Lurra murrizten ari zaigu
Mahmud Darwish
2000
euskaratzailea: Koldo Izagirre
«Ahalegina», 2004
KM kulturunea
Lurra murrizten ari zaigu.
Azken paisaian gaitu metatzen
eta geure gorputz-atalak kentzen ditugu sartu ahal izateko.
Lurrak agortu egiten gaitu.
A, lurraren garia bagina hil eta sortzeko!
A, lurra balitz gure ama
gutaz errukitzeko!
A, gure ametsak ispilu gisa
eramango lituzkeen harkaitzen irudiak bagina!
Ikusiak ditugu
arimaren azken defentsan
gutariko azkenak hilko dituenen aurpegiak
Dolua ekarri digute
haien seme-alaben zorionek.
Ikusiak ditugu
gure seme-alabak azken espazio honen leihoetatik
botako dituztenen aurpegiak.
Gure izarrak leunduko dituen ispiluak.
Nora joango gara azken mugaren ostean?
Nora egingo dute hegan txoriek azken zeruaren ostean?
Non egingo dute lo landareek azken airearen ostean?
Gorriz tindaturiko lurrinez
idatziko ditugu gure izenak,
eskua moztuko diogu kantuari geure haragiak osa dezan.
Hemen hilko gara. Hemen, azken pasaian.
Hemen edo non
bere olibondoan landatuko ditu gure odolak
Lurra murrizten ari zaigu
Mahmud Darwish
2000
euskaratzailea: Koldo Izagirre
«Ahalegina», 2004
KM kulturunea