BASAIRISA
Louise Gluck

Wild iris
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023

 

Nire oinazearen amaieran

ate bat zegoen.

 

Entzun adi: heriotza deritzozun hori

oroitzen dut nik.

 

Han goian, hotsak, pinu adarrak higikor.

Gero ezereza. Eguzki ahula

gainazal lehorrean dirdaika.

 

Latza da irautea

kontzientziaren gisa

lur ilunean ehortzita.

 

Gero akabo dena: ikaratzen zaituen hori,

arima bat izatea eta ezin

mintzatzea, kolpean ahitzen da, lur gogorra

doi bat okerrera. Eta txoritzat jo nituen

haiek ziztuan doaz zuhaixka txiki artera.

 

Zuri, beste mundutik igaro izana

oroitzen ez duzun horri,

diotsut berriro mintzo nintekeela: ahanzturatik

itzultzen den oro

ahots baten bila itzultzen da:

 

biziaren erdigunetik iturri

handi bat sortu zitzaidan, itzal

urdin biziak itsas ur azulean.

 

BASAIRISA
Louise Gluck

Wild iris
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023