BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            5

 

Ezpainetako mugimendua.

Ziur — Baina hitzik gabe.

— Maite al nauzu? — Bai, hain seguru.

— Ez nauzu maite! — Nahigabez,

 

mozkor-mozkorrik, akaburaino.

(Arranoa lez begira):

— Barkatu, baina hau etxea al da?

— Bihotzekoa. — Hitzak dira!

 

Amodioa — hezur-haragiz.

Odolez blai den lilia.

Amodioa al da zuretzat

mahaikideen tertulia?

 

Ordu laurdena — eta etxera?

Gizon-andreen moduan?

Amodioa, zer da...

                         — Tenplua?

Orbaina hor da orduan

 

orbainez! — Ixo ni — Hordituen,

zerbitzarien talaian:

«Amodioa, — ia hautsi arte —

tenkatutako uztaia».)

 

— Amodioa — lokarri. Libre

gara ahoaz, bizitzaz.

(Arren: tamalik ez niri! Une

goxoan nizun irritsaz

 

galdegin mendi goiko ordua.

Mementoa — lurrunetan:

Amodioa — sutan opari —

beti-beti — debaldetan!)

 

Ahoa  — oskola zirriztu zurbil.

Irririk ez — Lista mina.

— Oroz gainetik, ohea dago.

— Ote diozu: osina?

 

— Atzamarrekin danbor soinua.

— Mendiak ezin mugiaraz!

Amodioa, hau da...

                          — Nirea.

Ulertu dut. Eta beraz?

 

            * * *

 

Tai gabe esku danborra haziz

doa. (Urkabea dena.)

— Abia gaitezen. — Noiz hilko garen

zain. Horixe errazena!

 

Hutsalkeriak albora: errima,

trena, gela, geltokia...

— Amodioa, hau da: bizitza.

— Ez, bada izen egokia

 

antzinatik...

                — Bai? —

                              Ahurren peko

oihal gisako arraina.

— Bagoaz? — Zein da bidea? Pozoi,

errail, berun — nahi adina!

 

Herio — hutsean! — Bizitza — aldiz —,

arrano begia lagun

zenturioiak tropa hondarrak

zenbatuz.

             — Apur dezagun.

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016