BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            8

 

Azken zubia da — beraz.

(Esku estu, ez galeraz!)

Zubia azken-azkena dugu

tartearen bukaeraz.

 

Ura — zeruan euria.

Txanponen kontaduria.

Egun — Karonte hila da Lethe

ibaiaren isurian.

 

Itzal — pean dago sosa.

Ez distira eta ez hotsa.

Itzal — gunean da hildakoa:

mitxoletan heriotza.

 

Zubia.

 

            * * *

 

Etsitutako maitaleentzat

babes aterpe azkena:

zubia, hortxe — pasioa lez:

lotura: tartean dena.

 

Kukutua naiz: berotasuna

saihetsean — uzkurtzen naiz.

Ez aurrez ezta ondotik ere:

tximista baten lehergaiz.

 

Besorik gabe, zangorik gabe.

Hitza dut doi hezurrean:

nire saihetsak babesa ohi du

hurkoen bero hurrean.

 

Bizitza osoa — saihets ondoan!

Han — belarriz — kalapita,

nola zuringoz jantz gorringoa,

nola larruz inuita,

 

elkar hertsatuz, elkarri gogor

lotuz. Siamdar bikotea,

Zer da — zuen arteko lotura?

Deituraz «ama» ote da?

 

Ahanzturaren deusez-guztia,

patxadaren ospakizun —

Hark — eramaten zaituen arren

hurrago ez datorkizu.

 

Zinez! Itsatsita! Egiatan!

Kulunkan zure golkoan!

Ni ez — naiz jausten! Urpean nabil

zure eskuaren zokoan.

 

Hertsatzen diot. Ez naiz banatzen,

banatzen... banaezin joaz.

Zubia zara, eta ez gizona:

maitale — urrunera zoaz!

 

Zubia zara, guretzat zubi!

Gorpuzkinak zure bazka!

Huntza bezala, erauz dadila,

kaparra — ari da hazka!

 

Huntza bezala! Kaparra legez!

Jainkoarren! Hau ankerra!

Albo batera jaurti bainauzu,

ez nauzu gauza alferra,

 

betidanik deitoratu baitut

munduko hondamendia!

Esazu orain, zer den ametsa!

Gaurik gau —egunsentian,

 

alban — Erromarako espresoa!

Granadarako bidaia?

Lumarik luma hustu dituzte

Mont Blanc eta Himalaia.

 

Hondo — gabeko amildegia:

odol isuri berria.

Ondo — ko ertzari entzuten dio!

Poema ez da egia.

 

Bero al zaude? Nor izango da

zure biharko andregaia?

Gezurra dela esazu! Esan

zubiak ez duela ja

 

amai — bidea...

                      Amaia.

 

            * * *

 

— Hemen zer? — Haurren orban gabeko

keinua. — Bai? — Zurrupaldiz.

— Oraindik apur bat areago:

izan dadila azken aldiz!

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016