BITXILOREAK
Louise Gluck

Daisies
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023

 

Aurrera: esan zer ari zaren pentsatzen. Lorategia

ez da mundu erreala. Makinak

dira mundu erreala. Esan argi eta garbi edozein inozok

zure aurpegian irakur lezakeena: zentzuzkoa da

gu saihestea, nostalgiari

buru egitea. Ez da

aski modernoa haizeak bitxilore zelai bat

astinduz egiten duen hotsa: buruak

ezingo du egin distirarik hari jarraika. Eta buruak

distira egin nahi du, argiro, nola

distiratzen duten makinek, eta ez

sakon hazi, sustraien pare, adibidez. Zinez hunkigarria da,

hala ere, ikustea nola hurbiltzen zaren arretaz

zelaiaren mugara goizean goizik,

inor ezin denean egon inola ere

zuri begira. Zenbat eta luzaroago egon ertzean,

orduan eta urduriago dirudizu. Inork ez ditu entzun nahi

naturaren inpresioak: barre egingo dizute

berriro; erdeinua metatuko dizute gainean.

Gaur goizean entzuten ari

zarenari buruz, berriz: pentsatu birritan

inori kontatzerako zer esan den belardi honetan

eta nork esan duen.

 

BITXILOREAK
Louise Gluck

Daisies
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023