Piztiak
NICOLAU JAUNA
Aitak gizon zintzoa izan zedin nahi zuen. Horrela bada, mutikoak Pedornelon 4. kurtsoa bukatu orduko, hartu eta Guimaraesera eraman zuen! Baina ez zegoen ume hura arteztuko zuen aita Macariorik. Ez belarrietatik tiraka, ez erregela kolpez, ezinezkoa zen mutikoak ikastetxeko leihoetatik noiznahi salto egin eta mendian barrena, kilkerretara, joateari utz ziezaion lortzea. Jaioterritik zekarren bizioa; baina, adinak aurrera egin ahala, hobetu ordez, okerrera egiten zuen kontuak. Lastoa eskuan, han ibiltzen zen eguzkipean. Topatzen zituen zulo guztietan sartuko zuen sonda, aztarrika jarri, eta zuloko biztanle gizagaixoak azalera agertu beste irtenbiderik ez zuen. Urdailak eguerdiko kanpaien pareko zaratak egiten hasi arte ez zen etxera itzultzen, mamarro haietako hogei edo hogeita hamar hartuta. Zuzendariak bulegora joateko aginduko zion eta aurpegia piperra baino gorriago jarriko, baina ezer gutxirako balio zuen. Biharamunean, berriro egingo zuen alde. Haztegi bilakatua zuen gela. Emakumezko aktore eta cowboyen argazkien ordez, tamaina guztietako kaiolak zeuzkan hormetatik zintzilik, burdin habeen artean letxuga eta zorne-belar hostoak sartuta. Eta eszenategi horretan aurkitzen zuen zuzendariak —aurkitzen zuenean—, bere baitan bildurik, joana, mundutik at. —Ikasgaia? —Ikasten ari naiz... Hurrengo eskolan argituko zen kontua: porrot biribila! Baina, Rodrigues doktorearen eskoletan, harrigarriki, hogeiak lortzen zituenez beti, eta irakasleak ospe handia zuenez lankideen artean, urte batean bai, hurrengoan ez, aurrera egiten zuen. Zoologiako notak eragin handia zuen. Eta gainerako irakasleek, beharturik, lOa jarri eta azaltzen zuten: —Tira ba... Kilkerrez hainbeste dakienez... Lizeoko kurtsoa bukatutakoan, Coimbra. Medikutarako. Aitak Pedornelon irudikatzen zuen, gaixotasunak sendatzen. Baina, sei urteren buruan, agureak Paracelsoetako Paracelsoa zuela uste zuenean, mutilaren kalifikazio-orriak zientzia naturaletako aipamen ulergaitz bat eta gainerakoetan hutsak baino ez zituen agertzen. Jainkoak ez zuen, alabaina, gizon santu hura etsipen baten labankadaz hil nahi izan. Alfer hura itzuli bezperetan, errukior, bronkoneumonia bat bidali zion, eta, semearengan jarritako itxaropenekin batera, bizitza honetatik beste mundura eraman zuen. Eta horrela, aitaren lur aberatsak oinordetzan hartuta, eta Noeren Ontzi osoa goitik behera ikasita, itzuli zen Nicolau jauna, betiko, Pedornelora. Hogeita hamar urte inguru zituen orduan. Garaia, iharra, zurbila, delikatua, ordu arte ez zegoen ukitua jarri zuen eskualdeko ibar eta mendietan: mamarroak harrapatzen zituen parasola zuriko kaletarraren orezta alaia. —Ondo pasatu al du Nicolau jaunak? —Ondo, eskerrik asko, Armindo xaharra... Eta marisorgin bat hartzeko makurtuko zen. Poltsikotik pote bat atera, arreta handiz hartuko zuen, besorik ez hausteko adi, eta hara, beirazko ontzira. Hasieran, begiak zabal-zabalik irekitzen zituzten denek, izu zilegi eta mesfidatiaz. Hara zer bilakatua zen Adriano Gomes jaunaren semea! Baina, haren jabetzapekoak bilakaturiko ondasunak huskeria baten truke alokatu zizkienean eta tratuarekin pozik ikusi zutenean, iritzia mudatu eta inguruetan zeuden intsektu guztiak hari saltzeari ekin zioten. Nahikoa zen harengana azaldu eta marigorringo bat erakustea, tostdo baten truke eros zezan. Erokeria hura, bada, pagotxa bat zen edonondik begiratuta ere. Eskolako maisua izan zen —On Anselmo zaharra, lehen mailako irakaskuntzan gorriak eta bi ikusi zituena buru gogor hartan biderketaren kontuak sartzeko— zoritxar latz hura ez onartzeko tema agertu zuen bakarra. Eta, azkenean amore eman zuenean, honela egin zuen: —Finean, gaitz erdi. Astoak biltzea bururatu izan. balitzaio, korta bilakaturik izango genuke herria... Baina Nicolau jaunak guzti-guztiari egiten zion aurre. Bai maisu zaharraren ziriei, bai herriaren berekoikeriari. Eta eguzkia Alijo mendatean azaldu orduko, han abiatuko zen hura sasietan barrena. Bakarrik bizi zen. Gertrudes izan ezik, noizean behin jantziak garbitzera eta saldaren bat prestatzera joaten baitzitzaion, beste inor ez zen haren etxean sartzen, Sanmigeletan ez bazen, errentak ordaintzeko garaian. Idazmahaira jesarrita ikusten zuten orduan, armairutzarren artean, non, arkakusoetatik hasi eta kakalardoetaraino, betiko loan baitzeuden haren pazientziak eta haren sosek Pedornelon eta inguruetan eskuratu ahal izan zituzten izaki guztiak. Kartoizko kaxatan zeuzkan, ehunka, ilaran, sailkaturik eta albotik sartu eta tripatik ateratzen zitzaizkien orratzetan zintzilik. Izan litezkeen tamaina eta kolore guztietakoak zeuden. Handiak, txikiak, txikerrak, horiak, zuriak, beltzak, urdinak, gorriak, espezie bakoitzeko bat edo bi, eta Jainkoak asmatu ahal izan zituen espezie guztietakoak. Pixkanaka, maitekiro, denborak aurrera egin ahala handitzen zen hilerria. Eta, apurka-apurka, ehorzlea, Nicolau jauna, zahartuz zihoan hildakoen artean. Hartan ixten zen haren mundua, kontzentrikoa, ortzimugarik gabea, loa naftalinatan gordetzen zuten beirez jositako apalek babestua. Nazioak desegiten ziren, gerrak bata bestearen atzetik gertatzen ziren, herrixka bera koloka zegoen. Baina Nicolau jaunak, giza grinetatik at, egunak burruntziz eta tximeletez betetzen segitu zuen. Halako batean, Doilor mihiluzeak eroa laster ezkonduko zelako zurrumurrua zabaldu zuen. —Eta norekin? —galdetu zuen maisuak, inozentziaz beterik. Baina inork ez zionez andregaiaren izena esaten jakin, berak errematatu zuen: —Bareren batekin agian... Ondo da. Dena familian geldituko da; Esamesa horrekin agerrarazi zuen azken aldiz Pedornelok, nolabait esateko, ez zuela guztiz ahazturik Nicolau jaunaren bizimodu soziala. Zeren, maisuak ziria bota eta denek nahi adina barre egin ondoren, gizajoa herritarren oroimenetik atera baitzen. Handik aurrera, aldamenetik pasatzean, edo agurrik ere ez zioten egiten, edo egunonak ematen zizkioten Angelusean kapela kentzeko erabiltzen zuten automatismo berberaz. Ez eta plazatik igarotzen zenean ere, kopetan zimur sakon etsitua zuela, ez ziren hartaz kezkatzen gogoratzen. Eroaren izenak orain, akain, txitxar, inurri edo antzerakoen esanahi bera zuen. Mamarro bat zen. Mamarro kaltegabea, idazgelan baltsamaturik zituen milaka haien modukoa. Batzuetan, sakona izaten zen zimurra. Edozein auzok ekaitzak sortu kalteengatik izan zezakeenaren pareko ezinegonak ernegatzen zuen. Baina berrogeita hamar urtez taldetik urrunduta ibili izanak gizonek ulertua izateko eskubidea kentzen zion. Nork onar zezakeen kakalardo baten etengabeko amiltzea edo sitsak ipurtsarde batean eragindako zauriren bat etsipen arrazoi izan zitezkeela? Pedorneloko sentikortasunak ez zien erantzuten hain kalamitate sotilen eraginei. Han, ulertu, sufrimenduari zegokionez, gosea, kalenturak eta labankadak bakarrik. Saul doktoreak, azkenik, izaki hura lurreko biztanletzat eta Jainkoaren semetzat aztertu zuen. Idazgelako besaulkian umeki bat bezala uzkurturik aurkitu zuen Gertrudesek presaka deituta, bertaratu, auskultatu, pultsua hartu, termometroa jarri eta, azkenean, hilzorian zegoenaren gorputz barrura sartzea erabaki zuen, bizkarrezurrean sartu zion orratz baten bidez. Baina Nicolau jaunak, orain, haren lagunen patuarekin guztiz bat egiten zuen. Eldarniotan zegoen. Min arin bat igarri zuen bizkarrezurrean; milaka anai-arrebei egindakoa gogoratu, eta pentsatu zuen: —Teknika txarra... Lehendabizi eter azetikoa da, eta orduan bakarrik... Gogoratuko ahal du gutxienik nire izena latinez egokiro idazten errotuluan... Eta handik berehala, azken uzkurduraren ondoren, soraio eta begiak itxita, hantxe gelditu zen higitzeke eta zoriontsu, bere kaxan noiz sartuko zain.
Piztiak |