Emakume oinutsa
VII Edertasuna eta ezkontzak
Jainkoaren hirugarren manamenduak igandean lan egitea debekatzen zuen. Agindu horrek arratsalderako bakarrik balio zuen, goiza mezari eskaintzen baikenion. Sorora joatea, etxeko zeregin astunak egitea, hala irakatsi ziguten, Jaunari irain larria egitea zen eta arriskua hartzen genuen, agindu hura desobedituz gero, Jauna agertzen ikusteko hodei ilunen gainean, haserre bizian eta suzko mihiz inguraturik, aita onek mezan erakusten zizkiguten irudietan bezala. Nahiz eta, batzuen ustez, mehatxua hanpatuegia izan, mundu guztia jabeturik zegoen inor ezin zela Jainkoaren begitik itzuri. Elizan ikusita geneukan Jainkoaren begia, beti zabalik. Jainkoa begi bat zen, ez besterik. Zelatari unibertsal halako bat, ez zeukana ez alkatearen, ez zelulaburuaren premiarik. Eta horretaz ondo jabetzeko, asteazkenero, dotrinan, hauxe esanarazten ziguten aho batez: “Mungu aba hose, abona byose, yumva byose, kandi azi byose. Jainkoa nonahi dago, dena ikusten du, dena entzuten du, dena daki.”
Gitagatako biztanleek, beraz, arratsalde luzea izaten zuten aisiari emateko. Gizonak etxez etxe joaten ziren basartardo tresken usainera. Esparru bakoitzaren sarreran geratu eta diosal astitsua egiten zuten. Ugazabandreak edaria prest edukiz gero, treskatik edateko gonbita luzatzen zien. Ez ziren etxeratzen gautu arte.
Emakumeek ere egiten zioten bisita elkarri, baina, haientzat, igande arratsaldea apainketari ematekoa zen. Ai ene! Gitagatan inork ez zeukan haurtxoen gorputz-adarrei guritasuna, neska-mutikoen azalari leuntasuna eta distira, emakumeen orrazkera harroari sendotasuna, gizonezkoei gaztetasuna emateko balio zuen ekai unibertsala: ikimuria, behi-esnez egindako gurina. Gitagatan ez geneukan behirik, ezta bageserei apainketarako gurin apur bat erosteko modurik ere, haiek ere oso urri zeukaten eta. Ikimuriaren falta zen, amentzat, erbestearen seinale mingarrienetako bat. Zer gertatuko zitzaien haurrei indarra eta edertasuna ematen zien gaztetasunaren gantzurik gabe? Geroago, kafearen salmentatik diru pixka bat atera genuenean, kakahuete-olio potetxoak erosi ahal izan genituen dendan, olio horrek ikimuriaren bertuteak izan ez arren, ezta hurrik ere. Ninitxoei masajeak ematearekin eta neska-mutikoei garezurra soildu eta bekoki gainean ile-sapa biribil-biribila uztearekin konformatzen ziren amak.
Geroago, nerabezaroan, ilea luze uzteko eskubidea behin jadetsita, zorriak kentzen pasatzen genuen igande arratsaldea. Atzeko patioan izaten zen, etxeostean, zeregin intimo hori ez zen handik pasatzen zirenei erakustekoa-eta, gizonezkoei ez bederen. Amaren auzokoak eta lagunak, haiek normal-normal etortzen ziren: ez geneukan zer ezkutatu. Lehenago esan dudanez, atzeko patioa emakumeen erresuma zen. Hantxe dago sukaldea aire zabalean, lastozko aterpe baten azpian, haizetik babestua buztin hautsez egindako hormen artean. Emakumeak hantxe elkartzen dira, artaburuak erretzen dituzte, hitz-aspertua egiten dute. Gizonek ez daukate han sartzerik, ez dute egitekorik bertan. Gure ama, bada, termitategian esertzen zen, kafeondo-eguzkitako handiaren gerizpean. Julienne, Jeanne eta hirurok lurrean, amaren oinetan. Ikusi barik, amaren atzamarrak sentitzen nituen nire ilearen sasitzan murgiltzen. Gehienetan, nik uste, ez nuen edukitzen zorririk, baina amaren atzamarrak sekula ez amaitzeko moduan lotzen ziren nire adats lodian eta hura, niretzat, laztan luze baten parekoa zen. Bizkarroiak kentzeko saioak iluntzera arte irauten zuen, behin eta berriz eten behar izaten baitzen, edo babarrunen egostaldi amaibakoa zaintzearren, edo soroa harpilatzera etorritako tximinoak ehizatzearren, eta bisitan zetozen andreekin solasean aritzearren, zer esanik ez. Han edo hemen kokatzen ginen patioan eguzkiaren bideari jarraituta. Izpiek termitategitik botatzen gintuztenean, basarto-garautegiaren oinetan paratzen ginen eta, arrats beheran, bananondoaren azpira mugitzen ginen, manioka-idortegiaren albora.
* * *
Igande arratsaldeetan, zorri-kentze saiorik egon ezean, Gitagatako emakumeek —baita urrunagotik etorritakoek ere— ez zioten utziko Stefaniari aholku eskatzeari alaba ezkongaien inguruan. Ama, izan ere, ezkontzagin famatua zen. Damatxo haien gainean azaltzen zituen aburuek eragin handia izaten zuten semeentzako emazte bila zebiltzan amandreek hartutako zituzten erabakietan. Termitategian jesartzen ziren, kafeondotzarraren azpian. Stefaniak errebista egiten zien alegiazko amaginarrebak begiz jotako neskatxaren dohainei nahiz akatsei. Familia agurgarri batekoa al zen? Neskaren moldeak eta jarrerak heziketa ona erakusten al zuten? Behargina al zen, aitzurra hartzeko erremuskadarik inoiz egiten ez zutenetakoa? Ba al zuen ugalkortasun zoriontsua iragartzeko moduko ezaugarririk? Edertasunak, jakina, azterketa arretatsua merezi zuen: neskaren ibilkerak, bazeukan, abestietan bezala, behien ibilkeraren grazia? Eta begiek, ba al zeukaten txahalaren begien xarma berebizikoa? Behar bezain txairo eragiten al zion popari zinbulu-zanbulu? Aditzen al zen, bera pasatzean, iztarren fru-fru goxoa batak bestea igurztean? Ba ote zeukan hanketan ildo-sare finik?
Ruandatar edertasunaren kanonak betetzea ez zen arazo makala! Bileretako gai kutuna zen, bestalde. Banan-banan aipatzen zituzten Gitwe, Gitagata, Cyohohako neskatxa ezkongaiak, Tripoloren etxe-lerroaren ordenaren arabera, zehatz-mehatz. Xehatu egiten zituzten ezkongaien dohainak nahiz akatsak, akatsak batik bat. Horri kunegurana esaten zaio kinyaruanderaz, eta barregura ematen du. Stefaniak, epaile inpartziala bera, ez zituen uzten aipatu gabe neska batzuei igarritako hobekuntzak. Inortxo ere ez zegoen behin betiko kondenaturik, beti ematen zitzaion bigarren aukera.
Senar bila zebiltzan neskatxek bazekiten gure amak ezkontza asmoetan izan zezakeen eragina. Horregatik, orotariko aitzakiak topatzen zituzten gure patioan sartu eta Stefaniaren aurrean desfilatzeko gure amaren estimazioa irabazteko itxaropenez. Gure kafeondotzarraren aurretik pasatzeko, neskak ederrago apaintzen ziren mezara joateko baino. Benetako dotorezia lehiaketa zen, moda desfilea. Disimuluz, gure amaren begiradari erreparatzen zioten, oniritzi zantzuen bila. Hautatutako zorionekoek bazekiten ez zutela izango senarra topatzeko zailtasunik.
Nik neuk ere banuen neure betekizuna ezkontza aferetan, agente doblea izatea. Neska txikiak, izan ere, neskatxa ezkongaien konfidenteak dira. Neskatxak beren garbitasunak egiten dituztenean bananadiaren abaroan, neska txikiak atzetik joaten zaizkie bizkarra igurzteko. Kalakan lasai-lasai jardun eta bizkor hasten dira isil-kontuak. Neskatxek abilki samar galdetzen zidaten Stefaniak beraiei buruz zer esaten zuen. Ahalik eta lausoen erantzuten saiatzen nintzen. Halaber, jakin nahi izaten zuten ea Angeline —nire amabitxi, eskola handiko irakaslearen emaztea, Nyamatako emakumerik dotoreena—, ea prest egongo ote litzatekeen bere soin-oihaletako bat uzteko festarako edota ezkontzarako. Nire aldetik, neskatxak nire bistan edergarririk gabe azaltzen zirenez, hurbiletik aztertzeko aprobetxatzen nuen, eta garbiketa saioaren intimitatean agerian jarritako donuak nahiz makurrak kontatzen nizkion amari gero. Gehienak, noski, jakitun zeuden nire espioitza praktikez. Batzuk atseginez sartzen ziren jokoan; besteak, auskalo zergatik, uzkur azaltzen ziren, lotsa egoskorra aitzakia.
Baina nola jakin zeure kabuz ederra ote zaren ispilurik ez duzunean? Ispilurik ez zegoen Gitagatan, ezta dendan ere. Nyamatako dendan ispiluak gorengo apalean egoten ziren, salmahaiaren atzean. Ezinezkoa zen aurpegia ispiluan islatzea dendaria bezero sartu berri bati kasu egiteko jiratzen zenean ere. Ispilu bakarra besteak ziren: amaren betetasunezko begirada edo desanimo hasperenak, amaginarrebaren edo lagunen oharrak eta iruzkinak, eta baita ere azken finean denon belarrietara heldu ohi ziren herriko elemeleak: nor da ederra? Nor ez? Baina, ispilurik gabe, nola ziur egon norberaren hazpegietako batzuk, gutxienez, sartzen ote ziren ezkonginek goraldu eta abestiek, esaera zaharrek eta ipuinek goraipatzen zituzten edertasun irizpideetan? Adatsa oparoa baina bekokia libre uzteko modukoa, sudurra zuzena (hainbat eta hainbat ruandatarren heriotza ebatzi zuen sudur txiki hori), hortzoiak beltzak —Stefaniarenak bezalakoak, leinu onaren seinale—, hortzak bereizita. Eguzkiak argitasun lagungarria ematen zuenean, potxingo baten ondoan etzaten nintzen neure isla harrapatzen saiatzeko. Baina erretratu bustiak dantza egiten zuen nire begi ezinduen azpian. Urezko aurpegia izurtu, zimurtu, barreiatu egiten zen argi-xaflatan. Norberaren aurpegia sekula ez zen norberarena ispiluaren lakioan jausten zenean izan ezik: beti izaten zen besterentzat.
Dotorezia eta manera finetarako, nahikoa zen amaren eredua eta gomendioak aintzat hartzea: amandreen ibilkera mantso eta kulunkaria antzeratzea (pausoa luzatu arren, bazirudien lehengo tokian planto zeudela), inguruari begirada huts antzekoarekin so egitea eta, batez ere, norbait zuzentzen zaizunean, behera begiratzea (a zer lotsa neskatxa batentzat baten bati aurpegira begiratzea!), ahots apalez erantzutea, ia-ia ez entzuteko moduan, murmurio goxo, putz ezti. Orrazkera kontuetarako, hurkoen laguntza behar. Ez zegoen ile-apaintzailerik ez Gitagatan, ez Nyamatan: gizonak bai, kimyoziarengana joaten ziren, herriko artazi pare bakarra zeukalako —Berkmasse jostunaz aparte, noski—, eta bezeroentzako aulkia jarrita ficus handi baten azpian, pistaren ertzean. Beraz, ahizparen bat edo lagunen bat izaten zen bestearen adatsaren trinko kirimilatuan ilargi-adarren antza duten sapa geometriko horiek — amasunzuak—, neskek ezkondu artean erabiltzen dituztenak, muxarratuko zizkizuna. Frantzian, antzinako gazteluetako lorategiak ikusten nenbilela, pentsatu nuen neure artean guk geure ileak legez inausten zituztela erregeek beren ezpelak. Ez nintzen ausartu konparazio hori turismo-gidariari adierazten, are gutxiago jakinik Le Nôtre izeneko lorezain baten lana azaltzen ari zela.
Baina amasunzuak ez ziren neskatxoentzat, ezta nerabeentzat ere. Orrazkera, izan ere, aldatu egiten zen adinaren arabera. Haurrek, izan neska, izan mutil, garezurra garbi erabiltzen zuten. Ilerik batere, soilik sapa biribil-biribil bat bekoki gainean, borla baten modukoa. Pubertaroan, hamabi, hamahiru urteak inguruan, ilea luze uzten genuen. Neskek ez zuten inoiz mozten: luzeegi izanez gero, atzean lotzen zuten. Amasunzuak ez ziren egiten hemezortzi edo hogei urte bete arte. Orrazkera horrek esan nahi zuen neskatxak ezkontzeko sasoian zeudela, senar bila, Frantzian esango luketenez, printze urdinaren zain. Aldi berean, alboan uzten zuten ordura arte gonatzako erabilitako oihal puskatxoa, emakume ezkonduen nahiz ama familiakoen soin-oihal errespetagarria janzteko. Amasunzuei esker bereizi ahal ziren batzuk eta besteak.
Inoiz ez nuen izan amasunzu-eskubiderik. Kigaliko lizeoan gazteegia nintzen oraindik eta, bestalde, pinpirinkeria bekatu larriagoa zen zazpi bekatu buruak denak batera baino. Igandeetan ateratzen ginenean, moja-eskoltaren zaintzapean, ezerk ez zuen erakarri behar mutilen begirada lizunik edo, are txarrago, Kizito ahizparen esanetan, gizon ezkonduen begiraturik. Baina nork erreparatuko zigun guri, bada, modestiaren uniforme grisez jantzita eta ilea arrasean moztuta ibiltzen baginen? Butaren, gizarte-laguntzaileen eskolan, hori beste historia bat izan zen. Liberaltasunez toleratzen zituzten hiriko moda berriak, ikasle emantzipatu batzuek ekarriak, baita bultzatu ere, irakasle gehienek. Kito amasunzuak, ohitura arkaiko eta ahalkegarria. Ordezko berba, lisaketa. Ile lisoa, horixe zen gazteriaren edertasun-ideal berria. Baina eskolan pribilegiatu solte batzuek baino ez zeukaten operazio hura burutzeko behar zen tresna: metalezko orrazia, zerra-hortz ugarikoa, zurezko kirten batetik oratzekoa. Aski zen sutan goritu, ile kizkurren laharrean pasatu, eta ileok xerlo liso leun bilakatzen ziren, sorbalda gainean bilist-balast. Zer ez genuen egingo halako orrazi miragarria eskuratzearren! Baina ia ezinezkoa zen maileguan hartzea ere. Instrumentuaren jabe zorionekoek, dendari aberatsen edo maila handiko funtzionarioen alaba haiek, beren buruentzat gordetzen zuten, ez beste inorentzat, adats lisatuen monopolioa. Hala ere, monopolio lotsagabe horrek ez zuen luze iraun. Guk, landa-lurretako gajook, bizkor aurkitu genuen beste lisaketa metodo bat. Garbitegian gertatu zen. Larunbat arratsaldeetan garbitu eta lisatzen genituen arropak. Han baziren egur-ikatzezko lisaburdinak. Lisaburdina orrazia baino astunagoa zen eta ez hain erabilerraza, baina hark ere ahal zituen, gorituz gero, kizkurrak lisatu. “Ileak lisatzera!” esaten genuen algaraka. Operazioari etekin hobea ateratzeko, gosariko ogi-xerrari kendutako gantzez biguntzen genituen ileak, gurinarena egiten zuen txerri-gantz goxoz! Bistan denez, emaitzak ez ziren beti izaten gure itxaropenaren mailakoak: aldizka gure ileek antz handiagoa izaten zuten kirikinoaren arantzena guk amestutako zinta luze leunena baino. Hala ere, istripuren bat gorabehera, lisaburdinaz berdindutako gure adatsak handikien orraziek berdindutako adatsekin lehiatzeko moduan egoten ziren. Frantzian, handik hamar urtera, hainbeste antsiaturiko orrazi miragarri hura erostekotan nengoela, kutxazainak galdetu zidan: “Kanitxeren batentzat al da?” Gitagatara oporretan itzuli nintzelarik nire orrazkera berri eta guzti, amak ez zuen txintik esan. Ilea ukitu zidan, termitategian eseri zen hobeto begiratzeko, eta ondorioztatu zuen hura aurrerabidea zela, amajyambere, Errepublikaren goiburuan agertzen zen leloa. Alabaina, pentsatu nahi izan zuen Ruandako mendien freskotasunak zaharberritzen lagundu ziola Bugeserako eguzki erreak nire buruan kiskalitakoari.
* * *
Amajyambere, aurrerapena, garapena, alkatearen hitzaldietan belarriak berotzen zizkigun berba horrek zera esan nahi zuen, Nyabarongotik haruntzagoko kolegioan sartzea lortzen zuten Nyamatako ikasle apurrak, horixe batik bat. Galtzatxoak, esaterako, neuk sartu nituen etxean. Zisterko Andre Mariaren lizeoan derrigorrezkoa zen azpiko arropak erabiltzea. Ikasleok hara eraman beharreko ekipoan, bi galtzatxo motz sartzen ziren, bi ikaliso. Stefania eta biok Berkmasse jostunari galdetzera joan ginen. Bazekien zer ziren. Prezio neurritsuan, bi kulero egin zizkidan ehun zati pare batekin. Txukun-txukun sartu nituen Alexiarena izandako kartoizko maletatxoan. Bi ikaliso horiek lehen hiruhilekorako ziren; bigarrenean, kotoi zurizko ohalkia lortu beharra zegoen, “américani” esaten genion. Joskintza ikastarorako zen, xede nagusia gure kuleroak josten ikastea baitzen. Nork geure kulero sorta eduki behar genuen. Madame Juliak, gure harridurarako ifundi txoriaren mokoa bezain ezpain gorriak zituen irakasle belgikarrak, amenazu egiten zigun oihal txatalak yarda eta hazbetetan neurtzeko erabiltzen zuen zurezko makilarekin. Kamujijima deitzen genion, baina ez dut inoiz jakin gaitzizen horren esanahia, eragiten zigun beldurrarekin zerikusi garbia izanagatik. Aste gutxiren buruan, lizeoko ikasle berri guztiok erabiliko genuen, ikasle zaharragoen antzera, belaunetarainoko galtzatxo modelo bera. Gauero, logelan, gure ikalisoek erritual arraro baten protagonista izaten ziren: otoitzaren ondoren, ahizpa zaintzailearen inkisidore-begien aurrean, erritmora astindu, eta oheburuan kontuz zabaltzen genituen, guardiako mojak haiei errebista egiteko. Eta loak hartzen gintuen gure galtzatxoak ohetik zintzilika zeudela zibilizazio garailearen banderatxoen antzo!
Izan ere, mojek gure laguntza behar zuten azpiko arropak erabiltzeko ohitura herrietan zabaltzeko. Galtzatxoen misiolari gorenak gu! Ikalisoak, horra hor herrian geratutako neskak lilura-lilura uzten zituen nobedadea. Behin batean, nire ahizpatxoetako bat harrapatu nuen nire maleta zabaldu eta kuleroak jantzita. Bere laguntxoren bati erakutsiko zizkiola aginduko zion hurrean. Alabaina, galtzatxoak bigarren hezkuntzara iritsitako neska gutxien kontua izan ziren luzaroan. Intelektualen harrotasuna ziren, nesken pribilegioa, seminarioan zebiltzan mutilek ikabutura ekartzen baitzuten —short kakia—, eta haren azpitik beste prendarik ez. Horrek ez zien buruko minik ematen aita onei. Gainera, esaten genuen, zertarako beste ikabutura bat jantzi gainekoaren azpian.
Ikusi zuenerako estimatu zuen Stefaniak berrikuntza intimo hura. Halaber, eskatu zidan, baina isilpean, josteko berarentzako galtzatxoak Kamujijimaren patroiaren arabera. Harro zegoen bere galtzatxoez. Lagunei azaltzen zizkien neskek kuleroak erabiltzearen abantailak, baina mundu guztiak igartzen zion bereak alabatzen ari zela.
* * *
Hala ere, amarentzat, garapenaren eragile nagusia ez nintzen ni, ez Alexia, ezta André ere, auzokoa baino, Marie-Thérèse, Pancraceren emaztea. Kritikatu egiten zuen, jakina, Marie-Thérèsek sarritan ganora barik onartzen zituelako berrikuntzak, baina amak ez zion begirik kentzen eta, batzuetan, azkenerako, antzeratu egiten zuen. Nobedadeak Pancracerenean ikusten genituen beti estrainekoz. Mundu guztiak zekien nork ekartzen zituen: Féliciték, Marie-Thérèresen alaba zaharrenak, Abenebikira Maria ahizpen komentuan zebilelako, ez dakit non, Sagan agian. Erlijioan sartzea zen, belgikarren — kayibanden— Ruandan “zibilizazioan” sartzeko bidea. Seminarioetan eta nobiziategietan arropak, elikadura, mihiseria, dena —edo ia dena— zurien estilokoa zen. Hango portaera eta fede arauak behar adina konbentzimenduz betez gero, erraz samar sartzen zinen “eboluzionatuen” kategoria irrikatuan. Beraz, Féliciték familiari gozarazten zizkion modernitatearen aurrerapenak, eta aurrerapenok, mihi gaiztoak eta jelosia gorabehera, nahitanahiez zabaltzen ziren auzaterian.
Félicité! Bat baino gehiago ipini zuen gora-goraka Gitagatan, noiz eta bere aita limurtu zuenean etxetxo bat eraikitzeko, berarentzat bakarrik, Tripoloren etxolaren ondoan. Halakorik! Neskatxa ezkongabea eta, akaso, zurien ideia xelebrei atxikiz gero sekula ere ezkonduko ez zena, bera bakarrik bizitzen, bera bakarrik lo egiten, ahizparik gabe, bai, ahizparik gabe! Harrigarria zen, azturu guztien kontrakoa, bakar-bakarrik lo egin nahi izatea hainbeste ahizpa txiki edukita, ahizpa txikien toki naturala zera zenean, esteran ahizpa nagusiaren albotxoan. Denen ahotan zebilen Félicitéren “homea”. Mojetatik ekarritako berba zen hori, ezezaguna lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasle handientzat eta baita haien irakaslearentzat ere. Berba hark, iruditzen zitzaigun guri, misterio sakonez biltzen zuen bizileku maiseatu hura. Egia esanda, Féliciték ez zion herriko inori aterik zabaltzen, auzokideei ere ez. Hala ere, Candidak eta biok denetariko aitzakiak asmatzen genituen hara sartzeko. Ez zegoen modurik. Féliciték xehe-xehe deskribatzen zigun Abenebikira Maria mojen artean zegien bizimodua, baina beti ere gupidarik gabe zazpi giltzez itxitako “homearen” ate aurrean. Hala ere, hotsa zebilen ate hori ez zela zeharkaezina mundu guzti-guztiarentzat. Zergatik, horra galdera, zergatik eraiki zuten etxea ez Tripoloren etxolaren atzean, ikigoan — emakumeentzat gordetako lekuan—, eta bai pistaren ertzean, kafeondoetatik hurbil? Mutilak hartzeko, bistakoa zen. Eta egun santu guztian, eta gau beranduan ere musika entzuten zen bertan: Féliciték inanga jotzen zuen, zortzi sokako zitara, eta hori guztiz galazota zeukaten emakumeek. Eta sarritan pasieran ibiltzen zen pistan, inanga eta guzti, baina segituan konturatu ginenez, ez zen gure betiko inanga, zuriena baino, gitarra, eta abestu egiten zuen eta haur guztiak haren atzetik eta koruan laguntzen zioten Féliciték mojetan ikasitako kantikari. Bapo ohartu zen mundu guztia, huraxe zen aurrerapena martxan, amajyambere, onerako edo txarrerako, Gitagatako pistan desfilatzen.
* * *
Baina bazen beste zer bat, esan nahi dut beste etxetxo bat, txikiagoa, bestearekin alboz albo zegoena. Ez genuen ulertzen zertarako zen. Kaskarregia zen estera bertan zabaltzeko; han barruan ez zegoen tokirik jatekoa prestatzeko; eta ez zen ez basarto-garautegia ezta manioka-idortegia ere. Atea, “homekoa” bezala, beti egoten zen itxita, eta Stefaniak diskrezioz begiratzen zion eraikintxoari, harik eta egun batean, atea zabalik geratu zelarik, Félicité ikusi zuen patxadaz eserita, gona batuta, zurezko aulki antzeko batean. Ezabatu ziren dudak: etxetxoa komuna zen, Félicitéren komuna. Aurkikuntza horrek, Gitagatan zabaldu zenean, eman zuen zer pentsatua. Komuna, gehienon etxeetan, bananadiaren gibelaldean egindako zulotzar bat zen. Hantxe obratzen genuen bakoitzak berea. Behinola, gau batean, patruilan zebilen soldadu bat barrura erori zen. Oihuak entzun genituen. Itzelezko barregura eman zigun, baina mendekuaren beldur ere izan ginen. Jende finenak hesi handiak ipintzen zituen hobia tapatzeko, eta zulo karratu bat uzten, gainean kukubiko paratzeko. Beste batzuek, geuk esaterako, adarrezko itxitura bat jarri genuen zuloaren inguruan, baina aire zabalean beti ere. Imajinaezina zen buru gainean eguzkia eta hodeiak izan gabe kontsolatu ahal izatea. Gauean, jaikitzeko premia izanez gero, ez zen errenta komunera joatea. Bananadia zeharkatzeak topaldi txarren arriskua zeukan: sugeren bat, leopardoren bat, militarren bat. Ez ginen ikigotik aldentzen, baina goizean bakoitzak berea erretiratu behar genuen arrastorik txikiena uzteke. Norberaren simaurra bereiztea, hura bai sesio amaigabeen motiboa, baina Stefaniak di-da ebazten zituen eztabaidak, esanez ama orok jakiten duela zer den norena. Gutxika-gutxika, Marie-Thérèseri esker —alabak etxetxoa erabiltzeko baimena eman baitzion— Féliciték “nire W.C.a” deitzen zuenaren —hori ere haren amak esana— deskribapen zehatza lortu genuen. Harrigarriena, esaten zuen Marie-Thérèsek, harrigarriena da zure poparen forma daukan eltze baten gainean esertzen zarela, orduak eta orduak bertan egoteko moduan! Min poxi bat eman zigun jakiteak ditxosozko eltze hura, izatez, treska baten lepoa zela, kontuz moztua, geroago Butaren deskubrituko nituen komunontzien lana betetzen zuena. Bestalde, gehitzen zuen Marie Thérèsek, batwa buztingileek agian fabrikatuko lituzkete. Féliciték ekarritako W.C. berrien moda ziztuan zabaldu zen Gitagatan. Emazteek senarrak konbentzitu zituzten zuloak egiteko, Marie-Thérèseren etxeko instalazioen berdintsuak egokitzeagatik. Aurrerapena zen, amajyambere! Nola jakingo zuten, bada, asko eta asko beren hobiak zulatzen ari zirela.
* * *
Marie Thérèsek auzokoen inbidiarako egindako berrikuntza guztien artean, atsegin maltzur pittin batekin, dudarik ez, izan zen bat Stefaniak gogo beroz onartu zuena. Marie-Thérèsek ile urdin asko zeukan. Ez zen ondo ikusten emakumeak burua urdindurik ibiltzea, amona ohoragarriak izan ezean. Marie-Thérèse saiatzen zen foulardarekin disimulatzen, baina kalpar errebelderen batek traizio egiten zion sarritan. Nolanahi ere, herri guztiak zekien: Marie-Thérèsek urdindurik zeukan ilea. Haatik, behinola, Marie-Thérèse foulard barik atera zen etxetik, eta haren ileek begirada oro erakarri zuten: beltz-beltz zituen, distiratsu, eta belztasun hori, geure azala baino beltzagoa, bekoki gainera ere zabaltzen zitzaion xerlo luzetan. Marie-Thérèsek ez zuen nahi izan inodik ere metamorfosiari buruzko azalpenik eman. Ama ez zen ausartu galdetzen, baina erabakita zegoen sekretuaz jabetzeko. Assumpta izan zen, Félicitéren ahizpatxoa, sekretua traditu zuena. Igande bazkalosteetan, askotan etortzen zen gure atzeko patiora. Beste neskatxa ezkongai guztiek bezala, bere alde onen erakustaldia egiten zuen termitategi gainean jarrita eta Stefania buru zela jarduten zuten epaitegiaren aurrean. Stefaniak ez zuen lan handirik izan Assumptari mingainetik tira egiteko. Assumptak pozarren azaldu zuen Féliciték hauts beltz batzuk ekarri zituela, moja adintsuek ileak tindatzeko erabiltzen zituztenetakoak. Produktu hura, droga misteriotsu guztiak legez, Zanzibarretik etorria omen zen. Bestalde, Kigaliko azokan erosterik ere bazegoen. Izena, Kanta. Oporrak amaitu zirenean, Kigalira abiatu behar nuen egunean, amak isilka sartu zituen nire fardelean lanaren lanetik atera eta ohepean ezkutatu ohi zitueneko sos batzuk, eta esan zidan ahapeka: “Ez ahaztu ilerako hauts apur batzuk ekartzea.”
* * *
Eta oinak zer! Hura bai goganbeharra, oinek ematen zutena! Baldin eta, ruandatar edertasunaren irizpideen arabera, zango zuzen-zuzenak estimatzekoak baziren, berna-sagarren forma zatarrik bakoak, oinek txikiek izan behar zuten, finak, behatzak luze eta laxoak. Baina nola eduki oin txanbelinak pistan ortozik ibilita, eta laiaketan ortozik jardunda goizetik gauera? Kigalin, lizeoan, hiriko neskak erraz trufatzen ziren landatik etorritako nesken oinak zirela-eta, beti lur ezabaezina inkatuta. Nor zinen, nongoa zinen jakiteko, lehenik eta behin oinetara begiratzen zizuten. Irakasleei ere. Butareko gizarte-laguntzaileen eskolan, ikasle berriek ataldea zeharkatzen zutenerako, zaharragoek abisua ematen zieten: “Batez ere, ez begiratu Goi Voltaren oinei!” Esaldi hori askojakinen airearekin errepikatzen ziguten ikasle zaharrek, eta harri-harri uzten gintuen. Nola ulertu behar genuen? Aholku zuhurra zen, enigma bat, deszifratu beharreko kodea, beteranoek lehen mailako nobatoei luzatutako tranparen bat? Kosta ahala kosta, argituko genuen Goi Voltaren oinen misterioa. Ikasturte hasierako lehen arratsaldean, areto nagusian, zuzendariak, irakasle guztiak ezker-eskuin zituela, banan-banan aurkeztu zizkigun. Irakasle gehienak mojak ziren. Denak zuriak, bat izan ezik. Beltzak Goi Volta izan behar zuen derrigorrez. Ikasle berrion begiradak haren oinetara zuzendu ziren bat-batean. Ezin ikusi. Goi Voltaren soinekoa lurrerainokoa zen eta oinak tapatzen zizkion. Benetan izan behar zuten misterioren bat Goi Voltaren oinek, ezen, primeran konturatu ginenez, beste mojen soinekoak ez ziren hain luzeak, eta agerian uzten zituzten oin sandaliadunak. Goi Volta zen oinak ezkutuan zituen bakarra. Zer itsuskeria, zer zatarkeria ezkutatu behar zuen, bada, abituaren barrenak? Handik egun batzuetara, Goi Voltaren oinen misterioa izugarrikeria betean azaldu zitzaigun. Ikasgelan geunden eta Goi Volta gelara sartu zen ez dakit zer abisu emateko. Irakaslearen mahaia oholtzan zegoen. Bi maila igo behar. Goi Volta oholtzara igotzekotan, nahitaez jaso beharko zituen soinekoaren barrenak estropezu ez egiteko. Oinak bistan utziko zituen nahitaez. Begirada guztiak zeuden Goi Voltaren abituaren ertzean iltzatuta. Zer egingo ote zuen? Ezmezean zirudien. Oharturik al zegoen zer-nolako jakingura arretatsua pizten zuen gugan? Azkenean, soinekoari zirt-zart oratu, eta duintasun profesionala galdu gabe baina ahal zuenik eta bizkorren, igo zituen zurezko bi mailak. Ez bizkorregi baina, denbora izan baikenuen —zurrumurru itoa sortu zen gelan— Goi Voltaren oinak ikusteko. Goi Voltaren oinak ez, ezingo nituzke deskribatu, baina gogoratzen naiz handik zati batera, historia eta geologiako ikasliburuan topatu nituela bi marrazki edo bi argazki, ez dakit ziur, segituan gogorarazi zizkidatenak Goi Voltaren oinak. Batean, mendiak edo muinoak ageri ziren, pastel zati baten moduan ebakita, lur eta arroka geruzak bata bestearen gainean. Haiei esker, hala azaldu ziguten, geologoek kontinenteen historia argitzen zuten eta Lurraren aroak ere mugatzen zituzten. Bestean, arkeologoek zulatutako lubaki antzeko bat ikusten zen. Toki hartan, kondairaren arabera, geruzarik sakonenetan, apenas zizelaturiko hartxintxar batzuetan aurkitu omen zituzten gizateriaren lehen aztarnak. Eta irudipena daukat Goi Voltaren oinetara hurbildu ahal izan banintz neuk ere munduaren aroak irakurri ahal izango nituela, eta belaunaldiz belaunaldi atzera egin emakume batenganaino, bizkarra makur, aitzurra eskuan, Afrikaren lur gorria ireki zuen lehen emakumearenganaino. Baina gaztea nintzen eta beldurra ematen zidan horrek. Eta nire oinei eta nire lagun Inmaculéek Kigalin emandako zapata takoidunei begira geratu nintzen. Bozkarioz konprobatu nuen nire oinak sartzen zirela zapatetan oraindik ere. Baina beharbada, gaur, makurtu egingo nintzateke Goi Voltaren oinei pa emateko, eta dudarik ez, neure amaren oinei eta Afrika umetzat izan duten Ama Janaritzaile guztien oinei.
Emakume oinutsa |