Emakume oinutsa
II Ilargiaren malkoak
Stefania, jakina, iragarpenei adi egoten zen. Eta ugari ziren. Baziren zeruko seinaleak: ilargiaren inguruko gandua ikimuriaren —behi-esnez egindako gurinaren— kolorekoa izan ordez urtaro lehorreko hauts gorrixkaren kolorekoa bihurtzen zenekoa. Zipriztin odoltsuz pikardaturiko hodeiak. Baziren, halaber, Cyohoha aintzirako urak, bat-batean likistu eta ilunduak, aitaren Bibliaren arabera Egiptoko ibaia Moisesen makilapean egin zen bezala. Eta beleak: haranetik igotzen ziren, inork sartzerik ez duen paduretatik. Bele aldra beltzak hegaldaka ibiltzen ziren herri gainean, eta guk belarriak tapatzen genituen haien karraka latzak ez entzuteko. Beleak ziren, zalantzarik gabe, abazimuen —Hildakoen Espirituen— mandatariak, eta haien txilio parte txarrekoek dei egiten ziguten: “Laster gurekin izango zarete, papiroen gainean alderrai dabiltzan hildakoen laino grisean nahasirik”. Seinaleak, seinale txarrak aniztu egiten ziren. Bularrak iharturik zituzten atsoei esnea etortzen zitzaien, haurtxoek muzin egiten zioten amaren sabeletik irteteari. Zorionez, bazen moduren bat edo beste adu gaiztoa aienatzeko. Stefaniak zantzu oneko landareak ezagutzen zituen, eta landareok etxean ipintzeko toki aproposak. Zipriztingailuak ere egiten zituen, patioaren eta soroaren ertzak hezetzeko. Zipriztingailuak hornitzeko ur sakratuak euri-ura behar zuen, ez bestelakorik. Cyohoha aintzirako ur ustela galgarritzat geneukan, malurraren edabea zen. Irakin eta gero edaten genuen; eta irakin ez higieneagatik, bere baitan zeukan gaiztakeriaren esentzia harrapatu edota, sikiera, moltetzeagatik baizik. Aitak, bere aldetik, ortodoxia katolikoak kondenatu ezineko metodoak erabiltzen zituen. Amaren landareen ondoan hostoak jartzen zituen berak, palma antzekoak, aita onek Erramu Igandean bedeinkatuak. Susmatuz gero erramuaren bertutea denboraren poderioz pittin bat lurrundua zela, hostoen indarra berpizten zuen Lourdesko ur botilatxo ņimiņo batetik tanta bat botata. Lourdesko ura eta betaurrekoak bi-biak ziren Mariaren Legioko arduraduna izateagatik aitari misiolariek egindako opariak.
* * *
Baina iragarpen guztietatik izugarriena, ilargiari zerizkion malkoak.
Gitagatako etxearen patioan hiru landare nabarmen genituen, nabarmenak tamainagatik eta nabarmenak erabileragatik. Kafeondo bat xelebre hazia zen amak jarleku gisa erabiltzen zuen termitategi zapalaren gainean. Sukaldeko hondakinak eta babarrunak egosteko ura probestuz, asko-asko hazi eta eguzkitakoarena egiten zigun. Bazen, baita ere, patio barrenean geriza emateko landatutako manioka bat: haren hostoen azpian atsedentzen ginen basartoa edo babarrunak jo eta gero. Antoinek ekarri zituen aldaskak Karamatik, eta hosto itzel haiek ez zuten zerikusirik soroetan geneuzkan manioken hostoekin. Izan ere, bagenituen, nahiz eta ruandatarrok erreparoak izan belgikarrek ezarritako landare horren tuberkulu pozoitsuekiko. Bananadiaren erdian, hostotzaren itsasotik gora eta gorago altxatzen zen hirugarren landarea, misterioz bete-betea: akaina, oso-oso garaia, txit liraina. Ez genekien nondik etorri zen hazia, ezta bananondoen itzalpe lodian sustraiak nola bota zituen ere, nola gailendu zitzaion zurtoin mehar hura hostoen errezelari, nola lortu zuen adar hauskorrak zeruan hedatzea ia ilargia ukitzeraino, hala begitantzen zitzaigun guri. Ahizpa txikiek eta hirurok akainaren garauak eskatzen genituen jateko: “Txigortu garauak, ama!”. Gurasoak uzkur ziren. Ez zen, haien aburuz, elikagai “ohoragarria”. Ngobokak, paganoak, behinola eman zigun dastatzera fruitu debekatua, isilpean. Julienneri eta bioi atoan iruditu zitzaigun orduantxe topatu genuela, ia hura bezain goxoa, kakahueteen ordezkoa, kakahueteak landatu bai baina jatea debekatuta geneukan eta: uzta oso-osorik saltzen genuen azokan, gatza eta Stefaniak kolegiorako uniformeak josteko oihal urdina erosteko. Gure iritziz, akainaren garauak bai, merezi genituen. Azkenean, amak amore ematen zion gure eskaera tematiari: “Urak dena garbitzen du” esaten zuen behin eta berriz xirmi-xarma berba gisa, garauak euri-urez nasaikiro garbitzen zituen bitartean, lehortu, txigortu eta, gure poz handirako, bakoitzari litxarreria hain desiatuaren eskukada bana eman aurretik.
Akaina gure gutiziaren xedea bazen ere, espantuz betetzen gintuen. Akainaren hostoetara jausten zirelako ilargiaren malkoak. Malko horiek, Stefaniaren esanetan, gurin belaxkaren kolorea eta ukitua zuten. Hostoetara isuri, jarraian hari likatsutan irristatzen ziren landarearen luzetara, eta oinean zabaltzen potxingo horixkatan. Ilbetean gertatzen zen beti.
Nik neuk, ahizpen antzean, ez nituen sekula santan ikusi ilargiaren malkoak. Eta Stefaniarentzat hura ez zen guri erakusteko moduko kontua, zeren eta, haren arabera, zerutik eroritako gurin hori ez zen aitaren Biblian Israelgo herria janaritu zuen mana ona. Kontrara, iragarpen zitala zen, familia gainera abailtzear zeuden zorigaizto gaiztoenen iragarpena. “Ilargiak berriz egin du negar”, ematen zigun abisua esnatzerakoan. Bera egunsentia baino ondotxoz lehenago hurreratzen zen adu txarreko zuhaitza ikusmiratzera. Ilargi-gurina eguzkiaren lehen izpiekin urtzea, horixe zen saihestu beharrekoa: “Bestela, esaten zuen, edonon zabalduko dira!” Ilargiaren malkoak lehenbailehen lurperatu behar ziren sugezulo batean, sasiko ume hortzak ehorzten ziren toki berean. Ume horiek, jakina, ez genituen baztertzen, beste guztiak bezala hazten genituen. Hala ere, familiari nahigabea ekartzeko arriskua zeukaten, eta arrisku horren puntu gorena esne-hortzak jaustean izaten zen. Premiazkoa zen hortz horiek eskuratu eta albait arinen lurperatzea sugezuloren batean. Bai ilargiaren malkoak, bai sasiko haurtxoen hortzak narrastiaren antroan galtzen ziren lurarren erraiek irentsita bezala.
Ilargiaren negarrak itzelezko zirrara eragiten zuen gurean. Ziur geunden militarrak etorriko zirela eta, agian, hurrengoan kontua oker bukatuko zela, aita eramango zutela, eta Antoine, baita André ere, etxean izanez gero. Eta aita eta nebak ez ziren itzuliko, 1963an atxilotu eta sekula berriz ikusi ez genituen dendari eta irakasle haien moduan. Eta agian soldaduren batek tiro egingo zien, ezin jakin inoiz zergatik has litezkeen soldaduak tiroka. Amak ezkutalekuak ikuskatzen zituen, biziraupen protokoloa esanarazten zigun beste behin ere. Tentsioa hazi egiten zen egunak aurrera egin ahala. Ganoraz janarazten zigun eguzkia etzan orduko. Barrikada jartzen genion etxeari, jakin arren ezer gutxirako balioko zuela. Gau osoan, gurasoak eta Antoine esna egoten ziren. Txandaka egiten zuten guardia. Aldika-aldika, kanpora ateratzen ziren sastrakadia eta pista begiratzeko, atentzioa inoiz ere laxatu gabe, iheserako seinalea emateko prest. Eta sarritan, iruditzen zait niri, ilargiak ez zituen malkoak alferrik isurtzen.
Emakume oinutsa |