Piztiak
TXITXARRA
Zaila da. Zabortegi batean hasi eta gaztainondo baten kukularaino ez geratzearena, bada kontatzekoa. Bide luzea egin behar da. Enbrioia, larba, krisalida... Antolaketako gurutzebide malkarraren geraldi guztiak. Bizitzaren hatsak akuilatua, sabel baten beroa behar du materiak. Ezkutuko bat egite, linbo garbitzaile horren aurretik, ezingo du behin betiko itxura hartu. Kosta egiten du. Baina gupidagabea da lege naturala. Kosmoaren ezaguera eskatzen du izakiarena baino lehen. Beroak arrautza iristen du. Epeldu eta ontzen du. Oskola kraskatzen da. Gero... Oi, gero humuserako jaitsiera dago, izate formagabe hori, ez ernamuin, ez animalia, ez taxututako ezer ere. Egun luzeak horrela. Harik eta, azkenean, kimu-esperantza orotan kimua sortu arte, eta bi begi liluraturen saria hartu argitasun-nahi orok. Ahoa ere hazten da goseak galdatzen duen tokian, bai eta ametsak irrikaturiko hegoak sortzen. Zaila da, baina gertatzen da. Gure baitan adorea dagoen bitartean, dena lortzen da. Bai eta abesbatza unibertsaleko partaide izan. —Txitxarra entzun dut... —Sasoia da. Estimu-hitz bat bera ere ez ibilitako bidearen gogorraz. Eutsi. Munduaren antzeztokiak palkoa eta atzealdeak ditu. Plateako txaloek antzeztutako dramak baino ez dituzte goresten. Beharko, bada, jendeak etsi eta laburpen aldakorra onartu. Denboratik ari zen jaiotzen. Oso ondo. Beste inork ez zuen ezagutuko borrokatu zeneko amildegien sakona. Protoplasma, beldar, kuskula... Oraindik igartzen zituen kasik, itxuraldaketaren aldiak gorputzean. Baina agudo heldua zen! Orainaldiaren beroa hartzea zegokion orain, eta kantatu. Erdietsitako goratze deusezaren miraria kantatu. Eta kantatu egiten zuen. Udaberria azkenetan zegoen eta uda hastear. Gereziek irribarre gorriez apaintzen zuten ibarra. Eskuzabaltasunez garauturiko soroak horitzen ari ziren. Adarrek, atseginez, gihar uzkurtuak lasaitzen zituzten bat-batean, neguko haizeteak ahazturik. Esperantza lumatxak zeuden habia guztietan. Baina ez zen izerdiaren goxotasuna, landare nahiz animalien bakea, agurtzen zuena. Inoren laguntzarik gabe gainditu zituen bide latz bateko oztopo guztiak. Eta esfortzuaren buruan, garaipen hori ere ez zioten onartzen. Horrela bada, ez zien ezer zor besteei, eta ezer ez zien emango, ez bazen debaldeko kantu haren edertasuna. Itxuraldaketen behealdean oraindik, ikustoki garai batetik ikusi nahi izan zuen jaiotzezko sehaska. Eta igotzen hasi zen, gora, beti gora. Gero, lasaitasunez so egin zuen. Une horretan, alabaina, eguzki-izpi bero bat pausatu zitzaion, maitekiro, bizkar gainean. Guritasunez uzkurtu zen. Eta, haren barruaz jabetu zen betetasun hartatik, garaipen ahotsa jaiki zen. Gorputza zen, pozak harturik, lortutako perfekzioa bera ozenki loriatzen zuena, osotasunezko zirraraz. —Jendea tontotu eta guzti egiten du! Nekazari jauna, kexaka. Izerditan eta goibel, goizetik gauerainoko eginahalean, isiltasuna nahi zuen inguruan. Belarriak tapa zitzala! Inongo indarrik, ez gizatiarrik ez bestelakorik, ez zuen isilaraziko. Zein arrazoi zela medio? Zergatik? Gosea tristea zelako, egunak arin pasatzen zirelako eta naturari eskuzabala izaten iaguntzea presazkoa zelako? Pentsa ezazue! Aprobetxa zitzala bada orduak, minutuak eta segundoak, asebehar grina bete ezinaz. Han segituko zuen berak, nagi, soraio, zuhurtziari erronka ozena eginez. —Pozez gainezka dago gero mamarroa! —Pasatuko zaio poza... Negua heltzen denean... Inurri presatua! Koitadua! Lan egitea patua balitz bezala! —Eta hor dugu, ez da asko luzatuko. Jakina. Baina zer axola zitzaion? Hautua egina zegoen. Eror zitezela egutegiko orriak, zuhaitzetakoak nola; bota zitzatela segalariek beren segak gari helduetara, galerianoen kondenan. Pila zitezela mandiotan garau tonak. Bihitegi beteen aldamenean, hutsik geratuko zen bihitegi bat. Konfiantza hautsezinaren ikurra. —Baina zertan? —galde egiten zuen txolarre susmotsu batek. Hark ere ez zuen ulertzen. Hark ere bizimodua hondarrez hondar saltatzen baino ez zuen irudikatzen. —Eutsi egiok, Txitxarra! Poeta! Eskerrak Jainkoari! Anaia bat agertzen zitzaion azkenean!... Kantatzea bizitzan sinistea eta heriotza gainditzea zela zekien anaia bat. Heriotza zain zuen jada, urriaren begi hotzekin...
Piztiak |