BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            6

 

— Nik ez nuen nahi. Hori ez behintzat.

(Isilik egon: aditu!

Borondateaz — gorputz kontuan

elkar baitugu — espiritu

 

gaurtik aurrera...) — Bera mintzo zen.

(Bai, trena abiatzen denean,

andreak daude, kopak bailiran,

haustearen omenean...)

 

Eldarnioa ote? Oker entzun dut?

(Galaiki, lili modura,

ondra eman diozu odolez

burura dezan haustura...)

 

— Silabaz silaba hitzak garbi:

bana gaitezen gure oldez.

(Gozamen larregiko unean

zapi bat jausten den moldez...)

 

Gudu honetan zu zara Zesar.

(Eraso miserablea!

Garaikur gisa eskaini duzu

astindutako sablea!)

 

— Berean darrai. (Belarrietan

hotsak...) — Berriz makurtzen naiz:

hausturan aurreratu zait behingoz.

— Esaten al diezu maiz?

 

Ez du ukatzen! Hori bengantza,

Lovelaceren neurriko.

Keinuak ondra ematen dio,

hezurra du bereiziko

 

haragitik. — Irriz. Irri bidez —

Herio. Keinu. (Ez desio.

Desioz batek ondokoari

itzala egiten dio

 

gaurtik aurrera...) — Azken iltzea

tinko berunezko kutxan.

— Horra eskari azkena. — Arren.

— Hitzak ditzazula uxa

 

gutaz... Gutarik inori buruz...

(Ohatilan zaurituak

bedatsez eskatu ohi duena!)

— Hori nuen eskatua.

 

Oroigarritzat nire eraztuna?

—Ez. — Begirada pisuez,

noraezean. (Nola inprimatu

bihotzean, zigilu lez

 

zure eskuan... Dramarik gabe!

Hausnartuz.) Lasai ebatziz:

— Liburu bat nahi? — Besteen gisan?

Ez, ez zituzten idatzi,

 

liburuak...

 

            * * *

 

Beraz, ez da beharrezko.

Beraz, ez da beharrezko.

Negarra, ez da beharrezko.

 

Gu denok adiskidantzan

arrantzale alderraiak

negarrik ez — hobe dantzan.

 

Ez negar, edan ezazu.

Odol sutsuz ordaintzen da,

malko beharrik ez duzu.

 

Perlazko ardo edabea

urtuz gero — munduaren

norma — negarrik gabea.

 

— Banoa, beraz? — Sakon behatuz.

hezur gisan Arlekinak

fidela zaion Pierrettegana

duina ez den hasikina

 

aurtiki dio: finaren ondra.

Azken hitz. Oihala behera.

Berunezko apur batez bularra

litzateke gozabera.

 

Ahoa estututa...

                       behingoz,

hagin are garbiagoz.

Ez dut negarrik egingo.

 

Gaztelurik gogorrenak —

mamirik mamienean.

Negarrik gabe, bestenaz.

 

Alderraien ermandade,

hiltzen dira, negar gabe,

dena sutan, negar gabe.

 

Kantuaz eta errautsaz

gorpua da ezkutuan,

alderraien bide hutsak.

 

Lehena al naiz? Lehen urratsa?

Xake jokoaren eitez?

Urkaberako bidean ere

lehenak baikara...

                        — Fite,

 

ez begiratu, mesedez! — Hara. —

(Nola ninietaratu

turrusta biziz jausten ari den

euria?!) — Ez begiratu,

 

berriro diotsut!!!

 

Begiak gora altxatuz eta

ahots garbi eta itzelaz:

— Goazen, maitea, negar egiten

hasiko bainaiz bestela!

 

            * * *

 

Ahantzia nuen! Lapiko artean

(konplize — salerosleak)

garondo horaila distiran dago:

arto, gari, zekalea!

 

Laidoz —amazonaren biloaz!—

Sinaiko aginduak,

Golkondako altxor laketgarriak

urrezko ilez astinduak.

 

(Denontzat!) Naturaren altxorra

ez ohi da beti zekena!

Non da, tropiko ehiztariok,

bueltako bide zuzena?

 

Biluz lakarrak sortuak ditu

negarra eta kilika,

atsegalea urrezkoa da

eta irria ñirñirka.

 

— Ez, ala? — Kizkur, zintzilik beha.

Betileetan azkura.

— Eta batik bat — keinu lodia!

Kiribileko posturan.

 

O, janzki urratze imintzioa!

Zailago da jan-edana —

Irriz! Ez dago salbaziorik,

bai hartarako afana.

 

Beraz — neba-arrebak al gara?

Baturik muinetarako!

— Ez ahantz irria! (Lurpean baina

— irritan nago oraino.)

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016