Emakume oinutsa
V Sendabideak
Nyamatara iritsi eta gutxira, lehen hezkuntzako eskolako geletan pilatu gintuztenean, jakin genuen handik hurbil sorostegi bat zegoela. Gaixoak ugari ziren desplazatuen artean: jateko ezezagunak, Butareko menditarrontzat jasaten zaila zen Bugeserako beroak, arestian oinarrizko elikagaia izaniko esnearen faltak, nahaspilak, higienerik ezak, horrek guztiak laster abiarazi zuen disenteria kasu andana larria, eta heriotzak gertatu ziren zaharren eta adin txikiko haurren artean. Familiek amore eman eta txabolak egin zituzten patioan. Patio hautsez betearen barren-barrenean, eraikin kolonial dekadente bat ageri zen. Erizaina, gu bezala, Butareko tutsia zen, exilioan aurrea hartutakoa. Bitega zeukan izena, eta gustura eman genion doktore titulua, muganga. Gaixoak eta jakinguratsuak laster jarri ziren ilaran Bitegak jarduten zuen txapazko txapitulan sartzeagatik. Zapuzturik atera ziren segituan. Bitegak bi botika zituen errezetatzeko, ez besterik: aspirinak eta eztularen kontrako jarabea. Bazen aspirinaren eguna eta bazen jarabearen eguna. Jarabea azukretua zen. Jarabearen eguna haurren eguna zen. Ni lerroan jartzen nintzen besteekin batera, zabal-zabal egiten nuen ahoa neure txandan, eta Bitegaren boy laguntzaileak barru-barruraino sartzen zidan jarabea partitzeko koilara, bakarra guztiontzat. Haur asko saiatzen zen ilaran bigarren aldiz jartzen bigarren koilarakadatxo bat hartzearren. Baina ez zegoen Bitegari iruzur egiterik, atoan ezagutzen zituen tranpatiak. Herrixkako kale apurrak esploratzean, aitak eta adiskideek beste etxe kolonial bati erreparatu zioten azoka-plazaren atzealdean, sorostegia legez gainbehera zegoena. Bizilagunaren ezaupidea egin zuten. Albaitaria zen, Gatashya, behi-sendatzailea. Albisteak egundoko zirrara eragin zuen desplazatuen artean. Behiak, inon den ondasunik baliotsuena zaintzeko kapaz zen horrek izango zuen, motibo handiagoarekin, gizonak kontsolatzeko gaitasunik. Bitegaren sorostegiaren aurrean goizero eratu ohi ziren ilarak Gatashya albaitariaren terraza estaliaren aurrera aldatu ziren, “barza” aurrera, kolono belgikarrek esango luketenez. Baina Gatashya jakintsua zen, konfiantza mugatua zeukan bere medikazioetan eta sendabelarrez baliatzeko aholkatzen zien berezoei. Stefania ere iritzi horretakoa zen, gutxi gorabehera. Ez zuen inongo konfiantzarik Bitegaren aspirinetan eta jarabean. Etsitu egiten zen ezin zituelako usadiozko erremedioak prestatu, haiek baitziren, hala esaten zuen berak, ruandatarrak eta bereziki umeak jipoitzen zituzten gaixotasunei aurka egiteko egoki bakarrak. Horrexegatik, ahal izan zuenetik, lehenik Gitwen eta gero Gitagatan, landare-farmazia osatu zuen etxe bueltan, bere edabeen eta ukenduen konposizioan sartzen ziren osagaiak handik eskuratzeko.
* * *
Stefania ez zen inolaz ere kasu larrietan itxaropen handi eta erreparo ez txikiekin kontsultatu ohi diren petrikilo horietakoa, baina emakume ruandatar gehienen moduan, hainbat eta hainbat medikazio ezagutzen zituen, berak egin eta kasuan kasu aplikatzekoak, konbentzimenduz eta, nik uste, arrakastarekin ere sarrienik. Belarrak, tuberkuluak, sustraiak, sabanako zuhaitzen hostoak ziren haren farmakopea. Lurgintzan zebiltzanei seinalatzen zizkien honako edo halako bertutea zutelako errespetatu beharreko landareak, eta sendabaratzean mimo handiz batzen zituen erremedioak egiteko erabiliko zituenak.
Ama familiako jasekoari zegokionez, amak orotariko errezetak zeuzkan egunen harian etxekoak astinduko zituzten gaixotasunei eta zauriei aurre egiteko. Erredura txikien kasuan, erraza zen: aski zen erretako azalaren gainera listua bota eta batez ere esakune bat ahoskatzea “Pfuba nk'ubwanwa bw'umugore! Erredura ez dadila azaldu emakumeei bizarra azaltzen ez zaien bezala!”. Beste aukera bat zen erredura urutejaren izerdi likatsuarekin igurztea, edota patata birrinduarekin, baina patatak aberatsentzat ziren, Nyamatan ez zen patatarik ereiten; Ruhengerin bai, sumendien oinpeko lur emankorretan, hain lur emankorrak haiek non patata batzuk meloiak baizen handi hazten ziren. Ruhengeriko intofanyiak! Guk, landakumeok, urrunetik miresten genituen hiriko funtzionarioren baten etxera errekaduren bat egitera joaten ginenean. Boyek eta Madamek errezeloak izan arren, noiz edo noiz sartu egiten ginen villaren egongelaraino: hantxe egoten ziren patatak, intofanyi ospetsuak, gehienetan buffetarena egiten zuen janaritegiko eltxo-sarearen beste aldean, bista-bistara, “Made in Hong Kong” palangana loregorrian, frijitu berri eta olio jarioka, etxejabe gorenaren aberastasunaren erakusle eta bisitari txikiaren apetitoaren zirikatzaile.
Gorputz atal guztietatik, oinak ziren usuen zauritzeko arriskua zutenak. Oinutsik ibiltzen ginen eta, eskolatik etxera heldutakoan, ur bila edo egurretan joan behar izaten genuen, gauez. Ruandan arratsaldeko seietan gautzen du urtaro guztietan eta ilunak bueltako bidean harrapatzen gintuen. Burua tente ibili behar genuenez egur-azaoari edota treskaren orekari eusteko, behatzek txirri-txirri jotzen zituzten harriak eta urratu sakonak egiten zituzten sustraiekin. Etxerakoan odoletan izaten nituen oinak, azazkalak apurtuta, airean. Alexia, ordea, urrakada arrastorik gabe itzultzen zen, pistako latzune eta oztopo guztien gainetik hegan etorri izan balitz bezala. “Alexiak, esaten zuen amak, begiak ditu behatzetan. Zuen behatzek, berriz (Julienneren oinak eta nireak antzera beti), ez dute tutik ikusten, baina neuk irakatsiko diet”. Eta afalondoan, gau beltzean, Stefaniak ikusten irakasten zien gure behatzei. Zuzia egiten zuen adar iharrekin, eta lurra ekortzen sugarrarekin gure oinean aurrean. Errieta egiten zien gure behatzei, bereziki erpuruari, huraxe baitzen ahulena pistako arriskuentzat. “Ireki begiak eta, hemendik aurrera, ikus dezazula gaua, jakin dezazula zein den zure bidea”. Baina Julienneren behatzak, neureak legez, tematuta zeuden ezer ez ikusten, gure behatzetako begiek ez zuten ireki nahi. “Tipi-tapa zabiltzatenean, gomendatzen zigun amak, zuzendu zuen bihotzari, berori delako argia zabaltzen duena gorputz osora. Eskatu gogorarazteko behatzei ikusi egin behar dutela non jartzen dituzuen oinak, eta esango die: 'Gaua da. Ireki begiak. Nik aurrera begiratuko dut; zuek, zuek begiratu behera”. Hala ere, ez zegoen modurik: behatzek ez zuten ezer aditu nahi. Errituala egin behar genuen berriro ere, luzatu. Patiotik atera eta pistaraino heltzen zen bidezidorra hartzen genuen. Gure aurrean, ama atzeraka zihoan oinez, zeharo makurtuta: zuziaren argiak ia-ia mihizkatu egiten zizkigun oinak. Gau batzuetan sastrakadian ere sartzen ginen, bazterrik ilunenaren bila, Stefaniak esaten zuenez han behatzetako begiak derrigorrez irekiko ziren eta. Ai ene! Ez Stefaniaren gaitzespenek, ez zuziak, ez sastrakadiaren ilunak ez zuten lortu gure behatzek begiak irekitzerik. Ama arranguratu egiten zen gure etorkizunaz: “Oin horiekin, esaten zuen hasperenka, ezkontzeko adina heltzen zaizuenean ez dakit, ba, nork nahiko zaituzten.” Inpresioa daukat amak konjuratu ezin izan zuen madarikazioa indarrean dagoela oraindik ere nire behatzei dagokienez. Horregatik, gaur ere urduritasunez bizi dut zapatak erosteko momentua: iruditzen zait saltzaileak (eta batzuetan baita bezeroek ere) begirada zurtua luzatuko diela nire oinei, okerra edota erdeinuzkoa maiz. Eskerrak galtzerdiei, ederto ezkutatzen dituzte akatsak eta.
Arruntak ziren, halaber, batez ere nesken kasuan, soroa aitzurtzean egindako zauriak. Aitzurrarekin oinean edo hankan tak egitea sarri askotako kontua zen. Amaren errezetaren arabera, lurra sartu behar zen zauriaren barrura, ez lur lehor hauskara, edornok zapaldutakoa, baina bai hazi orori bizia ematen zion lur beltz hezea; geroago, beharrezkoa izanez gero, umutumba ipintzen genuen ebakian, bananondoen ipurdiko muina. Zauria ixten ez bazen, beste tratamendu bat probatu behar izaten zen: nkuyimwongaren —lore liladun landare baten— hostoak lehortu, ehotzeko harrian xehetu hauts bihurtu arte, eta zaurian zabaldu. Zauria zolituz gero, orduan “baliabide berezietara” jo behar. Baliabide berezi horietako bat kalifuma zen, Zanzibartik omen zetorren hauts horixka bat. Magenduari erosten genion. Hala esaten genien botikari ibiltariei, orotariko drogak eta botikak saltzen zituzten kinkilariei, zeinen arabera sendagai haiek guztiak Zanzibartik zetozen. Baina kasu larri-larrietarako, bazen beste zerbait ere, muriroa, sua, hori ere magenduari erosia. Harri urdin bat zen, hauts bihur zitekeena premiaren neurrira. Zaurian ipintzean min demasa ematen zuen, sua bezalakoa zen. Ez genuen murirorik erabiltzen beste erremediorik ez zegoela argi eta garbi ikusi ezean. Izena entzute hutsarekin laborriak jotzen gintuen! Gogoan dut behin batean amak erabili zuela Muberejiki —Judith nire ahizpa nagusiaren alabatxoa— sendatzeko. Hiru urte-edo izango zituen, eta zauri itsusia egin zuen orkatilan. Gangrenaren beldur ginen. Egoera ikusita, amak segituan erabaki zuen ez zegoela duda-mudan ibiltzerik, muriroak ez bestek ez zuela zauri hura sendatuko, osterantzean neskatxoak hanka osoa galduko zuela. Baina hautsa bota baino lehen, amak gurutze santuaren seinalea egin zuen hainbat bider, Espirituen buruaren izenean, aita onek deabruaren pare jartzen zuten Ryangomberen izenean: “Ryangombe rya ya data! Ryangombe rya data! Ryangombe, gure gurasoen Jainkoa!” Beldurrak airean, Juliennek eta biok belarriak tapatu genituen Muberejikiren alarauak ez entzuteko, Antoinek ozta-ozta heltzen zion bitartean. Iruditzen zait oraintxe bertan entzuten ari naizela. Nori zor dio Muberejikik sendatu izana, muriroaren mingortasunari ala Ryangomberen terapia ahalguztidunari? Ez nuke jakingo esaten.
* * *
Baina amaren eguneroko ardura, beste emakume guztiena bezalaxe, bizioak ziren. Haien ustez, heste-zizareek hondatzen zuten haurren osasun makala. Sabel hanpatua —nutrizio txarraren ondorio, dudarik ez— bizkarroi maltzurren sintoma garbitzat zeukaten. Umurubiriziaren hostoak erabiltzen zituzten bermifugo gisa. Landare hori beti eskura eduki beharrekoa zen, eraginkorra baitzen gaixotasun askoren kontra. Etxe bat eraikitzerakoan, umurubirizia zen lehen-lehenik landatzen zena, umuravumbarekin batera, landare horrek ere panazea izatearen ospea zeukan eta. Esku artean igurtziz gero, umurubiriziaren hosto berdeetatik zukua lortzen zen. Zuku horrek, ur apur batekin diluituta, edabe mikatz-mikatza ematen zuen. Agian mikaztasunetik etorriko zitzaion umuru-biriziari sendabide miragarria izatearen fama. Umeei betiko geratzen zitzaien akorduan umurubirizia ahotik sartu zieten eguna. Ama guztiek erne ere erne zaintzen zuten bermifugoa gordetzeko erabiltzen zuten kalabazatxoa, pozoigileren bat erremedio preziatura hurbilduko ote zen beldurrez.
Baina, esanak esan, etsai ikusgaitz horien aurka, labamenduetara jo behar izaten zen beti. Landare igokari bat behar zen, oso arrunta, umunkamba. Egosi eta gero iragazi egin behar izaten zen. Ez zen oso zaila aiuta lortzea. Aski zen kuia baten zurtoin hutsa ebakitzea. Behin zurituta, zainzuriak egiten diren moduan, ez zegoen hodi begetal malgu hori baino leunagorik haurtxoen ipurmamien artera sartzeko. Haurraren amak ahoan edukitzen zuen zizareak akabatzeko likidoa. Jarraian, putz egiten zion zurtoinetik, eta zain geratzen zen turrustada bat aurpegira bueltan etorri arte, bere pozgarri, eztiaren koloreko zipriztinez pikardaturik. Horra hor bermifugoaren eraginaren proba. Labamenduak ez ziren egiten intimitatean. Guztiz kontrara, bilera alaiak egiteko aitzakia ziren. Igande arratsaldeetako eginkizunetako bat zen gainera. Eguzkiak beheraka egiten zuenean, amak atzeko patioan paratzen ziren. Mantalak egiten zituzten bananondoen hostotzarrekin. Sei urtera arteko haurrak ilaran jartzen ziren altueraren arabera, eta nor bere txandaren zain geratzen zen larritasun puntu batekin. Emakumeek haur bakoitzaren sabela haztatu, eta nori zenbat bermifugo ufatu erabakitzen zuten: hauspoa behar zen sabela arkua baino tenkatuagoa zuten haur haiei putz egiteko gero! Gero, barreka, elkar zoriontzen zuten txorrotada arreek mantal berdeak zipriztintzen zizkieten bakoitzean.
Deportazioaren eta erbestearen sufrimendu guztien artean, haurrak lehenago bezala zaindu ezin izatea, nork bere amari egiten ikusia zuten bezala, hura ez zen izan dramarik hutsalena emakumeentzat. Nyamatan, eskolako patio hautsez betean erabat ezinezkoa zen umubiriziaren hosto onuragarriak topatzea, eta Bugeserako sastrakadi agorrak ez zituen eskaintzen landare ezezagunak besterik, ezin jakin zer bertute eta zer arrisku zuten. Herrietan, Gitwen, Gitagatan, goseak ez hiltzeko zer edo zer eskuratu beharra izan zen ezer baino lehen, farmazia naturala osatu eta txeraz haziko genituen belarrak eta kuiatxoak landatu aurretik. Ama familiakoak etsirik zeuden. Seme-alabek ziraunez borborka zeuzkaten sabelak, barrua jaten mausta-mausta. Zalantzarik ez zuten haurren osasuna kolokan egongo zela betiko, eta gure ama seguru zegoen Julienne, Nyamatako ikasgelan jaio eta labamendu salbagarririk izan ez zuenez, beti izango zela osasun txarrekoa. Hala ere, tresna bitxi bat hasi zen familiaz familia: umupila. Kinyaruanderaz, umupila esaten zaio berezko formarik ez duen edozein gauzari: puxika bati, aire-ganbera bati, jertse bati. Umupila, kasu honetan, labamenduak egiteko aiuta zen, labatiba. Beharbada, misioko aita onetako batek emango zigun; beharbada, emakume “eboluzionatu” batek erosiko zuen Nyamatako azokako denda urrietako batean, non buelta-bueltaka ibiliko zen, salgai eta salgaitz, zigarreta pakete solteen eta lau Fanta laranja botilaren artean. Labatibak ez zuen izan arrakastarik apenas. Gure amak uko egin zion tresna mokozorrotz hura erabiltzeari, ninien azal samur eta fina urratu baino ezin zuelakoan. Are gehiago, umupilak ez zuen uzten eragiketaren emaitza norberaren haragian ikusten, eta hori barik nola izan benetako ama? André, kolegiotik itzultzean, saiatzen bazen Stefaniari jokamolde “zibilizatuagoa” ezartzen, amak erantzuten zion: “Musemakweri! Ez al zara nire semea? Zer irakatsiko didazu zuk? Ez al nuen jan nik zure kaka?” Ninien kaka, txolarreena bezain horia, ubunyanoa zen. Garrantzitsua zen, ez amaren eta haurraren arteko lotura gauzatzeko, ezpadaze jaioberriaren eta herriko beste haur guztien artekoa zertzeko ere. Ubunyano zeritzon, halaber, haurtxoa jaio ondoren ospatu ohi zen jaiari, haurtxoa etxetik kanpora ateratzen zen estraineko egunean egiten zenari. Berrogeialdia bete ondorengo lehen mezaren antzeko zeremonia bat zen, baina batez ere herriko haurrentzako jaia. Behin baino ez nuen parte hartu, Marie-Thérèse auzokoaren etxean, neska mordoaren ondotik mutikoa ekarri zuelarik. Gure amak ez zuen jai hori onesten, “paganoegia” begitantzen zitzaion. Eta gainera ezin zuen jasan seme-alabak auzokoaren niniaren kakak jaten ikustea, nahiz eta, gutxi-asko, modu sinbolikoan izan: familiako afera zen kaka, ama-haurren artekoa. Ezin zitzaion, hala ere, ezezkorik eman auzotar hain hurbilekoaren gonbitari. Orduan, amak, jaira abiatu orduko, gomendio sorta luzea egin zidan, era honetara laburbiltzeko modukoa: “Batez ere, ez ukitu ezer!”. Jaiegun goizean, emakume guztiak erditu berriaren etxean elkartu ziren ilunabarrean haurrei eskainiko zitzaien afari-legea prestatzeko. Baziren babarrunak eta gehienbat batatak, hoberenak, mami zuri eta irin kutsukoak. Jai-jana, ubunyanoa, gauean izango zen, eguzkia zeruan gorritzean bananondoen atzean desagertu orduko. Une hartan Gitagatako haur guztiak Marie-Thérèseren etxerantz abiatu ginen. Patioan biribila osatuz jarritako esteretan jesarri ginen. Ez zegoen gizonik: ubunyanoa ez zen haientzat. Emakumeek eta haurrok osaturiko biribilaren erdian estera handi-handi bat zegoen. Zain egon ginen. Puska luze batera, ilargia atera zenean, irudipen hori daukat, Marie-Thérèse eta ninitxoa azaldu eta gu denon erdian jarri ziren estera gainean. Marie-Thérèsek haurtxoa aurkeztu zigun haurron eta emakumeen asanbladari, eta haurtxoa lehendik ikusia zuten emakumeek ere, erditzean lagundu ziotenek, harridura eta miresmen plantak egin zituzten, estreinakoz ikusi izan balute bezala. Esaten ziguten jaioberriak ilargiak orrazten zituela eta, egia esan, niniaren burutxoan astroak bere irudira egindako ilezko ilgora bat ageri zen. Orduan, basartoarekin erabiltzen zen bahe handian ekarri zituzten babarrunak eta batatak, eta jaki eder horien azpian, guztiak ketan eta usain ederra zabaltzen zutela, bazen —segituan konturatu ginen— haurtxoak jaiotegunetik ordura arte egindako kaka guztia. Eta manera onek agintzen dutenaren kontrara, menditxo guragarri haren azpian sartu behar genituen eskuak lehenbizi. Haurrok erdizka ulertzen genuen heldu berriaren ubunyanoa dastatzea zera zela, hura onartzea, senidetzat hartzea babesteko, hazten laguntzeko, hari zuzendutako herio-mehatxuei ihes egiten irakasteko, harena ere bazelako, geurea bezala, tutsi jaio izanaren zoritxarra. Sekula ez dut jakin benetan ote zegoen Marie-Thérèseren niniaren materia fekalik babarrunen eta bataten azpian. Egon ala ez, horrek ez zuen hoztu haurrek azpiltzarra husteko zeukaten grina. Ni neu ez nintzen ausartu, beste guztiak ez bezala, eskua ubunyanora luzatzen. Banekien amaren begirada gaitzeslea neukala adi, eta etsimenduz eta penaz behatu nien lagunei jan-festan asetzen. Bahetzarra hustutakoan, haurrek, alegia, neska txikiek — ezen mutilek dorpe sona baitzuten—, Marie-Thèréseren eta niniaren saihetsean jartzeko baimena jaso zuten. Hankak eta besoak luzatu zituzten haurtxoa hartzeko, batak bestearen ondoren. Ai ene! Nik ez nuen izan nini hura besoetan hartzeko pribilegioa: ez zidaten konfiantzarik eman kalabaza gehiegi apurtzen nituela-eta ur bila joaten nintzenean. Biharamunean, Marie-Thérèse, ninia bizkarrean hartuta, etxez etxe pasatu zen, harro, sorolanetara joan baino lehen. Haurtxoa ahal zen esparrutik atera aurreratzean: herri osoak onartua zuen.
Hala ere, nahiz eta landareen bertuteak ezagutu, nahiz eta xirmi-xarma berbak jakituria osoz ahoskatu, nahiz eta magenduaren droga exotikoak eduki, amak buruan sartuta zeukan bizi-iturria falta zitzaigula, hala gaixotasunetatik nola nahigabeetatik babesten duen, pozoien aurka inmunizatzen duen, zorte txarra baztertzen duen edaria. Esneaz ari naiz —amataz—, abeltzainaren ondasun eta gozamen gorenaz! Ezbairik gabe, iseka egiteagatik deportatu gintuzten Nyamatara. Izen hori esaten genuen bakoitzean mingostasuna uzten zigun ahoan, Nyaamata zer eta esnearen lurra zelako. Baina izan lurralde antzuenetan antzua zen, bageseren ganadu saldo argalak eritasunez eta egarriz gargailtzen ziren lurraldea. Gure behiak hil egin zituzten eta idiskoak erre ikuiluetan. Inor izan liteke gizon ganadurik ez badu? Eta zer dira egunak, gizonak ez baldin badu behiak bazkatzera eramaterik, ezin badio behi bakoitzari izenetik deitu, ez badie behiei, banan-banan, larrua belar samurrez orrazten, ezin badizkie apatxak aztertu latsarriak eta arantzak kentzeko, ez badio txahalik kutunenari belarrira losintxarik xuxulartzen, ezin badio laudoriorik eskaini gizonen asanbladan? Nola itundu adiskidetasuna behi bat agindu gabe? Nola ezkondu semea dotean ezin bazaio eman akatsik gabeko txahalik? Eta inor egon liteke inzuaz harro bertan ez baldin bada esne gatzatuaren eta gurin karminduaren lurrin garratzik, ama familiakoak balantzaka ez badarabil gurin-ontziaren sabel biribila?
Amak Julienne eta biok bidaltzen gintuen esnetan bageserenera. Horretarako, a banana mulko ederrenak saldu beharra zegoen azokan. Esnea ekartzen genuen —oi, esnearen ezereza!— pegartxo beltz-beltz batean, gurina gordetzeko erabiltzen genuen ontzi berean, ez geneukalako, jakina, zeiba zurez egindakorik, eta horiexek dira, izatez, likido preziatua hartzeko ontzi duin bakarrak. Amak tragoxka bat ematen zigun, berak beste bat egiten zuen eta tanta batzuk uzten zituen pegartxoan. Ondoren, bere ohearen oinetan ipintzen zuen belar mehez egindako tapiz baten —ishingearen— gainean, eta goizero, esne tantaren gordailua zen pegartxoaren aurrean, biziaren elixirraren babesa eskatzen zuen familiarentzat.
Emakume oinutsa |