Emakume oinutsa
IX Ipuinen herrialdea
Agatadowaren —lanparatxoaren— sugar badaezpadakoari putz egiteko ordua zen. Afaldu berri geunden. Ez zen luzea, ez, afari-legea. Lehenik eta behin ez zegoelako zer jan handirik, eta baita ruandatarrari jateak lotsa-puntua ematen diolako ere. Gogaikarria da ahoa inoren aurrean zabaltzea. Aitak aspaldi amaitu du platerekoa. Ez du gurekin batera jaten, denok batzen garen gelan. Aitak ez du seme-alaben bistan jan behar. Gelatxo bat atondu diogu patiora zabaltzen den atearen aurrean. Gortinarena egiten duen esteraren atzean jaten du, gizonentzat gordetako aulki baxuan. Jeanne, alaba gaztetxoa joan zaio platera enbarazutik kentzera. Aitak jateko pixka bat utzi dio, babarrun batzuk eta batatak: aitak beti utzi behar du zerbait seme-alaben arteko gaztetxoenarentzat. Orain ez dago zereginik Tripoloren etxolan. Han ez gara patxadaz egoten. Beldurra beti dabilkigu inguru-minguru. Amak putz egin dio Antoinek Hagumari —Karamako zurien boyari— erositako kontserba-latarekin eginiko petrolio-lanpararen sugarrari. Bizkor, goazen inzura! Amak egur apur bat ipini du sutegian. Sugar bizituak anbarraren koloreko argi beroz bete du inzuaren ganga. Ama bere esteran eseri da, ohe handia ostentzen duen bionboaren kontra. Hankak luzatu ditu. Soin-oihal zaharraren piltzar batekin egindako foularda kendu, kontuz tolestu, eta babarrunez beteriko saski baten hegalean ipini du. Gu hirurok amaren aurrean jesarrita gaude. Hurbil daukagu sua, beroak geldi-geldika hartu gaitu, galbana gozatsu batek bildu, sua ez da goritasun otzana baizik. Ipuinen ordua da.
Ama beti hasten da kanta triste batekin, abeltzainen kantarekin, txiki-txikitan Rukarara ibaiaren ertzetan ganadua zaintzen zuenean kantatzen zuen abeltzainaren kantarekin, hala esaten zuen berak. Ganadua galdu duen abeltzain gizajo baten istorioa da. Behiek ihes egin diote, ibaia zeharkatu dute, belar arrotza dute bazka. Abeltzain txikia behien bila abiatu da piraguan, baina, ez dakit zer dela-eta, abestian ibaiak irentsi egin ditu, bai mutila, bai behi saldoa:
Yewe musare wari ku muvumba wambutsa ubwato n'ingashya Rwankubito araje.
* * *
Ez nituen aditzen amaren ipuinak (gauez ez beste inoiz kontatzen diren ipuin horiek, ezen egunez kontatuz gero, bizitza osoa eguzkitan emango duen musker alferra bihurtzeko arriskua izango baikenuen). Ez nituen aditzen Stefaniaren ipuinak, baina haren murmur etengabea eta supazterreko berotasun zorabiagarria nire gorputz loguratuan barrena sartzen ziren, nire ametsen jito geldoa blaituz. Eta inoiz, nire pentsamendu logaletuek ipuinen herrialdean atariraino eramaten ninduten.
Ez, ni ez naiz arrotza ipuinen herrialdean. Badakit zer esan nahi dioten kuia hitzontziek eleusineari. Badakit apoak zergatik egiten duen kirri-karra eta zergatik puzten den harrokeriaz: anaia guztiek lagunduta buztan-ikarari irabazi diolako lasterketan. Badakit nork egiten duen sabanan oihu errukarria: impereryiak —Imanak, ahaztuta, buztanik gabe utzitako piztiatxoa—. Indar eta indarka ibiltzen da gau osoan, ea luzakin eder ukatua irteten zaion. Ez du onik egiten lantu negargarri hori luzaz entzuteak, are gutxiago burua jiratzeak animalia atzetik ote datorkizun ikusteko. Badakit zergatik ateratzen den gizon hori gauero bere esparrutik. Oihanera doa. Eta gaur saskitxo bat darama. Eta saskitxo horretan, bular bat, emazteari erauzia, amoranteari agindu baitio, oihaneko neskatxari, bular bat falta zaio-eta berari. Baina goiz-alba baino ondotxoz lehenago, jakintsuak lantza sartu du lurrean (zer ote lantzarik gabeko gizona?). Egun osoan ibiliko da mendi-gailurren soslaiari jarraitzen dion bidean aurrera eta, gauean, jakintsuak pilatzen diren esparruan, galde egingo dio haur ileurdinari. Eta abeltzain txikiak neuri galde egingo dit: “Ba ote da maitasun elkarrenganakorik?”. Badakit erantzuna: “Zure maisuak, abeltzain txiki hori, bere emazte antzua soilik maite du, baina emazteak ez du begirik bere lehengusuarentzat besterik, eta lehengusua Cyamakombeko erregearengana joan da bera miresten baitu ororen gainetik, eta Cyamakombeko erregeak ez du maite bere alaba besterik, baina alabak grinaz maite du ilelarru guztiz garbia duen aharia.” Eta zuek, badakizue zergatik egiten duen negar Sebugugu asekaitzak? Zozoaren aholkuei jaramon egin eta etxeko behi bakarra hil duelako: “Hil ezazu zure behia, esan dio zozoak txistuka, eta ehun izango dituzu.” Ez zaitezte fidatu neska ederregiez, lehoi eme mozorrotuak izaten baitira batzuetan: haragi gordina ikustean azaleratuko zaie barruko piztia. Bestalde, ezingo nizueke esan zer daukan hienak sabelean, baina erregeari bai, hari esango diot non dagoen ezkontzeko hartu behar duen neskatxa: gurin-ontzian dago, preso, umezurtz koitadua, amaordearen sorginkeriaren mende.
Ez dut joan nahi ipuinen herrialdearen mugatik hara, badakit-eta zer daukadan zain. Zingira handien bazterretan atso zahar bat bizi da, makur-makurra. Soin-oihal zarpailaren ertzarekin tapatzen du aurpegia, baina badakit nigan fijo dituela begi distiragabeak. Bera da bere sabel antzuan Heriori ostatu ematea onartu duena.
* * *
Baina baziren beste istorio batzuk ere, geureak ez zirenak, sutondoan ez kontatzekoak. Pozoigileek prestatutako droga gaiztoen antzeko istorioak, gorrotoa elikatzen zutenak, heriotza-ekarleak: zuriek kontatzen zituzten istorioak.
Zuriek tutsien gainera xaxatu zituzten beren amesgaiztoetako munstro gosetiak. Beren gezurren ispilu defomanteak luzatzen zizkiguten, eta beren zientziaren eta beren erlijioaren izenean, guk ez genuen izan haien fantasmetatik sortutako doble maltzurretan geure burua ezagutzea beste biderik.
Zuriek guk baino hobeto zekiten nor ginen gu, nondik gentozen, hori uste zuten. Zuriek haztakatu, pisatu, neurtu egin gintuzten. Ez zegoen haien ondorioen kontrako apelaziorik: gure garezurrak kaukasikoak ziren, gure soslaiak semitikoak, gure garaiera nilotikoa. Gure asabarik zaharrena ere ezagutzen zuten, Bibliatik, Cham. Zuriak ginen ia-ia, mestizaje zital batzuk gorabehera, partez juduak, partez arioak. Adituek, mila esker haiei, arraza bat zizelatu ziguten neurrira: hamitak ginen!
Bestalde, aditu horiek mundu osoan aurkitu zituzten tutsien aztarnak: tutsiak, abeltzain errotuak izanik, Tibeteko goi-lautadetatik saldo handi eta guzti lerratu, eta arin kokatu ziren Gangesen edo Indusen bailaretan, baina bide batez hebertarren Exodoan ere parte hartu zuten, eta haiekin nahastu ziren kanpalekuen anabasan. Faraoien inguruan ere ibiliak ziren, geroago Etiopiara iristeko, Preste Joanen lurrera, non kasik-kasik kristautu egin ziren. Azkenik (eta dudarik ez, Probidentziaren eskua tartean zelarik), Ruandara iritsi ziren, Ilargiaren Mendietan barrena, Niloren ertzen zaindari izendatuak, bataioko ura Konstantino hamita baten bekokira noiz isuriko.
* * *
Businiya! Ez dakit nola heldu zitzaion amari amen-omen kaltegarri hori. Jakina, berak bazekien, ruandatar guztiek bezala, hasiera-hasieran Kigwa zerutik erori zela etxabere eta labore-landare guztiekin; Gihangak antolatu zuela gizartea, betekizunak banatuz bere hiru semeen artean, bakoitzaren joera aintzat hartuta: Gatutsik behiak gobernatuko zituen, Gautuk lurra, eta Gatwak basoa. Baina amak bazuen Businiyaren berri ere. Lur horretaz hitz egiten zidan basartoa jorratzen genuen bitartean: “Badakizu, esaten zidan, tutsiak Businiyatik ei datoz.” Eta exodo bitxi bat kontatzen zidan: tutsiak muinoz muino ibili zirela, oso luzaroan, fardeltxoa buruan. Ibilaldi luze hori Kenyan kokatzen zuen berak. Tutsiak hango erraldoi krudelen aurka borrokatu behar izan omen ziren. Harrigarriro, amaren arabera, migrazio hori zuriak etorritako garai berean gertatu zen.
Businiya! Abisinia! Nondik zetorkion amari istorio hori, harentzat normalean unibertsoaren mugak Ruandaren mugekin bat bazetozen? Umezurtza zen, Kansiko mojek batu, eta sukaldean, garbiketan eta joskintzan jarri zuten. Han adituko ote zuen, eta gogoan gorde berba arraro hori, Abisinia, berak Businiya bihurtua? Ala Ruvebana azpizuzendariaren inguruko “eboluzionatuen” solasen oihartzunen bat ote zen, gure aita haren idazkaria eta konfidentea zenez gero? Kontalari ona zenez, amak, kontaera apailatzeko, historia sakratuaren brintzak ere sartzen zizkion, igandeko sermoietatik hartuta nonbait, edota aitak gauero eskaintzen zizkigun Bibliaren pasarteetatik. Businiya, Abisinia, Etiopia, nola pentsatuko zuen, bada, amak, berba horiek erabakiko zutela gure heriotza?
Urte batean, ez dakit noiz, opor luzeetarako etxeratu berri nintzela, pozik eta harro esan nion amari: “Ama! Businiyako erregea ikusi dut!” Stefaniak luze begiratu zidan, txintik esateke, harri-harri eginda eta sinistu ezinik, eta gero eskuak burura eraman eta aieneka hasi zen: “Mukasongak, nire alabak, ez daki zer dioen ere. Entzun al duzu zuk, Birjina Santuak, eta zuk, Ryangombek, gure arbasoen Jainkoak? Businiyako erregea ikusi ei du! Businiyako erregea ikus litekeelakoan! Businiyako erregea! Businiyako erregea ikusi duela!” Eta nik baietz eta baietz: “Benetan ikusi dut, Kigalira etorri zen.”
Ez zen gezurra. Haile Selassie, erregeen erregea, Etiopiako enperadorea, Ruandara etorri zen bisita ofizialean. Kigalin ez ziren zikoitz ibili Afrikako estatuetako buruzagi antzinako eta itzaltsuenari abegi arranditsua egiteko. Aireportuko errepidean, landarez egindako garaipen arkuak altxatu zituzten, banderatxoek ongi-etorria opa zioten egoiliar ospetsuari hainbat hizkuntzatan. Kaleak bananondoz apaindurik ageri ziren eta eukaliptoen enborrak zuriz pintatuta arauzko altueran. Zisterko Andre Mariaren lizeoak parte hartu zuen borbor hartan. Uniforme berriak eman zizkiguten, txora-txora eduki gintuztenak gure ustez korte ausarta zutelako. Bi herrialdeetako koloreak zeukazten ikurrintxoak banatu zizkiguten, eta haiei txairotasunez eragiten entrenatu ginen.
Businiyako erregearen bisita iragarri zigutenean, nerbioak airean ibili nintzen. Herrialde miragarri bateko erregea ikusiko nuen, amaren arabera tutsien jatorriko herrialdekoa. Ez nintzen irudikatzen ausartzen, baina ezbairik gabe egiten zitzaidan pertxenta izango zela, ia-ia erraldoia, arropa distiratsuagoa ekarriko zuela Monsinore apezpikuak gure sendotza-egunean baino, eta buruan Aita Santuarena baino tiara handiagoa.
Luzaro itxaron genion bai, Etiopiako enperadoreari! Zisterko Andre Mariaren lizeoko neskak bista-bistan jarri gintuzten, hiriko biribilgune nagusian, Familia Santuaren eliza aurrean. Ikaskide hutuek zuzentzen zizkidaten erdeinuzko begirakuneei kasurik egin gabe, lortu nuen lehen ilararaino iristea. Bero zegoen. Besoak sorgorturik geneuzkan ikurrintxoei eragitearen eragiteaz. Auto bat pasatzen zen bakoitzean ikara-saltoa egiten nuen. Ez, ez zen bera! Oraindik ez!
Segizio ofizialak libratu zuen azkenean aireportuko errepidea. Aurrena kamioi militarrak ikusi genituen pasatzen, gero ministroen Mercedes beltzak, eta enegarrenean antzeman nion, gainik gabeko auto batean, jeep antzeko batean, nik uste, hainbesteko egonezinez itxaroten nuen hari. Adi-adi begiratu nion, nire begiradak lipar batzuetan ibilgailu hura, ordurako urruntzen ari zena, neuretzat bakarrik geldiarazteko boterea izan balu bezala. Argi esan beharra daukat erregeen erregeari ikusi ahal izan nionak zaputzaldi sakona kausatu zidala. Bada, Businiyako erregea uniforme kakiz jantzitako aguretxoa zen, eta ez zen ezertan bereizten alboan zeuzkan militarrengandik domina kopuruagatik izan ezik. Kepis itzela zeukan buruan, berarentzat handiegia, eta barregura eman zidan, baina gehien penatu ninduena gizonaren tamaina izan zen. Nola zitekeen hain gizon txikia halako errege handia? Businiyako erregeak braustakoan galdu zuen bere prestigioaren zati handi bat.
Amak onartu zuen azkenean: agian bai, bazitekeen nik Businiyako erregea ikusi izana. Joango zen herriko “intelektualei” galdetzera, hori seguru. Beste egun batean, orduan ere basarto sailetan geundela, galdetu zidan: —Orduan, egia da, ez didazu gezurrik esan. Businiyako erregea ikusi al zenuen? —Bai, gertu-gertutik ikusi nuen. —Esadazu nolakoa den. Ez nintzen ausartu gizontxo hura deskribatzen. Erantzun nion: —Businiyako erregeak aitaren antza dauka.
Emakume oinutsa |