Piztiak
PREMU
Afalorduan, pipermin aurpegiaz egin zien muzin ugazabak haren algarei: —Utz itzak jolasak eta bete ezak ondo tripa, zeren bihar goizaldean, baita etxabotaka ari baduk ere... Horrelaxe. Mihia behekoz goiti itzuli zuen, jakina, eta pentsuari ekin zion ahal bezala. Baina ez zuen gogorik. Arratsaldean mendian moztutako otaberak zeuzkan oraindik urdailean eta, arrazoia ez bazekien ere, estuturik zuen bihotza. Horrez gain, ugazabaren modu haiek saralea bera gogortzen zutela ematen zuen. Jendea hitz onez ere bizi da. Eta, egia esanda, estimatzen zuen morroi hura. Sei urte lehenago, hogeita hiruetako ferian, zamari tropel baten erdian antzeman eta hankan zaplada latza eman zionetik, atsegina zuen haren itxura txaparroa, gorria, osasun eta gizatasunaz gainezka. —Zenbat balio du astoak? —Hogei libera. —Ez du horrenbeste dirutarako piurarik! Gizagaixoaren arima ezerezteko zorian! —Hogei libera, ez eta erreal bat gutxiago. —Utzizu moxala hamaseitan, eta hala ere garestia da gero... Ijito halakoa! Baina hamazazpi txanponak kontatzen eta hedea lotzen ikusi zuenean, aleluiaka hasi zen. Nazkatuta zuten Baldarrasen mozkorraldiek. Belarrietaraino zegoen Quedako malda ankerra igotzeaz, haren mozkor astakeriak entzuten. Arra zen astoa, gero! Hamabost ogi alqueire eramaten zituen bizkar gainean hamabost luma alqueire balira bezala. Horretan oinarrituz jarri zuen astazainak, edanda edo ez, hogei liberatan salneurria. Ondorioa: inork ez zuen hartzen. —Urrez bete hazaten nahi duk hik! —Hartu ala utzi. Eta etxabera itzuli behar izaten zuen, errotari atxikitako, errotarriaren aldameneko etxabe madarikatura, beti bustia eta zarataz gainezkatua; eta biharamunean berriro igo behar aldapa, ohiko leloaren soinupean. Zumba na barra da saia, o Ze... Jana: isatsa, nahi beste lasto huts, eta oso-oso lantzean behin, ale solteren bat. Bizimodu petrala! Hargatik, tratua itxita ikustean, askatuta sentitu zen. Eta, jabe berria gainera igo eta Feitais kaletik aurrera abiatu bezain pronto, hegoak zituela iruditu zitzaion, pozaren pozez. Heltzerakoan, mafrunditik gordetzeko tapakia eta arto zuri, aletsua jateko. Zerua zabalik! Dena ez ziren arrosak etxe hartan, jakina. Ez horixe! Mandozain baten arra, Jainkoak badaki... Baina, ondo janda eta ondo edanda, pozez egiten du lan gizonak. Are gehiago ugazabak, ustekabean, halako esakera barregarria esaten badu, kemena emateko: —Ai, Premu, ez haiz uste bezain ona! Erantzunik ere ez. Eta akuiluak zelari azken estutua eman ahala, han abiatzen zen, samaldaren buruan zutoihala tente. Oraingo honetan, ondikoz, nahasiagoa zen kontua. Afaria gaizki joan zen, bakarrik zihoazen, eta egunonek lasaitasun txikia ekarri zuten: —Arin! Arin, sei legoa dituk eta, menditik barrena... Ez zituen halako modu haiek gustuko. Gorroto zituen gaizki hasitako bidaiak. Nahigabetuta hartu zuen, beraz, zama, eta bidaiari ekin zion, okerrena oldozten. Atzean utzi zuten kontzejuko azken herria eta Arcako bide zaharretik zihoazen orain, ilunpetan murgildurik, euri temati eta izoztuak aldez alde zeharkatzen zituela. Baina halakoa zen negua: arima tristuraz zuritzeko moduko elurteak edo, bestela, halako eguraldi hotz, heze, haize bolada bortitzek pikatua. Ugazabak sokari eusten zion. Biak isilik. Lokatz gogortuaren gaineko pausoek bakarrik salatzen zituzten ilunpetan entzuten zeuden harkaitzen belarri zolien aurrean. Bizitza osoan haren antzeko egunik ez zuen gogoan. Sekula ez zitzaion gertatu, gaur bezala, bost zentzumenak etengabe asaldaturik ibiltzea. Hura bai goizalde beltza! Arima itxaropenez bete ordez, zantzu gaiztoz inguratzen zuen! Eta, nahi gabe, gorputza hotzikaraturik igartzen hasi zen Premu, goizaren argia etsipenez desiratuz. Jainkoak daki, alabaina, non zebilen artean eguna! Sei legoa mendian barrena, ondo ulertu bazuen. Itxuraz, Vila Poucako bailararainoko bidea zen. Horregatik profitatu behar zituzten gaueko ordu hilak. Eta ile guztiak lazten zitzaizkion pentsatzean asko falta zela oraindik eguzkiak lurra argitu eta ibilaldiari bukaezina bilakatzen zuen amesgaizto kutsua ken ziezaion. Egia da ugazabaren presentziak zerbait lasaitzen zuela. Ikusi ez arren, jantziaren luzea eta iluntasun itxia zirela medio, bazekien aurrean zihoana, edozer gerta ere erantzuteko presto. Eta zer arraio gerta liteke? Estropezu egitea? Zamari ezin eustea? Hori besterik ez balitz! Txarto baino txartoago lo eginda eta tripa hutsik egoteagatik ere, hankak ez zitzaizkion berehalakoan makurtuko, ez eta hiru zekale zakuk eraginik egingo. Bestelakoak ziren beldurra sortzen zioten kezkak... Topaketa desatseginen bat, esaterako... Ez eta apropos eginda ere! Hark gaitza gogoan zuela, garrasi ilun baten ertzak zulatu zizkion belarriak. Hotzikara sakon batek korritu zion gorputza. Eta, gero, gogorturik geratu zen oso, hotz, lurrean iltzaturik, izuaren izuaz. Segundo batez ozta-ozta. Lokarria eusten zion eskuaren eta iduneko uztaiaren artean tinkatzeko denboraz doi-doian. Berehala erreakzionatu zuen. Zer demontre! Bazen han defendituko zuena... Ez zegoen arrazoirik halako izua sentitzeko! Baina ugazabak, harrigarriki, atzera egiten zuen. Pixkanaka, urratsak laburtu eta haren ondo-ondora bildu zen. Malo!... Beste garrasi batek, ia haien gainean, urratu zuen gaua. Eta biek, oraingoan bat bakarra balira bezala, hain baitzeuden estuturik, lurra eztiro zapaltzeari ekin zioten, gauaren baitan bildurik, arnasari eutsiz. Tontakeria hutsa, amarruak ez baitzien ezertarako balio izango. Ondo baino hobeto zekien Premuk. Senak iragarria zion gosetutako otso taldea —ehizakia ehun legoatara usain hartzeko gauza zena— zutela segika. Gainera, hain estu inguratzen zituzten garrasiek, ezen miraria beharko baitzuten. Hori bada, bihotzak ez zion ezer onik iragartzen ibilaldirako. Baziren egun batzuk susmo beltza zuela bularraren barruan. Gero, afariaren nazka, esnatze asaldatua, ibilaldiko ordu goibelak eta, dena biribiltzeko, ugazabaren isilune harrigarri eta ezohikoa... Baina, hain zuzen ere, ugazaba ahotsa ateratzen ari zen murgilduta zueneko putzutik: —Gureak egin du, Premu! Fundi dadila ene patu beltza! Ez zekien zerk bultzatzen zuen mandozaina modu hartan jokatzera. Zer zela eta hitz egiten zuen abespeluan, oihuka, botatzarrekin lurrean kolpe gogorrak emanez, berak bakarrik hogeita hamarren pareko zarata atera nahiko balu bezala? Piztiak izutu nahiko zituen, agian, zamaltzain talde oso bat zegoela adieraziz, animalia saldoarekin. Bai zera! Hori pentsatzen bazuen, tronpaturik zegoen oso. Bereizten zituelako bainoago sumatzen zituelako, goseak sututako begiak antzeman zituen Premuk haiei so gauaren bihotzetik. Eta ugazabak ere igarriak zituen, dudarik gabe, txinpartak ateratzeari ekin baitzion harri batean, labanaren altzairuzko ahoaz. Otsoak haren esku dardartietatik ateratzen ziren pindar makalen beldur balira bezala! Hori baldin bazuen baliabide bakarra, poltsan ez bazekarren gizonezkoek jaiegunetan, liskarra zegoela, elkar hiltzeko erabiltzen zituzten pistola haietakoren bat, galduta zeuden. Orduko hartan, bilerak aitaren batean sakabanatzen zituzten trumoien pareko leherketa itzel haietako bat ez bazen, ezer ere ez. Hori, edo ezer ere ez. Hiru ziren jada iluntasunean antzematen zituen figurak, isilik baina ausart. Alabaina, hogeita hamar-berrogei pausotatik kristau bat mundu honetatik bidaltzen zuen tramankulu hura atera ordez, ugazaba, su-festa irrigarriaren ondoren, hurbildu egin zitzaion eta, geratu ere egin gabe, zamari eusten zioten sokak moztu zituen kolpe batez. Zekale zakuak galtzadara abaildu ziren. Zer azpijoko demontre zen hura? Ihes egiten saiatu behar ote zuen ugazabak? Premuren bizkar gainera igo eta menditik kanporako bidea zabaldu nahi al zuen? Hori baino ez. Ideia tristea zen, gainera. Hark, Premuk, ez zituen jada gaztaroko hankak. Oraindik ere eginbeharrari erantzuteko moduko animalia bazen ere, ez ziezaiotela halako balentriarik eska hiru orduko ibilaldiaren ondoren, gaizki janda, gaizki lo eginda eta, gainera, harrizko bide batean eta aldamenean otso talde bat zuela. Orok du mugaren bat. Eta gainera, mandoa ez da korrika ibiltzeko animalia. Ijitoen astoentzako kontua da hori. —Irtenbide bakarra duk... Baliteke. Baina zalantzak agertu zituen... Halarik ere, ez zezala ugazabak pentsa uko egiten zionik. Ez. Trostan zihoan eginahalean, eta horrela segituko zuen bularra lehertu arte. Hartutako erabakiarekin bat ez baldin bazetorren, hala zen benetan uste zuelako eztigarriekin ez zela ezer konpontzen. —Aurrera, Premu, hor zatozak eta! Hura berria! Kontrakoa litzateke harritzekoa. Zamaz arindu ondoren, gainera igo, buelta erdia eman eta etxerako bidean jarri zuen ugazabak ziztu bizian. Otso taldeak, zoritxarrez, gauza bera egin zuen. Eta han zihoazen abiadan, kasik aldamenean, ikaragarrizko bost otso. Ai, ugazabak ez zeukan haietako trabukorik! Horrela, galduta zeuden. Eta goiza argitu gabe! Zauriturik zeuzkan apatxak, izerdia iturrika erortzen sentitzen zuen istapeetatik, gorputz osoak esaten zion “nahikoa” lasterketa haren zentzugabekeriari, eta egunsentiaren aztarna txikienik ere ez! Gero eta gehiago korritu ahala, indartsuago egiten zion putz haizeak belarrietan. Halako moduz egiten zuen txistu, ezen ordenagabeko ihes hari barre egiten ziola ematen baitzuen. —Eutsi, Premu! Ez akitu, maite duanaren izenean! Bai bada. Kontua ahal izatea zen. Ugazabaren eta beraren atsekabea leundu nahi zuen arren, hankek uko egiten zioten. Eta horrela, pixkanaka, ibilera moteltzen joan zen, Jainkoak bakarrik dakien sakrifizioa eginez lurrera seko ez erortzeko. —Lapur halakoa, saldu egingo nauk! Halako ordaina jasotzen zuen! Jantzietako uhalarekin buruan, hanketan eta ahal zuen tokian ematen zizkion zartada latzak nahikoa ez, eta gainera halako iraina! Baina heldua zen azken indarretara. Jotzea zuen, bai eta labanaren ahoaz edo ezproiaren eztenaz ziztatu, nahi zuena egitea zuen... Ahal izan zuen tokiraino joana zen. Orain... —Madarikatua! Biok akabatuko gaituk! Pazientzia. Daukana ematen duenak... Otso batek jauzi egin zuen amildegitik bidera. —Nere hamazazpi libera maiteak... Ez zen konturatu. Ahiturik gelditu zen, gorputza sutan eta burua tenteldurik, ipar haize latzaren eta hartutako zartaden zioz. Ez zuen, beraz, hitz haiek halako une batean zuten benetako zentzua ulertu. —Agur esan behar haiei... Baina, mandozaina lurreratu eta basta ziztu batean kendu orduko, ulertu zuen bertan laga behar zuela, ahiturik, izerditan blai, babesik gabe, etsaiaren goserako asegai. Bizitza salbatzen zuen ugazabak harenaren truke... Eta hamazazpi liberen damua zuen! Eta, azkenik, goizak argitu zuen!... Ugazaba mendian barrena abiatzen ikusi, alportxak soinean —ez zen lotsatuko!—, eta lehen otsoaren hortzak lepoan sartuta sentitu arte ez zen konturatu egunaren argia gauzak marrazten ari zela, eta denari zentzua ematen.
Piztiak |