Emakume oinutsa
X Emakumeen kontuak
Stefania, aitzurra lepoan eta soin-oihala belaunetaraino batuta Gikombetik itzultzen zenean, bazter-auzo lupetsu ia idortu hartatik, zeinetan sail bat garbitu zuen aro lehorrean ere babarrunak landu ahal izateko, nik, atzetik trostan, banekien bidea luzea izango zela, ez distantziagatik, baizik eta ohiturak, gortesiak, adeitasunak, adiskidetasunak, elkartasunak —eta horiek guztiek batera— geldialdiren bat eskatzen zutelako, luzea nahiz laburra, kafeondo ilararen atzeko pistaren ertzean zeuden etxoletan. Nolanahi ere, momentuan bertan inor bistan egon ez arren, oso itsusia zen etxe baten aurretik pasatzea diosalik egin gabe. “Yemwe abaha? Mwiriwe! Egun on, etxekoak!” Baina gehienetan Stefania ez zen konformatzen pistatik agurtzearekin: geratu egiten zen kafeondoen artetik euforbio-hesiraino iristen zen bidezidorrean, eta oles egiten zuen berriro: “Mwiriwe! Yemwe abaha!”. Egun hartan, Veronikaren etxe aurrean geratu zen ama. Veronikak ez zuen presarik hartzen erantzuteko. Rundatar molde onak agintzen du ez egiteko ezer arrapaladan. Nahiz eta Veronika bisitaren zain-zain egon, ez zen taxuzkoa atera segituan irtetea. Hasteko, zarata pixka bat egiten zuen etxolan, bisitariaren deia aditu zuela erakusteko; ondoren, tarte zentzunezko bat utzita, astiro-astiro joaten zen bidezidorra eta pista elkartzen ziren tokira, ama itxaroten zegoen tokira. Luzaro besarkatzen zuten batak bestea, bizkarra eta besoak haztatuz, belarrira ongi-etorri berbak esanez. Elkarri opatzen zioten senarra beti izatea, seme-alaba ugari eta behi mordoa. Familiaren berri galdetzen zioten elkarri. Zoriondu egiten ninduten neure itxura onagatik. Gero, hori ere kalmaz, atzeko patiora joaten ginen, bananondo baten azpian jartzera, hegalak zirtzilduta zeuzkan estera baten gainean. Solasaldiak bueltak eta errebueltak egiten zituen seme-alaben osasuna, uztak, euri berankorra eta abar guztiak aipatuz, azkenerako Veronika ardura-arduratan zeukan gaira heltzeko, bere bi alabak, Formina eta Illuminata. Formina, nagusia, neskazaharra zen ia-ia. Ez zuten lortzen ezkontzerik. Amasunzuak zerabiltzan oraindik. Horixe zen Veronikaren kezketako bat. Bestea, dudarik gabe gehien sufriarazten ziona, tripak jaten zizkiona lotsaren lotsaz, Illuminata zen. Izan ere, neskatilak, ikusirik ahizparen bihotza herrian ihartzen, ez zuen itxaron amak eta beste amandreek senargairen bat aurkeztu arte. Bere kabuz joan zen Karamara senar bila, eta topatu ere topatu zuen. Veronikak bere buruari leporatzen zion alaba gaizki hazi izana, nahiz eta aldi berean eta arrazoi osoarekin, nire ustez, deportazioari, erbesteratzeari, jazarpenei ere errua egotzi, horiek guztiek azpikoz gora jarri zituztelako Nyamatako emakumeek etsi-etsian gorde nahi zituzten portaera jasekoaren arauak. Amak Veronikaren kexa-letania luzea entzuten zuen. Ez zuen inoiz eteten, ez da inoiz eten behar hizketan dagoenaren etorria. Oinetan eta hanketan lehortu eta arrakalatutako lurra belar sorta batekin eskuilatu ahala, interjekzio harrituen bidez adierazten zion atentzioa: “Ene! Ene bada!”, horiexek baitira onespena eta jarraitzeko animoa emateko seinaleak.
Veronikak lanturuei amaiera ematen zienean, amak hitza hartzen zuen Forminaren goraipamena egiteko, eta ziur agertzen zen topatuko ziotela senarra, eta dena behar legez konponduko zela, ohiturekiko begirunea gordeta eta familiaren ondraren mesedetan. Eta gau hartan ez baldin bazegoen etxean zer jan, Stefaniak gehiagoko barik botatzen zuen ez zekiela zer apailatuko zuen haurrentzat. Ez zegoen besterik esan beharrik. Ezegokia zatekeen besterik esatea: amak ondo zekien bidezidorraren muturrean, pistan sartu aurretxoan, Veronikak —amak berak beste auzotar batzuekin egiten zuen moduan—, babarrun edo batata saskitxo bat pasatuko ziola, esanez: “Umeentzat.” Eta Stefaniak bideari jarraitzen zion, diosal eginez Theodosiari, Anasthasiari, Speciosari, Margaritari, Leonciari, eta bisita eginez Pétronilleri, Concessari.
Gure azken bisista beti izaten zen Gaudencianarentzat, parekoarentzat. Ikigoan topatzen genuen, atzeko patioan, zazpi semeak inguruan, eskua eskuaren gainean. Amak ezikusiarena egiten zien, ezen gizonek, hamar urtetik gorako mutikoek barne, ez baitaukate zertarakorik ikigoan, pasatzeko tokia da eta kito. Gaudencianak bazekien Stefaniak ez zuela begi onez ikusten semeekin zeukan jokaera, eta bere burua zuritzen ahalegintzen zen: “Alderdiko gazte deabruek kanpamentua laku ondoan jarri dutenetik ezinezkoa da hara urketan joatea. Jipoitu egiten dituzte mutilak, neskak bortxatzen dituzte. Imanak, ruandatarren Jainkoak, zazpi mutil eman dizkit. Zazpion jagoletza eman dit. Heriotzako orduan, Imanak galdetuko dit: Zertan dira nik zure esku utzitako zazpi mutilak? Eta erantzun beharko diot: Han dabiltza. Ez dituzte hil. Begi-bistan edukita zaindu ditut beti.” Horrexegatik joaten da senarra urketara. Badaki bai, barre egiten diotela, ez dagokio gizonari ura ekartzea, baina mutiletako bat hilko balute, zer erantzungo nioke Imanari?” Gaudencianak pentsatuta zeukan mudantza egin eta lakutik hurbilago kokatzea, ez pistaren ertzean Parmehutu alderdiko gazteek kanpamentua ipinitako tokian, baizik eta inortxo ere bila joango ez zitzaien lekuan, papiroen erdian, eltxo aldrak goizetik gauera ziztadaz josten zaituzten lekuan, krokodilo artean. Eta amak beste behin ere azaltzen zion mutikoek ahal zutela lakura joan, antolatuta zeudela, taldeka joaten zirela besteak, benetako konboia, alderdiko gazteak beste nonbait zebiltzan orduak aprobetxatzen zituztela, eta neskengatik bai, neskengatik bazegoela ikaratzerik. Gaudencianak ez zuen berba-erdirik esaten, mutilei begiratzen zien eta fin. “Tira, esaten zion amak, bihar ilea moztuko diet Butisiri eta Gastoniri. Bidal iezazkidazu, gai dira pista zeharkatzeko.”
Auzoko andreak! Nola bizi auzokorik gabe? Beti egoten da auzoan maileguan zer eskatu. Eta inor etortzen ez baldin bazaizu zeuri zer edo zer eskatzera, zu bai zoritxarrekoa. Ez al dira zutaz fidatzen? Pozoigiletzat ote zauzkate? Beti izaten da estakururik auzokoarenera joateko: gatza dela, ura dela, egur pixka bat dela, treskaren bat. Alaba bat ere eskatuko dizute auzokoaren senarra kanpoan dagoelako —Kigalira joan da— eta, andrea haur txikiekin bakarrik geratu delarik, primeran etorriko zaio alboan norbait —Mukasonga— konpainia egiten. Eta horrek luze jotzen du, gortesiak zera agintzen baitu, bisitariari bere etxeraino bueltan laguntzea. Edukazio txarrekoa da bakar-bakarrik etxeratzen uztea. Baina behin etxera heldutakoan, jakina, auzokoak zeuri lagundu nahiko dizu zeuk berari lagundu diozunez gero. Joan-etorriak zenbanahi luza litezke. Esateko kontuak eduki bitartean. Eta konturik garrantzitsuenak, horiexek dira adeitasunak agintzen dituen joan-etorrietan esateko gordetzen direnak. Sekretuak. Ahapeka esaten dira, belarrira xuxurlatzen.
“Lehenago, esaten zuen Stefaniak, bananadia zeharkatuz joaten ginen esparru batetik bestera”. Horrela, hainbat ostera egitean, belar txarrak erauzten zituzten pasoan, edo banana mulkoen pisuak okertutako makilak artezten, emakumearen eskuek ez dute inoiz geldirik egin behar eta. Baina, esan beharrekoak esateko, esateko astia ere hartu behar. Orduan, bide erdian jesartzen ziren. Haurtxoa zeukanak bularra emateko edo gorputz totoloa igurzteko probesten zuen. Haurtxoaren zulotxoak miresteko denbora hartzen zuten, batez ere giltzurrunen azpikoak, “atzeko begiak”. Garrantzitsuak ziren bai, “atzeko begiak”. Batez ere neskentzat. Edertasun seinalea ziren, balioa ematen ziotelako neskatxek aldaketan ipintzen zuten kolore askotako perladun gerrikoari. Horregatik, artean haurtxoaren gorputzak amaren beroa zuela, amak leunkiro modelatzen zizkion “atzeko begiak” hatz erakusleekin, azal hain samurrean sakaduraren marka geratuko zelakoan. Iristen ziren halako batean auzokoaren esparrura. Ateari marko modukoa egiten zioten banbu garai sorten aurrean geratzen ziren. Itzalek adierazten baldin bazuten etxeratzeko ordua zela seme-alabei jaten emateko, beste behin besarkatzen zuten elkar, ohiko opa-berbak aletuz.
Gitagatan, ordea, ez ziren ausartzen auzokideari ateraino laguntzen. Pista handi hartan beti izaten ziren topaldi eskasen beldur: alderdiko gazteria, militarrak. Urratsa bizkortzen zuten: ez zen komeni kontu-kontari aritzeko gelditzea, ezta osteraka ibiltzea ere. Halaxe, gehienetan, bisitariari etxetik bidezidorraren muturreraino lagundu, eta konforme. Egia da bazegoela kafeondoen artetik pasatzea ere, baina nor ausartu zurien aginduz landatu eta ezin konta ahalako debekuz babesturiko zuhaixken oinetan zabaltzen zen belar guria mailatzen? Nork nahi landaketak zorrotz zaintzen zituzten Karamako agronomoak ernegatzen jarri? Halaxe, Stefania eta bisitaria bidezidorraren muturrean gelditzen ziren, pistaren ertzean, eta gero etxera itzultzen ziren berriro. Esateko kontuak asko zirenean, joan-etorriak ere asko: “Preso gauzkate”, esaten zuen amak zizpuruka.
* * *
Igande bazkalostean izaten ziren —edo inoiz baita aste barruan ere, lanaldi luzearen ondoren etxeosteko sorotik itzulitakoan—, noiz Stefaniarenean noiz Marie-Thérèserenean, emakumeen bilerak. Artaburuak erretzen zituzten, ezen gizonek jendaurrean jatea gorroto badute ere, emakumeak ez zaizkio debeku horri atxikitzen. Basartardoa ere ibiltzen zen eskurik esku, edo treska hutsik egonez gero, treskaren ipurdian geratutako ahetz lodia urarekin beratu eta harekin egindako egoskina. Lehen egoskinak salda arina ematen zuen; bigarrenak ez zeukan zaporerik; hirugarrenak mingostasun ikaragarria uzten zuen ahoan, eta lagunek anfitrioia lotsagarri ez uztearren irensten zuten, ez zeukan-eta zer eskaini edabe penagarri hura izan ezik. “Alabaina, esaten zuen amak hasperenka, ura zertxobait bataiatu beharra dago!” Baina bizikidetzaren benetako tresna pipa zen. Stefaniaren sasoian, Ruandako emakume guztiek erretzen zuten pipa. Emakume ezkonduen pribilegioa zen. Emazte berriari, amasunzuak kentzen zituen festan, estraineko pipa eskaini ohi zitzaion, eta lehen putzada ateratzen zion bertaratutakoen pozerako. Jakina, emakumeek ez zuten piparik erreko gizonezkoen moduan, mundu guztiaren aurrean: gizonezkoek libre zuten nahi zuten tokian erretzea, etxe aurrean eserita, pistan astunki egurasten zirenean, azokan, igandean mezatik irtetean. Emakumeek etxean erretzen zuten, ikigoan, eta noizbehinka soroan ere, ordurik berorenetan pausalditxoa egiteko, zuhamuxkaren baten gerizpean. Kexatu egiten ziren gizonak tabakorririk onenaz jabetzen zirelako, emakumeak izanda landareak eta orriak fin-fin zaintzeko ardura zutenak. Gizonek apurrak baino ez zizkieten uzten. Igandean amak gogor negoziatzen zuen aitarekin ganorazko orri batzuk eskuratzearren. Lortu ere beti lortzen zituen. Emakumeek, beraz, orri-gingil bat biribilkatu eta harekin hornitzen zuten pipa, eta ondoren zuloa egiten zioten saskigintzarako erabiltzen zuten orratzarekin, aireztatu eta errekuntza egokia lortzeko. Bakoitzak putzada bat egin, pipak trukatu, tabakoa konparatu. Pipek asanbladaren bira egiten zuten. Ba al da adiskidetasun eta konfiantza erakusgarri hoberik pipak trukatzea baino? Sarritan eskatu diet senarrari edo seme-alabei pipa bat oparitzeko. Barre-karkaraka hasi izan dira. Uste dute txantxetan nabilela. Hala ere, luzaro egoten naiz ni estankoaren erakusleihoari so. Ez naiz ausartzen soilik gizonek usutzen duten toki horretara sartzen. Laster kontsolatzen naiz. Zer zapore izango luke tabakoak nire pipa trukatzeko emakumerik alboan izan gabe?
Ikigoko bilerak ziren emakumeen benetako parlamentua. Gizonen kargu zeuden justizia eta kanpo-aferak. Jakintsuek, aita tartean, auziak ebazten zituzten, gatazkak askatze. Haiek ziren, posible zenean, negoziazio zailetan jarduten zutenak zelulaburuarekin, alkatearekin, agronomoekin, misiolariekin. Militarrekin eta alderdiko gazteekin ez zegoen eztabaidatzerik. Emakumeei zegozkien heziketa, osasuna, ekonomia, ezkontza estrategiak. Guztiek zeukaten hitz egiteko eskubidea, bakoitzak nahi beste, inork ez zion berbarik moztuko eta. Ez zegoen ez gehiengorik, ez gutxiengorik. Denen oniritzia jasotakoan hartzen ziren erabakiak.
Stefania, Marie-Thérèse, Gaudenciana, Theodosia, Anasthasia, Speciosa, Leoncia, Pétronille, Priscilla eta beste asko Ama ongileak ziren, Ama jagoleak, bizia janaritzen, babesten, zentzatzen zutenak, biziaren zaindariak, hiltzaileek erail zituztenak biziaren iturriak jo eta beti-betiko agortzeko moduan.
* * *
Gitagatako amen ardura behinena seme-alaben heziketa zen. Posible izan zutenetik, Nyamatan lehenbizi, sakabanaturik bizi ziren herrietan gero, erbesteratuek eskolak ireki zituzten. Irakasleek misiolarien laguntza izan zuten eta haien sostenguaren mende geratu ziren. Gitagatan, ia haur guztiak joaten ziren eskolara. Joaten ez ziren bakarrak bataiatu gabeak ziren. Eskolan onartua izateko, izen kristaua behar zen. Horixe izan zen aita onen eskakizuna. Egia da abapaganiak —paganoak—, azkenerako, atzerabueltarik gabeko aurrerapenaren bazterrean geratutako atzeratu gisa ikusten genituela. Misioak, eliza handiarekin, adreilu gorrizko eraikinekin, su premiarik gabe gauean berandura arte diz-diz egiten zuen argiarekin, hura zen zurien herrialdearen puska bat zerutik gurera jausi izan balitz legez. Bataioak ez bestek ematen zuen harako sarbidea. Abapaganiek ez ziren ugari Gitagatan, baina baziren izan. Esaterako, Ngoboka familia, gure etxetik bi haruntzago bizi zena. Ngoboka ez zen inonik inora pagano tematia. Ez zen tradizioen zaintzaile itsua, kristau-argien etsai doilorra, Ryamgomberen zerbitzari oldarkorra. Kontua zen, besterik gabe, Butareko probintziako eskualde oso urrutiko batekoa zela, eta ez zenez misiolariek zapaldutako bideetan ibili, jainko-graziak ahaztu egin zuen. Bestalde, ematen zuen burla egiten ziela usadiorik ohoragarrienei. Bazeukan seme nagusi bat Cyohoha aintzirara arrantzan joaten zena piragua txiki batean. Gitagata osoa suminduta egon arren, Ngoboka familiak arraina jaten zuen eta, horrek, edonork dakien bezala, heriotza ekartzen die behiei. Orduan behirik ez bagenuen ere, eskandalua iruditzen zitzaigun abeltzain batek halako debekua urratzea: modu batera edo bestera, jokabide hark zorigaitza besterik ezingo zuen ekarri. Hiru alaba ere bazituen: Mukantwari, Nyirabuhinja eta Nyiramajyambere. Herrian bakar-bakarrik geratzen ziren beste haur guztiak eskolan zeuden bitartean. Eskolatik irtetean, lotsabakoenak deadar egiten zuten kristau-izenik ez zuten neskatxoen etxe aurretik pasatzean “Abapagani! Abapagani!”. Igandeetan, tristeziaz begiratzen zioten eguneko lehen mezara, gero bigarrenera, ondoren hirugarrenera biltzen zen jendetza apainari. Hala ere, beste guztion moduan, Ngobokak eta familiak betetzen zuten igandeko atsedena. Ez genituen ikusten, Jaunaren egunean, soroan lanean. Stefaniak errukia sentitzen zuen aitaren ezjakintasunaren erruz beste umeengandik eta zibilizazioaren onuretatik aparte geratutako neska koitadu haiekiko. Beste emakume guztiekin batera erabaki zuen Nyiramajyamberez arduratuko zirela aurrena. Nyiramajyamberek —Aurrerapena Dakarrenak— izen presdestinatua zeukan, esan beharra dago. Gure ama Apollinaire Rukema katekistarengana joan zen bataioa negoziatzera. Azkar irakatsi zizkioten neskatxari kristau-egiak. Stefaniak, jakina, amabitxi izatea onartu zuen eta Nyiramaj-yamberek bataio-izen elegantea hartu zuen, Gloriosa. Maisua konbentzitzea falta zen, Bukuba, txikien ikasgelan hamar, agian hamabi urteko neska handi hura onar zezan. Bukubak erreparoak zeuzkan. Emakume batzorde pila baten ekinak eman zien amaiera zalantzei: Gloriosa eskolan hasi zen. Stefaniak adoretu egiten zuen eta irakurketaren abantailak baieztatzen zizkion, nork eta berak, ez irakurtzen ez idazten ez zekienak, aitak Biblia zabaldu eta hitzen batzuk deskodetzen irakasten zion bitartean. Nyamatako ikasle gehienen antzera, ez zuten onartu akademiara sartzeko azterketa nazionalean, baina Féliciték, Marie-Thérèseren alabak, berarekin eraman zuen komentura. Joskintzaren hasi-masiak, sukaldaritza “zibilizatua”, frantses gehixeago irakatsi zizkioten. Ahizpek bide bera egin eta lana ere topatu zuten, Kigalin. Elkarrizketa baten harira, Stefaniak bota zion behin gure aitari: “Ikusten? Arrosario barik kristautu ditut nik paganoak. Ez dakit Ryangombe zertan dabilen azken aldi honetan.”
* * *
Ikigoan Suzanneri buruz hitz eginez gero, eta beti ateratzen zen hizpidera, goiz edo berandu, kontuz eta tentuz egin behar zen. Fama negargarria zeukan arren, total saihesten genuen haren etxe ganorabakoa, haren soro ziztrina, haren haur zarpailez jantziak eta zomorro-ziztadaz josiak aipatzea. Hain zuhurki jokatzea zeragatik zen, Gitagatan Suzanneren betekizuna nahitaezkoa zelako guzti-guztiontzat: ezkonaurreko azterketa egiten zien neskatxei. Hori zela eta, pozik geunden Suzanne izatearekin eta, ahapeka mespretxatu arren, beti ere beldur pixka batekin nahasitako errespetu seinale handiak eskaintzen genizkion. Suzanneri buruz mintzatzea, era batera edo bestera, sexuaren gaiari heltzea zen. Sexua, gai arras debekatua. Inoiz ez ziren ahoskatzen gai hori adierazten zuten hitzak. Ezagutzen genituen, jakina, hitz horiek, sekula entzun gabe ere. Neure buruari galdetzen diot nola ikasi genituen. Deabrua izan ote zen, Ryangombe bera, aita onek esaten zuten bezala, belarrira xuxurlatu zizkiguna? Nesken sexuak, hala ere, buruko min handiak sortzen zituen. Ruandan ez zen ablaziorik praktikatzen, Afrikako beste gizarte batzuen kontrara. Kontrara, babestu egin behar zen haurrak etortzeko balio zuen txoko zoragarri hura. Txiki-txikitatik tapatzen genuen, eta batez ere, defentsa naturalak hobetzen genituen. Neska txiki oro denbora luzez egoten zen bere amari josita, itzala legez. Baina hamar bat urte betetzen zituenean, amak esaten zion alabari: “Zoaz auzokoarengana, zer edo zer esan behar dizu, galdetu zure laguntxoei, badakite zer egin behar den, galdetu Speciosari, horrek jakingo du, badu adinik.” Besterik ez. Ez zegokion amari alaba iniziatzea. Neskak nesken artean moldatzen ziren horretarako. Aluko ezpain handik zabaltzen zituzten, segituan kusku biko molusku baten gisa firme ixteko. Emakume ruandatarrak egundo ahoskatu edo idatzi ezin dituen hitzak idazten dihardut. Baina, azken batean, beste hizkuntza batean ari naiz eta hizkuntza honetan, beharbada, ez daude debekatuta. Ezkondu aurretik, beraz, neskek Suzanneren miaketa pasatzen zuten. Ez ziren trankil egoten. Entzunda zeukaten Margaritaren historia. Horrexegatik arbuiatu omen zuten. Lotsa-lotsa itzuli zen Nyabarongotik hara bizi ziren aitagi-narreba-amaginarrebaren etxetik. Harrezkero bakarturik bizi zen, baztertuta, txabola batean. Ez genuen ikusten soroan izan ezik, txabola ostean. Neskak gauez joaten ziren Suzanneren kontsultara. Opariak eramaten zizkioten. Ez dakit opariek eraginik izango ote zuten diagnostikoan. Dena den, lasaituta ateratzen ziren gehienetan: Suzannek baietsi egiten zuen neskak usadioak eskatzen zuen erara zeudela osoro. Ikigoan emakumeak ez ziren aho betean mintzatzen praktika horri buruz, baina Suzanneren izena esan orduko, mundu guztiak jakiten zuen aferaren nondik norakoa.
* * *
Fortunataren eritasuna ere berbagai mamitsua izan zen emakumeentzat. Fortunata Gitagatako itzal handiko familia bateko alaba zen. Bi neba zaharrek, ezkonduak ordurako, prestigiodun karguak zeuzkaten: bata Rukema zen, lehenago aipatu dudan katekista; bestea, Haguna, boy zebilen Karamako agronomo belgikar baten etxean. Speciosa, gazteena, Kigalin ari zen, zurienean lanean. Misiolarien Jainkoaren misterio korapilatsuen eta europearren ohitura arrotzen berri bazutenez, ezbairik gabe sartzen genituen “eboluzionatuen” kategoria irrikatuan. Fortunata, Gitagatan geratu zen Ceciliaz arduratzeko, ama zaharraz, oso adintsua eta ia ezindua bera. Neska adoretsua zen. Miretsi egiten genuen haren jardun nekaezina. Ez genuen esaten “Ceciliarenean”, bai “Fortunatarenean”. Seme ezkongaien amek amets politak bilbatzen zituzten Fortunataren inguruan: zorionekoa Fortunata errain izango zuena! Eta hara non Fortunata desagertu egin zen. Ez zen ageri ez soroan, ez lakuko bidezidorrean, ezta igandean ere, mezan. Neskatxek azaldu zuten jada ez zela haiekin batzen amasunzuak txukuntzeko. Kezka zabaldu egin zen, bistakoa zen ez zela etxetik ateratzen. Jakin genuen uko egiten ziola esteratik mugitzeari, gorputz osoa zeukala dardaraz, gau-egunak aieneka ematen zituela gaitza nondik zetorkion aitortzeke baina Théonesteren izena esan eta esanez, ordura arte Gitagatan ezezaguna zen izena. Emakumeen iritziz, eritasun erabat arraroa zen hura, Gitagatan sekula ikusi gabea, ezta Ruandako emakume zaharrenen oroitzapenetan ere. Eta inork ez zuen ulertzen zergatik ez zuen ama zaharrak aholkurik eskatzen: denak batzartuz gero, emakumeek bapo topatuko zuten Fortunata sendatzeko landarea edota xarmadura.
Ez dakit nork jakinarazi zigun eritasun ezezagunaren izena eta nola zabaldu zen albistea herri osoan eta ingurumarietan. Fortunataren gaixotasuna maitasunaren gaixotasuna zen. Maitasunaren gaixotasuna, sekula santan aditubako gaixotasuna! Non harrapatu zuen, bada, Fortunatak? Maitasunak zurien gaixotasuna behar zuen. Baina zer egin zurien gaixotasun baten kontra? Speciosari leporatu zioten Kigalitik ekarri izana, eta Gitagatara itzuli bezain pronto, berrogeialdia ezarri zioten. Maitasunaren gaixotasunari ez zitzaion hedatzen utzi behar, inondik inora, ez gero. Bistan zegoen neskatxak zirela kutsatzeko arrisku handiena zutenak. Ama guztiek begipean ipini zituzten alabak, irtetea debekatu zieten. Ume txikiei, batez ere neskatxoei, Fortunataren etxe aurretik pasatzea eragotzi zieten. Eskolara joateko, bidezidor berria urratu zuten, buelta handia egiten zuena esparru madarikatua saihestearren. Maitasunaren gaixotasuna, ez zegoen beste auturik. Gizonek ere bazuten zer iritzi, eta umeek abestiak asmatu eta Fortunaren etxetik urruntxo baina birika betean kantatzen zituzten: “Indwara y'urukundo! Indwara y'urukundo! Maitasunaren gaixotasuna! Maitasunaren gaixotasuna!”
Fortunataren nebak espabilatu egin ziren arrebaren eritasunak sortutako eskandaluaren berri izan zutenean. Galdeketan hasi ziren Fortunata gajoa atzipeturik zeukan sortilegio doilorraren pozoigilea deskubritzeko. Bilaketa askoren ondoren, konbentzitu ziren zorte-partitzaile dongea Théoneste-edo zela, Gitagatik oso urrun bizi zen bat, Nyabarongoren ertzetan. Nebak joan egin zitzaizkion gizonki azaltzera zera, bada bera bazen arreba zoritxarrekoari maitasunaren gaixotasuna kutsatu ziona, orduan bere gain hartu beharko zituela ondorioak; alegia, Fortunata hartu behar zuela zegoen-zegoenean, droga gaiztoek eragindako egoera eskasean. Gogo txarrez edo onez, Thèonestek ez zuen izan bi anaiek proposatutakoa onartu beste aukerarik. Ahalik eta bizkorren bidali zioten Fortunata, eta segituan itzuli omen zitzaion osasuna. Fortunatak alde egiteak sekulako lasaitua ekarri zion Gitagata osoari. Maitasunaren gaixotasun gorrotagarri hura errotik erauzita, neskatxek gainean zeukaten ezkontzarekin ametsetan jarraitu ahal izan zuten eta amek semeentzako neskatxarik probetxuzkoena aukeratzeari ekin zioten.
* * *
“Gaur ere ikusi dut Claudia, esaten zuen Stefaniak, amasunzuak darabiltza oraindino, bere adinean. Zer edo zer egin behar dugu haren alde.” Ikigoko emakumeak prest egoten ziren topatzen ez zuten neskei senarra topatzeko, horretarako iruzurrik gogorrenak asmatu behar bazituzten ere. Hala gertatu zen Claudiarekin. Claudiak ama galdu zuen. Alaba bakarra, aita adintsuaren ardura zeukan, aitak ezin baitzuen ez lurrik landu, ez esparrua jagon. Baina Claudia neska kementsua zen eta, batez ere, ezhiko indarrez jantzia. Urketara joaten zenean, ezein gizonek altxatu ezingo zituzkeen treskak garraiatzen zituen buruan. Haren izter sendoak, zango bilotsuak, elefantearen ibilkerarekin konparatzekoa zen pauso dotorea mirestekoak ziren. Aldaken zabalerak emankortasun oparoa iragartzen zuen argi. Nahiz eta haren hazpegiek erabat ez erantzun ruandatar edertasunaren kanonari, ez zen ulertzekoa zergatik ipintzen zituzten mutilek lurra aitzurtzeko eta mundura haur franko ekartzeko hain egina zen neska harekin ezkontzeko aitzakiak. Alabaina, susmatzen genuen zein zen errezeloen arrazoia: hil orduko, Claudiaren ama etxean sartuta egon zen gaixoaldi luze batean. Gaixotasun hura, herriari ezkutatu nahi izandakoa, ezin ukatu, pozoigileren baten aztikeriari zor zitzaion, ezin izan bestela. Pentsatzekoa zen madarikazioak familia osoa joko zuela, Claudia bera eta Claudiaren seme-alabak barne. Inor ez zegoen prest munta hartako madarikazioari aurre egiteko. Claudiak senarrik gabe zirauen, beraz. Beste batzuen antzera, bazuen Kigalira joatea. Kigalitik senar eta guzti itzultzen ziren denak. Baina Claudia ez zen lotsagabea, ezta hurrik ere, eta Franciscok, aitak, zorrotz begiratzen zituen usadioak. Itzal handiko gizona izatearen ospea zeukan herrian, eta emazteari zin egin omen zion zorrotz begiratuko zuela alaba bakarraren ondra.
Urteak joan, urteak etorri, Claudiak senarrik ez. Gitagatako emakumeek erabaki zuten sobera heldua zela zerbait egin eta senar bat topatzekoa. Karangwa izendatu zuten hautagai. Mutilzaharra zen, baina ezkontzeko zeharo egokia Karaman lan egiten baitzuen, boy edo lorezain, ez dakit besterik. Ez zen bizi gurasoenean, bakarrik bizi zen, bere-berea zen etxe batean, kasu apartekoa mutil ezkongabeen artean. Dudarik gabe, arrazoi horregatik ere aukeratuko zuten emakumeek. Karangwak, hain zuzen ere, aste osoa ematen zuen Karaman lanean. Gure neba Antoineren moduan, larunbatean etortzen zen Gitagatara, eta igandean alde. Horri esker ahal izan zuten landu eta praktikan jarri emakumeek plan makiavelikoa. Claudiak maniobra onetsi zuen eta parte hartzeko prestatu zen, eskrupulu izpirik gabe, itxuraz. Larunbat batean, beraz, Claudia sartu zuten Karangwaren etxean mutila etorri baino lehen. Claudia txokorik ilunenean ostendu zen: segurutik Karangwak ez zion erreparatuko beste mutilzahar batzuekin garagardo pitxer batzuk hustu eta etxera itzulitakoan. Claudiak gau osoa eman zuen kukututa, kurubilkatuta, zirkinik egin gabe, ia-ia arnasarik ere hartu gabe, harik eta goizeko lehen argiarekin auzoko emakume bat Karangwaren etxera ate joka etorri eta, jakina, Claudia ikusi zuen arte, ordurako txoko ilunetik atera eta Karangwaren ohe ondoan disimulurik gabe jarrita. Aurrez hitzartuta bezala, auzotarra deadar batean hasi da ahalik eta ozenen: “Yemwe! Mamawe! Karangwak Claudia bahitu du! Karangwak Claudia bahitu du!”. Eta deadarrak entzunda, mundu guztia atera da kalera. Laster batu da jendetza Karangwaren etxe inguruan. Oihuak: “Karangwak Claudia bahitu du! Claudia bahitu du!” Emakumeek irrintzi zoliak bota dituzte, Iiiii! Francisco ere heldu da. Karangwari agindu dio alabarekin ezkontzeko. Karangwaren etxean topatu dute, hantxe pasatu du gaua. Herri osoa da lekuko, Claudia bahitu du. Karangwa hitz-totelka ari da zerbait esan guran. Baina beranduegi da, badator basartardoa tresketan, konploteko emakumeak laudorio kantuan hasi dira emaztegaiaren omenez, neskatxak dantzan. Claudiaren aitak eta Karangwaren familiak hartu diete tamaina gauzei. Tradizioa errespetatu egingo da eta Claudiari senarra hornitu zaio. Ezteiak ospatzea baino ez da falta!
* * *
Emakumeen kezkabide nagusietako bat haurdunaldia zen, noski. Haur bat izatea, horixe zen emakume orok desio zuen garrantzia, begirunea, boterea bereganatzea. Mundu guztiak espero zuen neska ezkonberria lehenbailehen haurdun geratzea. Emaztea albiste hori ematen berandutuz gero, senarrari ezinegonak jaten zion barrena, beste gizonen begirada destainezkoaren pisua nozitzen zuen, eta amandreak maiseaketan hasten ziren, kontuak aterata. Laster joango zitzaizkion sotil aholkatzera emazte antzu ere antzu hura albo batera uzteko. Halaxe, Ruandan, haurdunaldiak alderrai ibiltzen ziren, ez ziren leku batean geratzekoak, amagaiaren gorputz atal batetik bestera bidaiatzen zuten. Andre gazteak esaten zion senarrari: “Umedun nago, baina ninia bizkarrera joan zait.” Fenomeno bitxi horren kausa izan zitekeen, batek daki, pozoigileren batek edo auzoko emakume jeloskorren batek opatutako fortuna txarra, edota askoz urrunagotik etorritako maldizioren bat, baina, zena zela, inork ez zuen harriduraz hartzen: ninia amaren gorputz osoan pasieran ibiltzen zen, bizkarrean, lepoan, belaunean. Ez zen larritzekoa: egunen batean kokatuko zen kokatu beharreko tokian. Niniaren erromesaldiak hilabeteetakoak izaten ziren, bi urtekoak gehien jota, baina Madameren kasuak, Nakeretiren emaztearenak zeresana ematen zuen (izen xelebrea gizon horrena, benetako izena, ez goitizena, ze, gainera, azal zurbil-zurbila zeukan). “Berriro ere”, esaten zuen hasperenka Stefaniak, amagurakoa berarekin konfesioan aritu zen-eta gau oso batean. Emakumeek zenbaketa egiten zuten: “Bost bider batu dugu basartoa Madame umedun geratu zenetik, eta umea oraindik heldu ez!” Denek pentsatu zuten Madamek eta Madameren akaburik gabeko haurdunaldiak arriskuan jartzen zituztela. Bost urteko haurdunaldia, hori ez zen posible! Begizko benetan bihurria behar zuen Madameri jaurtitakoak. Ez zedila inor harengana hurreratu, saihestu egin behar zen emakume hura kosta ahala kosta, iskin egin behar zitzaion bidean topo eginez gero. Bikote zoritxarrekoa baztertuta zegoen. Gizonek burla egiten zioten Nakeretiri berak konfiantza zuelako emaztearengan eta lainoki espero zuelako ninia itzuliko zela sekula utzi behar ez izandako sabelera. Beste batzuen susmoa bestelakoa zen, gizonari maitasunaren gaixotasuna kutsatu ziotela. Stefania eta beste emakume batzuk beste iritzi batekoak ziren. Madameren eta Nakeretiren etxeak, azaltzen zuten, eta Titoren etxeak alboz albo zeuzkaten hormak. Tito dendaria beste batzuekin batera atxilotu zuten militarrek 1963an. Apollinaire ere eraman zuten, semetxoa. Biak ala biak bota zituzten kamioira. Madamek dena ikusi zuen, dena entzun. Niniak, Stefaniaren arabera, amaren izu-ikara igarri eta ez zeukan haurrak hitzen zituzten mundu horretara etortzeko inolako presarik. Ez genuen jakin azkenean Madame nini ibiltari hartaz erditu zen ala zen, ezen 1967ko masakreetan hainbat eta hainbat gazte-jende hil zutenean, Burundira ihes egitea lortu baitzuten. Ez genuen inoiz berririk izan. Bortxaketak. Inork ez zuen horretaz hitz egin nahi. Inork ezin zuen horretaz hitz egin. Ohituren artean ez zegoen bat ere familiak aldrebeska jartzen zituen katastrofe horri aurre egiten laguntzeko. Lehenago, “Ruandan”, neskatxaren bat haurdun geratzen baldin bazen ezkondu orduko, ezkutatu egiten zuten, desagertu egiten zen, Kigalira alde egin zuela zabaltzen zen, edo urrutiago oraindik, Burundira, Usumburara, orduan esaten zen moduan. Izanak izan, ezin zuen familiaren etxean erditu. Ez zen horrenbeste neska malderrari gaitzespen moralaren zama sentiarazteagatik, bai beldurragatik, ea gizartearen martxa ona segurtatzen zuten arauak transgreditzeak ez ote zion ekarriko bai familiari, bai komunitate osoari kalamidade segida latza, lurren emankortasuna eta emakumeen nahiz behien ernalmena ere harrapatzerainokoa. Gehienetan, azkenerako etxean hartzen zituzten andre gaztea eta ninia, baina ruandatar guztiek onesten zituzten arauetatik kanpo jaiotako haurrarekiko mesfidantza eta errezeloa ez ziren itzaltzen. Hala ere, ohiturak, zer du ohiturak esateko zuen alabak alderdi bakarreko mutilen harrapakinak direnean, buruan sartu arte esan bazaie neskatxa tutsiak bortxatzea iraultza dela, herri gehiengodunak lortutako eskubidea? Nork eutsiko dio alferrik disimulatu nahi den zorigaitzaren pisu zanpatzaileari: neska-ama madarikazio biziduna bihurtzen da, ihes egiten zaio eta etsipenaren bakardadean murgiltzen da; familiak, berriz, arrenguraren usikada sufritzen du alaba babesten asmatu ez duelako, eta herri osoak zuhurki baztertzen duela sentitzen duelako; eta haurrak, gorrotoaren haurrak, zer zorigaitz ekarriko ote dizkizue?
Vivianeren bortxaketa izan zen ordura arte usadioak ezarritako jokamoldea zalantzan jarri zuena emakumeen artean. Viviane gazte-gaztetxoa zen, nerabea. Herriko amek jakituria-eredu gisa seinalatzen zieten emantzipatzeko joera ageri zuten alabei. Ez zuen zuhur jokatu Cyohoha aintzirara bakarrik-bakarrik joan zenean ur bila. Alderdiko gazteak kanpalekuan zeuden orduantxe juxtu, garagardo kaxen artean denbora-pasan eta fanfarroikerian, tutsien kontra egindako balentriak lau haizetara zabaltzen eta berriak asmatzen. Vivianeren amak, ikusirik alaba ez zetorrela, beste emakumeei esan zien, eta horiek abisua eman zieten gizonei. Gizonak Cyohohako pista hartu zuten. Lakura heldu baino askotxoz lehenago, Vivianeren kalabaza ikusi zuten apurtuta, eta urrunxeago, zuhaixka baten azpian, neskatxaren gorputz odoldua. Kolpez josita zegoen, bortxaketa agerikoa zen. Gaixo larriak eta hildakoak garraiatzeko banbuzko angarila ekarri, eta bi gizonek lepoan hartu zuten. Herri osoa zeharkatu zuten. Mundu guztiak ikusi ahal izan zuen Viviane, odolez gorritutako soin-oihala. Ez zegoen zertan ezer ezkutatu. Atsekabe latza abaildu zen herri gainera. Maria Birjinari eta Ryangomberi batera erregutu genien. Negar-jarioa izan zen Vivianerengatik, jakina, baina baita Gitagatako biztanleontzat ugarituko ziren zoritxarrengatik ere, denok ikusitako bortxaketaren ondorioengatik.
Ordea, orduko hartan, elkartasuna eta errukia indartsuagoak izan ziren ohitura baino. Ez zituzten Viviane eta familia bertan behera utzi usadioak agintzen zuen berrogeialdian. Stefania eta beste emakume batzuk zauriak sendatzera inguratu ziren. Zauriok sendatu bai, zendatu ziren, baina laster ikusi zen Viviane haurdun zegoela. Herriko emakumeek ez zioten horregatik utzi Viviane zaintzeari eta aholkatzeari. Familiaren etxean erditu zen. Emaginek, erditzear zeuden emakumeen ondora joateko deia jasotzen zuten andreek, Vivianeri lagundu eta Vivianek ume ederra ekarri zuen mundura, mutikoa. Hori hala izanagatik, emakumeek uste zuten beharrezkoa zela Vivianeren eta haurraren madarikazioa araokatzea, biok ziren-eta zoritxar-ekarleak, zalantzarik gabe. Luzaz eztabaidatu zen atzeko patioetan. Ni termitategiaren ostean kuzkurtzen nintzen hika-mikak entzuteko. Amak bere adagioetako kutunetako bat errepikatzen zuen: “Urak dena garbitzen du.” Eta poliki-poliki, asanblada ados etorri zen arazketa zela kasu hartan komeni zen erritua: doi-doi garbituko ziztuten Vivianeren eta haurraren gorputzeko zokondo guztiak.
Baina zein urek zeukan behar adinako arazte-ahalmen boteretsua bortxaketaren kausaz ama eta semea estali zituzten madarikazioak egozteko? Cyohohako ur kaltegarria ez zen komeni, bistan zen. Euri-urak zirudien eraginkorrago. Ur bedeinkatua ekarri beharko zen Rwakibiriziko iturritik. Bugeserako iturri bakarra zen, agortezina beti. Ura borborka ateratzen zen, Lurraren erraietatik irtenda bezala. Ruandaren hastapenetan sortu zen iturri hori. Erbestetik bueltan, Ruganzu Ndori —Ruandaren hiru errege fundatzaileetako bat— Rwakibirizin gelditu zen, eta lantza lurrean sartu zuenerako, ura jalgi zen. Ur sakratua iturritik ekartzeko, bi birjina gazte-gazte aukeratu zituzten, zuhurtzia ezagunekoak. Eman zizkieten bi gurin-ontzi handi (eta ez zen erraza izan gure artean gurin-ontzirik topatzea behirik ez geneukanetik). Emakume batzuek lagundu zieten neskei: kantuan egin zuten bide osoa, Ruganzu Ndoriren goratzarrez, baina tarteka-tarteka ere isilduz, bidaztiren bat zetorrenean. Emakumeek tentuz finkatu zituzten zeremoniako errituak. Ezingo zen sastrakadian burutu, Espirituen egoitza delako. Espirituak bidegurutzeetan azaltzen dira gusturen. Beraz, emakumeek bidegurutze bat aukeratu zuten, kuxkuxeroen begiradetatik salbu, eta belar mehez estali.
Erabakitako egunean, emakumeak, Viviane eta haurra gau ilunean abiatu ziren. Ordu egokian gauzatu behar zen erritua; alegia, eguzkia atera baino lehen baina zerua haren argi berriz edertzen hasia delarik. Ni ez nintzen zeremonian izan: ez zidaten baimenik eman amari jarraitzeko. Gazteegia nintzen eta, dudarik ez, baita kontakatilua ere. Ez da zuzena Espirituen mundua irekitzen duten sekretuak bolo-bolo ibiltzea. Erritugileek ez zituzten bueltan ekarri gurin-ontziak: bizkor jaurti zituzten zingirako basatzara.
Rwakibiriziko urak benetan araokatu zuen Vivianeren bortxaketak herrian zabaldutako madarikazioa: inork ez zuen kolokan ipini. Jai bat ere antolatu zen aita nor zuen jakin nahi ez genuen haurrari ongi-etorria egiteko. Ez zen izan ubunyanoa, Vivianeren semea hazitxoa baitzen ordurako, baina izena eman zitzaion: Umutoni —Gurekin Da—, eta aurrerantzean, Gitagatako haur guztiek anaia edota nebatzat hartu zuten. Viviane emakume ohoragarrien artera bihurtu bazen ere, haren estatusa zehazgabea izan zen aurrerantzean. Ez zen neskatxa, ezin zuen amasunzurik erabili; ez zen emakume ezkondua ere; beraz, alargun tratua eman zitzaion eta alarguna beharko zuen senarra.
1994an, genoziden gerra armetako bat izan ziren bortxaketak. Gehienak hiesaren eramaileak ziren. Ezta Rwakibiriziko ezta Ruandako iturri guztietako urak ez ziren aski izango biktimak “garbitzeko” jasandako perbertsioen lotsatik eta heriotza-ekarle bihurtzen zituen hotsetatik, askoren arbuioa ekarri zien famatik. Hala ere, emakume haiek beren baitan eta bortxaketetik jaiotako haurrengan aurkitu zuten adorearen iturri bizia, bizirauteko indarra, hiltzaileen asmoei erronka jotzeko ausardia. Ruanda gaur Ama Kuraien herrialdea da.
Emakume oinutsa |