Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
ACNUR Euskal Batzordea, 2017

 

 

Afrika, egin zuena, gero ere egin zuena,
eta geroago ere egingo duena.

Michael Leiris

 

 

 

Stefaniaren
adorean eta itxaropen betikorrean
beren burua ezagutzen duten
emakume guztiei.

 

 

 

Gure amak sarritan egiten zuen geldiunea edozein emakumeren lanaldian kateatu ohi ziren zeregin zenbatezinetako baten erdian (patioan erratza pasatu, babarrunak garandu, basartoa jorratu, lurra txaplatu, batatak atera, bananak egosi aurretik zuritu.) eta deitu egiten zigun, guri, artean etxean bizi ginen hiru gaztetxooi, ez bataioan ezarritako izenetatik —Jeanne, Julienne, Scholastique—, gure benetako izenetatik baizik, jaiotegunean aitak emandakoetatik. Izen horien esanahiek, beti ere interpretazioen mende, gure etorkizunaren zirriborroa ziruditen: “Umubyeyi, Uwamubyirura, Mukasonga!”. Amak so egiten zigun luzarorako utzi beharko bagintu bezala, bidaia luze baterako prestatzen balego bezala, nor eta bera, esparrutik inoiz gutxitan ateratzen zena, sorotik sekula urruntzen ez zena, igandeetan izan ezik mezara joateko. Begiratzen zigun hirurok batera bere inguruan ikusten gintuen azken aldia balitz legez. Eta beste mundu batetik etorria zirudien eta larriminez betetzen gintuen ahots ezezagunez, esaten zigun: “Hiltzen naizenean, hilda ikusten nauzuen egunean, estali nire gorputza. Inork ez du nire gorputza ikusi behar, ama baten gorputza ezin zaio utzi inori ikusten. Zuok zarete, nire alabok, nire gorputza estali behar duzuenok, zuoi ez beste inori dagokizue. Inork ez du ikusi behar amaren gorpua; bestela, irudi horrek jazarri egingo zaituzte, nahigabetu egingo zaituzte zuen heriotzako egunera arte. Eta egun horretan zuok ere beharko duzue baten bat zuon gorputzak estaltzeko.”

 

      Hitz horiek beldurra ematen ziguten, ez genituen ulertzen —eta gaur ere ez nago ziur ulertzen ote ditudan—, baina izuak jota geratzen ginen. Buruan sartuta geneukan ama uneoro eduki behar genuela zaintzapean, eta erne egon behar genuela baldin eta heriotza, braustakoan, hura hartzera etorriz gero, soin-oihalarekin estaltzeko inork ez zezan aukerarik izan amaren gorpu bizigabeari begiradarik luzatzeko. Eta egia da heriotza nasai-nasai zebilela Nyamatako deportatuei kukuka, baina guri, neska txikioi, iruditzen zitzaigun amari mehatxuka zebilkiola aurrena, harrapakinaren gainera oldartzear dagoen leopardoaren antzera. Gure larriminak jarraitu egiten zion amari egun osoan. Ama jaikitzen zen lehena, gu esnatu baino ondotxoz lehenago, eta herriko buelta egiten zuen lehenbizi. Gu estura hutsean egoten ginen hura noiz itzuliko, noiz erreparatuko kafeondoen artean oinak garbitzen ihintzak umelduriko belarretan. Ur edo egur bila ateratzen ginenean, esaten genion etxean geratzen zenari: “Batez ere, jagon ama”. Eta ez zitzaigun barrua sosegatzen ama berriz ikusi arte manioka handiaren azpian babarrunak garantzen. Baina txarrena eskolan izaten zen, irudi larrigarri batek maisuaren azalpenak lausotzeraino hartzen ninduenean: amaren gorpua, eserlekutzat erabiltzen zuen termitategiaren aurrean etzanda.

 

      Ez nuen amaren gorpua estali bere soin-oihalarekin. Inortxo ere ez zen egon estaltzeko. Hiltzaileak nahi beste luzatu ziren gorpua matxetez zatitzen. Giza odolez mozkorturiko hienak eta txakurrak asetu egin ziren amaren haragiz. Amaren gorpuzkin tristeak genozidioaren hilobi neurrigabearen kiratsean nahastu ziren eta, baliteke, baina hori ere ez dakit, gaur ez izatea, hezurtegi baten kaosean, hezur hezurren artean baizik, garezur garezurren artean.

 

      Ama, ez nintzen han izan zu estaltzeko eta ez dauzkat hitzak besterik —zuk ulertzen ez zenuen hizkuntza bateko hitzak— zure eskaera betetzeko. Eta bakarrik nago nire hitz pobreekin eta nire esaldiekin, koadernoaren orri aurrean, inon ez den zure gorputzarentzako mihisea ehundu eta ehuntzen.

 

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
ACNUR Euskal Batzordea, 2017