EXISTITZEAREN GARAIPENA
Edith Sodergran

euskaratzailea: Jon Gerediaga
armiarma.eus, 2023

 

Zeren beldur naiz? Infinituaren parte naiz.

Osotasunaren indar handiaren parte naiz,

mundu bakarti bat milioika munduren artean,

lehenengo mailako izar bat, itzaltzen den azkenaren parekoa.

Bizitzearen garaipena, arnasa hartzearen garaipena, existitzearen garaipena!

Norberaren zainetatik doan denbora izoztua sentitzearen garaipena

eta gaueko erreka isila entzutea

eta mendian egotea eguzkitan.

Eguzkian nabil, eguzkian nago,

eguzkiaz baino besterik ez dakit.

 

Denbora eraldatzailea, denbora suntsitzailea, denbora sorgintzailea,

asmo berriekin ote zatoz, mila trikimailuekin niri eskaintzeko 

hazi txikiaren existentzia, suge kiribilduarena, harkaitzarena itsasoaren erdian?

Denbora hiltzailea, aparta zaitez nigandik!

Eguzkiak ezti gozoz betetzen dit bularra ertzetaraino,

eta zera dio: izar guztiak itzaliko dira egunen batean, baina argi egiten dute

beti beldurrik gabe.

 

EXISTITZEAREN GARAIPENA
Edith Sodergran

euskaratzailea: Jon Gerediaga
armiarma.eus, 2023