BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016

 

 

            2

 

Nomadekin senideak, —

horixe ote da bidea!

Trumoia eta ezpata dira

burupeko partaideak.

 

Gure zain diren eleak,

izu-laborriz beteak,

etxea amildu egin da eta

horra elea: etxea.

 

            * * *

 

Umea galdu denean,

oihu egiten du: etxea!

Haur izan arren galdegin ohi du:

Emadazu hori! Enea!

 

Sexuaz gaude antzera,

sukar beroan batera,

denek etxetik ihes egin nahi

eta zu berriz: etxera!

 

            * * *

 

Zaldiak gogor bultzada,

soka hautsi da — Gora da!

— Baina etxerik ez dut ikusten!

— Hamar oinera, bat bada:

 

Muinoko etxea. — Ez al da

goian? — Muinoan hegalda.

Sabai azpian dago leihoa.

«Sutan al dago goiz-alba?».

 

Bizitzan berriz jarduna,

poemen erraztasuna.

Zer ote etxea, ez bada gauez

irteten uzten diguna?

 

(Nire pena-mindura, ai,

izotzaren berdeaz blai?...)

— Ez ote duzun gehiegi hausnartzen. —

Ongi pentsatuz diot: — Bai.

 

BUKAERAREN POEMA
Marina Tsvetaieva

Поэма конца (1924)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2016