BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            4

 

Urre koloreko laino,

gasa hegan bagaraino.

Arnasten, ketan, zerk du axola

asko mintzatzeak baino?

Zer usain? Presa itzela,

bekatuekin epela:

... Salerosketa isilpekoak,

arroz hautsa dantza gelan.

 

Ezkongabea eraztunez,

zaharra gaztetasunez...

Guztiak irriz, txantxan dabiltza,

kalkuluen begirunez!

Diru xehe-lodi ahala,

zauri biloan bezala.

... Merkataritza ahaleginetan,

arroz hautsa dantza salan.

 

(Jiratuz: gurea dea

etxea? — Ez naiz jabea!)

Batek — txekeak sinatzen ditu,

besteak — musu guantean,

azkena — oski betelan

txaroletan ari dela.

... Salerosteko ezkontzak eta

arroz hautsa dantza gelan.

 

Zilarrezkoa adarra

leihoan — Maltako izarra!

Zenbat maitasun, zenbat fereka,

ukitzearen sugarra!

(Atzoko soberakinak,

ez bila ustel lurrinak!)

... Merkataritza trikimailuak,

dantzan dagi arroz irinak.

 

Katea ez al da labur?

Platino da, ez altzairu!

Hiruko kokospea duenez

zezenak txahala jan ohi du.

Azukrezkoa zintzurra

deabruak — gas muturra.

... Salerosketa gatazkatsuak,

eta arroz irin apurra.

Bertold Schwarz...

                         gizon aparta

denak lagundu behar-ta.

— Hitz egin behar genuke biok.

— Izango al gara ausartak?

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016