BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            9

 

Lantegien hots ozenetatik,

deiak jaso du erantzuna...

Sekretu baten jabe ohi dira

senar-emazte-alargunak.

 

Arbolaz Ebak isildutako

historia adi ezazu:

Sabelean tiro egin dioten

piztia baino ez nauzu.

 

Sutan naiz... Nola larruak duen

arima guztiz peitua,

lurrundu zaigu zentzugabe den

heresia: arima deitua.

 

Gaixo zurbila, kristautasuna!

Lurruna! Senda ahal balitz!

Halakorik ez! Bazen gorputz bat,

besterik gabe bizi nahiz,

 

baina jada ez du bizi nahi.

 

            * * *

 

Barka ezazu! Ez nuen nahi!

Barrena dut negarretan!

Fusilatze zain den presoa lez

goizeko lau orenetan

 

xakean... Irriz zulotik beha

burlaizez zenbait presozain.

Peoiak gara xake-taulan, nork

mugituko gaituen zain.

 

Nork? Jainko onek? Edo lapurrek?

Zulotik begi berbera.

Metal hotsez pasilloa gori.

Xake-taula buruz behera.

 

Arto-bizarra errez, tu egin,

bazter guztietan tua.

...Orbanek zulorako bidea

zehatz dute markatua,

 

odolerakoa. Ilargia

ezkutuko begia da...

...................................

Eta albotik begira nago:

— Zein urruti zauden jada!

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016