Emakume oinutsa
Hildakoen Espirituek hitz egiten ote digute ametsen bitartez? Nahi nuke nahi hori sinistu. Koadernoan idatzi dut antzinatik hona nire gauak zamatzen dituen amesgaiztoa.
Ikasgelako ateak eskola-umeen oldea isuri du bat-batean, neskatxoak jantzi urdinak soinean, mutikoak kamiseta eta short kakiak. Ilara isila eratu dute, baina, ohi denaren kontrara, ez dira sakabanatu eskolako patioa eta azoka egiten den lubeta hautseztatua banatzen dituen eukaliptadia zeharkatutakoan. Denek hartu dute Gakoko kanpamentu militarrera jotzen duen pista, Burundiko muga aldera. Galdetu nahi nieke: “Haurrak, nora zoazte? Ez duzue etxera joan behar ala?”, baina badakit erantzuna, neu ere neskatxoen artean nagoelako, neu, Mukasonga, Candidaren, nire laguntxoaren ondoan, eta nire aurrean, eta atzean, hor daude Inmaculée, Madeleine, Speciosa, baita Alphonsine eta Viviane ere. Badakit lore bila goazela, hala eskatu digu aita onak meza amaieran: “Datorren igandean Sakramentu Santuaren jaia da, loreak behar dira aldarerako, eta askoz lore gehiago prozesiorako.” Eta Kendereresire katekistak esan digu lezioaren amaieran: “Loretan joan behar duzue, lore zuriak Jainko onaren aldarerako eta petalo asko Mariaren paseorako.” Eta Desiré maisuak, ikasgelatik atera baino lehen, hark ere errepikatu digu: “Ez ahaztu: loreak batu behar dituzue Gure Jaunaren aldarean ipintzeko eta ekisainduaren urrezko izpien aurrean botako duzuen petalo-euria egiteko”. Haurrak muino baten oinetan daude. Zuri-zuri dago muinoa. Lore zuriz josita. Haurrak lasterka dabiltza maldan. Ezin diet jarraitu. Orain ez naiz neska txikia. Oihuka hasi natzaie. “Ez zaitezte joan muino horretara, hartxintxar zorrotzak baino ez daude hor: Rebero da, hortxe hil zituzten.” Lore zuriek kulunka egiten dute haurrak pasatu ahala. Kirrinka egiten dute, garrasi, klask, karrak, egur iharrak legez. Belarriak tapatu ditut. Oihuka ari naiz. “Itzuli hona, umeok, itzuli hona.”
Elizan, haurrek erramuak, besokadak, adar zuri espalak daramatzate. Esan diet: —Ez dira loreak han batu dituzuenak. —Ez —esan dit Candidak—, ikusi ondo zer uzten ari garen Jesusen aldarean, Mariaren irudiaren aurrean. Jesusen aldarearen oinetan, Mariaren irudiaren aurrean, hezur metatxoak daude: Nyamatako gizonen, emakumeen, haurren hezurdurek tapizatu dute elizaren behegaina. —Ezagutzen dituzu? —galdetu dit Candidak—. Begiratu ondo, hemen dira, eta neu ere bai, eta zeuretarrak, eta Stefania. Ezagutzen al dituzu? Candida itzal gero eta lausoagoa da, eta haren ahotsa oihartzun urruna: —Ba al daukazu den-denak estaltzeko moduko oihalik. gu denok estaltzeko moduko oihal handirik.?
Emakume oinutsa |