Emakume oinutsa
I Haurrak salbatzea
Agian agintari hutuek —belgikarrek eta Elizak Ruanda independizatu berriaren buru jarritakoek— zera itxaroten zuten, loaren gaixotasunak eta goseteak apurka-apurka sarraskituko zituztela Nyamatako tutsiak. Tutsiak desplazatzeko aukeratu zuten eskualdeak, Bugeserak, nolanahi ere, abegi eskasekoa zirudien, “barnealdeko errefuxiatuen” biziraupena zalantzazkoa bihurtzeko modukoa. Hala ere, gehienek biziraun zuten. Adoreak eta elkartasunak sastrakadi zakarrari aurre egiten lagundu zieten, eskasia konpondu ez baina sikiera goseak ez hiltzeko adina emango zien lursail elkor bana lantzen. Eta apurka-apurka, errefuxiatuen txabola inprobisatuak herri bilakatu ziren —Gitwe, Gitagata, Cyohoha— eta jendea normaltasun irudi faltsua ematen saiatu zen, apenas lortzen zuena erbesteratzearen sufrimendu urragarria arintzea.
Alabaina, Nyamatako tutsiek laster ulertu zuten ustez baimendua zitzaien biziraupen prekarioa ez zela luzapen bat besterik. Han zeuden Gakoko kanpamentuko militarrak, herrien eta Burundiko mugaren artean, hurbil, tutsiei gogorarazteko ez zirela gizakiak, inyenziak baizik —labezomorroak—, eta egokia eta zuzena zela jazartzea eta, azken batean, suntsitzea.
Gakoko militarrak, oraintxe ere ikusten ari naiz etxera sartzen, kulata kolpez botatzen atearena egiten zuen txapa. Bila zebiltzan, hala esan zuten, Kigeri erregearen argazkiaren bila edota Burundiko nahiz Ugandako errefuxiatuek klandestinoki bidalitako gutunen bila. Hori, jakina, aitzakia hutsa zen. Nyamatako desplazatuak aspaldi-aspaldian arduratu ziren paretik kentzen ataka gaitzean jar zitzakeen edozer.
Ez dakit zenbatetan etorri ziren soldaduak gure etxeak triskatzera eta bizilagunok izutzera. Bortizkeria horiek guztiak eszena bakarrean finkatu ditu nire memoriak. Behin eta berriz pasatzen den film batean bezala. Irudiak, beti berberak, orduan nintzen neska txikiaren beldurrak grabatu zituen neure amesgaiztoak hornitzeko.
Lehenbizi, eszena baketsu bat azaltzen zait oroitzapenen artean. Familia osoa gaude gela bakarrean, sutegiko hiru harrien inguruan. Opor luzeetan da, uztailean edo abuztuan, urtaro beroan, André eta Alexia ere badirelako; kolegioan egoten dira bestela, Nyamatatik urrun. Gautu du, baina ez da ilbeterik, ez gaude patioan-eta, etxearen altzealdean, ilargiaren argitasuna aprobetxatzearren. Dena iruditzen zait bare, harrigarriro, militarren bisita basatirik sekula izan ez bagenu bezala. Antza denez, amak ez ditu oraindik hartu geroago aipatuko ditudan neurri bereziak. Dagokion tokian ikusten dut bakoitza. Stefania, gure ama, kokoriko bere esteran, patiora jotzen duen hormaren kontra. Alexia sutondotik gertu-gertu, kolegiotik ekarritako liburua sugarren argi dardaratian irakurri nahian akaso, akaso plantak egiten. Ez dut aita bereizten gelaren beste aldean, erditzaletan, baina sekula ez amaitzeko moduan garantzen ari den arrosarioaren murmurio monokorde eta nekagaitza entzuten dut. Julienne, Jeanne eta hirurok bata bestearen ondoan estutu gara pistara jotzen duen sarrerako atetik hurbil. Amak batata platera ipini berri digu aurrean, bakarra denontzat. Baina ez gara afaltzen hasi oraindino. Andréren ezpainetatik zintzilik gaude, etxeko aulki bakarrean jesarrita bera, Antoinek, gure nebak nagusiak berariaz harentzat egindakoan, ikaslearentzat, mutilarentzat, familiaren itxaropenarentzat. Kolegioko pasadizoak kontatzen ari zaigu, eta guretzat mundu urrun, bitxi, eskuraezin batetik etorritako albisteak dira horiek, eta albisteok barreka ipini gaituzte, barreka, barreka. Eta tupustean sarrerako txaparen burrundara: ez daukat astirik ez bada ahizpatxoari oratu eta alde baterantz apartatzeko aurpegia igurtzi dion bota saihestearren, batatak zapaltzen eta metalezko platera kartoizkoa balitz legez mailatzen ari den bota hori. Txiki-txikia izan nahi nuke, lurrean hondoratu. Nire soin-oihalaren mutur batekin ezkutatu dut Jeanne, bere negar-zotinak ito nahi ditut eta, begiak goratzean, hiru soldadu ikusi ditut saskiak eta treskak iraultzen eta sabaitik esekitako esterak patiora jaurtitzen. Soldaduetako batek Andréri heldu dio, aterantz darama arrastaka (iruditzen zait nebaren gorputza ikusten ari naizela indarka, geldo-geldo desfilatzen nire aurpegiaren parean), eta aita oldartu egin da militarra geldiaraziko duelakoan, eta amaren garrasiak entzun ditut, eta Alexiarenak. Indar guztiekin itxi ditut betazalak ezer ez ikusteko. Nahas-mahasa da dena, lurraren sakonenenan hondoratu nahi nuke. Isiltasunak bultzatu nau begiak irekitzera. Aitak lagunduta, André zutitzen ari da, gorputz osoa minberaturik, jipoia hartuta. Ama eta Alexia lurrean sakabanatutako babarrunak batzen ari dira. Orain aldameneko etxean dira bota hotsa, garrasiak, negar-zotinak, treska hautsien zalaparta. Gure amak ideia bakarra zeukan buruan, asmo bera egunean-egunean, bizitzeko arrrazoi bat besterik ez: seme-alabak salbatzea. Horretarako, estrategia guztiak lantzen zituen, taktika guztiak esperimentatzen. Ihes egin beharra zegoen, ezkutatu beharra. Jakina, onena ihes egin eta gure soroa inguratzen zuen sastrakadi sasitsu zarratuan ezkutatzea zatekeen. Baina astia behar zen horretarako. Ama zaratei zelatan egoten zen etengabe. Magiko etxea erre ziguten egunetik, halako gorrotozko zurrumurrua entzun zuenetik guregana etorritako erle talde izugarri baten burrunbaren antzekoa, seigarren zentzumen bat garatu zuen, nik uste, ehizakiak uneoro duen alerta egote hori. Oso urrunetik antzematen zion botek pistan egiten zuten hotsari. “Aditu, esaten zuen, hor dabiltza orain ere”. Guk belarria zolitzen genuen. Auzotarren zarata ezagunak, sabanako betiko xuxurlak, besterik ez. “Badatoz, esaten zuen berriz amak, bizkor, ezkutatu, bizkor.” Eta askotan keinu bat egiteko denbora izaten zuen juxtu-juxtu. Gu arineketan joaten ginen sastraka artera eta, laster ere laster, pistaren muturretik zetorren patruilari erreparatzen genion ezkutalekutik, eta dardaraka galdetzen genion geure buruari ea etxean sartuko ote ziren, ea gure ondasun apurrak lauskitu eta harpilatuko ote zituzten, basarto edota babarrun saskiak, erreserba gisa zuhurtzia gutxirekin gordeta geneuzkan artaburu banakak.
Baina dena aurreikusi beharra zegoen: soldaduak amaren belarri finak sumatu baino azkarrago azal zitezkeen. Horrenbestez, sastrakadira iristeko astirik izango ez genuen kasurako, amak basalandare mordo handiak utziak zituen labore lurren erdian, belar ihar metak, zuhaixka aldrebesen bat, gu, neska txikiok, bertan kukutzeko alerta egoeran. Sastrakadian, amak, begiz jota zeuzkan bere ustez seguruenak ziren ezkutalekuak. Kontuan hartu zituen hartz inurrijaleen zulo sakonak. Ziur zegoen gu sartu ahal izango ginela hara barrura irristaka eta, badaezpada, Antoineren laguntzarekin, galeria zabaldu zuen, eta gero sarrera kamuflatu, gainean belar eta adar piloa jarrita. Jeanne are txikiago bihurtzen zen inurrijalearen botxoan sartzeko. Amaren aholkuak eta animoak gorabehera, ez zuen beti lortzen. Urduri samar, behin galdetu nion Stefaniari ea zer gerta zitekeen inurrijaleak bere etxera sartu nahi izanez gero. Ahaztu egin zait zer erantzun zidan. Amak ez zuen ezer uzten zoriaren eskuetan. Maiz, gauerakoan, entsegu orokorra eginarazten zigun. Horrela, zehatz-mehatz jakingo genuen nola sartu sasitza lodian, nola murgildu belar iharren artean. Pistako bota hotsak eragiten zigun aztoramendua gorabehera, erratu gabe zuzentzen ginen oihanpera edo zokozuloetara, eta hantxe ezkutatzen amak irakatsi bezala.
Desplazatuon etxolek ate bakarra zeukaten eta pistara ematen zuen. Ihesa errazteko, amak beste ate bat egin zuen, soroaren eta sastrakadiaren aldera. Ate horrek, ahal zen moduan disimulatua amak apailaturiko sasi arteko zuloak legez, ez zuen laster ezertarako balio izan. Helikopteroei esker inyenzien —Burunditik etorritako errefuxiatu tutsien— inkursioari aurre egin eta gero, Gakoko militarrak ez zebiltzan merkezurrean eraso eta segada kontuan. Aurrerantzean arriskua berdin etor zitekeen pistatik nahiz sastrakaditik, eta gure ezkutaleku arantzatsuak ez ziren jada amari lasaitasuna ematen zioten gotorleku menderaezinak. Horrenbestez, etxean bertan ezkutatzeko txokoak prestatzen ahalegindu zen ama. Pezuzko hormen kontra treskatzarrak jarri zituen, saski handiak, garautegiak bezain garaiak, Julienne eta Jeanne haien atzean lerratzeko soldaduak bet-betan agertuz gero. Ni ordurako hazitxoegi nengoen tresken sabel beltzen edo saskien soslai dotorearen atzean ostentzeko. Irtenbide bakarra nuen gurasoen ohepean etzatea. Ezkutalekuok gu trankiltzeko ziren gehienbat, ezingo zutelako inor engainatu, are gutxiago militarrak, gu ostikoka ateratzeko irrikaz etortzen baitziren, labe-zomorro edo suge txiki deituta.
* * *
Ama ez zen egoten inoiz konforme bere biziraupen planekin. Kamuflajeak nola hobetu pentsatzen jarduten zuen taigabe, nola prestatu beste babesleku batzuk. Baina bere baitan ondo zekien gure biziraupena bermatzeko asilo bakarra muga zeharkatzea zela, Burundira abiatzea beste tutsi askok ordurako egin bezala. Hala ere, aukera hori ez zuen inoiz aintzat hartzen bere buruarentzat. Ez aitak ez amak ez zuten sekula pentsatu deserriratzeaz. Uste dut erabakita zeukatela Ruandan hiltzea. Bertan hilko ziren, bertan erailko zituzten. Baina haurrak ez, haurrek onik atera behar zuten. Horrexegatik, premia larrian Burundira ihes egiteko plana prestatu zigun amak. Bakar-bakarrik menturatzen zen sastrakadian, muga aldera zer bidezidorrek jotzen zuten ikertzera. Seinaleak jartzen zituen eta, guk, zergatia ondo ulertu gabe, arrasto joko hartan parte hartzen genuen haren zuzendaritzapean.
Etxean dena zegoen prest noiznahiko irteera handirako: Nyamatatik heldutako sarraski baten zurrumurrua, gauean aditutako fusilamendu hotsak, zelulaburuaren mehatxuak, herritar baten atxiloketa. Beti egoten ziren batata batzuk, bananak, basartardoz beteriko kuiatxoa, denak oihaltxo batean batuta. Ihes egin eta Burundira joateko bidezidorra topatzen zutenentzat izango zen fardel hori. Exiliorako biatikoa zen, eta ahizpak eta hirurok begiratu ere ez genion egin nahi izaten, zain genuen zoritxarraren iragarpena zelako.
Baina amaren kezkagarria Alexia eta André ziren. Ez ziren gurean. Kolegioan zeuden eta oporretan soilik etortzen ziren. Amak okerrena irudikatzen zuen: egunen batean, Alexiak eta Andrék, kolegiotik itzuli eta ez zuten inor topatuko etxean. Etxea birrinduta egongo zen, erreta, ama bera eta Cosma hilda. Hiru alabatxoetatik batek edo bestek, hori espero zuen berak, lortuko zuen hiltzaileengandik ihes egitea, Burundiko bidea topatzea. Baina zer gertatuko zitzaien Andréri eta Alexiari? Indarrak suspertu beharra izango zuten kolegiotik ibilaldi luzea egin eta gero, indar nahikoa bildu segituan mugarantz abiatzeko eta bideko arriskuei aurka egiteko: patruilei, elefanteei, bufaloei. Orduan, biekin adostutako tokietan, harri baten azpian, enbor baten parean, amak jatekoak lurperatzen zituen, babarrunak, batatak. Nik lagundu egiten nion zuloa egiten, belar mehez tapizatzen, airea sartzeko zirrikitua uzten. Baina, jakina, hornigaiak berritu egin behar ziren txitean-pitean eta amaren maitasunak lurperatutako janari alferrik galtzen hasiak jaten ohitu ginen.
* * *
Beharrezkoa zen, ezeren gainetik, ezustean ez harrapatzea eta, gure amarentzat, berebiziko garrantzia zeukan inguruetan gertatzen zenaz jakitun egotea. Lehenik eta behin, Nyamatako berriak, hantxe zeudelako udala, misioa eta bere eliza handia, azoka. Amak galdera asko egiten zizkien handik zetozenei, atxiloketa edo hilketa boladaren bat ba ote zetorren iragartzen zuten zantzuen bila. Entzun al du inork zer edo zer alkatearenean izandako batzar bati buruz? Erreparatu al dio baten batek udaletxe aurrean Kigalitik etorritako autotzarren bati? Ikusi al du inork kamioi militarrik Nyabarongo gaineko burdinezko zubia zeharkatzen? Egon al da batzarrik azokan, edo liskarrik? Zer entzuten da kabaretetan? Eta mezan, sermoian, aita Canoni ez al da aski luze mintzatu lagun hurkoarekiko maitasunaz? Eta zer kontatzen du irrati postua duen maisuak? Stefaniak tentuz ebaluatzen zuen informazioa, esamesak deszifratzen zituen halaxe barrundatzen zuen arriskuaren berehalakotasuna edo arriskurik eza.
Beharrezkoa zen, halaber, auzaterian gertatzen zenaren berri izatea. Amak susmoa zeukan auzokoak Burundira ihes egiteko prestatzen ari zirela berari ezer esan gabe. “Edozein goizetan, esaten zuen hasperenka, esnatu eta bakarrik egongo gara. Denak Burundira baietz joan guri ezer esan barik”. Amaren susmoak Pancracek eragiten zituen batik bat, aldamenekoak, isilpean zebilelakoan ihesa antolatzen. “Pancrace maltzurra da gero, esaten zuen, aurkituko zuen familia salbatzeko modua, baina ezetz inori ezer esan”. Su bila zihoala-eta (nahiz eta goizean jaiki eta batera egiten zuen estraineko gauza zera izan, errautsen azpian ilintia gori ote zegoen ikustea) edo gatz pixka baten edo babarrun eskukada baten eske, edo beste edozein aitzakiarekin, auzokoaren etxera sartzen zen eta diskrezioz konprobatzen zuen hango ezerk ez zuela epe laburrera abiatzeko asmorik iradokitzen. Amari otu zitzaion Pancracek tunel bat eginda zeukala sastrakadiraino, eta Antoinerekin ekin zion zuloa egiteari gurasoen ohepean. Asteburuan Karamako Nekazaritza Institututik etorri orduko —hantxe lan egiten baitzuen, lorezain—, eta oinez egin berri zituen hogei kilometroen nekea arintzeko astirik eman gabe, amak aitzurra jartzen zion eskuan eta, zuloaren ertzean arrimatuta, Antoine astiro-astiro hondoratuz zihoala, taxututako planak burutzeko jarraibideak ematen zizkion. Antoineren zorionerako, tunel operazioa burutuezina azaldu zen laster eta lanak bertan behera geratu ziren. Hala ere, ama ziur zegoen Pancracek eraturik zituela, inori ezer esan gabe, beste plan askotxo bere bizia eta bere familiarena salbatzeko.
Amak ez zion inoiz uzten erne egoteari. Gauean areagotu egiten zuen zaintza, afalorduan. Izan ere, soldaduak gehienetan gau-txintan eta noiz edo noiz egunsentian sartzen ziren gure etxeetan derrepentean, triskantzak egin eta bizilagunok ikaratzera. Ez zion, beraz, arretarik egiten denon artean jateko zen babarrun edo banana platerari. Stefaniak ez zuen sekula gurekin jaten. Guk jan bitartean, soroaren mugaraino joaten zen zalu, sabanaren ertzeraino. Luze egoten zen sasiei adi, belarria erne hotsik bakanena hautemateko. Patruilan zebiltzan militarren uniformeei erreparatuz gero, itolarrian etortzen zen etxera, esanez: “Twajwemo —ez gaude bakarrik—.” Orduan isildu egiten ginen, mugitu ez, ezkutalekuetan murgiltzeko prestatu, gau horretan behintzat salbatzeko esperantzarekin.
Dena normal begitantzen bazitzaion, geuri adi egoten zen puska eder batean, txintik esateke. Pozez betetzen zen bere haurrak jaten ikusita. Berak salbatu zituen seme-alabak gosetetik, bageseren artera lan egitera joan eta lan tinkoaren bidez sastrakadi lakarra landatuta batata apur batzuk eskuratzearren. Egunero egiten zion iruzur patu gupidagabeari, tutsiak izateagatik suertatutako patuari. Eta haurrak bizirik zituen artean ere albotxoan. Lapurtu egin zizkion heriotzari. Hiruroi so egiten zigun, Julienneri, Jeanneri, Scholastiqueri. Gau horretan bizirik geunden. Akaso ez zen beste gaurik izango.
* * *
“Ruandan, esaten zuen amak, emakumeak harro egoten ziren umeak izateaz. Ume asko. Batez ere mutilak. Baina Nyamatan beldur-ikaraz ekartzen dituzte mundura. Ez beraiengatik, bai umeengatik. Batez ere mutilengatik. Badakite hil egingo dituztela. Egunen batean, goiz edo berandu, hil egingo dituztela. Begira Gaudencianari, parean bizi denari, zoriontsu eta harro behar luke. Zazpi ume dauzka. Zazpi mutil. Zer besterik desio lezake emakume batek? Alabaina, tristuraz begiratzen die semeei, etsipenez. Ez ditu bistatik kentzen. Ezergatik ez du nahi urruntzerik, eskolara ere ez ditu bidali nahi izan. Ez ditu ezta ur bila ere agintzen, beldur delako Cyohoha aintziratik bueltatuko ez ote diren. Sekula ez dira joan Nyamatako azokara, ematen du ez dutela beste zereginik heriotzari itxarotea baino. Mutilak eta mutilak, eta kito. Baina emakumeei, alabei ere helduko zaie txanda. Badakizu nola hil zuten Merciana.”
Merciana nola hil zuten, hori mundu guztiak ikusi zuen Nyamatan, hileta mezara joan ziren denak, eta orduan emakumeek ulertu zuten ez zeudela seme-alabak baino salbuago. Desplazatuak Nyamatako eskolan pilatuta zeudenean gertatu zen hori. Familiek txabolatxoak egin zituzten patio zabalean, ikasgeletako sastarreria saihesteagatik. Magiko familia garrantzitsu batekoa zen Merciana. Beste guztiok bezala Nyamatara deportatu zituzten, baina aitak, hiltzeko amenazuak zirela-eta, Burundira ihes egin zuen. Merciana zen familiaburua benetan: “eboluzionatua” zen, orduan esaten zen moduan. Ez dakit zer eskolatan ibili zen, baina bazekien irakurtzen eta idazten. Idazten jakitea arriskutsua da zure aita Burundira erbesteratu baldin bada. Susmopean geratzen zara segituan, Ruandara itzultzeko prestatzen ari diren tutsiekin kolaboratzen ote zabiltzan, mugaren alde honetan kolpea saiatuko luketen horiei informazioa pasatzen dien espioia ez ote zaren. Eta agian armak ere izango dituzu ezkutuan. Alkatearen zimarroia maiz etortzen zen Mercianari galdeketa egitera, txosna miserablea miatzera. Guk Mercianaren neba-arreben negarrak, amaren erreguak entzuten genituen. Eta gero, egun batean, bi militarrekin etorri ziren. Hartu zuten Merciana. Patioaren erdiraino eraman zuten, mundu guztiak ikusteko tokira. Oso-osorik biluztu zuten. Emakumeek soin-oihalen azpian ostendu zituzten haurrak. Bi militarrek fusilak zuzendu zituzten. “Ez zeuden bihotzari begira, esaten zuen amak behin eta berriz, bularrei begira baino, bularrei. Zera esan nahi ziguten emakume tutsioi: `Ez bizirik eman umeei, heriotza da-eta ematen diezuena mundura ekarrita. Orain ez zarete bizi-emaile, herio-emaile baino'”.
Emakume oinutsa |