Piztiak
RAMIRO
—Egunon daigula Jaunak! —Ummm... Handik pasatzen zenari kolorea ere mudatuko zitzaion. Arima uzkurtuko zitzaion, eremu hartan halako ihardespena entzunda. Beldurra ematen zuen! Zorionez, ez zen lapurra. Hortz artean botatako agur haren ondoren, Ramiro geldi geratuko zen, soraio, segari bermatua, gaztaina koloreko begiak artaldearen zuritasunean finkaturik. Artzaina zen Ramiro. Igandeetan, elizako atarian, behin baino gehiagotan egin zion erantzuki Manuel Pelinhasek, mingaina lasaia baitzuen. —Hitzak dirua kosta zaizkiala ematen dik! Baina Ramirok, ziri ororen ondoren, isilik segitzen zuen, eta isilik entzungo zuen aita Joao meza ematen. Azkenean, letaniarik bazegoen, ez zuen erantzungo; aldaretik agindua bazetorren gizonek Tantum Ergo kanta zezaten, ez zuen kantatuko. Arima isiltasunez bete zitzaion Maraoko hogei urtetan. Eremu zabal hartan, zaratarik gabe garatzen zen bizitzak baino ezin zuen garaitu. Bermidorra, isatsa, otea, sugandilak, sugeak eta matxinsaltoak, isiltasun arretatsu berberaz hazten ziren. Martxoan, txilarra loratzen zen. Baina kolore irrintzi hura ez zen nahikoa harkaitzak esnatzeko. Eta Ramirok egunero hartzen zuen ikasgaia ezinbesteko afonia kosmikoarena zen, harri koxkor bati begira ahaztuta geratzen zen arkumeren baten balaka monosilabikoak, edota otsoa iragartzen zuten Rilharen zaunka presatuek lantzean behin hautsia. Horregatik, berbaren ordez, bestelako hizkuntza erabiltzen zuen: txistu lehor bat, ozena, bat-batekoa, bortxa beraz egozten zuena solaskide nahiz ardi deslaien aurpegira. Txistua, ezpainetatik jaurtiketa baten oldarraz ateratakoa, labana baten antzera sartzen zen belarrietara. Tinpanoak odoletan jartzen zituen kasik. —Eta deiera horrekin nahi duk hik Rosa hire txokora erakarri! Hala nahi zuen, baiki. Haren aldamenetik pasatzean, jan egiten zuen begiekin. Ondikoz, ez zekien beste modu batera adierazten barrua jaten zion grina hura. Eta amak bidea landu arren, ezkongabe segitzen zuen, adierazpen ezaz. Goizean, eguzkia bera baino lehenago jaikitzen zen. Baina ez zion bedeinkaziorik eskatzen Etelvina zaharrari —seme hura Jainkoaren zigortzat zuen gajoak—, ez eta egunonik ematen artaldeari. Txistu bat doi-doian. Eta horrekin adierazten zien atsoari eta arkumeei tenorea zela. Andre koitaduak jatekoa ematen zion eta azienda zutik jartzen zen. Handik gutxira, abian zen prozesioa Maraorako bidean, soinuaren basamorturantz. Eta bakarrik. Bere borondatez, ez zen sekula inorekin biltzen. Beti laguntzarik gabe joatea zuen araua, bai eta azienda mendatearen azken mugaraino eraman behar bazuen ere. —Izango al da bazkarik Gralheiran? —Ummm... Besterik ez. Nahi zuenak joatea zuen ikustera. Hura beti urrun, sor eta gor, ezpainak josirik. Suertatzen baldin bazitzaion malda berean lankideren batekin topo egitea, eta desbideratzen lortzen ez bazuen, edo komeni ez bazitzaion, ahoa zabaldu gabe iraungo zuen, etorritakoaren presentziaz konturatu ere egingo ez balitz bezala. Hala gertatu zen egun hartan. Ruela agertu zen, eta horrek loditzen zituen gaixo haiek bortizki sartu zitzaizkion artaldean. Ez zuen txintik ere esan. Eta horrela segitu zuen ordu luzez, zoritxarra gertatu zen arte. Gerora ere, zorigaitza bukatu ondoren, ez zuen ezer esan. Ruelaren azalpenari, begiratu gogorrago batez erantzun zion. Eta, sega jaso zuenean ere, isiltasun osoan izan zen, promesa bat betetzeko zorian balego bezala. —Jainkoagatik, ez nian jo nahi! Baina Ramiro galduta zegoen. Arcako ardirik ederrena zen Mimosa. Eta horrela ikustea, hilik etzanda, gehiegi zen haren adimen-indarretarako. —Sinistu ezak, nahi gabe egin diat! Ruela gizagaixoari eskua joan zitzaion artaldea biltzerakoan. Kontua da, halako harrikada bidali zuela ardiaren tripara, ezen gajoa, behi baten modura ernaldua, abortatu eta hil egin baitzen. Ez zen berehalakoan gertatu. Handik ordu batzuetara hasi zen marraka eta marraka, ume batena zirudien etsipenaz. Marraka eta odolusten. Hilzoriak iraun bitartean, Ramirok segaren ertzari oratu zion, amorru lotuaz. Begiak estaltzen zizkion gorritasunak berak erakusten zuen euste-ahalegina. Zoritxarrez, okerrena gertatu zen... Ardiaren bihotza, halako batean, itzali egin zen. Eta ez zuen jenioa kontrolatu. —Maite duanaren arimagatik, Ramiro! Deia, etsipenez gainezka, otoi baten suaz atera zen kondenatuaren bular uzkurtutik. Baina xafla airean zetorren, patuaren antzera. Eta izuzko oihuak ez zuen oihartzunik aurkitu. Mendatearen gainetik ibili zen noraezean, eta galdu egin zen sakana baten barruan. Horrelakoa behar zuen halako unearen eternitateak Ramiro bere buruaz seguru egon zedin. Tumulu bat bezain mutu zuen arima. Sega Ruelaren buru erdira erortzeko unean, mendiak ere izuz funditurik zeudela ematen zuen. Ramiroren ahoa, orain inoiz baino gehiago, itxita zegoen. Luzea, fina, orbandutako kolpe zahar bat gogorarazten zuen. Aurpegi gotor hartan, mintzo, begi irekiak bakarrik. Erabat odoldurik, erremediorik gabeko erabaki basa baino ez zuten agertzen, ez zegoen haietan barkamenerako batere tokirik. Eta gizon haren heriotza errugabearen gainetik, une iheskor batez, txistu lehor, zolia entzun zen doi-doian, artaldeari deika ukuilurako.
Piztiak |