BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            7

 

Gerora — kaia, azkena. Amaia.

gure eskuak urrunegi,

urrundu diren auzoak legez

goaz. Ibai hegiz hegi —

 

lantuz. Beldur gabe miazten dut

merkurio gazi-gazia:

Nire malkoez zeruan ez da

Salomonen ilargia.

 

Zutoina. Zertaz ez jo kopeta

odolez husteko dina?

Elkarren beldur gaizkide, ihes.

(Amodioa — Biktima.)

 

Hara! Bi maitale dira? Gauez?

Banandurik? Beste ohean?

— Geroa hor dela ulertzen duzu.

— Burua atzerantz botea.

 

— Lotan! — Alfonbran ezkon berriak...

— Lotan! — Erritmoari gor,

ukitzeari. — Heldu eskutik!

Ez dezagun elkar zigor!...

 

Deskarga. (Eskurik esku — eskuan

arima.) Danba estuan,

hariak daude malko sukarrez,

— nire arima eskuan!

 

Heldu. Ortzadarra nonahi! Malkoek

irisatu? Eurietan,

perlarik perla, kaia bukatu

da. — Zubia dago:

                         — Eta?

 

Hemen? (Prest dago hilen autoa.)

Baketsu — begi hegaldiz

gorantz. — Hartuko al nauzu etxean?

Orain — azkeneko aldiz!

 

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016