BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            14

 

Ardi bidean bezala —

beherantz. Hiri astrapala.

Hiru neskatxa datoz guganantz.

Barrez. Malko bota ahala

 

barrez, — eguerdi betean

uhinez betez hesteak!

Gizon batengan, desitxuroso,

lotsagarri begiestean

 

malko horiek mazelan,

orbain bi diruditela

euri artean, lotsa emangarri,

gizon-brontzean bi perla.

 

Lehen malkoa, azkena,

niganantz jausten direnak.

Perlak izango dira malkook

nire koroan barrena.

 

Behakoa altxatzean,

bi begi euri atzean.

niri tinko so ageri dira

Venus panpinak! Batzea

 

estuago da oraino,

ohe-besarkadak baino,

Kantiketako Kantika zaigu

sartu ahoetaraino.

 

Txori ilunak gara gu,

Salomonek guri agur,

ametsaz gain gu, biok negarra

batera egiten badugu.

 

            * * *

 

Uhin hutsetan bezala

lainoz — makur eta apala —

isil-isilik, arrastorik ez —

ontzia hondoratu ahala.

 

Praga, 1924ko otsailaren 1a

Ilovistxi, 1924ko ekainaren 8a

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016