zen. Arrautzatik zekarren gandor-aztarnak, mitra bat ematen zuen aste gutxiren buruan. Eta aurrerantzean inork ez zuen dudatan jarri oilasko arra zenik. Anaia bien kasuan ordea, nardagarriak oso eta beti hotzak uzkurtuak, luzaroan iraun zuen zalantzak.

      —Zer deritzozu, Antonio?

      —Zer dakit nik bada, emakumea!...

      —Aurreko horrena argi dago. Beste hiru haiek oiloak dira, seguru. Kaiku horiek ordea...

      Oilaskoak haiek ere, baina argalak. Gabiraiak landetxearen gainetik ikusi orduko, nazka ematen zuten:

      —Txio... txio... txio...

      Aztarrikatzeari uzten zion orduan amak.

      —Txio... txio... txio...

      Amaren galtzarbean sartuta ere kikiltzen ziren! Tenoriok ordea, aire zabalean segitzen zuen, han goian eraka zebilen etsaiari erronka eginez.

      —Oilarretako gelditu behar du!

      Eta andrea hitzekoa zen. Maiatzean, Igokunde inguruan, anaiak aurrez aurre lepomozturik eta lumaturik topatu zituenean, txitxilinoa ikaratu zitzaion. Hara zelako txantxa! Zorionez baina, andreak bazekien garia eta lastoa bereizten eta hazitarako utzi zuen... Etorkizun ederra, azkenean! Egia da une hartan ezin zuela behar bezala estimatu egokitu zitzaion zoriaren handia. Bizirik irauteko ziurtasun hutsak arima etorkizunarekiko konfiantza itsuaz betetzen zion arren, denbora pixka bat pasa arte ez zuen argi antzeman bere patuaren ederra. Hortaz jabetu zenean, urguiluz lehertzeko zorian egon zen.

      Urriko egunsenti batean izan zen... Hura bai egun handia! Goiz esnatu zen lo sakon baten ondoren, goizabarra doi-doian susmatzen zelarik itxituraren zulotik. Harmoniazko isiltasuna. Upategian irakiten zegoen muztioaren usain sarkor melenga gorputz barruraino sartu eta lizunkeriak ametsarazi zizkion. Eta, gauzen mututasun eta hartzidura lurrin hartan murgildurik, bularra zabaldu eta kantatzeko halako grina sentitzen hasi zen, ezen sukarrez eta ametsetan zegoela ere pentsatu baitzuen. Baina ez. Zorionez, ondo zegoen osasunez. Artegatzen zuen bihotz-zimiko harrigarri hura, zabaltzeko beharra baino ez zen, muduari ez zekien zer iragartzekoa. Izuturik, beldurrak eta lotsak eragotzita, eztarria itxi zuen berezko defentsan. Alfer-alferrik izan zen. Lehertu egingo zen denbora luzeagoaz oztopatzen bazuen urratzen ari zen argiarentzako agur kantaren irteera! Inongo borondaterik ez zuen lortzen itotzen ari zen oihu eutsiezina bozatzen.

      Eta kantatu egin zuen:

      Ki-ki-ri-ki!...

      Dena esnatu zen. Oilategiaren erdian ustekabean tximista erori eta ama, neba-arrebak eta lehengusinak iratzarri balitu bezala izan zen. Bera ere, ahotsak ahotik hegaka atera orduko, zur eta lur gelditu zen. Eta, besteen antzera, galdera eta harridura hutsa bilakatu zen. Baina, gertatzen ari zena guztiz ulertu baino lehen, aldarri berria ari zitzaion ateratzen mokotik:

      Ki-ki-ri-ki!. ..

      Kementsuagoa iruditu zitzaion oraingoan soinua, seguruagoa. Eta belarri liluratuetan durundika geratu zitzaizkion noten irudi fin eta zorrotza laztantzen hasi zen. Berriro errepikatu zuen:

      Ki-ki -ri- ki!...

      Ez beldurrik, ez lotsarik, ezer ere ez! Bazen ala ez zen benetako oilar bat?! Ez al zuen bada ikusten nola, oilategi bozkariatuan, izutik miresmen hutsezko zurrumurru pasatuak ziren?... Oilategian eta han barruan ere...

      —Entzun al duzu oilaskoa, Antonio?

      —Entzun dut.

      Oilaskoa! Tontakeriak! Txarrena da, berehalakoan, etxekoandreak Ukuiluko atea zabaldu ahala, haren aurrean bertan estali zuela Prakadun, talde haren guztiaren ama abadesa! Egia da itsumustuan estali zuela, jakin ere ez zekien seguru hazia obarioan utzia ote zuen. Baina oilar baten modura igo zitzaion gainera! Izan ere, oilarra baitzen baiki.

      Oilaskoa! Faltsuak al ziren, apika, bularra gosnatzen zioten luma urreztatuak?! Itsatsiak ote, hanka leun eta gihartsuetan egunez egun harrotasunez hazten zekuskien ezproiak?!

      Oilaskoa!

      Hura izan zen, gainera, etxekoandreak beharrezko begirunerik gabe aipatu zuen azken aldia. Handik laster, auzokoari gaztigatu zioenean, beste modu batera mintzatu zen.

      —Ea hire oilar hori lotzen dunan, ez dinat eta nahi denbora osoan nirearekin muturka ibiltzea!...

      Eta?! Orduan bada! Hantxe amore eman behar, zer bestela?! Eta ez zion inolako mesederik egiten. Oilarra zen, eta ez zezala pentsa aldameneko jaun ezdeus hark, gaztea izateagatik bizitza osoan ibiliko zitzaionik men eginez. Hobe zuen kanpora! Kapela kentzen zuen zaharragoen aurrean, baina adarjotzeak, hori ez! Orain, gustatu ala ez gustatu, pazientzia santua: hura zen han nagusia. Eta adi gero! Besteak ordea, lehenagoko abantailak gorde nahi zituen eta, sortu zen lehendabiziko liskarrean, etxekoandreak Teodorari adierazi zion. Alferrik baina, kontu hura, azkenean, ukabilka bakarrik, behar bezala.

      Negu gorria zen, izan. Gogoratzen ez ziren moduko leikandelak zeuden. Eta horrela ere ez zion auzoko lotsagabeak bizioari utzi! Lumetan ondo babestuta, begitarte onaz azaldu zen oilategira. Aurpegirik hoberena erakutsi zion, nola ez. Denbora eman besterik ez bazuen nahi, berriketa pixka bat, sartzea zuen eta nahi zuen arte gelditu. Doilor hark ordea, azazkalak atera zituen aitaren egin orduko. Egunonak ematen bukatu zuenerako, Garniseri deika ari zen lotsagabea! Itsutu egin zen. Kabroi halakoa! Eta han bertan garbitu zituzten kontuak.

      Baina zital hark eskarmentua zuen. Ohitura bazeukan, amaren semeak! Mokokada gaiztoak zurrunbiloan, bat bera ere erratu gabe. Eta kolpe makurrak, gizatxarrarenak.

      Hiltzekoak, gaizkile demonioak! Zorionez, garaiz antzeman zion jokoa. Eta, lehen artoak txolarrentzat izan ohi direnez, erasotzen utzi zion, ahal bezainbat saihesten. Aurrera jauzi, atzera jauzi, haztatzeko doi-doian. Besteak, jukutriaz konturatu gabe, ezpata goian segitzen zuen. Baina ez zen jada gaztetxo bat. Paparrak pisu egiten zion. Han zegoen eta hala joango zitzaion. Aurrera. Oilategiko emazteriak, liluraturik, doilorraren alde egiteak ez zion minik ematen. Horrelakoak dira emeak. Ez dago fidatzerik. Ikusiko zuten erantzuna! Esatetik egitera... Tarte batez, egia esan, gorputz saiheste hutsa izan zen, atzerapenetan. Eta astazakila arnasarik gabe gelditzen hasi zenean, ordu laurdeneko borrokak akitua, herensuge baten modura erori zitzaion gainera. Ezeri erreparatu gabe! Eta lerdo hark irabaztekotan zegoela uste zuen! Hantxe zuen ordaina. Halakoa izan zen jipoia, izu zurrumurrua zabaldu zela inguruan. Lau zaplazteko gehiago, eta han joan zen etorritako bidetik, guztiz zarpailduta.

      Oilarra! Eta halako oilarra non, burua izurtzen zuenerako, dena dardarez jartzen baitzen orain oilategian! Eta bai polita gero! Gandorra belarriaren gainera erortzen zitzaion tolesturik. Arrakada galanta alde bakoitzean. Eta bular osoan, papar biribilaren gainean, paumarenak ziruditen luma abaniko bat! Hegoak aipatu gabe, ederrak baino ederragoak; edo ezproiak, hain zuriak non bolina ematen baitzuten; edota ahots jori hura, etxekoandrearen bidezko urguilua.

      —Oso ondo kantatzen du zure oilarrak, Maria xaharra!

      —Bai horixe...

      Harropuzturik eta bere buruaz seguru, normala den bezala, ez zuen jada egunsentian bakarrik kantatzen. Gauerdia jotzean kantatzen zuen, goizaldeko desordutan, eta beste hainbatetan, egunean zehar.

      Gauerdian nabarmenkeria hutsez izaten zen. Gustukoa zuen ordu hartan bere oihu lotsagabe eta subertsiboa zabaltzea basa bazter hartako isiltasun bilduan. Ahuleria lurkoiak... Jende guztia lotan zegoela aprobetxatzen zuen zentzumenei dei egiteko. Eta hildakoak, jakina, berpiztu egiten ziren!

      Goizabarrean, aspaldiko egunsenti harekiko, bizitzak zentzu guztiak pizten zizkiola esnatu zen egunsentiarekiko fideltasun atseginagatik zabaltzen zuen bularra. Oroimen pozgarriagorik ez zuen gogoan... Eta huts egin gabe ospatzen zuen.

      Egunean zehar, arrazoi bereziengatik kantatzen zuen goraipamen abestia... Jakin bazekien, ordea, ez zuela horrelakorik egin behar. Itsusia dela nor bere dohain naturalez baliatzea besteren etxeak aztoratzeko. Horren zioz eman zion auzokoari hilobira eramango zuen astinaldia, bai eta etengabe liskarrak sortu ere. Eta gainera, horren beharrik gabe. Hamabost emakumezko harenean... Zer arraio! Baina horrelakoa da gizona. Zoritxarreko jitea berea! Ez zen asebetetzen! Eta, pasatzerakoan etxean denek alde egiten ziotenean, beharko kanpora zabaldu gose-oihua. Gainera, aldatzea ere gustukoa zuen... Aparteko grina zuen bizitzarekiko!

      —Gaiztoa da gero, zuen oilarra! Heltzen ez den tokietan ere agintzen du. Bata bestearen ondoren eramaten ditu herriko oilandak...

      Julia Jukutrias zen, etxekoandrearekin berbetan. Tenoriok otzan itxuraz entzuten zuen. Barrutik, nola ez, lerdea zeriola. Nori ez zaio, bada, balentriak lauda diezazkioten gustatzen?... Bihotzean hazten ari zitzaion arantzagatik ez balitz!...

      —Eta hor daukat haren seme bat, atzean geratuko ez dena...

      Arantza. Haren artasunarekin liluraturik, leinua gordetzeaz arduratu zen atsoa. Azken aurreko umealdiko mutiko bat ari zen hazten. Eta ume mokoa gainera, ez zen bada itxura onean handitzen ari?! Adur txarra, alajainkoa! Dena ondo baino hobeto zihoakionean —nahi adina jatekoa, osasuna eta izpirituko bakea— hura behar! Eta nola ez: arazoaz kezkatzen hasi zen, atsekabetzen. Egitekoak konplitzen zituen: kantatu, berriketa pixka bat egin, baina hitzetik hortzera azaltzen zitzaion laztasun hura. Maskaratzen saiatu arren, ez zegoen modurik.

      —Zerbait du oilar zaharrak...

      Oilar zaharra! Hori da hori bizimodua!... Gizona dago Jainkoak daki nola, barruko zimikoari eutsi ezinik, hortzak erakusteko gogorik gabe, eta hara erantzunik gabeko epaia: oilar zaharra! Eman al zion bada inori motiborik horrelako epaiketarako?!... Emaztekiek oheratzen segitzen zuten hego gainean buelta erdia ematen ikusi orduko, eta anartean inor ez zen asistentzia faltagatik kexatu. Berak zekiela gutxienik. Ez bazen oilo kontakatiluren bat... Lotsagaberen bat topatuko al zuen etxekoandreak? Begiak zorroztu beharra zuen.

      —Nekatu egiten da, behea jotzen ari da. Semea dagoeneko ondo moldatzen da.

      Hara bada, mutiko jauna zen, atzaparrak ateratzen hasia! Ausarta gero! Larrutik ordaindu beharko zuen! Ume kaka bat, buxkandoa oraindik ipurdian zuela, baina harroxkoa gero! Saltsaren erdian harrapatzen bazuen!...

      Mutikoa gau eta egun begiratzeari ekin zion, alimaleko jelosiak jota. Ez zuen baina, ezer antzematerik lortu. Udaren gainerakoan ez zuen kexatzeko arrazoi izpirik izan. Mutikoak zintzo jardun zuen. Eta lasaiago hartu ahal izan zuen arnasa.

      Baina juxtu urrian, estreinatu zenetik hiru urte betetzen zirela, ekaitza lehertu zen. Augeta jotzeko esnatu zen. Isiltasun sakon berak hartzen zuen gaua, eta muztioaren usain sarkor berak estaltzen zuen dena. Eta, eztarria zabaltzerakoan, halako kanta garden garbia hautsi zen haren ondoan, non isildu egin baitzen.

      —Entzun al duzu oilaskoa?

      —Entzun dut.

      Ez zegoen inolako zalantzarik: handinahietan zebilen mutikoa. Gaitza zainetik atera edo bereak egina zuen.

      Goiza zabaldu berria zen eta, egunaren argiaz, mugimendua hasi zen etxean. Halako batean, aiztoa zorrozten hasi zen atsoa harraskan.

      Zer? Posiblea al zen?! Emakume demonioak lepomozteko arima izango ote zuen?!

      Baina hura oraindik auzia teorian aztertzen ari zela, andrea bazebilen eskua bota nahian.

      Ki-ki-ri-ki!...

      Semea, berriz ere. Etxekoandreak gainerako anaiekin lumatu ez zuen seme madarikatua.

 

Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997