BELAR GAIZTOA
Louise Gluck

Witchgrass
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023

 

Zerbait

dator mundura ongi etorria izan gabe,

anabasa anabasa hots eginez.

 

Halako gorrotoa badidazu

ez lanik hartu ni

izendatzen: beste laido bat

behar ote duzu

zure hizkuntzan, beste

modu bat tribu bati

guztiaren errua egozteko?

 

Biok dakigun moduan,

jainko bat

gurtzen baduzu, aski duzu

etsai bat.

 

Ni ez naiz etsai hori.

Amarru bat soilik, ez ikusi egiteko

lore sail honetan berean

gertatzen dakusazunari,

porrotaren paradigma

txiki bat. Zure lore preziatuetarik bat

ia egunero hiltzen da hemen

eta ez duzu atsedenik

kausari buru egin arte, alegia

geratzen den edozeri, edozer

zure pasioa baino

irmoago agertzen dena.

 

Ez zen sortua izan

mundu errealean betikoz irauteko.

Baina zergatik aitortu hori, jarrai badezakezu

beti egiten duzuna egiten,

deitoratzen eta errua egozten,

bi-biak batera beti.

 

Ez dut zure gorespenik behar

bizirik irauteko. Lehena izan nintzen hemen,

zu hemen izan aurretik, zuk

inoiz lorategi bat landatu aurretik.

Eta hemen izango naiz eguzkia eta ilargia soilik

geratzen direnean, eta itsasoa, eta zelai zabala.

 

Neu izango naiz zelaia.

 

BELAR GAIZTOA
Louise Gluck

Witchgrass
euskaratzailea: Garazi Ugalde
Basairisa, Elkar, 2021
armiarma.eus, 2023