Emakume oinutsa
IV Basartoa
Inoiz edo behin honetara deskribatu dituzte emakume tutsiak: saskitxo baliobakoak txirikordatzea edo izter luzangen artean gurin-ontzia axolagabekeriaz kulunkatzea beste zereginik ez duten ugazaba-andreak. (Gurin-ontzia kalabaza handi bat zen, lepoa polito kurbaturik zeukana, eta hantxe gogortzen zen Niloren bazterretako vestalei azal distiratsu eta satin kutsukoa eman eta zuriak hainbeste liluratzen zituen apain-gurina). Nik neuk ama beti ikusi nuen aitzurra eskuan, lurra zulatzen, eta ereiten, eta jorratzen, eta uzta jasotzen, bai erbesteratzearen aurretik, Gikongoron, Magin, edota, are arrazoi handiagoarekin, Nyamatan, deportatuon herrietan. Ruandan sorolanak ez zuen akaberarik. Hasten ziren —baldin eta hasierarik bilatu behar bazaio ez hastapenik ez amaierarik ez duenari— urriko lehen euriekin, babarruna eta artoa ereiteko sasoian, bata abenduan, bestea otsailean batzeko; ondoren, euriteen sasoi luzea izaten zen, martxotik maiatzera, basartoa ereitekoa, uztailean batzeko, urtaro lehorraren hasieran. Baina tarte horretan baziren baita ere babarrunak, batatak, artatxikia, arbiak, kuiatxoak, ñamea, manioka eta batez ere bananadia, etengabe maneiatu beharrekoak. Emakume ruandatarrek, Stefaniak bezala, gaur egunekoak bezala, izan hutu, izan tutsi, ez diote denbora guztia eskaintzen bata bestearen barruan sartzen diren saskitxoak txirkordatzeari, turistek pentsatu arren horixe dela haien jarduera nagusia.
Gure labore guztien artean, basartoak aparteko maila zeukan. Duintasun berezia. Ez zen besteekin batera nahastekoa. Bere-bere alorra behar zuen, bere soroa, ez beste inorena. Arbiak, batatak, babarrunak, barazki horiek gai ziren bizikidetzarako. Babarrunen adarrek artoaren zurtoinean gora egiten zuten, eta batatak eta arbiak bananondoen gerizpean hazten ziren: inork ez zeukan murtik esateko horren gainean. Ez genien horregatik egingo muzinik ez babarrunei, ez batatei, ez artoari. Zer jan bestela, horiek izan ezean? Nola asetu edozein ruandatarren apetitoa eguneroko babarrun-gisaturik gabe? Zur eta lur geratu nintzen batatak, artoa, babarrunak Amerikatik etorri zitzaizkigula irakatsi zidatenean. Zer bide egin ote zituzten landare horiek Ruandaraino? Ez nuen sekula erantzunik jaso. Dena den, gure aitona-amonek ez zuten agronomorik behar izan, ENEko aditurik. Beren kabuz konpondu ziren beren lurra nola landu behar zen irakatsiko zion inoren zain geratu gabe.
Basartoa bai, ruandatar peto-petoa zen. Basartoaren soroa bere esparruaren parekoa zen. Ez zen kontua edonori sartzen uztea. Noiz edo noiz egin ziren basartoaren oinetan batatak —impungineak— landatzeko. Baina bagenekien hori ez zela komeni, basartoarekiko errespetu falta zela. Orduan, basartoa ez mintzearren, itxurak egiten genituen batatak ahazturik genituela, hain ahazturik non, lurpearen egotearen egotez hain handi egiten ziren, zaporea ere galdu egiten zuten eta gure estimazioa ere bai. Bestalde, batata asko endekatu egiten zen. Basartoak ez zuen arrotz sarkinik jasaten. Basartoa, gure soroetako erregea. Eskatzen zuen, hala landatzeko orduan nola jatekoan zeremonial oso bat. Stefaniak fede zorrotzez betetzen zituen errituak, azturu onaren landarea zelako: basarto sail ederra gosetearen eta kalamidadeen kontrako talismana zen, emankortasunaren eta oparotasunaren seinalea eta, guretzat, haurrontzat, atsegin eta olgeten hornitzaile eskuzabala. Basartoaren ereinaldia eurite luzeen aurretxoan izaten da, martxotik maiatzera bitartean. Mundu guztiak espero du euria leial izatea hitzorduarekin, baina zeruaren kapritxoen beldur ere izaten da. Amak, beraz, lurra aitzurtu eta gero, irraka ereiten zuen. Nahastu egiten genituen morokila eta orea egiteko balioko zuen basarto zuria eta basartardoa egiteko erabiliko zen basarto gorria. Berriz saretzen genuen lurra haziak barrura sartzeko. Aitzurkula eskuan, amaren keinuak antzeratzen nituen. Nekagarria zen egun osoan hala makurtuta ibiltzea. Amak nire zinkurinak aditzen zituen: “Ei, zu, Mukasonga, esaten zidan jiratu ere egin gabe, oraindik ez duzu zertan kexatu, itxaron bizkarrean umetxo bat duzula aitzurketan ibiltzeari.” Oinen azpian zizareak sentitzen nituen kurumilka. Batzuk ziraunak bezain totoak ziren, ez nintzen lasai egoten. Amak bai, poza agertzen zuen: “Lur ona da, ondo aukeratu dut nire soroa, begiratu zizare horiei guztiei, ez itzazu hil, ez dira bareak, zizareok gure ona baino ez dute nahi, uzta ederra iragartzen ari zaizkigu!” Eta egiaz, basartoa oparo hazten zen. Soroa garbitu beharra zegoen, jorratu. Belar txarrak eta parasitoak ezereztea lan geldo eta zehatza da. Arreta handia eskatzen du baina ahalegin gutxi samar. Horri esker posible da berriketan aritzea, istorioak kontatzea. Basarto saila jorratzean irakatsi zidan amak aspaldiko Ruandari buruzko kontu asko. Ai ene! Ez ditut Stefaniak kontatutako sekretu guztiak gogoan gorde, ama batek alabari ez beste inori kontatu ohi dizkion sekretuak.
Lurra malatsa izanez gero eta euriak ugari, basartoa bizkor hazten zen. Jeanne, Julienne eta hirurok zurtoinen kontra jarrita neurtzen genuen geure burua: laster harrapatzen zuten gure altuera, gurasoena geroxeago. Laster ziren gizonak baino garaiago, zuhaitzen buruetan erlauntzak erraz-erraz jartzen zituen Sekimonyo erlezaina baino garaiago. Loraldiari begira egoten ginen, hosto-jantzian batuta arian-arian bazetozen buruxkei beha. Baziren gorriak, baziren zuriak. Baina haurroi ez zitzaizkigun axola ez buruxka gorrikak, ez buruxka zuriak, inopfua baizik, basarto antzua, buruxkarik ematen ez zuten landareak. Dohakabe horien azalaren azpian ez zen izaten alerik, baina bai ore zuria, moldegabea, haritxo beltzez ildokatua. Horixe zen gutiziatzen genuena, inopfua, basartoak haurroi eskaintzen ziguna bonboi zuri-beltzen pareko. Gugatik, hobe soroak inopfua besterik eman ez balu, etsiak gurasoak joko bazituen ere. Zorionez, ez zen hala izaten, inopfuak bakanak ziren-eta. Apartetik bilatu behar ziren, termitategi batera edo muino batera igota, soroaren luze-zabala begiradarekin arakatzeko. Bi gandor txikik, barraskilo erraldoi baten adarren antzekoak, haiexek seinalatzen zuten non zen inopfua. Arrapaladan, zurtoinen artera lerratzen ginen gu hirurok, kontuz eta tentuz bat bera ere ez apurtzeko, antzutasunaren fruitu arraroa hartzera. Basartoaren oihan handitik azaleratzen ginenean, beltzez zikinduriko gure ezpain-mihiek agerian uzten zuten uzta-bilketaren arrakasta.
Uztailean biltzen da basartoa, urtaro lehorraren hasieran. Baina lehenik, buruxkak eratuta egon bai baina garauak artean zeharo lehor ez zeudela, gure amak umuganura ospatzen zuen. Umuganura da bai jaiaren izena eta baita egun horretan jaten den basarto orearen izena ere. Ez zen fundamentua basartoa biltzea familia osoak, errituaren arabera, aurretik lehenbiziko basarto orea dastatu ezean. Etnologoek ez ziguten azaldu halaxe ospatu ohi genuela aurreneko uztaldia, baina, guretzat, umuganurarekin urte berria hasten zen, basartoak abiarazten zuen urtea gure aldekoa izan zedin eskatzeko unea. Zurien urtarrilaren 1ak ez zigun ezer esaten guri. Umuganura familiako jaia zen. Auzokorik ere ez zen gonbidatzen. Esparruaren intimitatean ospatzen zen, nork bere etxean. Beharbada horrexegatik egin zien ihes misiolarien anatemei, kristautzeko ahaleginik ere ez zuten egin. Eta sutondo bakoitzean, ama familiakoei esker, basartoa erresistentzian ari zen. Umuganurarako urez puzturiko buruxkak bildu behar ziren, juxtu orea egiteko beste, ez gehiago. Normalean, etxeko haurretako bat izaten zen buruxkak hartzeko ohorea zuena. Berdin zen nor. Noski, ezin izan zuten sasikoek, ezta haur gexalak eta gaixotiak ere, edo akats fisikorik txikiena zutenak, horiek baztertu egiten ziren. Stefaniak beti aukeratzen ninduen ni bilketa erritualerako. Ez zeukan beste aukerarik. André eta Alexia kolegioan zeuden; ondorioz, “eboluzionatuak” ziren eta, gainera, beti eta gehiegi erakutsi gabe bazen ere, burla egiten zieten Stefaniaren liturgia arraroei. Jeanne txikiegia zen eta Julienne ahul ikusten zuen amak, gaixobera beti. Amaren aholkuei jarraiki, buruxkarik beteenak aukeratzen nituen, uzta oparoa eta ona izatea espero genuen urtea iragartzen zutenak. Errespetu handiarekin, xede hartarako beren-beregi kordaturiko otarre batean ipintzen nituen basartaburuak. Azokan saltzen zituzten lapikoak eta terreinak zorrotz galarazita zeuden umuganurarako. Garau blaituak ez dira ehotzen harri gainean basarto arrunta bezala, motrailuan baino. Ehogabeko garauak aste batzuk lehenago bekorotz berriz igurtzitako bahe batean ipintzen dira, eta ondoren motrailuan errepasatzen ahalik eta irinik finena lortu arte. Amak buztinezko ontzi batean egiten zuen orea, zuriek ekarritako tresnak baztertuta. Errezeta? Errezeta, nik uste, Bretainian gari beltzez egiten diren galetteak egiteko berdintsua, baina Stefaniak ez zuen crêperik egiten: irina eta ur irakina pixkanaka-pixkanaka nahasiz, bola ederra egiten zuen, esfera perfektua, zimurrik gabea, erluz berde polita zuena. Egin ahala, nik ia ulertu ez baina, nire irudirako, pozoigileen eta aztien aurkako madarikazioa bota, eta emankortasuna, oparotasuna eta familiaren, esparruaren, soroen eta, batez ere, eduki ez geneuzkan behien ugalkortasuna eskatzeko esakuneak ahoskatzen zituen.
Gauean ospatzen genuen erritu nagusia, ilbete-gauez. Familia osoak jan behar zuen umuganura, basartoaren uzta-bilketa iragartzen zuen urte berria jan. Amak zeremoniarako gordetako otarretxo batean jarrita zeukan orea, eta zati bana ebakitzen zuen senide bakoitzarentzat. Paduretako belar zorrotz bat erabiltzen zuen —urutamyia—, saskigintzan baliatzen den ihi mota bat. Ez aiztoek ez metalezko koilarek ezin zuten umuganura ukitu. Behin zatiak eginda, Stefaniak berriz esaten zituen xirmi-xarma berbak, guk guztiok koruan errepikatzeko, eta gau hartan haiek ordezkatzen zuten aitak otordu bakoitzaren aurretik esanarazten zigun bedeinkazioa. Umuganura jateko ordua zen. Aita onek mingainean jartzen zidaten ostia irensteko neukan debozio berarekin irensten nuen. Umuganuraren oreari ezin gozoagoa neritzon amak normalean gure protestei entzungor eginda ematen zigun orearen aldean, ore arruntak kirrisk egiten baitzuen hortzetan, eztarria urratzen eta urdaila buxatzen. Basartardoa zain geneukan treskan, eta basartoaren omenez kantatzea eta dantzatzea besterik ez zen geratzen. Ordu txikietara arte jarduten genuen horretan.
Badator uztaren sasoia. Ez dago berandutzerik. Txoriak bilkura handiak egiten ari dira soroaren ingurumarietan. Tximinoez ez gara kezkatuko, horiei ez zaie inporta basartoa. Baina Ruandan, baita Bugeseran ere, ez zaio konfiantza gehiegi eman behar aro lehorrari. Euria ez da oso aparte ibiliko. Kezkabide zaigun euri horren izena badakigu: basartoaren euria.
Uzta bildu baino lehen, fruitua jotzeko gunea prestatu beharra dago. Ez daukagu, “Ruandan” bezala, atzeko patioa estaltzeko erabiltzen genuen esteratzarra. Horregatik, Bugeseran, patioaren alde bat bekorotzez estalita konformatu behar. Bekorotza bageserei eskatu behar izan diegu, desplazatu txiroek ez daukate behirik eta. Gure zorionerako, bageserek ez dute merkataritza ezagutzen, trukean ezer eskatu gabe ematen dizkigute beren ganadu aldren gorozkiak. Eskaera oldeak ere ez ditu bultzatu ondasun horrekin tratuan aritzera. Merkatuaren legea ez dago oraindik indarrean Bugeseran. Julienne eta biok sarritan kontentatzen gara behiei eta haien gorotz arrastoari jarraitzearekin, inori ezer eskatu gabe. Ohikoa zen Bugeserako pistetan emakume eta haur ilarak ikustea, berokotzez beteriko saskiak buruan. Harro gainera. Bada, bekorotz hori guztia patioan pilatu eta huraxe erabiliko dugu baheak eta otarreak gogortu eta guztiz hermetiko bihurtzeko. Baina ustekabeko euriaren beldur ere bagara. Gurasoen ohearen antzeko bat kordatu dugu, altuagoa eta handiagoa, buruxkak haraxe jaurtitzeko euriak uzta jotzeko gunea potxingoz eta errekasto kirastunez bete orduko.
Basartoa biltzea gizonen eginkizuna da. Herriko gizon guztien eginkizuna da izan. Denak elkartzen dira uzta elkarrekin biltzeko, soroz soro, bata bestearen ondoren. Agudo egin behar dute hori behin buruxkak helduta daudela, txoriek baino agudoago, zemaika datorren euria baino agudoago. Eta gauean, mundu guztia, gizon, emakume, haur, guztiok elkartuko gara egun horretan segatu den sailaren jabearen tresken inguruan. Tertzioa ona da bai, uzta-bilketa.
Buruxkak, zurtoinetik askatu gabe oraindik, soroan geratu dira. Bizpahiru egunetan uzten zaie egoten hartu baino lehen. Eta oraingoan bai, orain bada emakumeen eta haurren txanda. Jakina, auzokoen laguntza ere izango dugu: haiek ere beharko gaituzte aldamenean beren alorretan. Haurren zeregina da buruxkak garraiatzea jotzeko gunera edo uzta benetan oparoa datorrela-eta eraikitako garautegira. Arineketan egiten ditugu bueltak saskia buruan dugula. Ez da lan gogaikarria. Mundu guztia egoten da prest. Maisuak badaki egunotan eskola hutsik egongo dela. Haurrok lehiatsu gabiltza: aurretiaz gozatzen ari gara egunaren amaieran jasoko duten saria: imisigatiak! Basartoa ez da sekula haurrez ahazten: zurtoinetako batean —ez denetan, penatzen ginen gu— zuku gozoa edukitzen du, eztia baino eztitsuagoa. Uzta biltzean kontuz-kontuz pilatu ditugu alde batean imisigati leihatuak. Fresko-fresko iraun dute bananondoen itzalean. Amak lurperatu ere egin ditu baten batzuk, André eta Alexiaren zain. Alabaina, gaur iluntzean banatuko dizkigute imisigatiak langilei txikoi. Meritu handiena dutenek, saskia arretaz bete dutenek, joan-etorri gehien egin dutenek, horiexek jasoko dituzte imisigati potoloenak. Muberejikik, nire ilobak, alferra denez, ez du izan eskubiderik zurtoin txiki bat baizik hartzeko. Denok elkartu gara bananondoen azpian zuku delizios hori marruskatu, murtxikatu eta karrakatzeko. Eta amak ere ez dira atzean geratu, haiek ere dastatzen ari dira imisigatien ziropa gozagarria. Buruxkak jo eta gero, garau-mendia ageri da patioan. Haurrak hantxe murgildu dira jolasean, harea iraulkorretan bezala. Amak txikienei begira daude, mendipera txakurka sartu baitira. Kontuz gero garau-jausiren batek irentsi barik!
* * *
Basartoarekin orea egiten zen, amak derrigorrez janarazten zigun ore hain gorrotagarri hura. Garauak ur irakinera ere bota ahal ziren, arroza legez, baina hori gosetean soilik izaten zen. Agakoma ere bagenuen, ahia, zopa lodi-lodi baten antzekoa. Indargarria zelakoan, esnearen ordez ematen ziguten umeoi, gaixoei, erditzear zeuden emakumeei, zaharrei. Zorionekoak zera esan zezaketen guraso zaharrak: “Zorte handia daukat nik, ez naute bertan behera utzi, alabak ekartzen dit agakoma oraindino ere”. Stefaniak André eta Alexiarentzat egiten zuen Gitagatan zeudenean. Ohe ondora eramaten zien kalabaza bete ahi bero-bero. “A zer lotsa, esaten zuen, seme-alabak etorritakoan baino argalago bueltatuko balira kolegiora!”
Jakina, mundu guztiak basartotik espero zuena ardoa zen. Basartardoa, Primus eta Amstel horiek guztiek edari arkaikoen maila gutxietsira zokoratu baino lehenago, elkarbanatu egiten zenuen zaharrekin, zaharrok behartuta, eta ezta otu ere ezetzik esatea. Basartardoa, ruandatar guztien arteko bizikidetzaren muina. Treskaren inguruan familia-lokarriak estutzen ziren, adiskidetasunak sortzen edo berpizten, auzokidetza onaren harremanak trinkotzen, ezkontzak ituntzen, auziak baretzen, gatazkak konpontzen. Jakintsuak ere lastoa bits artera sartu eta edari iluna luzaz xurgatu eta gero botatzen zituen egoerari argi egingo zioten eta izan beharreko portaera zuzena gidatuko zuten esaera zaharrak. Basartardoa prestatzeko, lehenik, ontzi ugari behar da. Eskura dauden guztiak batu, baita bananardoa egiteko aska eta euri-ura batzeko treskatzarrak ere. Zibilizazioa apurka-apurka Nyabarongon sartu zelarik, herritarrek dirua ipini zuten Nyamatako azokan metalezko upeltzar bat erosteko, bidoia “eboluzionatuentzat”. Ontzi horietan gordetzen zen dendariek Fanta botila koxkatuetan xeheki saltzen zuten palma-olioa. Bidoi zoragarri hura, jabetza komuna, familiaz familiaz ibiltzen zen. Garauak askan, tresketan nahiz metalezko bidoian bota eta urez estali. Gero, lau egunean utzi basartoa beratzen, blaitu eta garauak bigundu arte. Epe horretan, uzta jotzeko gunea banana-hosto handiz tapizatu. Oso-osorik daudenak aukeratu, arraildurarik ez daukatenak, tapiz lodi eta akasgabea osatzeko. Amasharak erre, bananondoen hosto iharrak, errauts oso beltza ematen dute. Basarto garauak hostoz egindako tapizean zabaldu eta segidan, errautsarekin nahastu basartoa ondo belztu arte. Horri amamera esaten zaio. Garauei ernetzen utzi banana-hostoen babesean eta harizpi zuriz beteko dira laster. Orduan, eguzkitan lehortzen utzi. Garauak puntuan daudenean, emakumeek belauniko, haurrek lau hankatan, astindu egingo dituzte haziak askatzeko. Aprobetxatu garau beltz azukretuak jateko, basartoaren beste kutixia bat! Aireztatzen utzi eta gero, ehotzeko harrian xehetu behar dira garauak (hori ez da inola ere motrailuan egin behar, almaizez jota!). Azkenik, irina saski handi tapa puntadunetan gorde, uruhimbiko ohorezko tokian, inzuaren kurba josten duen apalean. Handik hartuko berriro basartardoa egiteko egunean. Basartardoa egitea ez da zeregin luzea: egun batekoa, gau batekoa. Irina askan ipini; gainera ur irakina isuri eta adar baten tamainako espatulaz eragin. Egoski argia, arina, goxoa da lortu beharrekoa. Tresketan banatu legamiarekin batera, umusemburoarekin. Sastrakadiko landare batzuetatik eskuratu ohi da legamia (zer landare den, hori sekretua da, inork ez dizu argituko) eta ondoren loak hartu gurasoen ohe handiaren oinean jarritako treskatzar beltzetan hartzituz doan basartardoaren txipli-txapla eta hasperenak entzunez. Orain soroetan ez daude trukutzak baino. Ez dira ezdeusak, hori pentsatu ahal izan arren. Balio dute itxiturak berriztu, gogortu eta adabatzeko. Eta mahubusiak egiteko, batata lapurretan dabiltzan tximinoak puska batean uxatuko dituzten txorimaloak. Batatak babestu egin behar dira, soroetan ez dago besterik-eta aro lehorrean.
Ninitxoa bizkarrean hartuta lurgintzan ari diren emakumeek behar izaten dituzte basartoaren zurtoin iharrak. Umea astunegi egiten denean, soroaren bazterrean prestatutako aterpetxo batean uzten du amak. Zurtoinekin marko bat egingo du, eta belar gaztez estali. Barrua banana-hostoz tapizatuko dio, kontuz-kontuz, eta gero sehaskatxo altu bat txikikordatuko du, sugeak ez heltzeko modukoa. Ondoren, lanera itzuliko da, ninia eguzkibegitan eduki gabe eta ehizaki bila zeru goienetik zelatan ari diren hegazti harraparien bistatik salbu utzita.
Basartoak azken sorpresa bat ere bazeukan haurrentzat, haientzat beti zegoen beste zer edo zer. Opor luzeak uzta bildu eta jarraian hasten ziren, eta lugorri utzitako sailek jolas sorta amaigabea eskaintzen zieten hala neskei nola mutilei aro lehor osoan zehar. Trebezia handia eta are irudimen handiagoa erabiliz, metamorfosiak burutzen genituen zurtoin iharrak orotariko gauzaki prestigiodunak bihurtuz, tresna grinatu bezain jadetsiezinak. Horien arteko garrantzitsuena, betaurrekoak, aita onenak bezalakoak. Nik neuk ondo ezagutzen nituen betaurrekoak (esan dudan legez, aitak bazeukan pare bat, nahiz eta etxean ez zituen sekula janzten Biblia irakurtzeko izan ezik). Baina herrian ez zituen beste inork. Askoren ustez, betaurrekoak misiolarientzat ziren, antiojuen bidez pentsamenduak leitu ahal zituztelakoan, ezkutuan izaten saiatzen ginen bekatuak gure arima barrenean ere miatu ahal zituztelakoan. Neskok, gortesiak agintzen zuenez, burua makurtzen genuen betaurrekoen bestaldetik pausatzen zitzaizkigun begiradak ekiditeko, baina mutikoak ausartagoak ziren: betaurrekoak nahi zituzten. Horrenbestez, betaurrekoei so egoten ziren, aztertu egiten zituzten. Mezan ez zen erraza, apaiza bizkarra emanda egoten baitzen, eta meza bukatua zela esateko jiratzen zenean, urrunegi. Dotrinara etorri arte itxaron behar. Rukema diakonoak ematen zigun eskolaren ondoren, eta apaiza inspekzioan etortzen zen. Mutikoek begirada finkatzen zuten hain arretatsu egoteagatik zorionak ematen zizkien misiolariaren aurpegian, baina ez zen aita onaren azalpena interesatzen zitzaiena, betaurrekoak baino! Mutikoak harro zeuden: bazekiten nola fabrikatu betaurrekoak. Basarto zurtoinaren azalean biribil mehe pare bat ebaki, makilatxo pare bati forma eman kirtenak egiteko, zurtoineko muin malgu zuriarekin dena itsatsi. Kristalen faltak ez zion inori buruko minik ematen, garrantzitsuena armazoia zen. Mutikoak pasieran ibiltzen ziren ben-ben, sabela aurrealdera botata, basartozko betaurrekoei sudur gainean ozta-ozta eutsiz, eta guk diosal egiten genien barreka: “Abapadri! Abapadri!” Guk, neskok, panpinak egiten genituen basartoaren muin arina ebakita: biribil bat burua egiteko, zilindro bat gorputza egiteko, biribilkiak besoak eta hankak egiteko, hiru basarto garau sudurra eta begiak egiteko. Zurtoinen bati kendutako adartxoek osatzen zuten hezurdura. Baina basartozko niniari oinarrizkoena falta zitzaion: betaurrekoak! Neska lotsagabeenek mutikoei eskatzen zizkieten maileguan.
Emakume oinutsa |