BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            13

 

Harriaz zorrotz labana,

zerrautsa erratzaz bana.

Ileak, tantak, besterik ez da

ahur azpian dudana.

 

Non lehorra, adorea,

gizonen dohain parea?

Ez da euririk! Malkoak baino

ez dira nire ahurrean.

 

Tentaldien enkantean

ura da inportantea.

Eskuan zaizkit isurtzen zure

begien diamanteak.

 

Niretzat ez da galera.

Bukaeren bukaera.

Txerarik txera dabilkit orain

zure aurpegiaren txera.

 

Harroak gara itsastarrak,

baita ere poloniarrak.

Nire esku ahurren pean darizu

arrano begiz negarra.

 

Negarrez zaude? Laztana!

Barka! Nire zaitudana!

Zein gazia den gatza, eskuan

antzeman dezakedana.

 

Gizonen malkoak, zein latz:

nire buru gainean dzast!

Negar egizu, nik ostu lotsa

dadin berriro zuretzat.

 

Itsasoz bi arrain batera,

biek dute itsaso bera!

bizi gabeko oskolak gara

ezpainetik ezpainera.

 

            * * *

 

Aho sabaia

mingarratz da ja,

malkotan berau.

Bihar goizean

nolako haizeak

esnatuko nau?

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016