![]()
|
EZ NABIGATZAILEAK 1- Etorrera
Egia zioten zurrumurruek. Ontziak muturra gerturatzen du errautsez egindako herrialde beltzera eta hodeien disposizioaren gainean luzatzen da abere basatiaren bizkarra.
Eta orain badakigu zuzen zirela leiendak, eta nik brankan zabaltzen ditut eskuak ze nire herrialdean ezezaguna da zeruaren neurria.
Behorren errezelo indartsuaz uzten dute muinoek milika ditzaten, hartu nau irlak.
Jakizue, burdina menderatzen duen herrialde batetik nator.
Eta marinel deitzen dugu geure burua, baina han inguratu egin daiteke itsasoa. Zeremonia mahai bat bezala, mendien uhatea. Horregatik ez dugu ageri aurpegietako larruan itsasoaren pasartea.
Eta hona nator hodeien sumendira eta lurra irakin osteko mahats-bilketa dakart nire atzean, ardo geldoa nire atzean, gizonen badietako saldan izurdeen lo eragile dena: Uretan egindako lehen bidaia haren motiboak.
Horregatik, hatzen zurruntasuna izango da nire sinboloa, hala ezagutuko nauzu, hala ezagutuko duzu nigan nire ardo eta izurde eta burdin herria eta lurrak inguratutako ozeanoaren titulua.
2- Han
Urruneko omen diren herrien bateratzea kontatzen duten leiendek behar duten epika falta da.
Ze bestelakoa da nire jarrera, hau zen bilatzen nuen istantea eta heldu da, eta topaketa horri eskaini dizkiot adore guztia eta makalaldi guztiak, eta egonaldi osoa falta da oraindik baina iruditzen zait agortu egin ditudala jadanik bisitaren motiboak eta hiltzen igartzen dut neure burua orain, hurbiltzeko momentuan, eta beste ezer ez da beharrezko.
Baina hor zaude, hor daude irlako muinoak, topaketa handira bultzatzen gaituztela. Deskripzioek ez dute tarterik. Elkar begiratzen dugu.
Eta gogoratzen dut, koldarki, zure arbasoek sustraien garaian inoratu egin zutela edo baztertu, bestela, nabigazioa eta agian ez zeudela ongietorriak egitera ohituta.
Zuk ere pentsatzen duzu zer presentzia duten orain behinolako oinek? Zuk ere hori darabilzu gogoan? Herrialde honetan ere gisa horretan pentsatzen da?
Niri dagokidanez, eta beti nire ardura gisa sentitu dudan nireen estandarteari dagokionez, Atlantikoaren inguruko kontakizunen zaintza eta erreferentzia dakart. Munduko munstroetara ematen duen luzapena da zure irla. Eta etor daitezela goxotasunez ozeanoak gure oinetara.
Baina zugan beltza ere nabarmentzen da, konotazioz erabat biluzturik, eta su-eten baten modukoa da. Begien luzera.
Eta zure biltzaile eskuak aitzindarien oinordeko beroak dira eta ni, bidaiaren eramalea, teknikoa, aditua, irakaslea, nekatuta nator jadanik eta ez dakit, inoiz ez dut jakin.
3. Eguzkiaren zoramena
Zuen errotak ezagutu nahi ditut, zuen oparotasun erritualak, materia primaren asimilazioa.
Zuk nabigatzen ez dutenen errege zaharraren izena daramazu, amildegiez mende askotara, irlaren izena daramazu. Eta zure muskuluen guneren batean dago sumendiarekiko lotura ere.
Hala ere, tradizio gehiago gorde dut nik nire beldur guztietan.
Horretara nator,
Sumendiari beldurra galtzera nator. Munduko munstroei beldurra galtzera nator.
Eta egonaldi osoa gelditzen da oraindik eta hil edo sekula ez itzultzeko arriskua dut, baina
hantxe nago, nire zibilizazioaren beldurren biltoki den irla urrunean, eta bitartean, entzun egiten da inaugurazio danborren orroa.
EZ NABIGATZAILEAK |