Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997

 

MENDIEN BESTALDEKO AHOTSA

 

      Argitalpen xume, sotil, apal baten bidez ezagutu nuen nik Miguel Torga, eta, egia esateko, harritu egin ninduen; liburuak mila kolorez, azal gogorrez eta diseinu landuaz kaleratzen diren mende bukaera honetan ez baita ohikoa halako publikaziorik aurkitzea. Harridura, segituan, txundidura bilakatu zitzaidan, esku artean nuen liburukia 19- edizioa zela, 50.000 aleetako tiradan kaleratua, konturatu nintzenean. Bitxia benetan, Nobel sarirako behin baino gehiagotan aipatutako idazleak halako egile-edizio xumeekin segitzea. Edo hobe esanda, gertaera bakana, Miguel Torga bera bezain apartekoa.

      Adolfo Correia da Rochak (Miguel Torga, literatura ezizenez) haurtzaro gogorra izan zuen, Tras-os-Monteseko nekazari pobre guztiek bezala, eta osaba bati esker medikuntza ikasketak burutu ahal izan bazituen ere, lan ziztrin asko eta emigrazioaren bide latza ezagutu behar izan zituen aurretik. Brasiletik itzulita, Presença aldizkariko taldera bildu zen eta, handik gutxira, ia mende osoa hartuko zuen literatur-produkzioari eman zion hasiera Anstedade poesia liburuarekin (1928).

      O outro libro de Job, A criaçao do Mundo, Contos da Montanha, Rua, Egunkariak... luzeegia litzateke Torgaren lan guztiak aipatzea; poesiaz eta eleberriaz, antzerkiaz eta ipuinaz hitz egin beharko genuke idazle honen obra osoa agertzeko. Baina, funtsezko zerbait aipatzekotan, bada guztietan garbi nabarmentzen den elementu bat, testu anitz horiei guztiei nolabaiteko batasuna ematen diena: Torgaren ahots berezia, bakana. Salazarren diktadurapean zentsura eta kartzela, eta geroagoko zenbait garaitan kritikaren gaitzespena ekarri zizkion ahots propioa. Portugaleko nahiz kanpoko sari garrantzitsuak lortu ondoren ere “irakurleentzako merkeagoak diren” argitalpenekin segitu eta elkarrizketak eta argazkiak saihesten zituen idazle handiaren mintzamolde-ikusmoldea. Esku artean duzun Piztiak honetan euskarara ekarri nahi izan dugun bera.

      Piztiak ipuin bilduma 1940. urtean argitaratu zen lehen aldiz eta, askoren ustez, mugarria ezarri zuen Portugaleko ipuingintzan. Ez da, beraz, harritzekoa hainbat hizkuntzatara itzulia egotea edo Portugalen etengabe berrargitaratua izana. Harritzekotan, gure inguruan hain ezezaguna izateaz harritu beharko ginateke. Gazteleraz, esaterako, aurkiezina da 1946ko itzulpen bakarra; Frantzian 80an kaleratu zuten, frantseseratzen zen Torgaren lehen prosa-lana izaki. Aje zaharra, zoritxarrez, portugesezko literatura urrunekotzat jotzearena.

      Kontuak kontu, hona hemen hamalau ipuin eder txilarrari torga esaten dioten herrialdetik ekarriak. Hamalau ipuin zuzen edo zeharka animaliekin lotuak —bildumaren izenak berak iradokitzen duen bezala—. Baina adi! ez dira alegiak, ez eta Disney faktoriako piztia melengen abenturen parekoak. Nero, Mago, Madalena eta gainerakoak ez dira “haurrentzako kontakizunak” eta, barne mezurik baldin badute, ez da bi lerrotan labur daitekeen moralina agerikoa. Piztiak, besterik gabe, ipuin bilduma zoragarria da. Bai eta batzuetan gordina, goxoa, ankerra, hunkigarria...

      Eta egileari berari txanda pasa aurretik, ezin aipatu gabe utzi liburu hau euskaraz argitaratzearen garrantzia. Ezer baino lehen, jakina, euskaraz irakurri ahal izango den Torgaren lehen lana delako. Baina bada zerbait gehiago, ipuingintzan obra paregabeak eman dituen literatura galaiko-portugesaren maisu handienetakoaren ipuinak baitira jarraian datozenak. Kontatzeko modu berezi bat, xume eta sotila, zehatza, adierazgarria.

      Bukatzeko, Miguel Torgak berak Piztiak liburuaren berrargitalpen baterako idatzitako hitzak: “...liburu honen sarreran agur egiten badizut, ez dizut gomendatu nahi imajinazioaren argia pizturik irakur dezazun, ez eta zure begirada erakarri gura duen sinbologiaren ilunpetara. Ez da hori nire modua, inolako zuhaitzik ez baitu bere fruiturik azaltzen, nahiz eta besteek jatea gustukoa izan”. Gustukoa izango duzulako esperantzan.

 

Bego Montorio

 

Piztiak
Miguel Torga

euskaratzailea: Bego Montorio
Alberdania, 1997