![]()
|
19. Joan egingo zela jakin zuen egunean, telefono deien eta zorionen eta besarkaden eta muxuen aurretik, liburutegian geratu zuen autoa.
Jaistean, berokiaren hegalak altxa, eta desitxuratutako zebrabide bat gurutzatu zuen:
bi urte lehenago barrikada batek su hartu zuen bertan. Egun hartan bihurritu zuen suak asfaltoa eta erabat konpondu gabe utzi zuten geroztik; aurrekontu eskasen batek mantendu zion aipamena zoruan langile borrokari.
Gorrituta zituen belarriak udazken beteko hotzagatik, baina eskailerak igo, eta atea ireki zuenean, hango aireak, berogailu eta isiltasun aire trinko hark, artilezko eskuz hartu zuen.
Aldi hartan, beste aldietan ez bezala, atzean utzi zituen poesiari eskainitako apalak. Eta galdutako tituluen artean bilatu zuen hamazazpi urterekin Venezia uztea erabaki zuen gizon hari buruzko liburua.
Bidaiarien izaeraz jakin beharra zuelako bilatu zuen, ezinbestean deskubritu nahi zuelako alde egitearen ederra.
Lau ordu eman zituen han eserita.
Eta liburu hartan kontatutako guztien artean, garrantzi gabeko datu bat besterik ez zuen gorde beretzat, poltsikoan sartutako maskor bat bezala:
gustatu zitzaion Marco Poloren hirugarren alabaren izena Moretta.
4.
Bere etxean geunden eta, beraz, berari zegokion mahai-buru izatea.
Umeok txokolatezko turroia irensteko geneukan grinari begira-begira zegoen
eta eskutan hartzen zuen ardo kopa.
Bat-batean, ahotsa altxatu zuen.
Eguberritako afaloste hartan entzun nion. Bera ume zela, herriko denda batean, ziba handi bat zeukaten salgai, sua pizteko pinaburu bat bezain lodia.
Ez dut gogoan zenbat balio zuen. Errealak aipatzen zituen berak, nik inoiz ezagutu ez nituen txanpon haiek.
Baina grabatuta gelditu zitzaidan bi urte behar izan zituela diru hura biltzeko.
Hatzez inguratzen zuen kopa, bera zen istorioaren jabe. Eta hala kontatu zuen, berari garrantzizko zitzaizkion xehetasunak nabarmenduz, eta garrantzigabe iruditzen zitzaizkionak isilduz. Bihurritu egiten zuen kontakizuna, berak erabakitzen zuen haren esanahaia.
Horregatik, apenas esan zuen gauza handirik dirua lortzeko egin zituenei buruz. Borroka azpimarratzea zen garrantzitsua, heldu nahi zuen lekura heldu zela zehaztea.
Eta azkenean, poltsikoak arakatuta sosak bildu eta salmahai gainean jarri zituenean, begira gelditu zitzaion dendaria. Eta emakume hark esan ziona kontatu zuen, nik denboran zeharreko zulo batetik begiratzen nuen bitarten, desmemoriaren kandelaren ondoan kemenaren oinkada pera eroritako herentzia baten augurioa azalduko baligu bezala:
- Baina, mutiko, txanpon hauek jadanik ez dute balio.
19. |