Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
ACNUR Euskal Batzordea, 2017

 

VIII

Antoineren ezkontza

 

      Hala ere, amaren ezkongintzarako dohainak porrot egin zuen, eta ez porrot txikia, Antoineren, seme nagusiaren ezkontzari zegokionez. Ama aspalditik zebilen Antoinerentzako emaztegai bila, baina hain bikaina nahi zuen, ez zegoen Gitagatan eta ez kanpoan neskarik amak semearentzat nahi zuen emazte idealaren irudira hurreratzen zenik. Alabaina, egun batean, familia bat etorri zen Gitagata inguruetara, Cyohoha aintzira aldera. Ez dakit nondik zetozen, Konzenzetik, Nyabarongoren bailaratik, edota urrunagotik akaso, Bwanacyambwetik, Kigali partetik. Gitagatako biztanleek behetik jota balioetsi zituzten heldu berriak: denen iritzirako, jende errukarria zen, eta horren probarik garbiena, seme-alaba kopurua, hiru baino ez zeuzkaten eta, eta gainera, hirurak neskak! Halaxe, autu-mautua zebilen paganoak ez ote ziren, neskek ez zutelako bataio-izenik. Izan ere, ruandatar izenak soilik genekizkien: Mukantwari, Mukarukinga, Mukasine.

      Txutxumutxuak eta marmarketak ez ziren oztopo izan gure amak hiru ahizpetako bat begi onez ikusteko, zaharrena, Mukasine. Harexengan ikusi zuen aspaldi handian Antoinerentzat amesturiko emaztea. Zeruaren oparia zen, miraria! Eskerrak ematen zizkion Maria Birjinari, eta berdin-berdin Ryangomberi, Espirituen buruari. Kristau ona izan arren, amaren ustez ez zegoen zertan inor nahigabetu, are gutxiago arbasoen Jainkoa: “Basarto sail guztiak jorratu behar dira, esaten zuen sarritan, ez da jakiten zeinek emango duen fruitua aurrena.” Ez zekienez nork erantzungo zien erreguei, Mariak edo Ryangombek, hobe biekin egon onez onetara.

      Amaren begietara, Mukasine edertasuna bera zen: oso garaia —aitarengandik zetorkion hori, gizona lantza bat bezalakoa zen eta—, azal argia —inzobe deritzona eta zerikusirik ez duena tximistak erakartzen omen dituen zurbiltasun urdurigarriarekin—, ile lodia —Mukasongarena bezalakoa, esaten zuen pozik—, atzealde onuratsua, eta hankak! Eta izterrak! Ruandatarrek behiari egozten dizkioten dohain guztiak biltzen zituen Mukasinek, bikain bildu ere: inyamboa zen, errege-behia! Bestalde, sineskeretan urrezko jantzia zeukan behiaren izena ez zen, bada, Isine? Ama esan eta esan zebilen inyambo bat topatu zuela eta inyambo bat topatu zuela!

      Zertan esan ez, edertasun fisikoa ez zen ezkongaiari eskatutako tasun bakarra. Nyamatako erbesteak ezarritako zorigaitzean eta miserian, emazte onarengandik lan egiteko indarra espero zen. Berak landu beharko zuen soroa, familiari jaten emateko: lurra aitzurtu, jorratu, oinutsik lokatzetan, eskuak babaz josita lanabesak erabiltzearen erabiltzeaz. Ama familiako onak sekula ez zuen ernegatuko lanaren kausaz, nekosoetan nekosoena izanagatik. Gure amak fijo jakin nahi zuen Mukasine ederra bezain maratza zela. Horretarako, behin baino gehiagotan, goiz-alba baino ondotxoz lehenago jaiki, eta guretik Mukasineren etxera zegoen kilometro parea egiten zuen. Auzoko lagunei bisita egitearen aitzakian, beharbada laster erraina izango zuenaren jarduerei behatzen zien egunean zehar. Kontentuz etortzen zen espioitza misio haietatik. Mukasine goizean goiz jaikitzen zen eta eguerdiko eguzkitan bezain polita zen goiz-txintan. Baina, batez ere, behargin nekaezina zen, sekula ez zuen etenik egiten lanean, dizdizka jartzen zituen soroak, esaten zuen amak birloratuta.

      Stefaniak ez zuen txurizkatzen lanerako grina hura zenik Mukasineri topatutako akats bakarraren kausa. Mukasine ederrak oin itzelak zituen, benetako nekazari-oinak, arrakalatuak, pitzatuak, arrailduak, kailuz beteak. Pauso bakoitzean lur-troko parea altxatzen zuela ematen zuen. “Tira!, esaten zuen amak, nahiago ditut horrelako oinak eta ez sekula ere lurra ukitu ez duten printzesa-oinak.”

 

      Ezbairik ez: Mukasine zen Antoinek behar zuen emakumea, amak itxarondakoa. Lehenbailehen ekin behar zitzaien ezkontza eskaera egiteko izapideei, zergatik eta amak, inortxori ere bere asmoak aipatu ez arren, susmatzen zuelako besteren batzuek ere joko ziotela begia halako neskatxa apartari.

      Gau batean, beraz, afalondoan, amaren ipuinak entzutera estutzen ginen sutegiko hiru harrietatik gertu, amak Antoinerentzat zeukan egitasmoaren berri eman zion aitari. Mukasineren zer-nolakoak azaldu, eta eskaera ofiziala egiteko itxaron beharrik ez zegoela adierazi zion. Gure aitak ezin zuen onetsi baizik. Antoine falta zen iritzia emateko, ez zegoelako etxean. Aste osoa ematen zuen Karaman lanean, eta larunbat gauera arte ez zen etortzen, igande bazkalostean berriz alde egiteko. Gure amak, zainak hala ematen dit, ez zuen semea jakitun ipini.

      Ruandako usadioan, ezkontza bat ituntzeak izapide ugari eskatzen du. Gure aitak egin behar izan zuen aurrenekoa zera izan zen, Mukasineren gurasoenera joan alabetako baten eskua galde egiteko asmotan zegoela iragartzera. Ez zen trabarik egon, itxuraz, baina aita ez zen gauera arte itzuli lehen enbaxada hartatik, ez negoziazioak zailak gertatu zirelako; bai, ordea, ituna ospatzen basartardo kalabaza batzuk hustu zituztelako.

      Jarraian eskaera nagusia egin beharra zegoen. Prestaketa luzeak eskatzen zituen horrek. Ez zen kontua emaztegaiaren gurasoen aurrera aurkeztea zeremonian beharko ziren basartardo treska guztiak atondu gabe. Familia osoak ekin genion lanari. Gure bananondo gaztetxoek ez zutenez ematen banana nahikorik, eta auzokoek ahal zuten moduan prestamenetan lagundu arren, bageserei erosi behar izan genizkien. Nik, eskolatik etxera heldu eta ura ekarri bezain pronto, ehotzeko harrian neukan lanpostua basartoa xehatzeko. Ez nintzen aldendu ere egiten urusyotik, eho, eho eta eho. Auzoko neskek txandak egiten zituzten niri laguntzeko. Saskiak errenkan ageri ziren uruhimbian. Bagenekien basartardoa franko behar zela, emaztegaiaren gurasoek familia oso-osoa eta adiskideak, eta adiskideen adiskideak, baita adiskide-adiskideak ez direnak ere, pasoko ezezagunak barne —inori ezin zaio ukatu kanabera treskan sartzerik zurrut egiteko—, den-denak gonbidatzen dituztelako ezkontza eskea entzutera.

      Esandako egunean, gure aita, treska-zamaketarien segizio luzea atzetik zuela —Gitagatako gazte ia guztiak—, ezkontza eskaera egitera abiatu zen. Adiskiderik minarekin zihoan, Édouardekin, ez baita izaten aita eske-hitzaldia egin behar duena, baizik eta berezko etorriagatik nabarmentzen den norbait. Édouard zen egokiera hartarako gizona: hari ere, gure aitari bezala, sarritan eskatzen zioten komunitateko auziak ebazteko aholkua. Antoinek ordurako bazekien zer prestalan ari ziren bilbatzen bere kontura, eta ez zen delegazioaren parte: etxean geratu behar zuen lagunekin, begira, mandatuaren arrakastari buruzko arduratxoa erakutsiz. Ez zegoen dudarik horretaz baina. Alde bakoitzeko hizlariak nork bere mintzaldia bota zuen. Argi zehaztu zen Mukasineren eskua zela eskatutakoa, eta ez Mukantwari edo Mukarukingarena. Eskaera onartutakoan, asanbladak duintasunez ospatu ahal izan zuen gertakizuna, hainbeste nekeri esker hornitutako basartardoaren inguruan.

      Ez pentsatu kontua horretan amaitzen zenik. Ezkontza eskaera balekoa izateko, berriz baieztatu beharra dago, zeremonial bera eginez beste hiru bider. Denbora behar da horretarako: basartardo treska gutiziatuak bildu behar dira aldian-aldian. Hirugarren bileran izenpetzen da erabat ezkon-berba, neskaren familiari dotea entregatuta. Zoritxarrez, Antoineren kasuan, hain polito moldatutako prozesua zakarki eten zuen gertaera ustekabeko bezain eskandalagarri batek: Mukasine lerdenaren bahiketak.

      Mukasineren familiaren lursailaren aurrez aurre Kabugu bizi zen. Pertsonaia noble hori —errege-klanekoa zen—, premia gorritik salbu bizi zen bere alabetako bat zuri batekin ezkondu zuelako. Halaxe, errefuxiatuak hartzen zituen soroa lantzeko, heldu berriak, lehen uztari itxaron bitartean han edo hemen lan egin behar baitzuten ahoratu zer edo zer eraman ahal izateko. Bada, dudarik ez, Kabuguren emazteak, hura ere semearentzako emazte bila, erreparatu zizkion hala Mukasineren edertasunari nola lanerako garrari, eta beren etxe aberatserako harrapatu zuten. Semea mutilzaharra zen: santa sekulan ez omen zuen andrerik topatuko. Eta hara non etxe aurrean bertan agertu zitzaion behiala xerka ibilitako emaztea, pretendientearen etxadi berean. Okasio ederregia zen. Zer axola beste batzuek asmoa aurretik gauzatu eta Mukasineren eskua eskatu izana arauen eta komenientziaren arabera. Kabuguk eta emazteak turrit egin zieten komenientziei: Mukasine behar zuten. Orduan, bahitu eta kito.

      Mukasineren bahiketak txundidura eta eskandalua eragin zizkion herri osoari. Mundu guztiak gaitzetsi zuen Kabuguren jokabidea, eta gure ezbeharra sentitu. Baina kaltea eginda zegoen. Ez zegoen atzerabiderik. Mukasine gauez eraman zuten. Gogoz ala gogoz kontra, mutilaren etxean pasatu zuen gaua. Ezin zuen gurasoenera itzuli, ezta Antoineren emazte izan, noski. Batzuek hitz-erdizka esan zuten zera, Mukasineren gurasoak ez zeudela disgustura beren alaba Kabugu aberatsaren semearekin ezkontzera zihoalako. Baina hortik esatera ez zirela bahiketaren aurka apenas jarri. Gure aitari ezkon-opariak erreklamatzeko aholkatu zioten. Baina aitak bazuen harrotasunik, eta amak esan zuen Antoineren izenean emandakoa berriz hartzeak zorte txarra ekar ziezagukeela. Ez zitzaigun ezer geratu Mukasineren doterako izatekoa zen behia izan ezik.

 

* * *

 

      Auzi triste horri buruz pentsatzen dudanean, galdetzen diot neure buruari ea ez ote zen izan behi hori, hain zuzen ere, Mukasineren bahiketaren kausantea: hainbeste denbora behar izan genuen hura lortzen! Ruandan behi-ematea da ezkontza baiesten duena. Baina Nyamatan desplazatuok ez geneukan behirik. 1959an, hutuek etxadiak erre zituzten eta ganadua ere bertan kiskali zen, ukuiluetan. Beraz, lotsa pixka batekin eta tristura handiarekin, etsi-etsian konformatu ginen babarrun edo basarto saski bat, edo kosta-kostata eskuratutako billete batzuk eskaini nahiz hartzearekin.

      Baina amaren aburuz, Antoineren ezkontza ezingo zen benetan ospatu behi-ematerik ez bazen. Harentzat, usadioarekin bat ez zetorren doteak zoritxarra ekarriko zion bikote gazteari. Behia erosteko diru kopurua bildu beharra zegoen. Denbora asko eta sakrifizio ez gutxi eskatu zigun horrek. Antoinek Karaman irabazten zuen soldata mehea ez zen aski, eta ahal zen guztia saltzen genuen: bananak, babarrunak, basartoa. Ez genituen jaten amak apartaturiko babarrun itsusiak baino. Nyamatako azokara joaten nintzen kakahueteak edo Cyohoha aintziraren ertzetan nik neuk batutako basatomateak saltzera. Alexia eta Andréren eskola gastuetan ere harramazka egin behar izan genuen. Jatekoa, jantziak, eskola, dena sakrifikatu genuen behiaren alde.

      Gure aitak Gahangan ematen zuen eguna, Nyabarongotik hara, Kigaliren sarreran, abere azokan. Aziendari begiratzen zion, salneurriez galdetzen zuen, tratuan aritzen zen. Behi eder bat aurkitu behar zuen, Mukasineren edertasunaren mailako behia, Isine izena mereziko zuena, sineskeretan urrezko jantzia zeukan behiarena.

      Gau batean, zalaparta handi batek iratzarri gintuen: aita eta Antoine ziren, behi bedeinkatua zekartela. Gurean ez zegoenez mutikorik, ni neu izan nintzen behiaren zaintzailea ezkon-familiari arranditasunez entregatzeko egun seinalatura arte. Behiaren patua zein izan zen badakigu.

      Baina amak ez zuen adorerik galduko. Bazituen semea ezkontzeko eta behia doterako. Antoinerentzako emaztegai bila hasi zen berriz ere. Gauak eta egunak eman zituen. Azkenean aipatu zioten neska bat, Jeanne, amaren gurariak betetzeko modukoa izan zitekeena. Mukasine baino gazteagoa zen, panpoxa-panpoxa bera ere, eta amaren gogoko leinu batekoa. Urrun bizi zen, Cyugaron, guretik hogei kilometrora. Hori ez zen traba izan ama hara joan eta tokian bertan egiaztatzeko jasotako argibideen zehaztasuna. Konforme samar itzuli zen, baina, bere inpresioak sendotzearren, Alexia eta biok bidali gintuen emaztegaiaren etxera ostatu eske, ez dakit zer aitzakia ipinita. Familiak abegi ona egin zigun, jakinik intelektual peto-petoa hartzen ari zirela etxean, Alexia, bigarren hezkuntzako ikaslea zen eta. Etxeratu ginenean txosten ona egin genuen. Jeanne eta Alexia ia-ia adin berekoak ziren eta lagun min bihurtu ziren egonaldi labur hartan. Beraz, behia Jeanneren familiarentzako dotea izan zen, eta Jeanne Antoinerentzako emaztea. Bederatzi seme-alaba izan zituzten, mutilak horietatik zazpi, gure amaren zorionerako. Amak uste zuen baten batzuk behintzat biziraungo zutela eta jarraia emango ziotela familiari. Oker zegoen.

 

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
ACNUR Euskal Batzordea, 2017