Piztiak
NERO
Gero eta okerrago zegoen. Ezin zion ez eta buruari tente eutsi ere. Horregatik etzan zen lurrean, astiro. Eta horrela gelditu zen, luze-zabal, ahul, zain. Denei esanak zizkien agur hitzak. Eta lur gainean geratzen zitzaion zeregin bakarra lasai eta duintasunez hiltzea zen, beste batzuek haren ondoan egina zuten bezala. Argi dago ez zuela hileta ederrik amesten, ikusiak zituen haien parekorik, xingola horiekiko hilkutxa baten barruan, herri osoak lagunduta... Hori jendearentzat bakarrik zen, aberats nahiz pobre. Hark hilobi triste bat baino ez zuen izango ortuan, pikuondo goiztiarraren azpian, etxeko katu eta txakurren hilerrian. Jainkoari esker, sukaldetik pauso gutxitara ustelduko zen! Astemeak hori ere ez zuen izan. Han zeutzan haren hezurrak, dir-dir, Pedreirako basoan. Gainean euria, izotza eta leikandelak. Erbi lotsagabe batek aterpea eta guzti egin zuen haren saihetsetako arku azpian, hura txantxa! Bai bada, gaitz bien artean... Hoberik ezean, gutxienik han gelditu. Piku sasoian, freskatutakoan, etxekoandrea joango zen tripa poztera. Atsoak pikuak maite zituen. Eta, beti ere, lagunduta egongo zen noizean behin. Ez zion baina, arreta handirik ematen adiskidantza hari. Ez horixe. Premua zen, etxeko alaba, haren begietako ninia, ume bat bailitzan laztantzen zuena. Andreak urrun nahi izaten zuen beti. Arto puska ematen zion (eskerrak hari), baina horretan bukatzen zen dena: —Alde! Eta zeremonia handiz aldentzen zen Nero bere txokora. Neskatilak bakarrik hartzen zuen magalean txikitan eta, geroago, urteak aurrera, sutondoan onartzen zuen haren oinetan biribildua, elur hotz zuriak teilatua estaltzen zuelarik. Gizonak ere ferekatzen zuen lantzean behin. Gauzak ondo bazihoazkion eta larretik aurpegi alaiaz bazetorren, eskutzarra jartzen zion buru gainean, amultsuki, eta ugazaba gaztea etorriko zela agintzen zion. Izan ere, benetako jabea etxeko semea baitzuen, oso urrun bizi zen doktore bat. Eguberritako jaietan baino ez zen azaltzen landetxetik. Baina garai horretan harena zen oso-osorik. Gainerakoek ez zioten kasu handirik egiten, mantendu egiten zuten mutilak, heltzen zenean, txakurra izan zezan. Hala ere, bere baitan, hiru zituen jabeak: alaba, gizona eta andrea. Horiekin batera pasa zituen bere bizitzako zortzi urte luzeak. Horiekin eman zituen neguak, udazkenak eta udaberriak, familia bilduen bake giroan. Bestea ere, kaleko jauna, estimatzen zuen, nola ez, baina adiskidetasun zeremoniatsuak ez zegozkion Neroren izaerari. Benetan maite zuena etxekoandre gaztearen ahots garbia zen, ugazabandre zaharraren eskuzabaltasuna, agurearen esku zaildua. —Berehala duzu hor jabea, Nero... Izena, heldu zenean jarri zioten. Horren aurretik, jaio zen tokian, ez zuen deiturarik. Garai hartan abizenik gabeko trauskil bat baino ez zen, oso lodia, oso bihurria eta beti amaren bularrari lotua, zeinak ilea miazkatu eta, hortz bigunen artean, habiaren berora biltzen baitzuen urruntzen ikusi orduko. Ezer gutxi gehiago. Bi hilabete eskas zuela egin zuen bidaia luze, artegatsu hura, ekarle baten beso gogorretan. Baina, heldutakoan, etxekoandre gaztearen harrera adeikorra izan zuen. Ferekak bizkarrean, esnea, kafe-zopak. Halako moduz ezen, kasik, ahaztu baitzituen ordu arte zoriona eman zion titi goxoa eta neba-arreba oldarkor eta tematiak. —Nero! Nero! Zatoz hona, zozo hori! Hasieran ez zen konturatu. Baina gero jabetuz joan zen soinu hura artoaz, saldaz edo urdai zati batez lagundurik etortzen zela beti. Eta azkenean ulertu zuen. Nero zen. Eta izen horren jabe, bere izenaren jabe bilakatu zen, idunekoaren jabea zen bezalaxe. Batez ere, ugazaba gaztea etorri zenetik: serioa, kriseiluen moduko begiak. Arratsaldez heldu zen, egun hotz batean. Etxekoandre gaztearekin joan zitzaion bila. Argi dago burutik pasa ere ez zitzaiola egin halako gizon lerdenik irits zitekeenik. Oharkabean abiatu zen neskaren atzetik, atea zeharkatzen ikusten zuenero egiten zuen bezalaxe. Lehen egunetatik hartu zuen ohitura hura. Agurearekin ez zen horren sarritan joaten. Eta atsoarekin ordea, Barrosa aldera zihoala seguru zekienetan bakarrik. Etxaldeko bordan Fadista, bere lagun handia, bizi zen. Baldintza horietan beraz, txangoak merezi zuen. Andreak garia jorratu, batatak zaindu edo mahatsa sufreztatzen zuen bitartean, hark larrainean ematen zuen denbora, lagunarekin jolasean. Baina atsoak beste bide bat hartzen bazuen, agur eta ondo ibili. Neskarekin ostera, bai. Haren aztarnaren usnan ezagutu zuen lurraldea burutik buru. Baita meza ere entzuten zuen igandeetan, inongo txakurrik ez bezala. Neskaren aldamenean uzkurtu eta han egoten zen geldi, apaizari begira, gona luzez, keinuka eta inoiz ulertu ez zituen hitzak esaten. Horietako zeremonia baten ondoren heldu zen doktorea landetxera. Goitik behera ondo apainduta, lord baten gisara. Gizon hark neska musukatzen zuela ikusita, zaunka egin zion, kontzientzia lasaitze aldera. Eta arrotzak, orduan, arretaz begiratu, eskuaz belarrondokoa eman, izarrak kentzeko, eta esan zuen: —Polita da gero txakurtxoa! Guztiz harrotu zen. Baina, segituan, arrebari galdezka hasi zitzaion gizona, pasatzen zirenei agur egiten, Nerori kasu gehiagorik egin gabe. Eta haiei urrunean segitzea beste erremediorik ez zuen izan, momentuko arranguraz. Etxera helduta, kortara jo zuen zuzenean. Eta hantxe eman zuen ordubete luzea, ezinegonak janda. Azkenik, heldu berriak deitu zion egongelaren zokotik: —Nero! Etorri hona! Jarrera zen. Bazuen ahots hark ikararazi zuen halako tonu berezia. Lehendabiziko aldiz, benetan jabea bazuela sentitu zuen. Hala ere, indarrak bildu zituen lasto artean kiribilduta segitzeko, mutu, lotako itxurak egiten. Baina berehala errepikatu zen agindua, indar handiagoaz, derrigorrezkoagoa: —Nero! Zutitu zen. Ataurreko maila biak igo eta, apal eta mesfidatsu, bertaratu zen. Morroiak bukatu berria zuen afaria. Jandako platerean, zalegarri, etxekoandreak goizean goiz lepoa bihurritutako oilasko zuri-beltzaren hondakinak zeuden. Gizagaixoa laguna zuen arren (bizkar gainera ere igotzen zitzaion), uretan igartzen zuen ahoa, haragigabeturiko hezur haien ikustean. Mixeriak... Bazkaltiarra, alabaina, sabelkoikeria erruduna ase ordez, fereka hasi zitzaion, burua laztandu, buztanaren loditasuna ederretsi, hankak aztertu, eta honela bukatu zuen ikustaldia: —Dudarik ez dago: animalia polita da gero! Marmar egin zuen, artega. Berriz ere lehenagoko berriketa bera! Hobe luke eleketa utzi eta lagun lumadunaren hezurdura emango balio! Eman egin zion eta, segidan, obeditua izan nahi zuenaren agindu zakarraz bidali zuen. Biharamunean, berriz ere ekin zion, eta nola gainera! Ordubetez eduki zuen bertan, utzi gabe! Hasia zen heziketaren gurutzebidea. Hastapenean zapi bildurantz joan zen korrika, jolasa zelakoan. Baina, gero, seriotan ari zela ikusi zuen, morroiak bazuela zerbait kasketan sartua. —Zoaz bila, Nero, zoaz... Axolagabearena egin zuen. Eta petral hura, modu onean konbentzitzen ote zuen saiatu ondoren, nekatuta, zartada bortitza eman zion! Hartu zuen lehendabizikoa... Astebete tristea izan zen ondorengoa. Harik eta larunbat goizalde batez, artean lainoz eta leiaz estalitako menditara abiatu ziren arte bi-biak. Inoiz ez zuen habia horren goiz utzi. Goizak ohantzean pasatzea maite zuen, soraio, lo zorroan. Oilarrak beti esnatzen zuen eguzkia oraindik ametsetan zegoela, ondo-ondoan, ia belarrian kantatuz lelo ergel karrankaria, beti berbera. Hasieran, marmar egin zuen. Gero, halabeharraren ohitura hartu eta eskertu eta dena egiten zuen iratzargilea, izaretan gelditzeko plazera dastatzearren. Baina egun hartan doktorea joan zitzaion ate joka. Erdi haserreturik zeuden azken ikasgaiaz geroztik. Arrautza baten bila bidali zuen eta, nahi gabe, hortzartean apurtu zuen. Gero, belarri tenkada galanta etorri zen, ez gupida ez errukirik gabekoa! Injustizia horren kariaz minduta egon arren, zutitu egin zen. Artoa jan, eta atzean joan zitzaion. Bat-batean, jada Pioledoko mendietan zeudela, hegan hasten zen zerbaiten zarata aditu zuen, eta hurrena izugarrizko zalaparta. Haiek sasoi ederrak! Hain zuen izuturik eta eroturik alde egin, ezen erratz-zuztar baten kontra jo baitzuen! Jabeak orduan, pazientzia handiz, bai eta nolabaiteko samurtasunez ere, deitu egin zion, laztandu, lasaitu: —Ez izan beldurrik, zozo hori! Egon lasai, inork ez dizu minik emango! Gero, lurrean zetzan txori hil bat erakutsi zion. —Hartu, Nero, hartu... Haren bila joateko omen zen... Mesfidati, hurbildu egin zen. —Ekarri hona!... Hilik baino hilago zegoen piztitxoa. Haginak sartu zizkion. Inozentzia zer den! Kilimak zituen ahoan!... Bat-batean usain gogor, sarkor eta goxoak hartu zizkion sudurrak, urdaila, gorputz osoa! Bere bizitzako lehen une nagusia izan zen... Haren ondoren hasi zitzaizkion mendiak ordu arte susmatu ere ezin zituen gauzak esaten. Orduan bakarrik jakin zuen mendi haiek, urtarrileko goiz lasai urreztatuetan, eperren paradisua zirela... Eta munduan hoberik ez zegoela mendi hotz sendoak hankapean sentitzea baino, odola zainetan irakiten eta senak haizeari hegoak eskatzen zizkiola. Gogortasun izoztu hari atxikirik, usnan eta emozioz dardarez, zorionik handiena zitzaion bizitza. Batzuetan, agian, beste modu batera ibili beharko zukeen ehizan. Bizkorragoa izan. Baina gaiztagin haiek sudur aurrean sentitu ahala, lurrarekin bat egiten zuen, ezkutatzeko ala plazera luzatzeko ote zen jakin gabe. Hasieran uste baitzuen modu horretan baten bat harrapatzea lortuko zuela. Gero jada ez. Jaiaren hoberenean alde egiten zuten, organoak bezain lirainak. Eta ilusioa galdu zuen. Hala ere, ez zion inoiz makurtzeari, gorputza maskaratzen saiatzeari utzi, gertu usnatzen zituen orotan eta, askotan, hain gelditzen zen nahastuta, jabeak bultzatu behar izaten baitzuen botatzarraren muturraz. —Sartu, Nero, sartu barrura... Atera eza- zu! Ez zuen aurrera egiten. Lurrari lotuta segitzen zuen, susmatutako irudia maitemintzen, begi gosetuez sorgintzen eta, batez ere, bihotza harrien kontra taupaka sentitzeko plazer hartaz gozatzen. Agindu berantetsiago batek garaia zela esaten zion arte. Kolpea ematen zuen. Eta begira geratzen zitzaion gero hegaztiari, nola altxatzen zen presaka, firrindan, eta handik gutxira erortzen, hilik edo kiribilduta. Berriro ekiten zion orduan. Aitaren batean eskaintzen zion zorigaiztokoa jabeari, lurrean topatu bezala: bizirik nahiz hilda. Erruki keinurik sekula ere ez. Horren damua zuen orain. Hegoetatik lotuta bazeuden, irristatu egiten ziren gizagaixoak, intzirika, pertsona ahotsa izaten zuten kasik, erruki eske. Zirkinik ez arimaren barruan. Horri zegokionean, gorra eta itsua izan zen beti. Sarritan pentsatzen zuen agian horrexegatik gertatu zitzaiola Soitinhoko zoritxar hura! Egindako okerra larrutik ordaindu ohi da. Berehala hartu zion susmo txarra beste ehiztariari. Arma hartzeko joera hark ez zion batere konfiantzarik eman, ez horixe. Baina agindu dezakeenak agintzen du... Horrela bada, ia etxetik ateratzen ari zirela sartu zitzaion perdigoi usaina, labana bailitzan, sudurretan. Hantxe geratu zen, bide erdian, ibai aldera jiraturik. Ondo gogoan zuen oraindik nola gelditu zen, eskuineko hanka airean, mugitu ezinik. Gero, bafaka, aurrera egin zuen, zuhurki. Ezagun zaharrarengandik bi arrabetera egon arte. Patriarka maltzurra zen, ezproi sorta ederraren jabea, eta urte luzetan Nerori pazientzia jaten ibilia zen. Hirutan —hiru garai desberdinetan— jarri zion jabeari armaren pean, alferrik ordea. Maltzur halakoak hegoak zabaldu, beruna pasatzen utzi eta, gogaituko zuen beste inor gabe, egonean gelditzen zen, koipea gizentzen. Oraingoan ostera, beste modu batera izango zen. Bi ziren, eta garaiz ohartarazi zituen. Eta muturra oraindik madarikatu haren gainean zuela, tiroa bota zion burura sasi-ehiztari ergelak! Hantxe gelditu zen hil antzean, eta zoritxarra areagotzeko, hegaztiaren barre trufaria entzun zuen, muino gainetik onik alde egiten zuela! Hogeita hamar urte pasatuta ere, ez zuen momentu hura sekula ahaztu. Bide osoa egin zuen doktorearen besoetan, hark zera esan ondoren: —Halako ergelkeriak, erantzun bakarra zuen... Bi astebete eman zituen gaixorik eta, egia esateko, samurtasunez, arretaz eta janari gozoz inguratua ere bai. Azkenik, bere onera itzuli zen eta ikasgaia atera zuen jolasetik. Aurrerantzean ez zen hain erraz berotuko. Edonor zelarik ere, nahi beste dei eta txistu egin zezakeen. Mugitu ere ez zen egingo. Batzuetan, horretarako gogoak janda. Baina ez zen joango. Jabearen zain geldituko zen, hark behar zenean tiratzen baitzuen, eta aurrera! Huts egin, zoritxarrez, denek huts egiten zuten. Jaiotzeke zegoen oraindik kontrakoaz harro zitekeena. Ez haren aurrean, behinik behin... Hasiberriak bakarrik liluratzen dira pertsonekin! Baina, finean, jabea ez zen txarrenetakoa, eta tiroa altuera egokian botatzen zuen, zintzo, txoriek airean kriskitinak jotzen zituztenean. Horregatik, hura etorri zain egoten zen. Fadistaren txantxek ere ez zuten hunkitzen, inguruotan elkarrekin egin zitzaketen arrisku gutxiagoko ehizaldiak iradokitzen zizkionean... Errespetua zor zion txakurrak bere buruari, bazuen duintasuna. Horrelako parrandak artzain-txakurrentzat, kaleko eta munduko trauskilentzat ziren egokiak. Baina horrek ez du esan nahi maritxu bat zenik! Bizimodua (bere bizimodu propioa) nabarmendu gabe eta segiziorik gabe egokitzen saiatzen zen, txarto bukatzen baitzuten horiek. Ez zen halakoetan agertzen ohi diren petralen beldurragatik. Inoiz halako batean nahasturik egotea suertatzen bazitzaion, gizon baten modura borrokatzen zen, gauzak ondo argitu arte. Kolpe banaketa bazegoen, gogor emango zuen berak. Eta ez zen sekula garaituen aldean geratu! Kontrakoa. Hala ere, istilu eta borroketatik aldentzen saiatzen zen. Eta ezetz esaten zion beti lagunari, benetako animalia ederra bestetik, jatorri apalekoa izan arren. Duela urtebete hil zen gizagaixoa. Hura hondamena! Goardiek bolatxoak zabaldu zituzten, eta akabo. Egun hartan, lotuta egoteak salbatu zuen. Bestela, bazen behin Nero bat. Oraingo mixeriara heltzeko hobe zukeela hilik, hori ere bai. Saudadeak behintzat utziko zituzkeen. Honela, zahartzaroak jota bukatzen zuen, barrutik usteldua, jende guztiarentzako nekagarri. Deabruak orduan eraman izan balu, ez zen malko ez aienik faltako etxe hartan. Orain, denen begietan irakurtzen zuen hark lehenbailehen alde egiteko gogoa, beste bati tokia uzteko... Eta nork, zein zorionekok hartuko zuen haren habiaren herentzia? Nor etorriko zen sutondoko solasaldi luzeak entzutera, neguan, euria beiretatik lerratzen eta haizeak iparretik jotzen zuenean? Zenbatetan ez ote zuen semearengan, Jau kutunarengan pentsatu, hara eramateko! Baina deabru hark amaren akatsak atera zituen: sudur txarra eta oldarkortasun puntu bat. Ahoan hartu eta eskura ekartzeko hartan, kanpoko geruza erori zitzaion: ez zuen ez eta hezkuntzako arrautza ere apurtu. Belusazko hagintxoak. Bai poza hartu zuela haren ondoan lotuta ikusi zuen lehendabizikoan! Begi ertzetik begiratu zion eta estatua bat ematen zuen kumetxoak: tente, zurrun, buztana gezi baten antzera... Quedako mendietan zen, ondo gogoratzen zuen. Arrapaladan zihoazen arrasto baten atzetik, ia arnasarik hartu gabe. Ibilaldiaren ondorioa aurreikusiz, suari ura bota nahian zebilen: —Astiroago, gazte, astiroago... Baina deabru hark amaren nerbioak zeuzkan. Herensuge baten modura egiten zuen aldapan gora. Eta berak atzetik zerraikion, ero hura ezkutatzeko saiotan. —Lasai! Lasai! Alferrik! Usain hark erakarri, erotu egiten zuen. —Horrek ez zaitu hilko, jainkoarren... Hegazti-aldraren ondora heldu arte. Keinua egin zion, geratu egin zen, kumea ere gelditu zen. Baina eperrek salto egin zuten eta, jabea heldu zenean, ahoa bete hortzekin gelditu zen. Gauean kaiolatuta egon zen, aspaldiko urteetan ez bezala. Eta beste hiruzpalau egunetan saiatu ondoren, Jurjaiseko bidazti bati eman zion doktoreak. Sanmigeletan ikusi zuen azken aldiz. Bedeinkazioa eskatu eta kontatu egin zion. Baita gosea ere! Eta gero joan egin zen, gizagaixoa. Hantxe egon zitekeen azken arnasa hartzeko eta goroldiozko habia oinordekotzan hartzeko. Bada zerbait familiako bat aldamenean edukitzea. Hara bada, bakarrik hilko zen, tristerik. Ez eta oilar zekena ere, hark hainbeste pazientziaz jasandakoa, hori ere ez zen azaltzen! Ortuan zebilen, babo alaena, harengandik bi pausotara halako zoritxar handia gertatuko ez bailitzan. Egia da berak ere, Nerok, ikusiak zituela hiltzen katua, oilasko eta oilo ugari, bai eta urteroko txerria, batere hunkitu gabe. Egia gauza guztien gainetik. Baina, oraingoan, ez zen kontu berdina: txakur bat zegoen hilzorian, ehiza txakur bat, benetako eper-txakur nafar bat! Esker txarrekoak... Zeren, eper-txakurra izan arren, nork egin zien zaunka otsoei, azeriari eta erbinudeari, oilategiak aste santua ematen zuenean?! Berak. Berak, Nerok; orain Sortzaileari bizitza ematen ari zitzaiona hortzik gabe, gernua odoletan, begi batetik itsu... Gazte denboretan izan zen, bada, nor! Zaulia, hegoduna, bai eta tontoa ere... Munduko tronperiak! Barruan okela frijitzen ari ziren. Ederto entzuten zuen koipea zartaginean kiskaltzen. Lehenago, nahikoa izango zuen hori, lerdea ahotik behera zeriola jartzeko. Orain, urdai errearen oroimenak berak urdaila nahasten zion. Hura hondamena! Usteldurik zegoen barrutik eta kanpotik... Bizitza demonioa! Eta oilar maltzurra oilo bat estaltzen! Bestela jokatu izan balu, ergel hura gaztea zelarik, ordurako jada hantustez betea, ez zion orain horrelako imintziorik egingo. Baina itsusia zen eper-txakur batek oilasko bati halako estutua ematea. Bere buruaren begirunea behar du gizon batek. Hura burukomin handia!... Hura pisu alimalekoa bularraren arkuan! Eta gorputza laxo, indarge... Han zetorren etxekoandre gaztea gauzak nola zihoazen ikustera... Begiak itxi zituen. Entzun nahi zuen zer zioen hil antzean ikusten zuenean... Heldu zen neska eta isilik gelditu zen. Aurpegiari so egin zion betileen zirrikitu batetik. Negarrez ari zen. Betazalak jaitsi zituen berriro, zoriontsu. Eta gauean, ilargiaren argiak etxeko teila lausoak bete-betean hartzen zituenean eta S. Domingoseko mendiak, han urrunean, haren hanka sendo eta delikatuen saudadea zutela ematen zuenean, azken eperraren usaina bere baitan ezabatu zenean, oilarrak heltzear zegoen goiza iragartzeko kantatu zuenean, semearen irudiak burutik alde egin zionean, betiko itxi zituen begiak eta hil egin zen. ' . ?
Piztiak |