Emakume oinutsa
III Stefaniaren etxea
Desplazatuen etxolak pistaren luzetara lerrokaturik zeuden, kafeondo ilara baten atzean. “Tripoloren etxolak” esaten genien. Tripolo, ezin uka, zuri baten izena da. Inoiz ez dut jakin nor izan zen dena delako Tripolo hori, ezta izen hori benetakoa zuen ere. Nyamatako administrariren bat izango zen akaso, edota agronomoren bat, belgikarra ziur. Errefuxiatuen arteko inortxok, jakina, ez zuen Tripolo sekula ikusi, baina izen hori eta mamarrua, biak bat. Haurren bat tontakeriaren bat egiten harrapatuz gero, esaten zion amak: “Baietz Tripolo zure bila etorri”. Nik neuk begiak itxi eta Tripolo ikusten nuen, tripatzarra short kakien gainetik dindilizka, galtzerdiak belaunetaraino, kasko kolonialaren azpian izerdi-patsetan, zartailua —ikibokoa— astindu ahala haurren atzetik antxintxiketan. Dena dela, jendeak esaten zuenez, berari zor zitzaion taketak lurrean sartzeko ideia, zertarako eta desplazatuen bizilekua izango ziren txapa eskasei eusteko.
Amarentzat, Tripoloren etxola ez zen etxea. Aitak eta Antoinek posteen artean eraikitako pezuzko hormak zuzenegiak ziren, artezegiak, angelu garbiegiak zituzten, ertz biziegiak. Stefania beldur zen haiek jotzeko, zomorro lelotu baten moduan haiekin min hartzeko. Kordokaturik, bihurguneren baten konplizitatea bilatzen zuen bertan kukubiltzeko, ohitura zuenez, bizkarra goxatzeko bihurgune egoki bat. Madarikatu egiten zuen eguzkiari lotsarik gabe sartzen uzten zion ate angeluzuzena: “Kanpoan bizi gara, esaten zuen askotan, nola jango dugu arrotzen begiradak gure ahozuloan sentitu barik?”. Ezen amarentzat horixe zen, ruandatar gehienentzat bezala, lizunkeriaren gailurra. Eta ez, kafeondo gazteek ez gintuzten auzokoek nahiz paseko oinezkoek amari eta seme-alaboi zuzentzen zizkiguten begirada lotsagabe edo asmo txarrekoetatik babestuko. Tripoloren etxola zabalik zegoen begizko txar guztientzat, familia zamatzen zuten herio-mehatxu guztientzat. Ama babes faltan sentitzen zen, aterperik gabe, erbestearen atzerabueltarik gabeko ahalkearen eta malurraren mende.
* * *
Luzaroan espero izan zuten desplazatuek etxera itzultzea, “Ruandara”, haiek esaten zutenez. Baina 1963ko lehen hilabeteetako errepresalia odoltsuen ondoren, itxaropen oro galdu zuten. Azkenean ulertu zuten —eta Gakoko militarrak han zeuden gogorarazteko, hala behar balitz—: ez zuten sekula Nyabarongo berriz zeharkatuko, ez zituzten berriz zapalduko beren muinoak. Beti-betiko zokondoratzera kondenaturik zeuden, bai gurasoak, bai seme-alabak, Ruandaren historian beti ere atzerri eta gaitzerri izaniko Bugeseran. Bugesera eskualdea gizakiak zapaldutako lur ezagunaren ertzean kokatzen zuten ipuinek, non eta tradizioak sinetsiz gero, gerrari traidoreak, alaba desondratuak eta emazte adulteriogileak betiko galtzen ziren inoiz ere Ruandarako bidea ez topatzeko; non eta Hildakoen Espirituak akabantzarik gabe nora ezean ibiltzen ziren zingiren ingurumarietan; hantxe non, azken batean, heriotza zuten zain.
Gitagatan instalatu eta gutxira erabaki zuen Stefaniak bazela garaia Tripoloren etxolaren atzean inzua eraikitzeko, arrainak ura edota gizakiak oxigenoa legez amak behar zuen etxea. Ez zen hala izan ordurako onartua zuelako errefuxiatu izaera —bere denbora guztian ez zuen horretan amore emango— ezpadaze bazekielako jatorrizko bizitoki hartatik aterako zituela indarra eta adorea zoritxarrari hortzak erakusteko eta patu ulergaitzak programaturiko heriotza batetik seme-alabak salbatzearren neurririk gabe xahutzen zuen energia berritzeko.
Stefaniaren etxea, emakume bizimodu benetakoa egiten utziko zion etxea, ama familiakoaren bizimodu benetakoa egiteko etxea, saskigintzan bezala txirikordatutako lastozko etxea, inzua (kinyaruanderazko izena gorde egin nahi dut, bestela ez daukat-eta destainazko izenik baizik hura izendatzeko: txabola, txosna, borda.). Stefaniaren etxearen modukorik ia-ia ez dago jada gaurko Ruandan. Museoetan daude orain, duela milioika urte galdutako piztiatzarren hezurdurak legez. Baina nire oroimenean inzua ez da karkasa huts hori, biziz beteriko etxea baino, haurren algaraz, neska txikion txortxor arinez, ipuinen kantu-airez eta kalakaz, basarto garauak ehotzeko harriaren kirrinkaz, basartardoak tresketan hartzitzean egiten zuen txipli-txaplaz eta almaizak motrailua jotzean egiten zituen takaden erritmoz betea. Nahi nuke nahi orrialde honetan idazten ari naizena Stefaniaren etxeraino iristeko estrata izatea.
Stefaniaren Ruandan ez dago herririk. Bizilekuak sakabanatuta daude muinoen maldetan, bananondoen geriza trinkoaren azpian ostenduta. Esparrua —rugoa— ficus eta zeiba zurez egindako itxiturek mugatzen dute, kanabera eta banbuzko sarea josirik dutela. Hesiok zedarritzen dituzte patio erdizirkular elkarren artean ahokatuak. Lehen patioa atari moduko bat da, bisitariak, oinarrizko bizi-jakintzak agintzen duenez, etorri berri dela iragarri eta lantza lurrean zut ipintzeko tokia; eta emakumea izanez gero, oparien saskia utzi eta barrura sartzeko gonbitari itxaroteko tokia. Bigarren patioa, zabalena, ia-ia zirkularra, ganaduaren eremua da: eguerdian batzen da azienda, ordurik beroenean, eta iluntzean, gautu orduko. Gizonena eta neskatila birjinena da ganadua etxera ekartzeko pribilegioa, eta edertotxu arduratzen dira gorotzak batzeaz, lehengai hain estimatua eskua bertan sartzeak ere gustua ematen baitie. Belar hezez eta gorozki lehorrez egindako suak bizkarroiak uxatzeko balio du, osterantzean abereak aztoratuta ibiliko lirateke eta.
Inzuaren lastozko ganga handiak, lurretik sortua bezala, horrexek hartzen du patio nagusiaren barrenaldea. Makurtu beharra dago hara sartzeko, artatsuki orraztutako lastozko bisera antzeko baten azpitik lehenik, atearen armazoia osatzen duten kanabera edo papiro biribilkien azpitik gero. Berriro arteztean, begiek argi-itzal epelera egokitu behar dute inzuaren biribiltasun amatiarrak ezagutu orduko. “Baina, esaten zuen amak, inzuan ez dituzu begiak gidari, bihotza baino”. Irudi abstraktodun bionbo ganbil batek mutikoen —eta sarritan azken jaioberriaren— lo-tokia mugatzen du, gelaurre moduko bat. Gainerako bionboek alkoba antzeko bat eratu eta gurasoen ohetzarra disimulatzen dute. Eta ohearen oinetan, bionboaren babesean, neskak, baina bi gaztetxoenak gurasoen ohean: txikiena amaren eta inzuaren hormaren artean eta, bietatik zaharrena, aldamenean lantza duela familiaren zaindaria den aitaren saihetsean. Apal luze batek —uruhimbiak— lotzen du gangaren kurba. Apal horretan jarri tresna baliotsuak: zeiba zurez egindako esneontziak, gurina gordetzeko kalabaza tripandiak, saski tapa puntadunak. Gangaren kordadura espiralaren azpian, etxekoandreak taxuturiko askan, pindarrak sutegiko hiru harrien artean.
Atzeko patioa ilargi-adarraren formako oholesi batek ixten du. Garautegiak daude bertan. Ama familiakoaren erresuma da. Hantxe apailatzen du jatekoa. Baratze txikia gobernatzen du: sendabelarrak, lekari bakan estimatuak eta tabako landare batzuk nahastean. Hantxe egiten dituzte berak eta alabak garbitasun kontuak. Hantxe hartzen ditu lagunak. Ezkontzeko adinean dauden neskatilentzat beste inzu txikiago bat dago inzu nagusian: hara ezin da gizonik sartu, aita bera ere ez. Eta hantxe, lastozko aterpertxo batean, hantxe gurtzen dira arbasoak, opariak platertxo batean eskainita. Urtaro lehorrean, lore-lore egindako zeiba batek ematen du aditzera Ryangombe, Espirituen burua, bertan dela. Batzuetan, seme ezkonduen esparru sateliteak esparru nagusiari gehitzen zaizkio, rugo nagusiaren edertasun orekatua makalduko duen itxituren labirinto nahasia osatuz.
* * *
Baina, jakina, deskribatu berri dudan esparru handi hori ez zen izan Stefaniak eraiki ahal izan zuena. Ez geunden behinola ehizatu gintuzten muinoaren maldan, Bugeserako lautada lehor eta hautsez betean baino. Ez zegoen ganadurik iluntzero etxera ekartzeko, euforbio-hesi mehats batek — Jeanneren altuerakoa eskas, orduan bost bat urte izango baitzituen— banatzen gintuen auzokoengandik: ez alkateak ez militarrek ez ziguten utziko, modua izan bagenu ere, rugoko itxitura handiak altxatzen. Stefaniaren etxea ez zen, Tripoloren etxolaren atzealdean, bananadiaren ertzean —eta une honetan zilegi zait betiko baztertu nahi nukeen berba bat erabiltzea—, etxe hura ez zen txabola bat besterik.
Inzua eraikitzea ez zen izan ahuntzaren gauerdiko eztula, ezin ukatu. Batez ere biren artean egin behar izanez gero. Stefaniak ez zeukan Antoineren laguntza besterik. Aitak, beti lanpeturik komunitate erbesteratuaren arazoekin, ez zion hausporik apenas ematen egitasmoari. Bestalde, berak onartzen zituen zurien berrikuntzetako batzuk. Jakintsuei duintasuna ematen zien soin-oihal garbia erabiltzen leial jarraitu arren (ez nuen inoiz ikusi prakak jantzita), estimatzen zituen etxe laukizuzen berriak, izan adreiluzkoak, izan porlanezkoak. Magin zorrak egin zituen adreiluzko etxe hura eraikitzeko, eta geuk erabili orduko sakailatu zuen hutuen gorroto suntsitzaileak. Gitagatan tabikeak ipini zituen Tripoloren etxolaren barruan. Amak parte hartu zuen hormak kisuztatuz, etxetik urrun, bageseren eskualdetik ekarritako lur horiz; behegainari, berriz, buztina eta landare-ikatz hautsa nahastuz eman zion gogortasuna: “Kigaliko kale nagusia legez, esaten zuen barreka, halakoa dela kontatu didate. Mukasonga, honelakoa da makadama, ezta?” Baina marmarka ibiltzen zen zurien etxearen kontra, beraren ustez “Espirituz husturik” zegoelako.
Obraren zailtasuna gorabehera, Stefaniak inzua eraikitzeko erabaki sendoa hartu zuen. Auzokoei ere eskatu ahal zitzaien laguntza, jakina, baina muntatze-lanerako eta azken-azkeneko mihiztadura bukatzeko bakarrik. Horren aurretik materialak bildu beharra zegoen, eta basartardoa eta bananak franko prestatu hitzartutako egunean lanera etorritakoen garra freskatzeko eta etxearen inaugurazioa duintasunez ospatzeko. Stefaniaren jarraibideen arabera, bera baitzen obraren zuzendaria, Antoinek makila malguak aukeratu zituen lastozko teilatuaren armazoia eratzeko. Egun batean bai, hurrengoan ere, belarrak, kanaberak, papiroak multzokatu zituen. Ondoren, denetarik nahikoa edukitakoan, inzuaren zirkulu handia marraztu zuen lurrean, eta makila luzeak sartu zituen tarte berdintsuak utzita. Azkenik, denak lotu zituen horma zirkularra osatuz. Horma hori atalka eginda zegoen, banbua zatika txirikordatuz. Sabaia egiteko, orduan bai, laguntza behar da: ohiturak agintzen duenez, auzokoei dei egin zitzaien, gutxienez hamar gizoni eta beste horrenbeste emakumeri. Banbuzko hormaren barruan txirikordatzen da lastoari eutsiko dion ganga. Saski itzel baten modukoa da, oso zabala, eta zirkuluaren tamainara heltzen denean, poste bakar baten muturrean jaso eta zutabeen bitartez eusten zaio, hamar bat zutabe, edo batzuetan gehiago, inzuaren tamaina zein den. Azkenik, makila luzeak tolestu eta lotu, eta sabaia lastoz estali, kontuz orraztu eta berdindu ondoren. Esan dezakegu une horretan obraren zatirik handiena eginda dagoela eta badela momentua bananondoen azpian zain dauden treska potoloen promesa alaigarriez gozatzeko. Hala izaten da izan ere. Baina gure amak ez zuen nahi, berak desio zuen tamainakoa izan ez arren, etxean ez egoterik familia-duintasunak eskatzen zituen nahitaezko fineziak. Halandaze, luzaroan jarraitu zuen bere aburuz beharrezkoak ziren apainlanetan. Banbuzko hormatxoa entokatu zuen, inzuaren oinarria: Juliennek eta Jeannek, mokorretaraino sartuta, ointxoekin lurra zapaltzen zuten bitartean, Alexiak eta biok osterak egiten genituen etxetik lakura nahastura egiteko ura ekartzearren. Sutegiaren armazoia modelatu zuen. Bionboak kordatu zituen, eta apaindu, errauts beltzez eta bageserenetik nik neuk ekarritako bekorotzez egindako marrazkiz, kurrilo koroatuaren hegoak gogorarazten zizkidaten marrazki ederrez. Baina batez ere, zera egin zuen, txirikorda amaigabe bat, behin boluta gisa kiribildu eta sabaian lotuta, inzuaren ganga jantzi zuena.
* * *
Bazirudien, etxeari esker, Stefania berriz jabetu zela ruandatar usadioak ama familiakoari esleitu izan dizkion itzalaz eta botereaz. Isla urrekarak zituen basarto zurtoin baten xaflak zabalduz, urugori berria egin zuen —emakumeen adatsari eusteko diadema—, ugalmenaren ikurra, bedeinkazio iturria haurrentzat eta familia osoarentzat. Mezarako ipintzen zuen igandeetan eta, aste barruan, lurgintzan zebilenean, uruhinduan katigatzen zuen —sarrerako papirozko zutabeetako batean gorde eta saskiak kordatzeko erabiltzen zuen lantza muturrean—. Urugoria zen Stefaniak inzuaren eta inzuko biztanleon gain baliatuko zuen subiranotasun amatiarraren sinboloa. Ama ez zegoenean, basartozko diadema zen egoitzaren beilaria. Ehotzeko harriak —urusyoak—, azkenean izan zuen hasieratik zegokion txokoa: eskuinetara, papirozko arkuaren azpian. Inzuaren oinaldean osatu zuen berriro edozein ama ernaik gobernatu eta aberastu beharreko sendabelarren jardina. Sendabelarron hurbiltasun mesedegarrian landatu zituen, halaber, bananondo batzuk, mota gozoenen emaile. Eta egiaz, bananondoak hain handi eta sendo hazi ziren, laster etxea besarkatu zuten beren hosto distiratsuekin. Orduan, ipuinen hari etenari heldu ahal zion berriro sutondoan, Ruganzu erregearen egitandiak berriz ere txalotu. Geroago, opor luzeetarako lizeotik etxeratzen nintzenean, atalasean egiten zidan ongi-etorria, diosal-berbak ahapeka esanda. Berba haiek nik ulertu ez, baina, ziur nengoen, asaba zaharren egoitzaren babespean jartzen ninduten Gitagatan emango nuen denboran. Egiazki, militarrek gehienetan ez zioten kasurik egiten Stefaniaren etxeari. Beti izan dut inpresioa nahita ebitatzen zutela, ezikusiarena egiten ziotela. Inzua, alafede, Espiritu ikaragarrien babeslekua zen, eta hobe zuhur jokatzea haien madarikazio egoskorrari aurre egin behar ez izateko. Aitzitik, jarraitu zuten Tripoloren etxea zigortzen. Etxe hori, amak bertan behera utzia, harrera gela moduko bat bihurtu zen aitaren eta herriko beste jakintsuen solasetarako, Alexiak eta Andrék, familiako intelektualek (Antoinek Andrérentzat egindako mahaitxoa ezin zen pasatu inzuaren ate estuegitik) euri-egunetan irakurtzeko, eta Nyamatako ikasle apurrak eta kolegioko ikaskideen bisitak hartzeko. Andrék, estraineko maisu soldatarekin kasete-aparatua erosi izan zuenean, Tripoloren etxola dantzaleku ere bilakatu zen, Gitagatako gazteen bilgunea. Alabaina, arriskutsua izan arren, militarren usainik ez zegoenean, hantxe egiten genuen gaueko otordua itzaltzear zegoen eguzkiaren argitasuna aprobetxatzeko.
* * *
Stefania suaren zaindaria bihurtu zen berriz, inzuaren erdian inoiz itzali behar ez den suaren jagole. Benetako artea da gau osoan sua piztuta izatea: gauero, amak sutegitik erretiratzen zuen errebako egurra, eta txingarrak uzten zituen, gainean errautsa zabalduta. Mukur bat sartzen zuen kono erraigorri hartan. Gauean zehar erreko zen, mantso. Eguzkia atera orduko —lotsagarria baita eguzkiak ama familiakoa ohean harrapatzea—, amak begiratu egiten zuen ea ilintiek, su berriaren haziak, gori zirauten errautsaren azpian. Tamalez itzalita egonez gero —eta ardurak ardura, ez zen milagro ezbehar hori gertatzea—, auzora joan beharra zegoen su bila. Halakoetan, belar ihar sorta bat hartu, txingarra bertan ipini eta dena batu behar da banana-hosto batean. Bueltan putz egin behar zaio, baina kontuz-kontuz, txinpartek sua eman ez diezaioten kafeondoen oinetan zabal den galtzuari. Zorionez, sua ez zen sarritan itzaltzen, auzora su bila sarritan joaten denagatik laster hasten delako jendea gaizki esaka: “Horrek ez daki etxeko sua jagoten ere, andre ganorabakoa!”
Andrék burla egiten zion Stefaniari: “Zergatik joan herriko punta batetik bestera su bila etxean poxpoloak izanda?” Izan ere, aitak, Mariaren Legioaren arduraduna zenez, Biblia irakurtzeko betaurrekoetatik eta Lourdesko ur botilatxotik aparte, poxpolo kaxa bat jaso zuen aita onengandik. Ez dakit gurean inoiz beste kaxarik behar izan ote zuten. “Aizu, semetxo, esaten zuen amak hasperenka, zuriek opari franko egin digute jada, eta ikusten duzu zertan garen! Utzidazu, ba, su bila joaten gure artean beti egin izan dugunez. Hori egitea sikiera badugu oraindik eta.”
Emakume oinutsa |