Piztiak
SORAIO
Ugazaba berriaren semeak egin zion hura. Astiro, oso astiro, harenganaino heldu eta, dzast!, taketa sartu zion saihetsetan. Gero, altxatu eta hantxe utzi zuen zintzilik, tripaz gora, hankak eguzkitara astinduz. Mutikoa izaeraz zen gaiztoa. Txoritxoei begiak zulatu eta matxinsaltoei hankak mozten zizkien ahal zuenean. Baina, Soraioren kasuan, Joana Angelicak aurretik belarriak berotu zizkiolako jokatu zuen horrela. Gauean, ilaran, hainbesteko esamesak bota zituen apoez, pozoiaz eta sorginkeriez ezen mutikoak, goizean, Soraio ortuan aurkitu orduko, aldez alde zeharkatu baitzuen. Eta gizajoak ez zuen beste irtenbiderik izan, ez bazen makila alderen alde sartuta hil, buztinikarentzako txorimalo. Euri, eguzki eta izotzekin usteldu egin zen barrutik, kirastsu; ihartu, eta hauspo tinkatua bilakatu. Ereinaldi bat gehiago eta hautsetan desegin zen. Soraio, apoa! Galdu-gordean hazi zen, ona den guztia bezala. Presarik gabe, denborari eta patuari konfiantza eginez, mingaina luzatuz joan zen urteetan aurrera, gero izango zen gizona bihurtu arte: zabala, lodia, zaparrotea. Sehaskatik bertatik ekarri zituen begi biribil irtenak eta atzeko hanka tolesgarriak, aldi berean eserleku edo katapulta. Harridura aho hura ere, zeinarekin gauetan zeruaren handia irensten baitzuen, jaiotzez sortu zitzaion putzu bat bezain zabal eta sakona. Oraindik ere jaio zeneko potxingoaren inguruan katamar zebilela, mundua eskatzen zion gorputzak, lur berriak. Eta astiro, patxadaz, denetik babesten zuen lika izerditzen, euritan nahiz haizepean, batzuetan goseak akabatuta, besteetan asebeterik, hainbeste zen ibili ezen ez baitzegoen Vilarinhoko arroa berak bezain ondo ezagutuko zuenik. Alabaina, horren arrazoirik ezagutzen ez bada ere, hogei urteak bete arte ez zen Arruda zaharrak errentan zuen Castanheirako landetxera sartu. Abuztuaren erdialdean izan zen, arto luzeek kanaberadia ematen zuten garaian... Goizaldeko ordu biak ziren. Herrixka, lokarturik, ametsetan zegoen. Ilargitasun lasaia zegoen, mehatza, etxadi beltzaren gainetik. Urrunean, Infanterriko basoek lautada mugatzen zuten besarkada isilean. Ez eta ubide zaharreko urak ere, erreten xamurretik barrena, ez zuen txintik ateratzen. Ezertxo ere ez! Harrizko isilunea! Arruda zaharrak ondo gogoan zituen gertakari hartako eguna, ordua eta gainerako gorabehera guztiak. Garai hartan etsipen-krisialdia bizitzen ari zen eta. Afaritako, bi batata egosi, besterik ez. Finean, gizona nekatu egiten da bizitza osoan artoak ureztatzeaz. Bizimodu tristea, harena... Beti besteren kontura lanean... Ezkongabe gelditu zen... Ez zen oso lagun-zalea. Halako batean, uretarantz jiratzean, —txop! Begiratzera joan eta apo bat atera zitzaion! Soraio ordea, ez zen edozelako anfibioa. Animalien hierarkian xumea izan arren, bazuen nortasuna. Zuhurra eta zogia, ez zen salbabidea eskaintzen zion lehendabizikoaren besoetan jausiko. —Bejondeiola ordu hauetan esna dagoenari! Ez zuen erantzun. —Limurketan, begi bistakoa da!... Iso. Ez zien sekula jaramonik egin jolas tentelei. Gainera, ez zebilen neskatan, besteak iradokitzen zuen moduan. Maitasun kontuak, udaberrian eta Arcako ur-bazterrean bakarrik. Barkatzekoa, Arruda zaharrak ez baitzuen ezagutzen laguna izango zuenaren bizimodua. Gauza horiek gainera, esateagatik esaten zituen, azpijokorik gabe. Agurtu besterik ez zuen egiten, ulertzekoa zen bakartiaren pozarekin, azaltzen zitzaion arima hura. Hara baina, Soraiok ez zuen horrela, besterik gabe, bere burua eskaintzen! Hizketakideari behatzeko moduaz, atzerantz jotzeko modu zuhur hartaz, argi adierazten zuen ez zuela bihotza zabaltzen, nori jakin aurretik. Hala ere, denboraren denbora, indaba-idortegian berriz ere elkar ikusi zutenean, hobeto joan zen dena. Lehen eguneko berezko mesfidantzaren aztarnarik ez zegoen, ez eta lehenagoko uzkurtasunaren antzekorik, distantziak gordetze aldera atzeraka jauzika. Oso bestelakoa izan zen. Oraingoan Soraio, agurrei erantzuten ez bazien ere, hain zen adeitsu agertzen, topaketa gustukoa zuela hain zuen argiro adierazten, ezen Arruda zaharrak hitzontzia ematen baitzuen. —Ordu onean, laguna! Azkenik! Zer zela eta ausentzia hori? Txango luzea, bada! Arruda zaharrak ez zekien Soraiok gorderik pasatzen zuela negua. Urria agertu orduko, landetxeko hormako zuloren batera biltzen zela zuhurki, eta hantxe ematen zituela mugitzeke, isilik, erdi-lotan, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila eta martxoa. Horixe zen luzapenaren arrazoia. Barkatzekoa zen, bestalde, ezjakintasuna. Jendeak ezer gutxi jakin ohi du aldamenekoaz. Gehienetan, argitzeke gelditzen den igarkizuna izan ohi gara guztiok. Izan ere, egia esateko, izaki korapilatsu baten aurrean zegoen Arruda zaharra. Urteek aurrera egin ahala jakingo zuen zein tronpagarriak diren lehen inpresioak. Hark ere egin zituen egin, juzgu gaiztoak, bai horixe! Magia beltza, sorginkeriak, deabrua gau erdian bide-gurutzetan... Eta, azkenean... Gezurra ematen zuen, benetan. Baina hara han errealitatea. Hara han batrazio demonioa, ilargitasunez dizdai eta poeta bat bezain txunditua... Nor, herritar guztietan, halako lasaitasunez eta izarrez beteriko isiltasunarekin bat eginez paseoan? Nor, haren modura mirestuko, desordutan, zeruan zabaltzen zen Santio bideko hautsaren argia? Inor ere ez, beragandik hasita. Hirurogei urte munduan eta satorra bezain itsu. Eta gainerakoak, berdin. Vilarinhoko biztanle guzti-guztientzat, salbuespenik gabe, gauak gau ziren; iluntasuna besterik ez. Eta egunak are okerrago, argitasuna gorabehera. Aberats nahiz pobre, ez zioten ez eta eguzkiaren distirari erreparatzen. Jan egiten zuten, edan, eta ildoak ireki, kondenatutakoen egonarriaz... —Horrelakoa da bizitza... Eta bizitza, fruituen antzera, gozotasunez beterik zegoen. Baina Soraio agertu behar izan zitzaion, hori jakin zezan... Galdera egin zion: —Eta orain, bada? Zenbat denborarako inguruotan? Uztak bukatu arte. Herritarren bizkarra berotzeko moduko bero pixka bat zegokeen bitartean, lagun egingo zioten elkarri. Baldintza bat jarri zuen: eguzkia ezkutatu ondoren bakarrik ikus zezaketen elkar. Bere arrazoiak zituen... Arruda zaharrak ondo iritzi zion. Zoragarriak ziren, benetan, gauak. Ubideko ura kilikagarriagoa zen orduen isiltasunean... Beraz... Soraiok, lehendabiziko unetik, ohiko isiltasunari eutsi zion. Eta Arruda zaharrak, azkenerako, ulertu zuen. Finean, han, Vilarinho ibarreko lurrik hoberenaren gainean, han non zizareak behien antzera loditzen ziren, berbak, Passoseko sermolariaren pareko etorria zukeenak bakarrik, pulpitura igo eta aldareko santuak ere negarrez jartzen baitzituen hark. Gizon bizi hark kortxo-irekigailua ematen zuen kontzientziaren azalera ekartzen norberaren arimaren barrena zegoena! Baina, hartaz aparte, herrian inork ez zekien ahoa zabaltzen. Hartara bada, hobe zuen lagunaren ereduari segitu, mututasun erabatekoan. Eta, egia esateko, sekula ez zizkien ordu isil haietan bezainbateko zentzua eta edertasuna aurkitu inguratzen zuten gauzei. Ordu haietan norberaren itzalak berak aritzen ziren isilpeka adimenarekin... Arruda zaharra bide txarretatik ibilia zen. Elizaren atarian aitortu zuen zintzoki igandean. Aurpegira egin zioten barre. Nork sinetsi behar zuen apo bat gauza zela norbaiti bizitzaren zientzia irakasteko? Ezinezkoa. Eta Arruda zaharra, ulertezintasun harekin etsiturik, bere ureztaketetara eta naturarekiko bat egitera itzuli zen. Azkeneraino heldu behar zuen. Soraioren irakasgaiaren gainerakoa ikasi behar zuen, etengabeko sorkuntzan zegoen munduaren zaintzaile prestua baitzen hura. Ulertu behar zuen norainoko erantzukizuna sentitzen zuen lurrera babesgabe erortzen zen hazi txikiarekiko, eta zein puntutaraino babesten zuen. Ustekabean, eguzkiak, goizean, bere itzulia hasterakoan planetaren ertzei kilimak egiten zizkienean, aurreko egunean lur enigmatikoa zen arloa, berdetasun garbi eta orbangabeaz, itxaropen, ur eta bihotzez egindakoaz estalirik agertzen zen. Eta Soraiok bakarrik zekien misterioaren handia, eta maitasunez inguratzen. Beste inolako kontzientziarik ez zituen segitzen, gauaren bihotzean, sortzezko eraldaketaren igaroaldiak. Beste inolako ezinegonik ez zuen miraria zelatzen. Langilearen arima, limurturik eta kutsatuta, bat egite sakon horren barne arrazoietara zabaltzen zen pixkanaka. Aurretiaz, ilunabarretik egunsentia arte, berekoikeriaz eta urruntasunez eginak ziren orduak. Orain, Sesamo baterako atea antzematen zuen Arruda zaharrak kimu eta orri orotan. Eta dena, Soraiori esker! Haren patxadaren, haren lurrarekiko —horrek zuen funtsezkoarekiko: ernaldu eta erditzeko dohaina— atxikimenduaren ondoan, bizindarraren taupada esanezinak auskultatzea lortu zuen. Zerikusirik ez, belartzen ari zen soro baten aurrean arestian sentitu ohi zuen interes zikoitz, onurazalearekin. Jakin-min gero eta handiagoaz, izuturik egiaztatzen zuen goseaz gain beste egia batzuk ere bazeudela. Eta, Soraiok bezala, ez zien jada izurriteei aurre egiten uzta salbatzeko. Sufrea eta sulfatoa bizitza defendatzeko uzten zituen mahastietan. Egia da bizitza hiltzen zuela. Baina, sortze beretik erratua eta bizkarkoia, heriotzaren soldatapean zegoena bakarrik. Gero, kimua babestuta, lihozko soro samurra belar gaiztoez garbitu ondoren, zabalik uzten zien atea zentzumenei. Eta bera era higitzeke eta liluraturik geratzen zen, petalo baten ertzean pausaturiko ihintza tanta bati begira edo, belarria zoli, Silveirinhan kantari zegoen urretxindorrari entzuten... Halako eraldaketaz harriturik, jendea esaka hasi zen. Eta irain egiten zion Chico das Eirasen ahotsaz baliaturik: —Zer moduz amodio horiek, Arruda xaharra? Umerik ba al dugu? Erantzun ere ez zuen egiten. Lerdokeriak, denek zekizkiten esaten. Gauzen bihotzera jaisteko ahalegina zen, inor egiteko gauza ez zena. Baina, egun batean, Arruda zaharra hil egin zen. Mafrundi bat eta inork ezin izan zuen salbatu. Ez eta abendu elurtsu hartan negua filosofikoki zulo batean sarturik ematen zuen maisuaren oroimenak ere. Eta hura hiltzearekin, etxejabe berria etorri eta Vilarinhotik joan zen Soraio, apoa, benetan nor zen zekien pertsona bakarra.
Piztiak |