MAGALHAES
Eduardo Estevez

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2016

 

eta magalhães-i buruzko poema

zeina hasi baitzen munduari bira eman

eta espezien irletaraino iristen

oharkabean ailegatu zen

baleen lurrera

 

edo beren itsasora

esan behar nuke

 

negu lehorra zen

edo akaso ezin da

lurralde haientzako

bestelako oihalik imajinatu

 

imajinatu mundua mapek diotena

baino zabalagoa dela uste duzula

eta hartzen duzula itsasontzia

zeina txikia baita

ostertzarekin alderatuta

zein da zure ziurtasunaren neurria?

zein da ausardiaren eta zoriaren arteko muga?

 

imajinatu gizon txiki haren begiak

araucanía-ra iristerakoan

inmentsitate helkor hura guztia

 

irudika dezakezu

animalia haien aurrean

badia huts

eta bere

eta eder hartan

 

izua ala bakea

zer sortuko litzateke beren kantetatik?

 

baina magalhães-en patua

luzea zen oraindik

eta eutsi egin zion

ezohiko harmonia hari

eta bidaia ziurgabearekin jarraitu zuen

edo bere kemenaren muga

ikustatuko zuen akaso

izaki mugagabe haien aurrean

 

partitu zen

proa hegoalderantzago jarri zuen

bilatutako igarobidearen obesioan

 

topatu zuen

eta bere izena jaso zuen oinordetzan

eta pazifikoa izendatu zuen

muturrean zegoen ozeanoa

 

imajina ezazu gehiago ezinean

mundu ezagun osoa

gurutzatu ostean

eta ertzak inguratu eta gero

zer eta beste ostertz bat deskubritzea

are eta nekagarriagoa

 

aurre egin zion itsaso berri hari magalhães-ek

eta baita menpean hartu ere

baina halakorik jakin gabe hil zen

 

borrokaldiaren beroan

zeharkatu zuen lantzan

berriz entzun zuen

baleen kantua

hango hura

bere ostertza ote den

edo ez den

ziur jakiterik ez duenaren penarentzat

fondoko musika modura

 

MAGALHAES
Eduardo Estevez

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2016