Emakume oinutsa
VI Ogia
Nyamatan, ogia hasieran sendagaitzat hartu genuen. Oso gaixo zeuden haurrei emateko erremedioa, larrialdian, beste erremedio guztiak, labamenduak, lorategiko nahiz sastrakadiko sendabelarrak, magenduaren drogak, eta zuriek ekarri eta sendakuntza miragarriak obratzeko ospea zuten produktu exotiko eta arraroak —arroza, tea— agortutakoan ematekoa. Horien guztien arteko ezerk eraginik izan ezean, inolako hobekuntzarik igarri ezean, ez zen ogia besterik geratzen hilzorian zegoen txikiari emateko. Azken baliabidea zen. Baina ogirik ez zegoen Nyamatan, Kigalira joan behar bila. Orduan aita hiriburura abiatzen zen. Ez zen txango laburra, bi egun joan, bi egun itzuli. Kigalin, aita ez zen joaten greziarren okindegira. Hango ogia zurientzat zen. eta boyentzat, goizean goizetik paratzen baitziren ilaran patroien gosarirako gurinez igurtzitako ogi-xerrak eta briocheak erostearren. Kafearen uztatik ateratzen genuenaren zati eder bat beharko genukeeen guk greziarren ogia erosteko. Aita azokara joaten zen. Emakumeak izaten ziren han, beraiek egindako ogia saltzen. Opil txikiak ziren, ukabilaren tamainakoak-edo, eta maniokazko opilaren kutsuko mami likatsu eta itsaskorra zeukaten. Aita ez zen tratuan aritzen: traturik ez zure haurra sendatuko duen ogiaren gainean. Lau opil txiki erosten zituen eta segituan hartzen zuen Nyamatarako bidea itxaropen sendoarekin, ogi hain preziatuak etxeko gaixo txikia sendatuko zuela eta.
* * *
Baina hara non halako egun batean ogia iritsi zen Nyamatara. Nyirabazungu izan zen —Zuriena Den Emakumea—, beste era batera esanda Kilimadame, edo Iamadame, ogia Nyamatan sartu zuena. Nyirabazunguk, izenak adierazten duenez, Kigalin lan egiten zuen bazunguentzat, zurientzat. Madameren seme-alabak jagoten zituen. Baina bazuen, gainera, emakume bati buruz honetara esan badaiteke, soka ugari arkuan. Horren froga, hainbat seme-alaba, aita ezagunik gabekoak eta amona zaharraren esku utzitakoak Nyamatan hazteko. Hori ez zuten begi onez ikusten herrian, aita ezezaguna zuten haurrak zoritxar-ekarletzat jotzen baitzituzten. Orotariko jarduerei esker, Nyirabazunguk batu zuen diru pilatxo bat Nyamatan negozioa irekitzea ahalbidetu ziona. Itzela izan zen. Gizonek, esan nahi dut udalerriko funtzionarioak eta diru apur bat zeukaten irakasleek, ez zuten begirik harentzat ez bazen. Ama familiako duinak suminduta zeuden emakume libre haren modu libreekin, laster ipiniko zituela-eta bikoteak arriskuan. Guk, neska txikiok, erreserbarik gabe miresten genituen Kilimadameren ibilera eta janzkera. Kigali osoa, hiriburu osoa gureganaino jaitsi izan balitz bezala, halako zerbait zen hura. Kikimadameren moldean eragiten genien zinbulu-zanbulu gure popatxoei, inola ere lehiatu ezin arren haren atzealde irtenarekin. Haren soin-oihal ñibirri-ñabarrak tirriatzen genituen, haren zapata takoidunak. Hala ere, foularda buruan lotzeko estiloa antzeraezina zuen, Sinabwanarena —Gizonik Ez Duen Emakumearena—. Zinez, izan ere bazen Kilimadame, Iamadame! Eta gu seguru geundenez ezin zitekeela izan Madame izeneko emakume zuririk, bat eta bakarra izan ezik, orduan harrotzekoa zen Nyamatan sikiera gure Iamadamea edukitzea! Kilimadamek denda bat ireki zuen Nyamatako azoka-plazan. Salgaiak ziren, beste denda guztietan bezalaxe, Primus paregabea, Fanta laranja, Fanta limoi, zigarreta paketeak, xaboia. Baina Kilimadameren dendan, eta horra hor iraultza, ogia ere bazen. Kilimadamek ogia egiten zekien, Kigaliko azokako emakumeei ikusita, eta dendaren atzean labe bat eraikiarazi zuen. Eztarri gorrizta hartan sartzen zituen opil kolorgeak, belar zimelaren kolore ederrekoak ateratzeko. Candida eta bioi asko gustatzen zitzaigun Kilimadameri begira egotea okintzan, nola egiten zuen orea, nola zabaltzen, nola ematen zien forma opiltxoei. Ez ginen bakarrak. Umeteria handia batzen zen beti Kilimadameren labe inguruan, eta opilak ateratzen zituenean, begi guztiek jarraitzen zieten inoiz jan ez baina ikuste hutsarekin beste mundu batera, Nyabarongotik haraindi, galazota zeukaten mundu askoz zoriontsuago batera eramaten zituen ogi haiei. Kilimadameren dendak gora egin zuen, hazi egin zen eta “hôtel” bihurtu. Hotel bat, Ruandan, ez da lotarako gela eske joateko tokia, cabareta baizik, garagardoa, brotxetak eta, noizetik noizera, sukaldaritza “zibilizatua” zerbitzatzen den toki bat; hau da, palma-olioz apailatua. Gizonezkoak —garrantzitsuak, kargudunak— bertan elkartzen dira iluntzetik aurrera. Hantxe errepikatzen dira, gaua luzatu bezain-batean, herriko istorio berberak, hiriburutik heldutako albisteak komentatzen dira. Aspergarria izaten da sarritan. Baina benetako gizona izan nahi duenak bertan egon behar. Kilimadameri esker, Nyamata pauso bizian sartu zen zibilizazioan, baina berrikuntzek kalte egin zioten desplazatuen komunitateak ordura arte erakutsitako elkartasunari, eta bazterrak nahasteko gogoa eta susmo txarrak piztu zituzten familien baitan. Jakina, ogi-erosleak gutxi ziren. Desplazatuen artean, irakasleak, esku bateko atzamarrekin zenbatzeko beste, etxeko alaba senar zuriduna zutenak, “Ruandan” seme bat edo alabaren bat zeukatenak, lan eta guzti, kasualitatez. Harro egoten ziren pribilegiatuen seme-alabak beste guztien aurrean ogia geldi-geldi janez, astia hartuta, mamia arrandikeriaz mamurtuz, banatzeari uko eginez, lagunei ezta papurren batzuk ere emateke, lagunek, triste eta haserre, ezikusiarena egiten zuten artean. Eta aparte, Kilimadameren hotelak susmopean jartzen zituen Nyamatako azokara joan eta egur-azaoa edo banana mulkoa saltzeko boluntario agertzen ziren gizon guztiak. Zer egingo zuten, aita familiako jasekoari dagokion moduan salmentaren etekina oso-osorik eraman etxera, ala xahutu egingo ote zuten zati bat, zati eder bat, Kilimadamerenean, garagardoa edaten, mundu guztiaren aurrean brotxeta bat jaten eta, beharbada, eta horra hor tripazalekeriaren eta egoismoaren gailurra, opil bat bakarka gozatzen! Stefaniak zelatatu egiten zituen Gitagatako gizonak. Batzuk “tripazorroen” kategorian sailkatzen zituen, bekatu burua Ruandan, batez ere gizonen kasuan. “Orain ere joan da Kilimadamerenera ogia jatera”, esaten zuen marmarka, auzokoren bat ikusten zuenean azokatik ohi zuen ordua baino beranduxeago iristen. “Kilimadamerenean ogia jatea” labe inguruan eseritako txikiok irudika genezakeena baino askoz traizio larriagoa zen Gitagatako emakumeentzat.
* * *
Nyirabazungu alias Kilimadameren ogi-opila, pentsatzekoa den moduan, ikasle on guztien saria bihurtu zen. Klaseko hoberenarentzat erreserbatua. Ama guztiek ekin zioten saldu ahal zuten guztia saltzeari, bananak, babarrunak, kakahueteak. Sakrifizioaren sakrifizioz, pilatu zuten altxor txiki bat, beti aldean, soin-oihalaren korapiloan gordetzen zuten dirutxoa. Hari esker erosiko zuten, eguna iritsita, gelako laudatuenarentzat, sari halabeharrezkoa. Ama batek ere ez zeukan zalantzarik, eta Stefaniak gainerakoek baino gutxiago, egunen batean seme-alabetako bat gelako onena izendatuko ziotenik. Beldur bakarra zen ohore hori haur batek baino gehiagok aldi berean izatea, kasu horretan ez zuelako diru nahikorik edukiko bakoitzari bere opil hain merezia erosteko. Emaitzak handiriko iragartzen ziren hiruhileko bakoitzaren amaieran. Eskolako patio handian izaten zen hori, hantxe non, urte batzuk lehenago, deportatuak aparkatu zituzten, hantxe non, ikasgeletako batean, Stefaniak Julienne ekarri zuen mundura. Baina noten proklamazioaren egunean irudi gaizto horiek ezabatzeko ahaleginak egiten zituzten eta ez zieten jaramonik egiten irakasleei baino. Irakasleak, zuzendariaren seinalearen zain, zerrenda eskuan, patioaren erdian egoten ziren zutunik, ikasleak bueltan-bueltan zituztela, gurasoak erne, artega, atzeko partean elkarren kontra estututa: amak soin-oihalaren korapiloari ukituka, txanponen eta billete zimurren gordailuari, itxaropena jarrita zeukaten semeari edo alabari gustua emateko askatu nahi zuten korapiloari ukituka; eta aitak makilan bermatuta, seme-alabei amenazu egiteko erabiltzen zuten makilan. Ez zituzten, bada, beren izenak klaseko atzen hiruren artean aipatuko gero! Harro egoten zen bai, klaseko aurrena, ez noten bikaintasunagatik, baizik eta amak, begitartea dardaraz emandako txanponekin Kilimadameren dendan ogia erosteko pribilegioa lortu izateagatik. Ume aldrak jarraitzen zion atzetik zalapartaka. Saritua etxe aurrean jesartzen zen. Mundu guztiak bera ondo ikusteko tokian. Edo bestela, txoko estrategiko bat aukeratzen zuen, termitategi bat nahiago, gutako bakoitzak bera ikusi eta miretsi ahal izateko, miretsi batik bat ogi-opil txiki hura, eskuan luzaz edukitzen zuena dastatu aurretik. Papurrez papur jaten zuen, baina mami bigun eta zaporegabea barik, eskolakideon miresmen inbidiaz blaitua ahalik eta luzekien dastatzea zitzaion gozatsuena.
Neuk ere izan nuen Kilimadameren ogi-opila jasotzeko eskubidea. Behin, behin besterik ez. Lehen hezkuntzako laugarren mailan izan zen, Roserekin. Maistrak nire izena esan orduko amarengana oldartu nintzen, eta amak, poz-malkotan, soin-oihalaren korapiloan bola bat eginda zeuzkan billeteak eman, eta ni hegan joan nintzen, hegan, eskolako patioaren eta Kilimadamek denda zeukan plazaren artean zegoen eukaliptadiaren gainetik. Baina hain sutsuki irrikatutako opila eskuan hartu nuelarik, ez nintzen kapaz sentitu bakarka jateko, tripontzi baten moduan: amari eman nion erdia, eta Jeanne eta Juliennerekin partitu nuen beste erdia. Candidak, nire laguntxoak, lanean beti fin jardun arren sari gorena eskuratzerik izan ez zuenak, hark ere jaso zuen zatitxo bat.
* * *
Kigalin bertan ere, “eboluzionatuen” artean, prestigioa zeukan ogiak. Zisterko Andre Mariaren lizeoan ikasleek ez zeukaten ogia jaterik; gosarian, ogiaren ordez, gurgurioz betetako ahia ematen ziguten. Ogia urtean behin baino ez, San Nikolas egunean! Hara! San Nikolas eguna! Ikasturtearen hasieran bertan ausartenek ahizpei galdetzen zieten ea noiz zen San Nikolas. Ideiarik ere ez genuen San Nikolas hori nor zen, guretzat San Nikolas ogiaren eguna zen. Eta hura zen ogia hura! Bakoitzak brioche bat izaten genuen zain jantokian, gizonkilo itxurakoa, nork bere lekuan. Ez zuen taldearen buruak, nire jazartzaileak, ogia banatuko, egun horretan behinik behin; egun horretan behinik behin, nire partea izango nuen, beste guztiena adinakoa eta beste guztien moduan. San Nikolas eguna! Batzuek gaixo-plantak egiten zituzten astebete lehenago, eri zeuden ikasleek zati handiagoa jasotzeko eskubidea izaten zutelako eta erizaindegiko ohean dastatu ahal zutelako Nikolas gizonkiloa, patxadaz-patxadaz. Eta jaiaren aurreko astean hain usain gozoa sumatzen genuen Sor Martheren sukaldetik zabaltzen, lorik ere ez genuen egiten. Begitandu ere begitantzen zitzaigun Sor Marthek briocheen urre kolorea zeukala, San Nikolas bezperetan sukaldeko olioen eta gurinen jarioak masailak busti izan balizkio bezala, nola Kanaan lurraldeari esnea eta eztia zerizkion, aita onek, mojek eta aitaren Bibliak goresten zituzten miragarrien arabera. Pena bakarra, ahizpei eta amari San Nikolas gizonkiloaren zatitxo bat eraman ezin izatea. Jaiegun hori hurrengo oporralditik urrunegi zegoen briocheak sano irauteko. Ahizpa txikiei San Nikolasen deliziak kontatzearekin kontentatzen nintzen.
* * *
Butareko gizarte-laguntzaileen eskolan onartu nindutenean, sano harritu nintzen ikustean ikasleok bagenuela ogirik gosarian. Jainkoari eguneroko otoitzean eskatzen genion ogi hura, bazen izan, beraz. Ez zen aita onen gezurra! Butareko kolegioa, gaztaroan ezagutu dudan askatasun aterpe bakarra! Bizkorregi harrapatu ninduten baina! Zein mingarria zaidan hori! Ez ditut gogoratu nahi nire eskolakide hutuak, eskolako mutilak, nola jazarri ninduten hil nahian, ni neu eta beste ikaskide tutsi guztiak. Hori, horretaz, idatzi dut jada. Oporren aurreko astean artatsuki gordetzen nituen nire ogi zatiak Stefaniari eramateko. Nyamatara abiatzeko egunean sei opil izaten nituen maletan. Barren-barrenean ipintzen nituen, gona urdin plisatuaren eta soineko arrosaren azpian. Soineko arrosa hura Candidak eman zidan, berak ere ahizpa nagusiarengandik jasota erreguaren erreguen edo xantaiaren poderioz. Gona urdin plisatua Kigaliko trapu-azokan erosi nuen neure bananondoetatik ateratako diruarekin. Amak baratzetxo bat uzten zuen seme-alaba bakoitzaren kargu, eta uztaren emaitza, huraxe izaten zen gure esku-dirua. Gona plisatu urdina amets bat bezalakoa zen, berdintsua ikusi nion Emakumearen Berdintasunerako ministro andreari Zisterko Andre Mariaren lizeoa bisitatzera etorri zenean. Gizarte-laguntzaileen eskolatik irteten ari zen une hartan, ni sartzear. Egunen batean neu ere ministroa izango nintzen beharbada. Ministro-gona beharko nuen bada! Uste dut hamabost franko ruandatar izan zela prezioa, euro bat eskas. Ahaztu egin zait ia: baneukan T-shirt bat ere, sagu belarrihandi baten marrazkiarekin. Askoz geroago esan zidaten Mickey zela. Ez dakit ondo konbinatzen zuen ministro-gonarekin. Presa neukan etxera heldu eta sei ogiak amari emateko. Sekula ez nuen ikusi Stefania nire ogi haietako bat ere jaten. Bitxiak balira legez hartzen zituen, sakramentu santua zatitzen duen abadearen kontu eta begirunearekin, eta esaten zidan poz betean: “Umeentzat.” Maleta batean gordetzen zituen ogiak. Maleta hura Judithek, alaba zaharrenak, hiriburuan egondakoak ekarri zion Patricia maistrak erositakoaren moduko T-shirt zuri batekin batera. Eta Gitagatako haurrek jakiten zuten Stefaniak ogia zeukala. Goizean goizetik etortzen ziren. Eta amak esaten zien: “Zatozte, umeak, zatozte eta jesarri nire ondoan.” Maletatxora bizkor inguratu eta opil bat ateratzen zuen, lizundua sarritan: “Moisesen bizarra da”, esaten zuten barreka katekesian zebiltzan haurrek. Stefaniak lizuna kendu eta banaketa egiten zuen. Mamiak orbantxo berdexkak izaten zituen, baina horrek ez zuen inondik ere haurren poza eta esker ona mirrizten. “Orain, esaten zuen Stefaniak, eskolara joateko ordua da: hitz eman behar didazue fin jardungo duzuela lanean.” Eta aldika, haurrak urrunetik etortzen ziren, Gitwetik, Cyohohatik, beste herri batzuetatik, eta esaten zuten: “Stefania, neu iritsi naiz lehena, Stefania, neu naiz aurrena.” Eta Stefania lasterka inguratzen zen maletatxora, beti topatuko zuelako ogi-koxkor lizunduren bat.
Gauean, patioan, nire ahizpak eta hirurok ortziari begira egoten ginen. Ortzia, aita onek irakatsitako berba. Maite nuen berba hori. Esan egiten nuen behin eta berriz. Ortzia, guretzat, ilargiaren bueltan urrezko maluten antzera dilindan ageri ziren hodeitxoak ziren. Eta ortziko hodei haiek ezin zuten izan zeruan zain genituen ogi-opil zoragarriak besterik, gure buruen gainean zegoen zeruan edota aita onek solasera etengabe ekartzen zuten beste zeruan. Dena den, ziur geunden zeruan askoz ogi gehiago zegoela, eta askoz hobea, eta askoz merkeagoa Kilimadameren dendan baino.
Emakume oinutsa |