|
ONDOAN ESERI ZITZAION autobusera igotzean ikusi eta bertan esertzea erabaki zuen lekua libre zegoelako eta neska gaztea zelako eta eder zirudielako aurpegi erdia estaltzen zion ilearen atzean
baina ez zuen kontuan hartu leku hori zela hain zuzen ere desegokiena hari begiratu ahal izateko
biratu beharra zuen era nahiko lotsagabean
gainera neskak burua apur bat okertuta zuen irakurtzen zebilen libururantz eta ileak aurpegia estaltzen zion justu bere alderantz
eta beraz bidaian ordu erdi edo hiru ordu laurden zeramatzanean eskuetako azazkal motz eta esmalte transparentedunak begi zeharka zaintzearekin konformatu behar izan zuen
arkatz bat zeukan eta harekin hartzen zituen oharrak orri ertzeetan letra bizkor eta txikia zuen miopiak galarazten zion zer idazten zuen bereiztea
ordu erdiz edo hiru ordu laurdenez eskuak begiratu zizkion hatz finak eta horrek neurrian nolabait ere zoriontsu sentiarazi zuen
nolabait ere triste
supituan neskak begirada altxatzen du aurpegia agerian utziz eta bera itzuli eta begira gelditzen zaio keinuari buruz neskak egin dezakeen interpretazioaren axolarik gabe
begirada garbia zuen eta lunarea justu ezkerreko begiaren azpian
baina autobusa heltzen ari zen mutilaren helmugara eta zutitu egin zen
nahasi xamar gidatu zituen bere urratsak aterantz
eta botoia sakatu zuen gidariari adierazteko hurrengo geldialdian jaisteko asmoa zuela
ONDOAN ESERI ZITZAION |