BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            12

 

Zaldi zurda trinko lez euria

begietan. — Mendi gainak.

Auzuneak desagertu dira.

Aldirian gara baina.

 

Hor dago — nahiz ez den gurea!

Amaordea — ez ama!

Beste inora ez nau eramango.

Heriotzara narama.

 

Belardia da. Hesiz itxia.

Bi neba-arreba zutun.

Hiri ingurua dugu bizitza.

Hiri erdialdetik urrun.

 

Jaun-andereok, horra tantoa,

jokoa are galduago!

Gainerakoan — dena aldiri!

Hiria non ote dago?

 

Malkoz, saminez, euria. Biok

tente elkarri ukoa.

Hiru hilotan hau izango zen

lehen buruz burukoa!

 

Jainkoak Jobi ez al zion ba

eskatu froga gisara?

Fruiturik, aldiz, ez zuen lortu:

Hiri inguruetan gara!

 

            * * *

 

Hiriko mugez at! Ulertzen? At!

Mugez gaindiko urrunean!

Bizitza — bizi ezin den tokian:

juduen auzo — unean...

 

Ez ginateke duinago izango

judu alderrai antzean?

Urde ez denak bizitzea du

juduen masa — kratzean.

 

Bizitza. Fede ukatzaileena!

Fedeetako judasak!

Legenardunen irlan! Utikan!

— nonahi dela! — bere kasa

 

bizitza, — judu kristautuek min;

ardiak — borreroari!

Eman didaten bizi baimena

ohi dut oinpera jaurti!

 

Oinpera! Oihuz Daviden armek —

Mendekua! — Gorpuez gain!

Hilen arteko bizimodua

juduek — ez al zuten nahi?

 

Ghetto gorena! Murru eta zulo.

Hemen errukirik ez da!

Txit kristaua den mundu honetan

juduak dira poetak!

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016