UDA AMAIERA
Louise Gluck

End of summer
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023

 

Denetarik gertatu eta gero,

hutsa gertatu zitzaidan.

 

Muga bat dauka

formak eman zidan plazerak.

 

Ez dut zuen antzik horretan,

ez naiz askatzen beste gorputz batean,

 

ez dut babesik behar

nigandik kanpo.

 

Nire sorkari goiargitu

gaixook, distrakzioa

zarete, azkenerako,

murriztapen hutsak; finean

ez duzue nire antz handirik

niri atsegin emateko.

 

Eta, egoskorretan egoskor,

ordaina nahi duzue

desagertzearen truke,

guztia lurzatiren batekin ordaintzea,

oroigarriren batekin, behin lana

saritu zizueten moduan,

eskribauari ordainetan

zilarra, artzainari garagarra,

 

nahiz eta ez den lurra

irauten duena, ez

materia printza txiki hauek.

 

Begiak irekiz gero

ikusiko nindukezue, ikusiko zenukete

zeruko hustasuna

lurrean ispilatuta, zelaiak

hutsik berriro, bizigabe, elurrez estalita;

 

gero argi zuria

gehiago materiaz mozorrotu gabea.

 

UDA AMAIERA
Louise Gluck

End of summer
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023